Malintxe
Malintxe, Malintzin edota Doña Marina (gaztelaniaz: La Malinche; c. 1502 - c. 1529), emakume amerindiarra izan zen, Mexikoko golkoko nahua ziur asko, Mexikoko konkistan garrantzi handia izan zuena, Hernán Cortésen itzultzaile, aholkulari eta bitartekari izan baitzen.
Malintxe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Coatzacoalcos, ezezaguna |
Herrialdea | Espainia Berriko Erregeorderria |
Bizilekua | Mexikoko harana Tabasco |
Heriotza | Gaztelako Koroa eta Mexiko Hiria, ezezaguna ( urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Juan Jaramillo de Andrade (en) (1524 - 1551) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Seme-alabak | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | interpretea, itzultzailea eta aholkularia |
Biografia
aldatu1502 aldean, noble familia batean, jaio zen Malinalli Tenépatlm, gerora Malintxe, Malintzin edo Doña Marina izenez ezagun egin zen emakumea. Aita hiltzean, ama berriro ezkondu zen eta seme bat izan zuen senar berriarekin. Malinalli lehensortua eta bidezko oinordekoa izan arren, gurasoek semearen alde egin omen zuten, zenbait iturriren arabera, eta neskatoa esklabo bezala saldu, neba txikiari bidea lautzeko. Beste bertsio batek dio maien eta mexiken arteko gatazka baten amaieran garaileari, hau da Tabscoobeko kazikeari, eman ziotela opari. Kontua da haurra besterik ez zela nobleziako kide izandako neskatoa esklabo bihurtu zela. Berehala, sorterriko nahuatl hizkuntzaz gain, maien hizkuntza ere menperatu zuen Malintxek[1].
Espainiarrak Yucatán ingurura iritsi zirenean, bertako maiek konfrontazioa saihestea erabaki zuten, eta 1519an Hernán Cortés buru zuten konkistatzaileei jakiak, arropak, urrea eta esklaboak eman zizkieten borondate ona adierazteko; ongietorri opariaren parte izan zen urte hartan bertan bataiatutako Malintxe. Alonso Hernandez de Puertocarreroren zerbitzura egotea egokitu zitzaion hasieran. Baina Cortesek golkoko kostaldetik mendebalderantz egin zuen aurrera, eta nahuatl hizkuntzaren eremuetara iritsi zen. Jeronimo de Aguilar itzultzaileak maien hizkuntza menperatzen zuen, baina hura ez zen nahikoa. Malintxe Cortesen albora eraman zuten, konkistatutako lurralde berrietan interprete lanetan jardun zezan[1].
Gaztelania bizkor ikasi zuen, Cortesen konfiantza eskuratu zuen eta, itzultzaile izateaz gain, bertakoen ohitura sozial eta militarrak azalduz lagundu zien, eta baita tarteka diplomaziaz arduratu ere. Cortesen maitalea ere izan zen baina, harreman horretatik seme bat jaio arren, konkista amaitzean Hernan Cortés Juana de Zuñigarengana, Espainian utzitako emaztearen albora, itzuli zen. Juan Jaramillo gaztelar kaparearekin ezkondu zen orduan Malintxe. 1529ko dokumentu batek dio Jaramillok, alargundu ondoren, berriro ezkontzeko baimena eskatu zuela. Horregatik dakigu ordurako Malintxe hila zela, baztangak jota ziurrenik[1].
Malintxeren betekizuna Mexikoko konkistan
aldatu«Espainia Berriaren konkista Jainkoari zor diogu lehenik, eta Doña Marinari bigarrenik», idatzi zuen Hernan Cortesek gutun batean. Luzaroan Malintxe espainiarren konkista erraztu zuen traidoretzat jo izan da, baina azkenaldian historialariak beste ikusmolde batzuk kontuan hartuta aztertzen ari dira pertsonaia. Herrikideek arbuiatu eta esklabotzara eraman zuten; aldiz, konkistatzaileekiko leialtasunak askatasuna eta maila soziala berreskuratzeko aukera eman zion. Gainera, konkistaren arrakastaren erantzukizuna ezin zaio hari egotzi; espainiarren urre gosea, nagusitasun militarra eta izurriak askoz erabakigarriagoak izan ziren Malintxeren itzulpenak baino. Akaso konkistaren kalteak arintzen saiatzea egotzi dakioke, iturri garaikideen arabera, konkistatzaileen eta konkistatuen arteko negoziaketetan parte hartzen zuenean, alferrikako odol isuriak saihesten ahalegindu baitzen[1].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d Irazustabarrena, Nagore. Malinche, zauri ala aringarri?. argia.eus, 2013-06-16, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-2-4).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Malintxe |