Snowboard, elur-surf, elurretako surf edo elur-ohola neguko kirol bat da. Kirol modalitate hau bi hankak taula bati loturik elurrez estalitako malda baten gainetik irristatzean datza. Bere izena ingelesetik dator (snow -elurra- eta board -ohola-). Skateboard eta surf teknikak konbinatzen ditu. 1960 eta 1970eko hamarkadetan sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan eta 1988ko Neguko Olinpiar Jokoetatik aurrera kirol olinpikoa bilakatu zen[1]. 2014an Neguko Kirol Paralinpikoei batu zitzaion Sochi-n. Kirol hau praktikatzen duena gidari[2] (edo rider ingelesez) izena jasotzen du.

Snowboard gidaria elur xehean jaitsiera askean egiten (freeride)
Snowboarding
Autoritate nagusiak -Nazioarteko Ski Federazioa (FIS) -Munduko Snowboard Federazioa
Sorrera 1965
Olinpikoa noiz 1988
Paralinpikoa noiz 2014
Sorrera tokia E.E.U.U (Michigan)
Kategoria
Neguko muturreko kirola
Materiala
Elur-ohola, fijazioak, botak, kaskoa, betaurrekoak...

Modalitate nagusiak hauek dira: jaitsiera askea (edo freeride), gizakiak egokitu gabeko malda batetik jaistean datzana; estilo askea (edo freestyle), akrobaziak egitean datzana eta snowboard alpinoa, pista edo eremu zapaldu batetik jaistean datzana. Lehiaketaren kasuan, modalitate nagusiak hauek dira:

  1. Estilo askeko jaitsiera (edo slopestyle): estilo askearen barneko modalitate bat.
  2. Jauzi handia (edo big air).
  3. Hodi erdia (edo half pipe):  hau hodi erdi formako pistan jauziak eta akrobaziak egitean datza.
  4. Krosa (edo cross): oztopoekin eta eremu irregularrarekin egindako pistatik lasterketa.
  5. Eslaloma (edo slalom): zirkuitu batetik sigi-saga jaistea ahalik eta azkarren.

Historia

aldatu

Snowboard modernoa 1965ean sortu zen Sherman Poppen-ek, Muskegoneko (Michigan) ingeniari batek, bere alabentzako jostailu bezala bi eski hartu zituenean; eski horiek batu eta soka batekin albo batetik lotu zituen, bere alabek taulan mantendu eta aldapak jaitsi bitartean kontrola izateko. Horri “snurfer” (snow eta surfer hitzetatik) deitu zioten. Alaben lagunen artean hain ezaguna egin zenez, Poppenek ideia manufakturatzera eraman zuen, Brunswik Corporation delakora, eta hurrengo hamarkadan zehar milioi bat snurfer saldu zituen.

1968ko Otsailean Poppenek Michiganeko eski pista batzuetan lehen snurfing lehiaketa antolatu zuen, zeinak herrialdeko jende asko erakarri zuen. Horietako batek, Tom Sims-ek, ohol zati baten goiko aldean tapiz zati bat itsatsi eta aluminiozko xafla mehe batzuk jarri zizkion beheko aldean. 1970eko hamarkadako erdialdean komertzializatzeko taulak egiten hasi ziren[3].

1977an, Jake Burton Carpenter, Vermonteko jatorrizkoa zena, Michinganeko snurfing txapelketan ikuslegoa harritu zuen berak diseinaturiko euskarri batzuekin, hauek hankak taulara hobeto finkatzeko sortu zituen. Urte berean, Burton Snowboards fundatu zuen, Vermont-eko Londonderry hirian. “Snowboard” berriak zurezko xaflekin eginak zeuden, malguak ziren eta uretako eskien hanka euskarriak zituzten. Hasieran oso jende gutxik erosten zituen bere prezio altuarengatik, baina gaur egun munduko ekoizle handiena da kirol honetan.

70 eta 80ko hamarkadetan gero eta ospetsuagoa egiten hasi zen elur-surfa, Dimitrije Milovich, Jake Burton, Tom Sims eta Chuck Barfoot (Gnu Snowboard markaren fundatzailea) bezalako aitzindariekin. Hauen diseinu, mekanismo eta ekipamendu berriak ezagutzera eman ziren, zeintzuk kirol hau garatu izan duten eta gaur egun oraindik ezagutzen diren[4].

