Hernán Cortés

Hernán Cortes» orritik birbideratua)

Hernán Cortés Pizarro (Medellín, Gaztelako koroa, 1485Castilleja de la Cuesta, Gaztelako koroa, 1547ko abenduaren 2a) espainiar konkistatzailea izan zen, Azteka Inperioaren gaztelar konkistari hasiera eman zion espedizioaren burua eta azteken inperioaren amaiera ekarriko zuena, Gaztelako Koroaren menpean jarriz eta Espainia Berria deiturikoa sortuz.

Hernán Cortés


Espainia Berriko erregeorde

1521eko abenduaren 30a - 1524ko urriaren 12a
Cristóbal de Tapia (en) Itzuli - Alonso de Estrada (en) Itzuli, Rodrigo de Albornoz (en) Itzuli, Alonso de Zuazo (en) Itzuli

Espainia Berriko erregeorde

1521eko abuztuaren 13a - 1521eko abenduaren 24a - Cristóbal de Tapia (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakHernán Cortés y Pizarro
JaiotzaMedellín, 1485
Herrialdea Espainia
HeriotzaCastilleja de la Cuesta1547ko abenduaren 2a (61/62 urte)
Hobiratze lekuaMexiko Hiria
Heriotza moduaberezko heriotza: disenteria
Pleuresia
Familia
AitaMartín Cortés de Monroy
AmaCatalina Pizarro Altamirano
Ezkontidea(k)Juana Ramírez de Arellano y Zúñiga (en) Itzuli  1583)
Catalina Juárez  (1512 -  1522ko azaroaren 1a)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, gobernadorea eta konkistatzailea
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraEspainiako Lurreko Armada
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakInperio Aztekako konkista

Find a Grave: 10968 Edit the value on Wikidata

Extremadurako Medellin hirian jaio zen, kaparetasun txikiko familia batean[1]. Mundu Berrian, fortuna bilatzea erabaki zuen Hispaniolara eta Kubara bidaiatuz. Bertan, espainiarrek sortutako bigarren hiriko alkate izan zen denboraldi labur batez; lehorreko hirugarren espedizioan, zati bat finantzatu zuen. Diego Velázquez de Cuellar Kubako gobernadorearekin zuen etsaitasunak bidaia bertan behera uztea eragin zuen azken orduan, baina Cortések ez zuen agindu hori bete.

Kontinentera iritsita, Cortések talde indigena jakin batzuekin aliatzeko estrategia arrakastatsua jarraitu zuen beste batzuk garaitzeko. Bertako emakume bat, Marina Malintxe La Malinche andrea, interprete gisa ere erabili zuen, eta Martin izeneko seme bat izan zuen harekin. Kubako gobernadoreak mandatariak bidali zituenean Cortés harrapatzeko, hark aurre egin zien; garaitu, eta, aldi berean, atxilotzera zihoan tropa bildu zuen espediziorako laguntza gisa. Cortések hainbat gutun bidali zizkion Karlos I.a erregeari bere konkista arrakasta aitor ziezaion, matxinadak zigortu beharrean. Azkenik, Oaxacako haraneko markes titulua eman zioten, baina, erregeorde titulurik entzutetsuena, goi mailako aristokrata bati eman zioten, Antonio Mendoza y Pachecori. 1541ean, Cortés Espainiara itzuli zen, eta sei urte geroago hil zen.

Bizitza

aldatu

Jaiotza eta gaztaroa

aldatu
 
1529an, Christoph Weiditz alemaniarrak egindako erretratu garaikidea.

Medellíngo handiki familia batean sortu zen; aita, Martin Cortés de Monroy, izan zen, ama, berriz, Catalina Pizarro y Altamirano. Amaren aldetik, Francisco Pizarroren lehengusu txikia zen, gero Inka Inperioa konkistatu zuena[2].​ Badirudi hiru ahizpa ere izan zituela[3].

Amaren aldeko aitona, Diego Alfón Altamirano, Medellingo gazteluko notario eta maiordomo izan zen[3].​ Aitari buruz, jakina da gaztetan bere senide Alfonso de Hermosarekin batera borrokatu zela Alonso de Monroyren alderdian, Alcántarako Ordenako maisu izan nahi zuena. Hori Elisabet I.a Gaztelakoaren nahien kontra zihoan, horregatik, Alonso de Cárdenasek, Done Jakueren Ordenako maisuak, aurre egin, eta galdu egin zuen[4].

