Ireki menu nagusia

Xabier Galdeano Arana, (Bilbo, Bizkaia, 1934ko ekainaren 15a - Donibane Lohitzune, Lapurdi, 1985eko martxoaren 30a) Egin egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetaria izan zen. GALek hil zuen, tiroz, Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan, bere etxetik gertu, egunkarira manifestazio bati buruzko kronika eta argazkiak bidaltzera zihoala.

Xabier Galdeano
Gal xabier galdeano 0001.jpg
Bizitza
Jaiotza Bilbo1934ko ekainaren  15a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Donibane Lohizune1985eko martxoaren  30a (50 urte)
Heriotza modua gizahilketa
Jarduerak
Jarduerak kazetaria


Eduki-taula

BiografiaAldatu

Xabier Galdeano Bilbon jaio zen, familia abertzale baten baitan. Txikia zelarik, familia osoa Ipar Euskal Herrian erbesteratuta bizi izan zen tarte luze batean. Bilbora itzulita, ekonomia ikasi eta familiako enpresan hasi zen lanean.

1961ean Maibe Prieto algortarrarekin ezkondu eta bi alaba izango zituzten: Bego eta Carmen. Algortan San Nikolas ikastola sortzen eta bideratzeko lanetan jardun zuen.

Giro hartan, 1968an, poliziatik ihesi zebilen ETAko kide bat hartu zuten etxean. Hark bestelako kontzientzia barneratzeko bidea eman zien. Handik aurrera sasitan zebilen militante askok hartu zuen aterpe Galdeano eta Prietoren etxean.

Egin egunkariaAldatu

1976an Egin egunkariaren proiektua aurkeztu orduko bertan buru belarri murgildu zen Galdeano.

1977ko irailaren 29an Egin egunkaria plazaratu eta Galdeano Bizkaiko ordezkari komertziala izendatuko zuten. Familiako enpresa utzi eta egunkarian murgildu zen, erabat.

1978ko abenduan Eginen kontrol ideologikoaren lehia lehertu zen krisialdi ekonomiko larri baten erdian. Langileek grebari ekin zioten, eta larrialdi hartan Galdeano Hernaniko egoitzara eraman zuten. Bertatik antolatu zuten egunkaria altxatzeko behar zuten diru-bilketa. Berarekin batera jardun zuen Xabier Irigoien orduko kontseilari ordezkariaren hitzetan “enpresa bateko buru izatetik Egineko militante bilakatu zen Galdeano” prozesu horretan[1].

AtxiloketakAldatu

1979an etxera itzultzean poliziez inguratuta zegoela ikusi eta bere burua entregatzea erabaki zuen. Polizia-etxean hamar egun egin ondoren Basauriko espetxean sartu zuten. Baldintzapeko askatasunean irten eta epaiketan urte beteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAri laguntza ematea leporatuta.

Xabier berriro atxilotu zuten Maribe emaztearekin batera Joxe Arregiren omenaldiaren ostean. Xabier biharamunean askatu bazuten ere Maribek hilabete batzuk egin zituen Madrilgo Yeseriaseko espetxean.

Maribe kaleratu eta gutxira, 1982ko urtarrilean, Guardia Zibilak bere etxean atxilotu zuen Xabier. Hiru egun egin zituen Bilboko La Salveko polizia-etxean. Apurtuta irten omen zen handik eta horrela jarraitu ezinik Ipar Euskal Herrira joatea erabaki zuten urte bereko udan.

Ihesetik heriotzeraAldatu

Donibane Lohizunen Egin Iparraldean antolatzen jardun zuen, bai eta kazetari lanetan ere.

Donibane Lohitzuneko Urdazuri auzoan hil zuten, 1985eko martxoaren 30ean. Egun horretan, bezperan Les Pyrénees kafetegiaren kontrako atentatua salatzeko manifestazioan izan zen. Manifestazioaren argazkiak egin ondoren Carmen alabari erdi txantxetan berari argazkia egiteko eskatu zion, “Gogoan zaitugu” jarri behar didatenerako”. Gero, etxera zihoala tiroz hil zuten. Carmen eta Bego alabek etxetik bertatik entzun zituzten tiroak eta atera zirenean odoletan blai aurkitu zuten aita.

Xabier Galdeanoren hiltzaileakAldatu

Xabier Galdeanoren hilketa GALek hartu zuen bere gain. Guy Cantavenera, Alain Parmentier, Jacky Pinard eta Bernard Foucher mertzenarioak atxilotu eta 20na urteko espetxe zigorra ezarri zizkieten Frantzian ekintza honengatik. Cantavenerak deklaratu zuen Eduardo Mari Chica Doudouk kontratatu zituela Marbellan (Espainia). Honek Carlos Gastón gaizkilearen agindupean ziharduen. Carlos Gaston Ricardo Ruiz Coll poliziaren konfidente eta kolaboratzailea zen. Ruiz Coll polizia Jose Amedoren burua izan zen Bilboko komisarian, Malagara joan aurretik [2].

ErreferentziakAldatu

  1. [EUSKADI ETA ASKATASUNA. EUSKAL HERRIA Y LA LIBERTAD entziklopedia. Txalaparta, 1993 - ISBN 84-86597-87-0]
  2. [AMEDO. El Estado contra ETA Melchor Miralles - Ricardo Arques. Plaza&Janes/Cambio16, 1989 - ISBN 84-7863-006-6]

Kanpo loturakAldatu