Nazioarteko Snowboard Federakuntza (ISF, bere ingeleseko siglak, International Snowboard Federation), mundu mailako txapelketak antolatzeko eta kudeatzeko sortu zen 1990an. 1998an Japoniako Nagano hirian ospatutako Neguko Olinpiar Jokoetan kirola modalitate olinpikoa bilakatu zen. Karine Ruby frantziarra izan zen modalitate honetan domina olinpiko bat lortu zuen lehen emakumea, eta Ross Rebagliati[5] kanadiarra lehenengo gizona. 2012. Urtean Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak jakinarazi zuen 2014an gizonentzako zein emakumeentzako frogak barneratuko zirela neguko para-olinpiadetan,  para-snowboard bezala izendatu zena. Honi esker, lehendabiziko aldiz elur-surf para-olinpikoa agertu zen Sochin, Errusian[6].

Gaur egun mundu guzitan zehar ikusi daitezke snowboard txapelketa nagusienak komunikabideetan; hala nola, neguko X jokoak (Winter X Games),  Air &Style, US Open, eta Joko Olinpikoak.

Modalitateak

aldatu

Snowboarda neguko kirol gisa hasi zenetik, estilo ezberdinak garatu ditu, bakoitza bere ekipo eta teknika espezializatuekin. Gaur egungo estilorik ohikoenak jaitsiera askea, estilo askea eta alpetar snowboarda (freecarve/race) dira. Estilo hauek snowboarda profesionalerako zein aisialdirako erabiltzen dira.

Jaitsiera askea (freeride)

aldatu
 
Jaitsiera askea egiten ari den freerider bat

Modalitate hau snowboard kirolaren modalitate bat da, eta mendiko jaitsierak nahi den tokitik egitean datza, askatasun osoz. Honek elur-surfaren beste modalitate batzuk biltzen ditu beregan (jauzi eta trebetasunak edo estilo askea, jaitsierak...), baina era natural eta espontaneo batean eginak. Modalitate hau praktikatzeko moldatu gabeko mendiak igo behar dira, eta elurra “hauts” eran dagoelarik, aldapa malkartsuetatik jaitsi, bidean amildegiak, haitzak, zuhaitzak eta abar saihestu behar direlarik.

Estilo askea (freestyle)

aldatu

Freestyle bezala ezagutzen da. Modalitate honek edozein akrobazia edo trikimailuren gauzatzea biltzen du, eta horretarako naturako elementuak edo gizakiak eraikitakoak (jauziak egiteko arrapalak, errailak, kutxak, paretak eta abar, jibs ingelesez[7]) erabiltzen dira. Modalitate honek aukera amaigabeak eskaintzen ditu sormenerako, eta akrobazia ugari tartekatzeko edo gauzatzeko. Modalitate honen barruan, zenbait diziplina bereizten dira:

  • Jauzi-handia (big air): diziplina honetan gizakiak eraikitako arrapala handi bat erabiltzen da, espezifikoki horretarako bideratua, eta neurri eta forma ezberdinak eduki ditzakeena, baina orokorrean lur hartzearen eta arrapalaren artean 20 metro baino gehiago egoten dira. Hemen praktikatzaileak akrobazia honenak egiten saiatzen dira. Lehiakideek trikimailuak egiten dituzte airean, altuera eta distantzia handiak lortzeko asmoz, lurreratze garbia bermatuz. Lehiaketa askotan snowboarderrak trikimailu konplexuak egin behar ditu, perfekziora ahalik eta gehien hurbilduz. Hala ere, lehiaketa guztietan urrea irabazteko ez da trikimailurik eskatzen, lehiaketa batzuk snowboarderraren saltoaren altueran eta distantzian oinarritzen bait dira. Beste batzuetan berriz, trikimailu zehatz bat egin behar da sari nagusia irabazteko[8].
     
    Elur-surf gidaria Method deitutako estilo askeko akrobazia egiten Les 2 Alps-en, Frantzian
  • Hodi-erdia (half pipe): Elurrez eraikitako hodi erdi formako eta pareta altuko egitura duen pista batean praktikatzen da, eta pista honek malda leun bat izaten du. Hodi horren barnean gidariak ahalik eta akrobazia gehien eta konplexuenak egiten saiatzen dira, hodi-erdiaren alboko bi ertzetatik jauzi eginez. Modalitate olinpikoa da.
     