Bere haurtzaroa kontatu zuen bakarra Francisco Lopez de Gómara izan zen. Haren arabera, ume gaixobera izan zen. Behin, hiltzeko zorian zegoelarik, haren inudeak apostoluen izenen artean Petrirena aukeratu zuen ausaz, umearen alde egin zezan. Mezak eman ziren, otoitzak egin, eta sendatu egin zen. Horregatik, Cortések Petri zuen bere bitartekaritzat, eta urtero, haren egunean, meza bat emateko agintzen zuen[4].

Hamalau urte zituela, aitak Salamancara bidali zuen, non gramatika ikasi zuen Francisco Núñez de Varelaren etxean, Inés de Paz aitaren arrebarekin ezkonduta zegoena[4].​ Juan Suarez de Peraltaren arabera, urtebete eman zuen Valladoliden notario batekin lanean[5].​ Prestakuntza-ikasketa horiek eta Valladoliden eskuratu zuen legeari buruzko ezagutza praktikoek Cortések legeak egin zituela Salamancako Unibertsitatean mitoa sortu dute[6]. Bernal Diaz del Castilloren arabera, latina menperatzen zuen[5].

Izaera harro eta zalapartatsua zuen[7],​ eta arma-karrera besarkatzea deliberatu zuen. Bi aukera zituen: Gonzalo Fernández de Cordobak Napoliko kanpaina militarretan parte hartzea edo Amerikara joan Nicolas de Ovandoren ontziterian, 1502an, itsasoratzen zen hurrengoan[8]. Bigarrena aukeratu zen; izan ere, Ovandoren ezaguna zen eta hark mesede egingo ziola uste baitzuen[7]. Abiatzeko zain zegoela, ezkonberri baten etxeko oilotokiko hesia igo zuen harekin hitz egiteko. Hesia eraitsi, bera erori, eta senarra irten zen, zeinak hil egingo baitzukeen amaginarrebak esku hartu izan ez balu. Cortés gaixotu egin zen erorketaren ondorioz eta gainera, sukar paludiko bat agertu zitzaion, Ovandorekin itsasoratzea eragotzi ziona. Gero, Italiako kanpaina militarretara joatea erabaki zuen, eta, horretarako, Valentziara joan zen. Baina hemen ere ez zen ontziratzera iritsi, eta lan eta beharretan ibili zen urtebetez. Medellinera itzuli zen, eta, berriro, Indietara joatea erabaki zuen[7].

López de Gómararen arabera, 1504ko udaberrian, ikasketak utzi, eta Alonso de Quintero Palos de la Fronterako bizilagunaren itsasontzi batean[9], Hispaniola uhartera joan zen eskribau gisa lanera. Cortések berak, Karlos I.ari idatzitako gutun batean, 1504an Indietara pasatu zela dio[10].

Sevillako Protokoloen Artxiboko dokumentu batek dio aita behartua izan zela Luis Fernández Alfaroren jabetzako San Juan Bataiatzailea itsasontzian Santo Domingora bidaia bat ordaintzera 1506ko abuztuaren 29an[11] [12].​​ Esteban Mirak uste du 1504an joan zela, geroago Espainiara itzultzeko eta 1506an Amerikara itzuli zela[13].

1511n, Kubara joan zen Diego Velázquezen espedizioan.

Ezkontzak eta ondorengoak

aldatu
 
Cortés 1992ko 1000 pezetako Espainiako billete batean.
 
Hernán Cortés-en bustoa Sevillako Indietako Artxibategian

Hernán Cortés birritan ezkondu zen, eta hamaika seme-alaba izan zituen sei harreman ezberdinetan dokumentatuak. Bere lehen emaztea, Catalina Suárez Marcayda, 1512an​ ezkondu zen harekin[14], 1522ko azaroaren 1ean hil zen. Aldez aurretik eta emakume harekin ezkondurik zegoela, Cortések ezkontzaz kanpoko bost seme-alaba izan zituen[15]:

 
Hernán Cortés-en erretratu baten kopia, 1879 inguruan José Salomé Pina margolari mexikarrak egina. Pradoko Museoa, Madrid.
  • Catalina Pizarro, 1514 edo 1515ean Santiago de Cuban jaioa, edo, agian, geroago Espainia Berrian. Bere ama Leonor Pizarro izan zen, Cortésen ahaide izan zitekeena. 1529an, Klemente VII.aren aita santuaren bulda batean legitimatu zuten, Martin eta Luis anaiekin batera.
  • Martín Cortés Malintzin «El Mestizo» Coyoacanen jaio zen 1522an. Bere ama Malintxe izan zen, Cortésen bidelagun eta itzultzaile indigena. 1529an, Klemente VII.aren aita santuaren bulda batean legitimatua izan zen, Katalina eta Luis anaiekin batera.
  • Luis Cortés, 1525ean jaioa, Antonia edo Elvira Hermosillo espainiarraren semea, eta Martinekin eta Katalinarekin batera legitimatua izango zena. Guiomar Vázquez de Escobarrekin ezkondu zen, Bernardino Vazquez Tapia konkistatzailearen iloba.
  • Leonor Cortés Moctezuma, 1528an jaio zen Mexiko Hirian. Tecuichpo edo Ixcaxóchitzin-en alaba zen, Isabel Moctezuma anderearen izenaz bataiatua izan zena, Moctezuma Xocoyotzin-en alaba. Amak jaiotzatik baztertua, bere aitak alabatzat ezagutu zuen gerora. Joan Tolosa euskaldunarekin ezkondu zen, Zacatecasko konkistatzailea. Juan Oñateren amaginarreba izan zen, Mexiko Berriko fundatzailea.
  • María Cortés, izen ezezaguna duen printzesa mexikar baten alaba. Bernal Diaz del Castillok dio deformazioren batekin jaio zela.

