Erreintegrazionismo
Erreintegrazionismoa galiziera eta portugesa hizkuntza beraren bi aldaera direla defendatzen duen mugimendu soziala eta pentsamendu korrontea da. Mugimendu horrek proposatzen duen idaztaraua erreintegrazionista eta berrintegratzailea da.
Zehazkiago, erreintegrazionismoaren arabera, galizierak eta portugesak diasistema bera osatzen dute. Galiziera, hortaz, portugesa deitu ohi den hizkuntza taldean integraturik dago, eremu akademikoan galaikoportugesa, galiziera-portugesa edo Galiziako portugesa deitzen dena. Ikuspegi horretatik abiatuz, erreintegrazionismoak Real Academia Galegak zehazturiko galizieraren normatiba ofiziala (NOMIGa, Normas Ortográficas e Morfolóxicas do Idioma Galego) errefusatzen du, gaztelanian oinarritzen dela salatuz.
Erreintegrazionistek 1983an proposatu zuten galizierarentzako idaztarau alternatiboa, araudi ofizialak ez bezala, erreferentzia nagusitzat portugesa hartzen duena. Urte hartan Estudo crítico das normas ortográficas e morfolóxicas do idioma galego argitara eman zuen Associaçom Galega da Linguak. Bertan, portugesa idatziaren hainbat ezaugarri aintzat hartzen ditu (nh, lh eta ç lerabiltzea, adibidez), baina galizieraren berezko ezaugarriak jasoz (-ção atzizki portugesaren ordez, -çom atzizkia erabiltzea, esaterako, galiziera portugesaren arauekin idatzi behar dela defendatzen duen korronte lusistak ez bezala).
Corcubioneko udalerria izan zen idaztarau erreintegrazionista bere webgunean erabili zuen lehen erakunde ofiziala[1].
Erakundeak
aldatuIkuspegi erreintegrazionista defendatzen duen erakunde nagusia Associaçom Galega da Língua (AGAL) da. Erakunde horrek proposatu eta garatzen du galizierarako idaztarau erreintegrazionista. Horrez gain, Movimento de Defesa da Língua (MDL) gizarte mailan aritzen den talde nagusia da (joera lusistak ere barne biltzen baditu ere).
Ikuspegi lusistarekin lotuta, Associação de Amizade Galiza-Portugal (AAG-P), Irmandades da Fala da Galiza e Portugal (IFG-P) eta Associação Sócio-Pedagógica Galaico-Portuguesa (AS-PGP) aipa daitezke.
Alderaketa
aldatuAdibide gisa, jarraian galizierazko hitz batzuk ditugu, idaztarau ofiziala (of.) eta erreintegrazionistaren (er.) arteko desberdintasunak ikusi ahal izateko.
- Leku izenak:
- Pontevedra (of.); Ponte-Vedra (er.)
- A Coruña (of.); Corunha (er.)
- Padrón (of.); Padrom (er.)
- Bestelakoak:
- manifestación (of.); manifestaçom (er.)
- cafetería (of.); cafetaria (er.)
- prohibido (of.); proibido (er.)
- servizo (of.); serviço (er.)
Erreferentziak
aldatuIkus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Galizieraz) Portal Galego da Língua (idaztarau erreintegrazionistaren arabera idatzia)
- (Galizieraz) Associaçom Galega da Língua
- (Galizieraz) Academia Galega da Língua Portuguesa
- (Galizieraz) Erreintegrazionismoari buruzko wikia