    Estilo askeko jaitsiera egiten ari den rider bat
  • Estilo askeko jaitsiera (slopestyle): Lehiakideek trikimailuak egiten dituzte pista bat jaisten duten bitartean, alde batetik bestera mugituz, gaindituz, gora edo behera. Ibilbidea oztopoz beteta dago, besteak beste, kutxak, errailak, jauziak, edo oholak zeharka dezakeen beste edozer. Lehiaketa bat irabazteko gakoa, orokorrean, parkeko biderik zailena arrakastaz gainditzea izaten da, eta, aldi berean, oztopoen gainean egindako amarru zail eta akatsik gabekoen artean oreka bat edukitzea. Hala ere, inpresio orokorrak eta estiloak eragina izan dezakete lehiaketa kaskar bat irabazteko, eta amarrurik gogorrenak egiten dituen riderak ez dio beti irabaziko bide zailagoetan trikimailu errazagoak egiten dituen snowboarderrari[8]. Diziplina olinpikoa da 2014ko Neguko Olinpiar Jokoetatik.
  • Akrobaziak (jibbing): Modalitate honetan kirolaria baranda eta kutxa edo modulu ezberdinetatik irristatzen da modu anitzetan. "Jibbing" azalera ez-estandarretan ibiltzeko terminoa da. "Jib" hitza, aldi berean, izen bat eta aditz bat da, hitzaren erabileraren arabera. Izen bezala: jib batek metalezko errailak, kutxak, bankuak, hormigoizko lokarriak, hormak, ibilgailuak, harriak eta enborrak ditu. Aditz gisa: jib-a elurra ez den beste objektu batzuen gainean jauzi, irristatu edo ibiltzeari dagokion terminoa da. Normalean snowpark batean praktikatzen da, baina hiri-inguruneetan ere egin daiteke[8].

Alpetar Snowboard Lasterketa (Alpine snowboarding race)

aldatu
 
Alpetar snowboarda egiten ari den rider bat

Pistetan egiten da eta ekitaldi olinpikoa da 1998az geroztik. Diziplina hau elur gogor trinkotuan edo makinek zaindutako pistan egiten da (nahiz eta edozein baldintzatan egin daitekeen), eta elkarren segidan egindako giro estilo zehatzak dira, surf edo longboardean bezalakoak. Europako herrialde askotan beste diziplinak baino gehiago praktikatzen da. Zirkulu erdi perfektuak egiten dituzte biraketa bakoitzean, gorputzeko pisua ertz batetik bestera elur-taula maldarekiko perpendikularrean dagoenean aldatuz eta bira maldan behera joatean egitenez[8].

Ekipamendua berezia da, izan ere, eskiatzeko erabiltzen diren botek bezalako geruza gogor bat duten bota eta finkagailuak lotzeko sistema dute, eta taula ahalik eta zurrun eta estuena da bira jarraituak indar eta abiadura handiagoarekin kudeatzeko. Alpetar snowboarder trebe batek bira asko egin ditzake jarraian, euren gorputza bira bakoitzean lurretik oso gertu jarriz, moto-kroseko edo uretako eskian egiten den bezala. Erabiltzen den materialak antzekotasun handiagoa du eskiatzeko erabiltzen den materialarekin snowboardeko ohiko materialarekin baino[8]:

  • Oholak estuagoak, luzeagoak, eta zorrotzagoak dira mugimendu parabolikoaren errendimendua hobetzeko.
  • Botak plastikozko egitura gogor batekin egiten dira, snowboardeko bota arrunt batek ez bezala tolestuz, eta beste era batera diseinatzen dira eski botekin alderatuz, antzekoak diruditen arren.
  • Finkagailuek oin-diseinua dute, eta batzuetan esekidura-plaken gainean jartzen dira, kirolariaren eta taularen artean isolamendu-geruza bat eman ahal izateko, snowboarderrak sentitzen dituen bibrazioen maila murrizteko eta taulari pisu handiagoa emateko, beste erabilera batzuen artean.