1528ko apirilean[16], bigarren aldiz ezkondu zen Cortés, orain Juana Ramírez Arellano Zuñigarekin, Aguilar Inestrillaseko II. kondearen alaba eta Béjarreko I. dukearen amaren iloba. Juana Cuernavaca herrian finkatu zen, 1526an eraikitako jauregian[17].​ Ezkontza horretatik sei seme-alaba jaio ziren:

  • Luis Cortés Ramírez Arellano, Texcocon jaioa 1530ean, eta jaio eta gutxira hil zena.
  • Catalina Cortés Zúñiga, 1531n Cuernavacan jaioa, eta jaio eta gutxira hila.
  • Martín Cortés Ramírez de Arellano, 1532an Cuernavacan jaioa. Bere aitaren oinordeko Oaxaca haraneko II. markes gisa.
  • María Cortés Zúñiga, 1533 eta 1536 artean Cuernavacan jaioa. Aitak Álvar Pérez Osoriorekin (Astorgako IV. markesaren semea) ezkontzea hitzartu zuen, halere, horiek bertan behera utzi zuten azken momentuan; horrek haserre gogorra eragin zion Cortési, eta, ondorioz, hil zuen gaixotasuna eragin ziola uste da. Maria, ondoren, Luis Fernandez Quiñones Pimentelekin ezkondu zen, Lunako V. kondea.
  • Catalina Cortés Zúñiga, 1533 eta 1536 artean Cuernavacan jaioa. 1565ean, ezkonge hil zen, Sevillan, aita hil ondoren.
  • Juana Cortés Zúñiga, 1538an Cuernavacan jaioa. 1564an Fernando Enriquez Riberarekin ezkondu zen. Alcaláko II. dukea]].

Nortasuna

aldatu

Juan Miralles Ostos historialari eta diplomatiko mexikarraren arabera, Cortésen nortasuna konplexua eta kontraesankorra da. Batetik, biolentzia maite zuen eta emozio gogorrak atsegin zituen gizona zen. Bestetik, ahapeka hitz egiten zuen, eta aginduak tonu lasaian ematen zituen[18],​ nahiz eta, kasu bakan batzuetan, bere onetik ateratzen zen. Soldadu zakar bat ez bezala, ongi hitz egiten zen; inoiz ez zuen biraorik botatzen, ezta hitz goragarririk ere. Umore fina zuen eta solaskide atsegina zen. Oso gizon ikasia zen; Aristotelesen filosofia ongi ezagutzen zuen, eta Salamancako Unibertsitatean latina eta zuzenbidea ikasi zituen. Ordu asko eman zituen armak erabiltzen ikasten. Arrakasta asko lortu zituen, bai ezpataz, bai lumaz[19].

Bernal Diaz del Castillok zioenez:

« Zaldun ona eta arma guztietan aditu, lurrean zein zaldi gainean, eta oso ondo zekien haiek erabiltzen[18] »

.

Mirallesen deskribapenarekin jarraituz, Cortés oso ekintzailea zen negozioen eta herri-lanen arloan, eta horren erakusgarri Mexiko litzateke. Lekuak aukeratzen ere ondo zekien, hala nola jauregi-etxea eraikitzeko Cuernavaca aukeratu zuenean[19].

Idatzi bakar batean ere, ez eta haren etsai amorratuek egindakoetan ere, ez da ezer esaten kemena faltari buruz. Mirallesentzat, Cortés hazi egiten zen arriskuaren aurrean[20]. Askotan, bere ekintza pertsonalak lirateke garaipen militarrak erabaki zituztenak. Borrokaren aurreko uneetan, planak egiten zituen, eta, dena prest zegoenean, postua utzi, eta soldadu bat bezala jartzen zen lehen lerroan[21].

Bartolomé de las Casasen arabera, brokatu artean jaioa zela ematen zuen. Mirallesentzat, printze-itxura zuen. Dotorezia soilez janzten zen, jipoi beltz bat eta bi dominekin, bata Ama Birjina Haurrarekin eta bestea San Joan Bataiatzailearekin, dena urrezko begizta batzuekin osatuz. Santiagoko alkate izendatu zutenean, kapela lumaduna jantzi eta jaun gisa tratarazi zuen bere burua[19].

Frai Toribio Benavente «Motolinia»ren arabera (indioen eskubideen defendatzailea), Cortés jaun ona eta kapitain zoriontsua zen. Bere Enperadoreari gutuna idatzian, Frai Toribio Beneventek, Espainiako Karlos I.ari, haren nortasunaren deskribapen oso positiboa jakinaraziko zion, Bartolome de las Casasen difamazioetatik defendatuz, eta Cortés zibilizatzaile eta ebanjelizatzaile eredutzat harturik, eta indiarren alde hark emandako aginduak goraipatuz [22][23][24][25].​​​​ Gainera, bere misio frantziskotarra iristean, Cortések debozio handiz eta apaltasunez hartu zituen, erreberentziak eginez indioen aurrean itxura ona emateko (hasiera batean, ez baitzuten uzte, frantziskotarren itxura pobreagatik, paper garrantzitsua izango zutenik Espainia Berriaren etorkizuneko gizarte antolaketarako) eta frantziskotarrek Lege Berriak eta Eliza Katolikoaren aginduak betearazteko zuten zeregina une oro errazteko; zaldun agertu, eta apaiz katolikoak errespetu eta gurtza berberaz trata zitzatela adierazi zien kazike indigenei, haiek konkistatzaileei eta Cortések horiek haiei ematen zietena bezalakoa (frantziskotarrei bere apaltasunagatik miresmen handia erakutsi zien). Hainbesterainokoa izan zen Cortések apaiz katolikoei zien begirunea, ezen Toribiori eman zion Mexikoko Erresumaren gainbegiratzearen ardura Cortések espedizio militarretan alde egiten zuenean[26].

« Nork maitatu eta defendatu zituen indiarrak mundu berri honetan Cortesek bezala? Errieta egiten zien, eta bere lagunei erregutzen indiarrak eta beren gauzak ez ukitzeko, eta lur osoa artasoroz beterik egonik, ia ez zegoen espainiarrik artaburua hartzera ausartzen zenik. Eta Juan Polanco izeneko espainiar batek, portutik gertu, indiar baten etxean sartu eta arropa batzuk hartu zituelako ehun zigor emateko agindu zuen. Eta Mora izeneko beste batek oilo bat hartu zielako bake-indioei, urkarazi egin zuen, eta Pedro Alvaradok soka moztu ez balio, hantxe geratuko litzateke, eta bertan amaituko zen bere bizitza. Haren bi beltz, ezer baliotsurik ez zeukatenak, indiar batzuei bi manta eta oilo bat hartu zizkietelako, urkarazi zituen. Beste espainiar bat, fruta arbola bat eraitsi eta indiarrak kexatu zitzaizkiolako, iraintzeko agindu zien. Ez zuen nahi inork indioak ukitzerik, ez kargatzerik, berrogei peso-zigorraren mehatxuz (aldiko). »


Andrezale fama zuen Cortések. 11 seme-alaba izan zituen 6 emakumerekin; horietatik, 4 Mesoamerikako bertakoak ziren, horien artean, Malintxe. Ez dago jakitzerik nola eragin zion psikologikoki bere lehen emaztearen, Catalina Suárez Marcayda[27],​ bat-bateko heriotzak, baina, egia dena da, hasieran, ez zuela berarekin ezkondu nahi[28], osasunez ahula eta etxaldea eramateko alferrikakoa zela uste baitzuen[29]. Hala ere, ezkondu eta hiru urtera, Bartolome de las Casasi esan zion pozik zegoela berarekin[14].​ Emakumeengatik egindako liskarrak direla eta, orbain bat zeukan ezpainaren azpian, bizarrarekin estaltzen zuena[18].

Kronista garaikide baten partetik, Francisco López Gómara, bere Indietako Historia Orokorran, Cortés gobernadore zuhur baten nortasun bereziaz deskribatzen du, eta ez irabazi-asmoa baino ez duen despota batena (halere, Bernal Diaz del Castilloren gisako kritikariek Cortési egindako laudorio handiegiak dokumentatu zituzten lan honetan)[22].