Kros lasterketa (boardercross)

aldatu
 
Kross lasterketan parte hartzen dauden bi rider

"Boardercross", "Boarder X", edo "Snowboard X" izenez ezaguna da. Modalitate honetan 4-6 lehiakidek hartzen dute parte. Elkarren aurka lehiatzen dute arrapalaz, goragunedun bihurgunez eta oztopoz beteriko zirkuitu batean. Modalitate olinpikoa da Turin-en ospatu ziren 2006ko Neguko Joko Olinpikoetatik aurrera. Snowboardeko beste diziplina batzuetan ez bezala, adibidez, eslalom erraldoi paraleloan, lehiakideek lasterketa bakarra egiten dute elkarrekin[8].

Eslalom paraleloa

aldatu
 
Eslalom paraleloan lehiatzen ari diren bi atleta

Praktika hau aurrera eramateko sigi-saga egin behar da ateak deituriko eremu batzuetatik pasatuz (kolorezko mi makilez osatua; beti barrualdekoa motzagoa izaten da, kirolariaren inklinazioa errazteko). Lasterketa edo jaitsiera hau era indibidualean egiten da, baina paraleloan ere egin daiteke (bi pista berdin eta paraleloetatik lasterketa eginez).

Txapelketak

aldatu

Snowboardaren modalitateen lehiaketak mundu osoan egiten dira, eta oinarrizko lehiaketetatik hasi eta mundu osoan ospatzen diren ekitaldi profesionaletara iristen dira[8].

Lehen txapelketa ofiziala Coloradon (AEB) egin zen 1981ean. Hodi erdiko eta eslalom txapelketak Naganoko (Japonia) Olinpiar Jokoetan sartu ziren lehendabiziz Olinpiar Jokoetan. Kros lasterketa 2006ko Turingo (Italia) Olinpiar Jokoetan sartu zen lehendabiziz. Estilo askeko jaitsiera 2014ko Sochi-ko (Errusia) Olinpiar Jokoetan sartu zen lehendabiziz.

Mundu mailako elur-surfeko txapelketa nagusiak hurrengoak dira: Europako Air&Style, Japoniar X-train Jam, Burton Global Open Series, Shakedown, FIS World Championships, urtero ospatzen den FIS World Cup, Winter X Games eta Winter Dew Tour.

Snowboarda neguko olinpiar kirola izan da 1998ko Neguko Olinpiar Jokoetatik eta modalitate desberdinak egon dira urteetan zehar. 2018ko Neguko Olinpiar Jokoetan, snowboardeko ekitaldiek jauzi-handia, hodi-erdia, slalom erraldoi paraleloa, estilo askeko jaitsiera eta kros lasterketa (boardercross) izan zituzten[8].

Snowboarder Magazine's Superpark ekitaldia 1996an sortu zen. Bertan sortu zenetik orain arte, munduko 150 kirolari onenak baino gehiago gonbidatzen dira snowpark aurreratuenetan estilo libreko snowboarda hobetzera[8].

Snowboardaren ikuspegiaren zati bat dibertsiorik, adiskidetasunik eta gertakizunen kalitaterik handiena bermatzea da. Lehiaketarik gabeko elkarretaratzeak kirol honen identitatearen zati garrantzitsu bat dira, The Holy Oly Revival in The Summit at Snoqualmie, The Nate Chute Hawaiian Classic at Whitefish, Munduko Quarterpipe Txapelketa eta Grenade Jokoak barne[8].

Ameriketako Estatu Batuetako Snowboard eta Freeski Elkarteak (USASA) lurralde mailako lehiaketak antolatzen ditu, lehiaketa hodian aurrera egin nahi duten kirolarientzako euskarri bat izateko. USASA 36 serie erregionalek osatzen dute eta edonor lehiatu daiteke. Snowboarderako, USASAk eskualdeko ekitaldiak antolatzen ditu lehen mailako sei diziplinatan (Slalom, Giant Slalom, Slopestyle, Halfpipe, Boardercross eta Rail Jam), non lehiakideek puntuak lortzen dituzten sailkapen nazional batera iristeko eta USASAko Txapelketa Nazionaletan lehiatzeko[8].