« Mexikoko konkista eta Espainia Berrikoak federa bihurtzea, hain zuzen ere, munduko istorioen artean jar daiteke eta jarri behar da, ongi egina izan zelako eta oso handia izan zelako. Ona zelako idazten dut besteez aparte, guztien erakusgarri. Handia izan zen ez denboran egitateetan baizik, Izan ere, erresuma handi asko konkistatu ziren bertako kalte eta odol gutxirekin, eta milioi asko pertsona bataiatu ziren, bizi direnak, Jainkoari esker, kristautasunez. »


Christian Duverger frantziar antropologo eta historialariaren arabera:

« Cortesek indarkeriaren eta indarraren eskema klasikoarekin hausten du, eta garaituak maitatu zituen konkistatzailea da, eta errege edo enperadore baino gehiago, tlatoani (hitz egiten duena, gobernari) izatearekin amets egiten zuen[30]. »


Esteban Mira Caballos historialari espainiarraren arabera, Cortés izan zen:

« bere garaiko pertsona bat; beraz, bere egintzak bizi izan zen testuinguruan bakarrik uler daitezke. Ia konkistatzaile guztiek bezala, hilketa ankerrak (berak edo bere gizonek eginak) erraz uztartu zituen bere fede kristau sakonarekin. Alde batetik, inperio oso baten suntsitzaile eta usurpatzailea izan zen, eta, bestetik, mundu berri baten sortzailea[31]. »


Cortési zorizko jokoak gustatzen zitzaizkion: kartak zein dadoak. Baina edariari dagokionez, oso motela zen, eta ardoa ere urarekin edaten zuen[20].

Mundu Berria

aldatu

Esteban Mirak uste du 1504an joan zela, geroago Espainiara itzultzeko eta 1506an Amerikara itzuli zela[13].

1511n, Kubara joan zen Diego Velázquezen espedizioan.

1518an, Mexiko esploratzera zihoan espedizio baten buru izendatu zuen Diego Velázquezek, baina atzera egin zuen, eta baliorik gabe utzi zuen erabaki hura. Cortések ez zion jaramonik egin, eta, azaroaren 18an, Santiago de Cubatik abiatu zen Yucatán penintsularantz. Grijalva ibaiaren ahoan, Tabascoko maien aurkako guduan (Centlako gudua) nagusitu ondoren, Mexikoko konkistan garrantzi handia izan zuen Malintxe emakume esklaboa oparitu zioten. Malintxe Cortésen maitale, aholkulari eta interpretea izan zen konkista kanpaina osoan[32]. 1519ko apirilean, Villa Rica de la Vera Cruz fundatu zuen, gaur egungo Veracruztik 70 kilometro iparraldera.

Diego Velazquezek Yucatángo esplorazioa amaitu orduko Kubara itzultzeko agindu bazion ere, Cortések Azteka Inperioaren aberastasunen berri izan zuen, eta Tenochtitlán konkistatzea erabaki zuen. Bere gizonen itzultzeko tentazioa ekiditeko, gutxi zirela eta arriskuan zebiltzala begien bistakoa baitzen, Cortések ontziak hondoratu zituen. Azteken etsai zirela oharturik, itun militarrak egin zituen totonakekin eta tlaxkaltekekin. 1519ko urrian, Cholula (gaur egun Puebla estatuan) suntsitu zuen, eta, azaroaren 8an, 300 espainiar eta 3.000 tlaxkaltekekin, oztopo handirik gabe sartu zen Tenochtitlan hirian. Moctezuma II.a enperadore aztekak Karlos I.a Espainiakoaren mendeko izatea onartu behar izan zuen. Espainiarren eta azteken arteko istiluak aitzakitzat hartuz, atxilo hartu zuen Cortések Moctezuma.

Hilabete batzuk geroago, Kubako gobernadore Diego Velázquezek Cortésen aurkako espedizio bat igorri zuen Mexikora, Pánfilo de Narváez buru zela. 1520ko apirilean iritsi zen Veracruzko portura hamaika ontzi, seiehun gizon inguru, hamasei zaldi eta hamalau artilleria piezekin. Cortés espedizio horri aurre egitera joan zen, eta Tenochtitlanen 100 lagun inguru gelditu ziren Pedro de Alvaradoren agintepean. Espainiarrek armarik gabe zihoazen 600 buruzagi erlijioso azteka erahil zituztenean, gerra piztu zen Tenochtitlanen. Artean, Cortések Narváez garaitu zuen, eta, azteken hiriburuan zituen konpainien berri txarrak jasotakoan, bertara jo zuen. 1520ko ekainaren 24ean sartu zen berriro hirira 1.250 espainolekin eta 8.000 tlaxkalteken laguntzarekin. Zazpi egunez borrokatu ondoren, Cortések amore eman behar izan zuen; beraz, ekainaren 30ean (Gau Triste deitutakoa), espainiarrek ihes egin zuten Tenochtitlandik[33].

Tlaxcalan, babespean gorderik, Cortések tropak berrantolatu zituen, eta, tlaxkaltekekin bat eginik, Cuitlahuac buruzagiaren mende zegoen Tenochtitlan hiriaren konkista prestatu zuen. 1521eko abuztuaren 13an, espainiarrek Cuitlahuac-en ondorengo Cuauhtemoc hartu zuten preso, eta Tenochtitlan hiria erabat suntsiturik geratu zen. Hurrengo urteetan, azteken lurraldeko gainerako eremuak hartu zituzten mendean. Mexikoko ordokitik abiatuta, iparralderantz, Zacatecasera heldu ziren; bertan, oso zilar-meatze aberatsak aurkitu zituzten, hainbat mendez Espainiar Inperioa hornitu zutenak. Hegoalderantz, berriz, Yucatán eta Guatemalara iritsi ziren.

Karlos Habsburgokoa enperadoreak Espainia Berriko gobernari eta kapitain nagusi izendatu zuen Cortés 1522an. 1524. urtean, Cortések Cuauhtemoc, azteken azken buruzagia, hiltzeko agindua eman zuen. Gupidarik gabe jardun zuen Cortés konkistatzaileak, baina espainiarren artean ere ez zuen harrera onik izan; haren etsaiek, azpijokoz, kargugabetzea lortu zuten, eta, 1528. urtean, Espainiara itzuli behar izan zuen. 1529an, enperadoreak Oaxaca haraneko markes izendatu zuen, baina ez zion gobernadore kargua itzuli. 1530ean berriro itzuli bazen ere, ez zuen Mexikon inolako aginte politikorik ez militarrik izan, bertako gizon aberatsena bazen ere. Ozeano Bareko kostaldea eta Kaliforniako penintsula esploratu zituen, 1540an behin-betiko Espainiartu baino lehen. 1541ean, Aljerko setioan hartu zuen parte. Azken sei urteak Sevillan pasatu zituen. 1547ko abenduaren 2an hil zen, 62 urte zituela.

Heriotza eta bere gorpuzkinen lekualdatzeak

aldatu
 
Hernán Cortés hil zen jauregia, gotorleku bat balitz bezala eraiki zena. Castilleja de la Cuesta udalerrian dago, Sevilla. Etxea, 1855ean, Antonio Orleans Montpensierko dukearen eskutara pasa zen, zeinak barruan eraberritze batzuk egin zituen. 1889an, irlandar mojek okupatu zuten, eta eskola bat sortu zuten bertan[34].

1540an, Cortés Espainiara itzuli zen, non zazpi urte geroago hil zen, 1547. urteko abenduaren 2an, ostirala, bere jabetza amerikarretara itzultzeko asmoa zuelarik. Heriotza Castilleja de la Cuestako jauregi-etxe batean gertatu zen, Alonso Rodríguez jaun zinpekoaren jabetzakoa eta Hernán Cortésen laguna, non konkistatzailea hil arte bizi izan zen. Handik gertu dagoen San Isidoro del Campo monasterioan jaso zuen ehorzlekua, Medina Sidoniako dukearen familiaren kriptan, aldare nagusiko harmailen azpian. Hilobian, bere seme Martin Cortések, Del Valleko II. markesak, epitafio bat ezarri zion. Honela zioen:

« Aita zure zori desegokia

Behe mundu honek zuena

Balioa gure adinak aberasten zuena, Hartu orain atsedena, betiko

»

—Martín Cortés


Hernán Cortésen gorpuzkiak bederatzi aldiz hobiratu zituzten[35]. Hori, neurri batean, bere testamentuan atseden hartu nahi zuen lekuaren kokapena behin baino gehiagotan aldatu zuelako gertatu zen. Espainia Berrian bizi zenean, Lehen, Jesus Nazarenoren Ospitalearen ondoko elizan ehortz zezatela eskatu zuen, Mexiko Hirian, konkistatzaileak sortutako ospitalea. Ondoren, eraikitzea agindu zuen monasterio batean ehortzia izan nahi zuela adierazi zuen, Coyoacanen, Mexikoko hiriburuaren inguruko herri bat, bana monasterioa ez zen inoiz eraiki, Espainiara joan behar izan baitzuen bizileku-epaiketa bati aurre egiteko. 1547ko urrian, hil baino aste gutxi batzuk lehenago, bere testamentua aldatu egin zuen beste behin, hiltzen zen lekuko parrokian hilobiratua izan nahi zuela adierazteko[36]. Sevillan ehortzi zuten, San Isidoro del Campo monasterioan, 1547ko abenduaren 4an.