Lesio ohikoenak

aldatu

Neguko beste kirol batzuk bezala, snowboardak arrisku maila jakin bat dauka. Snowboardan aritzen direnen gehiengoa hogei urte inguru dituzten gizonezkoak dira, emakumeen hirukoitza. Snowboarderrek arrisku handiagoa dute goiko gorputz ataleko hausturak izateko eskiatzaileekin alderatuz, aldiz belauneko lesioak izateko arrisku txikiagoa dute. Lesioak ohikoagoak dira hasiberrien artean, batez ere irakasle profesionalekin eskolak hartzen ez dituztenen artean. Esperientzia dutenek zauritzeko arrisku gutxiagoa dute, baina gertatzen diren lesioak larriagoak izaten dira.

Snowboardean ohikoak diren lesioak desberdinak dira talde profesionalen eta aisialdirako taldeen artean. Aisialdian aritzen direnen lesio ohikoena eskumuturrekoa izan ohi da eta profesionalen artean berriz, beheko gorputz adarrekoak dira, zehazki belauneko artikulazioan. Snowboarderrek eskiatzaileek baino haustura gehiago izateko arriskua dute, bikoitza, alegia. Gertatzen diren beste ohiko lesioak, arinak izan ohi direna, hauek dira: eskumuturreko lesioak, sorbaldako ehun biguneko lesioak, orkatilako lesioak, kontusioak eta lepauztaiko hausturak. Esperientziarik gabeko praktikatzaileen artean, lesio gehienak aldapa ertainetan abiadura motelean ibiltzerakoan gertatu ohi dira, trebetasun maila altuagoa duen norbaitekin ibiltzen saiatzerakoan gertatuak, trebetasun faltagatik ez baitira gai behar bezain beste maneiatzeko. Snowboardean gertatzen diren lesio garrantzitsu batzuk burua eta bizkarrezurreko lesioak dira. Bizkarrezurreko haustura, saltoetan lurreratzean egindako akatsen ondorioz gertatzen da, gehienbat. Eliteko profesional gehienek lesioak izaten dituzte trikimailuak abiadura handian eta beheko gorputz-adarretan indar-maila handiagoarekin egiten saiatzen direnean[8].

Burezurreko traumatismoa izateko arriskua bi edo sei aldiz handiagoa da snowboarderrentzat eskiatzaileekin alderatuz. Buruko lesioak gerta daitezke, bai talka baten ondorioz, bai saihetseko bira bat egiten ez denean. Honen ondorioz, bizkarrez erori eta buruaren atzealdea lurrera bota dezake, burezurreko traumatismo okzipitalak eraginez.

Snowboardeko lesioen % 4-8 pertsona eskiatzeko teleaulkietara igotzeko dauden lerroetan edo teleaulkietan sartu eta ateratzeko zain dagoen bitartean gertatzen da. Snowboarderrak aurrerantz abiatzen dira oin librearekin, eta, bitartean, lerroan, beste oina (normalean beti finkaturik dagoen hanka) 9 - 27 graduko angeluan taularen gainean giltzapetuta uzten dute, hanka horren gainean indar handia eginez eta, erorikoa gertatuz gero, pertsona belaunean lesionatuz.

Segurtasuna eta ardura

aldatu
 
Elurretan erabili ohi den kasko mota

Lesio ohikoenak eskumuturrean izaten direnez, eskumuturreko babesak erabiltzea gomendatzen da, eskularruen barne direnak edota eskularruetatik bereizita daudenak[8]. Hala ere, garrantzitsua da eskua erabili gabe erortzen ikastea, 90 graduko angeluan tolestuta dagoen eskumuturra lurreratzean hura hausteko aukera handia baita. Aitzitik, besoak luzatuta lurreratzea (hegal bat bezala) eta malda beso osoarekin zapaltzea erorketan eskumuturra haustea ekiditeko modu eraginkorra da. Metodo hori erabiltzen dute judo eta beste arte martzialetako eroriko bat hausteko, ikaskide batek lurrera botatzen dituenean. Bestalde, kaskoaren erabilera ere gomendatzen da, edozein erorketan buruarekin jo daitekeelako lurra edo beste eskiatzaile baten kontra jo eta burua kaltetu.