1550ean, hil eta hiru urtera, gorpuzkiak lekuz aldatu zituzten, San Isidoro del Campo elizan bertan, eta Santa Katalinari eskainitako aldarearen alde batean hobiratua.

1566an, eta, familiaren erabakiz, haren gorpuzkiak Espainia Berrira eraman, eta Texcocoko San Frantzisko elizan (Texcoco hirian, Mexiko hiritik gertu) lurperatu zituzten, amarekin eta alabetako batekin batera. 1629ra arte egon ziren han.

1629an, Pedro Cortés (Del Valleko IV. markesa eta Hernán Cortésen azken ondorengoa) hil zenean, Espainiako probintziako agintari zibil eta elizgizonek elizan bertan lurperatzea erabaki zuten; beraz, Cortésen gorpuzkiak aldare nagusiaren ondoan hobiratu zituzten (sagrarioaren atzeko nitxo batean) San Frantzisko komentuko elizan (Mexiko), Guardiolaren plazaren parean, Mexikoko hiriburuan. Han honako idazpen hau utzi zuten grabaturik: «Ferdinandi Cortés ossa servatur hic famosa».

1716an, San Frantzisko elizaren birmoldaketa baten ondorioz, frantziskotarrek gorpuzkiak lurpetik atera, eta erretaula nagusiaren atzealdera eraman behar izan zituzten, 78 urtez egongo ziren bertan.

1794an, erregeordetzako agintariek Cortésen gorpuzkiak hobitik atera zituzten berriro, Mexikoko konkistatzailearen nahiak betetzeko, konkistatzaileak behin Jesus Nazarenoren ospitalearen ondoko elizan ehortzia izatea eskatu baitzuen; beraz, Cortésen hezurdura atera zuten San Frantzisko elizatik, bere nitxoan zilarrezko heldulekuak zituen egurrezko eta kristalezko kutxa batean zegoena, eta kutxaren buruan Oaxacako markesaren armarria margotu zuten. Gorpuzkiak arrandiaz eraman zituzten haren azken bizilekua izango zela uste zenera, zilarrezko bigungarriak jarri ziren hilobiaren gainean, eta tenpluaren barruan idulki bat eraiki zen, eta, idulkiaren gainean, konkistatzailearen busto bat. Leku horretan, haren gorpuzkiak 23 urtez egongo ziren.

1823an, Mexikoren independentziatik bi urtera, independentzia gerran hildako matxinoak omentzeko monumentuari hasiera eman zitzaion, Haien gorpuzkiak Mexiko Hirira eraman zituzten, eta katedralean ezarri zituzten. Mugimendu nazionalista handi bat sortu zen Mexikoko hiriburuko biztanleen artean, eta Cortésen gorpuzkiak hartzeko jendeak tenplua erasoko ote zuen beldur zeuden; horregatik, Lucas Alaman ministro mexikarrak eta ospitaleko kapilau nagusiak, irailaren 15eko gauean, mausoleoa desegin zuten; bustoa eta gainerako apaingarriak, berriz, Italiara bidali zituzten aztoratzaileei sinetsarazteko Cortésen gorpuzkiak herrialdetik atera zirela. Izan ere, Jesus Nazarenoren ospitaleko tenpluko oholtzaren azpian ezkutatu zuten hezurdura zeraman kutxa. hamahiru urtez egon ziren gorpuzkiak han ezkutatuta.

1836an, grinak baretu zirenean, gorpuzkiak atera eta tenpluko horman (mausoleoa egon zen tokiaren alde batean) eraiki zen horma-hobi batean utzi ziren. Leku horretan 110 urtez egon ziren, gorpuzkiak aurkitu zituzten arte. Lucas Alaman ministroak noizbait Espainiako enbaxadari jakinarazi zion Cortésen gorpuzkiak non utzi zituzten.

 
Hernán Cortés-en hilobia Jesús Nazareno Ospitaleko Tenpluan (Mexiko Hiria)

1946an, «El Colegio de México» historialari batzuek notario-akta eskuratu zuten, non Cortésen azken etxea zehazten zuen, eta gorpuzkiak bilatzea erabaki zuten. Urte bereko azaroaren 25ean, astelehena, historialariek kutxa gordetzen zuen nitxoa aurkitu zuten[37].​ Hezurrak benetakotzat jotzeko ikerketa batzuk egin ondoren, kutxa zaharberritu, eta Hernán Cortésen gorpuzkiak leku berean gordetzea gomendatu zuten. 1946ko azaroaren 28an, Mexikoko presidenteak, Manuel Avila Camachok, Hernán Cortésen gorpuzkiak zaintzeko agindua eman zion Antropologia eta Historia Institutu Nazionalari.