 
Elurretako betaurrekoak
 
Snowboardeko finkagailuak

Argi ultramoreak xurgatzen dituzten betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da, baita egun lanbrotsu edo lainotsuetan ere, argi ultramoreak hodeietatik sartu daitezkeelako eta begiak kaltetu.

Eskiak ez bezala, snowboardeko finkagailuak ez daude diseinatuta erorketa batean automatikoki askatzeko. Oinak oholean giltzapetuta egoteak ematen duen euskarri mekanikoak belauneko lesioaren probabilitatea murrizten du.Elur-jausiak arrisku argia dira mendi malda elurtuetan. Onena elur-jausi mota desberdinak ezagutzea da, nola saihestu bat sortzea eta nola erreakzionatu bat gertatzen bada. Era berean, elurretara irtetean, lesio-arrisku handiagoko jarduera bat egiten duten guztiek Lehen Laguntzako oinarrizko ezagutza izan beharko lukete, eta gerta daitezkeen lesioei aurre egiten jakin.

 
Snowboard-eko botak

Snowboarda egiteko botak ondo egokituta egon beharko lirateke, oin-puntak botaren muturra ukituz tente daudenean eta muturretik pixka bat aldenduta snowboardean daudenean. Babesak jartzea gomendatzen da gorputzeko beste atal batzuetan, hala nola aldakean, belaunetan, bizkarrezurrean eta sorbaldetan. Gorputzeko atalak, batez ere belaunak, ez kaltetzeko, teknika egokia erabiltzea garrantzitsua da. Teknika egokia lortzeko, irakasle kualifikatu batek irakatsi behar du. Era berean, snowboarda bakarrik egiten denean, kontuz ibili behar da ezkutuan dauden zuhaitzak saihesteko, bereziki arriskutsua baita zuhaitzen inguruan sor daiteken elur askoko eremua.

Kontuz ibili behar da taula bati argizaria ematen zaionean, fluor-karbonazko argizariek ke toxikoak isurtzen baitituzte gehiegi berotzen direnean.

Elur-surfa Espainian

aldatu

Espainiako Neguko Kirolen Federazio Erreala da (RFEDI gaztelaniazko sigletan, Real Federación Española Deportes De Invierno) estatuan dagoen erakunde ofizial nagusia elur-surfaren txapelketen kudeaketan, federatuen kudeaketan eta abarretan. Bertako web orri ofizialetan aurki daitezke Espainia mailan ospatzen diren txapelketak, federazio autonomikoak klubak, egutegiak, araudiak...

Autonomia Erkidego bakoitzak bere Federazioa du, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan adibidez Negu Kiroletako Euskal Federakuntza (Federación Vasca Deportes de Invierno) da erakunde kudeatzailea; egoitza Bilbon kokatuta dago.

Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan modalitate hauek praktikatzeko eski pistarik ez egon, inguruan badaude eski alpinoko pista ezagunak, hala nola, Arette (La Pierre Saint-Martin, Frantzia), Valdezcaray (Ezcaray, Errioxa), Alto Campoo (Hermandad de Campoo de Suso, Kantabria), Astún ( Jaca, Huesca) eta abar.

Euskal snowboardlariak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Snowboarding. 2018-03-16 (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
  2. Gidari: izendapen hau aukeratu dugu elur-oholaren gaineran mugitzen den kirolariarentzat, alegia, snowboarding praktikatzen duen kirolaria izendatzeko. Ingelesezko rider hitzaren pareko bat bilatu nahi izan dugu.
  3. [http://www.mashf.com/snurfing%201968.htm «Muskegon Area Sports Hall of Fame - History of the Snurfer, Snurfing and the sport of Snowboarding - 1968»] www.mashf.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
  4. (Ingelesez) «The Origins - FirstStoke - Your Board Sports Community» FirstStoke - Your Board Sports Community (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).[Betiko hautsitako esteka]
  5. (Ingelesez) Ross Rebagliati. 2018-03-05 (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
  6. (Ingelesez) Para-Snowboard Included in Sochi 2014 Paralympic Winter Games. (Noiz kontsultatua: 17/03/2018).
  7. «What Are Jumping Jibs?» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
  8. a b c d e f g h i j k l m (Ingelesez) Snowboarding. 2023-03-20 (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  9. a b «Snowboard-a Archives» basqueteam (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).

Kanpo estekak

aldatu