1947ko uztailaren 9an, gorpuzkiak aurkitu zituzten leku berean hobiratu zituzten, eta brontzezko plaka bat jarri zuten elizako horman, Cortésen armarria eta inskripzio honekin:

« HERNÁN CORTÉS
1485-1547
»


Gaur egun [Noiz?], haren gorpuzkiak, lurperatzeko, gaztetan aukeratu zuen lekuan daude: Jesus Nazarenoren Ospitaleko eliza, 2015ean utzita eta zaharberritu beharrean zegoen eraikina[38].

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Olaya, Vicente G.. (2019-02-15). «La casa natal de Hernán Cortés, en Medellín, vuelve a la luz» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
  2. Esteban Mira Caballos: Hernán Cortés: Mitos y leyendas del conquistador de Nueva España, Asociación cultural "Coloquios Históricos de Extremadura" (16 de junio de 2016).
  3. a b Juan Miralles Ostos 2004, 50 orr. .
  4. a b c Juan Miralles Ostos 2004, 48 orr. .
  5. a b Juan Miralles Ostos 2004, 51 orr. .
  6. Boruchoff, David A. "Hernán Cortés, International encyclopedia of the Social Sciences, 2a ed. (2008), t. 2, pp. 146-149.
  7. a b c Juan Miralles Ostos 2004, 49 orr. .
  8. Luis Arranz Márquez. Nicolás de Ovando. Real Academia de la Historia.
  9. F. Gutiérrez Contreras 1987, 35 orr. .
  10. Juan Miralles Ostos 2004, 59 orr. .
  11. Juan Gil Fernández. (2006). «Emigrantes a la isla Española en 1506» Anuario de estudios americanos 632: 265-304. ISSN 0210-5810..
  12. Documento del mes. Archivos de Andalucía. Junta de Andalucía Octubre de 2021.
  13. a b Francisco Martínez Hoyos 2014.
  14. a b Juan Miralles Ostos 2004, 63 orr. .
  15. Xavier López Medellín: Los hijos de Hernán Cortés.
  16. Hernán Cortés y su tiempo.
  17. Sobre Cuernavaca.
  18. a b c Juan Miralles Ostos 2004, 64 orr. .
  19. a b c Juan Miralles Ostos 2004, 65 orr. .
  20. a b Juan Miralles Ostos 2004, 67 orr. .
  21. Juan Miralles Ostos 2004, 67-68 orr. .
  22. a b (Gaztelaniaz) Insua, Pedro. (2019-04-05). Cortés, buen caballero y venturoso capitán. .
  23. https://www.rae.es/sites/default/files/hojear_motolinia.pdf
  24. https://summa.upsa.es/high.raw?id=0000000858&name=00000001.original.pdf
  25. (Gaztelaniaz) Aldao, María Inés. (2022-01-01). «MISIÓN, PODER Y DESENCANTO: LA “CARTA AL EMPERADOR CARLOS V” DE FRAY TORIBIO DE BENAVENTE MOTOLINÍA (1555)» Perífrasis. Revista de Literatura, Teoría y Crítica 1325: 13–27.  doi:10.25025/perifrasis202213.25.01. ISSN 2145-9045..
  26. Toribio de Benavente. .
  27. Juan Miralles Ostos 2004, 346 orr. .
  28. Juan Miralles Ostos 2004, 60 orr. .
  29. José Mª González Ochoa. (21 de noviembre de 2019). Hernán Cortés acusado de asesinar a su esposa. National Geographic.
  30. Expertos sobre Hernán Cortés: su éxito fue conocer el mundo prehispánico. Efe 4 de abril de 2019.
  31. La verdadera historia de Hernán Cortés. El Independiente 31 de marzo de 2019.
  32. Irazustabarrena, Nagore. Malinche, zauri ala aringarri?. argia.eus, 2013-06-16, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-11-9).
  33. Azurmendi, Elixabete. Baztanga, Amerikako konkistatzaile. argia.eus, 1993-04-01, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-11-9).
  34. Ayuntamiento de Castilleja de la Cuesta. La Casa Palacio de Hernán Cortés (Actual colegio de Las Irlandesas). .
  35. (Gaztelaniaz) LOS NUEVE ENTERRAMIENTOS DE HERNÁN CORTÉS. .
  36. Testamento otorgado por Hernán Cortés el 12 de octubre de 1547, en la Colección de documentos inéditos para la historia de España, vol. IV, pp. 239-77.
  37. Dalevuelta, Jacobo. (26 de noviembre de 1946). Fueron descubiertos los restos de Cortés. El Universal.
  38. «La tumba secreta de Hernán Cortés.» El País, 3 de junio de 2015.

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu