Erroi
Erroia (Corvus corax) corvidae familiako eta passeriformes ordenako hegazti handiena da. 52-69 cm luze izaten da; hegoak, 120-130 cm luze, eta 0,7-1,7 kiloko pisua du. Moko beltza, sendoa eta apur bar makotua du, buztan luze samarra eta, hegan doalarik, kuneiformea (belearen buztana biribilkara da). Lumadia beltza da, distira irisatuekin. Era askotako hotsak egin ditzake: ohikoenak prruk eta ko-rook karraka errepikatuak dira.[1]
Erroi | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Corvidae |
Generoa | Corvus |
Espeziea | Corvus corax Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Bizi itxaropena | 17,1667 urte |
Luzera | 69 cm, 60 cm eta 68 cm |
Masa | 689 g 1.625 g 1.041 g 25 g 800 g 1,5 kg |
Zabalera | 120 cm, 150 cm eta 1,21 m |
Eguneko zikloa | eguneko |
Hamar eta hamabost urtean bizi izaten da, baina batzuk 40 urte bizitzera iritsi dira. Gazteak saldoka ibil daitezke baina helduak lurraldekoiak dira eta osatzen duten bikoteak bizi osoa irauten du.
Orojaleak eta oso oportunistak dira. Toki eta aukeren arabera, zereal-bihiak, fruituak, ornogabeak, anfibioak, narrastiak, ugaztun txikiak eta hegaztiak (berek harrapatuak edo hilik aurkituak) jaten dituzte.
Ipar Hemisferio osoan aurki daiteke: Artikoan, Europan, Ipar Amerikan, Asian, Afrika iparraldeko basamortuetan eta Pazifikoko uharteetan, itsas bazterretik goi mendietaraino. Corvidae familiako espezierik hedatuena da. Habia gehienetan harkaitzetan egiten badu ere, besterik ezean harrobi edo zuhaitzetan egin dezake.
Azpiespezieak
aldatuGaur egun zortzi subespezie onartuta daude:
- Corvus corax corax
- Corvus corax varius
- Corvus corax subcorax
- Corvus corax tingitanus
- Corvus corax tibetanus
- Corvus corax kamtschaticus
- Corvus corax principalis
- Corvus corax sinuatus
Deskribapena
aldatuErroia corvidae familiako eta passeriformes ordenako hegazti handiena da: askotan belabeltzekin nahasten da, fisikoki oso antzekoak direlako eta kolore aldetik, berdinak, baina tamaina aldetik ez dute inolako zerikusirik. Belabeltzak ertain-handiak dira, baina erroia korbido handia-oso handia da, bai hego zabaleraz, bai luzeraz eta baita pisuz ere, itxura trinko batekin.
Heldua 52-69 cm luze da eta 1,50 cm-ko zabalera gaindi dezake (115-160 cm); beraz, kaio hankahoriaren tamainakoa da eta aztore arruntaren eta zapelatz arrunt harrapari indartsuak baino apur bat handiagoa, batez ere Europa erdi eta iparraldeko aleak, hegoaldekoak baino zertxobait handiagoak baitira.
Pisu handiko hegaztia da, 0,7-1,7 kg artekoa eta moko sendo, indartsu eta apur bat kurbatua du. Erabat beltza da, belabeltza modukoa baina tamainaz nabarmen handiagoa. Mokoa, begiak, gorputzeko lumak eta hankak beltzak ditu.
Portaera
aldatuElikadura
aldatuErroia hegazti orojalea eta oportunista da. Haren dieta tokiaren, momentuaren eta aukeraren araberakoa da, sarraskiak, karraskari txikiak, txori txikiak, zomorroak, muskerrak eta moluskuak jaten ditu. Horrekin batera, landare haziak eta fruituak ere kopuru handian jaten ditu. Orokorrean, udazkenean eta neguan, hilik dauden animalien sarraskiak eta landare fruitu zein haziak jaten dituzte; udaberrian eta udan, berriz, intsektuak, txitak, arrautzak eta ugaztun zein narrasti txikiak ehizatzeko gai dira.
Adimena
aldatuErroiak, korbido guztiak bezala, oso adimentsuak dira, hegaztien artean adimentsuenetakoak, primate handien, elefanteen, orken eta izurdeen parean. Hegazti guztien artean burmuin handienetakoa du. Arazoak konpontzeko gaitasuna ere erakusten du, imitazio eta intuizio maila nabariaz.
Ikerketa ugari egin dira urteetan zehar herrialde askotan haiekin: hainbat proba egin zaizkie haien adimena neurtzeko eta beti frogatu da haien adimen ikaragarri handia, ikasteko gaitasuna argi erakutsita. Ikasteko ahalmena askotan frogatua izan da lehendik konpondu ezin zuten arazoak, behin konponbidea erakutsita, azkenean bakarrik konpontzea lortzen zutenean; halaber, zailtasuna areagotu ahala, konpontzeko haien gaitasuna areagotzen zenean ere.
Oroimen handiko animaliak ere badira, aurpegiak eta soinuak ezagutzeko gai dira, urte luzeak pasa ostean berebat. Oroimen ahalmen handia dela eta, ezagunak dituzten soinu beldurgarriekin izutzen dituzte nekazaritzako guneetan haziak eta fruituak jan ez ditzaten, baita txorimaloak jarri (gogoratzen duten forma beldurgarri bat) ere. Dena den, hain dira adimentsuak, ezen azkar konturatzen diren soinuak eta txorimaloak faltsuak direla, gizakiak jarriak. Beraz, nekazariak soinuak eta txorimaloen formak aldatzen joan behar dira, erroiak izutzeko bide berriak aurkitzeko. Oroimenari, intuizioari, imitazioari eta arazo konplexu batzuk konpontzeko gaitasunari, zenbait jokorekin gozatzeko erakustaldi argia gehitu behar zaie, gozatu baino bestelako helbururik ez duen jokoetan ibiltzen ikusi baitira.
Erramintak erabiltzeko gai dira, baita helburu bat lortzeko asmoz bestelako animaliak engainatzeko gaitasuna agertzeko ere. Soinu asko imitatzeko kapaz dira, gizakiaren ahotsa barne.
Ugalketa
aldatuGazteak parekatze erritualak oso goiz hasten dituzte baina ugalketa 2-3 urteren ondoren izaten da. Ugaldu aurreko erritualen artean hegaldi akrobatikoak, adimenaren erakustaldia eta janariaren eskaintza daude. Estalaldia denean, bikotea betirako da. Ugaldu eta habia eraiki aurretik, erroi bikoteak lurraldea ondo aukeratua izan behar du, behin aukeraketa eginda eta habia eraikita, normalean, betirako izaten baita. Habia egiten duten momentutik oso lurraldekoiak dira eta hil arte defendatuko dute beraien lurraldea eta habia lehiakide zein harraparien aurrean.
Habia zuhaitz baten gainean edo labar zein itsaslabar batean eraikitzen dute, baita eraikin eta instalazio hutsetan ere.
Emeak 3-7 arrautz artean erruten ditu otsailaren bukaeran, orban marroiz beteriko azal urdin-berdexka kolorekoak. Txitaldia emeak egiten du eta 18-21 egun artean irauten du. Txita jaio berriek 35-42 egunen artean habia uzten dute. Dena den, behin habia utzita, gurasoekin 6 hilabetean geratzen dira, beraien lurraldean bizirauteko beharrezkoa izango duten guztia ikasteko.
Banaketa eremua
aldatuErroia ipar hemisferio osoan hedatzen da, klima guztietan. Ipar Amerikan, Erdialdeko Amerikan, Europan, Afrika iparraldean eta Asian oso espezie arrunta da, tundra eta taigatik Erdialdeko Amerikako, Afrika iparraldeko eta Asia hegoaldeko lur epeletaraino hedatzen da.
Euskal Herrian
aldatuEuskal Herriko lurralde guztietan da: Uribe Kosta, Busturialdea, Debabarrena, Donostialde eta Lapurdiko kostaldeko itsaslabarretatik, Urkiola, Gorbeia, Valderejo, Aiako Harria, Larhun, Urbasa, Arbaila mendigunetik eta Arbaiungo zein Burgiko arroiletatik erraz ikus daiteke.
Habitata
aldatuKostaldeko itsaslabarretan eta mendiguneko arroil zein labarretan egiten du habia; beraz, inguru horietan barrena bizi da, baita eremu ireki zabaleko basoetan ere.
Migrazioa
aldatuErroia egoiliarra da leku guztietan, Artikoan izan ezik, bertan gazteenek migrazio txikiak egin ditzakete.
Galeria
aldatu-
Erroi gazteak Islandian
-
Erroi baten luma beltza
-
Erroia hegan
-
Erroiak labar baten inguruan hegan
-
Erroi txitak
Erreferentziak
aldatu- ↑ Sture Palmer, Jeffery Boswall (1981). A field guide to the bird songs of Britain and Europe. Swedish Radio Company
Bibliografia
aldatu- BirdLife International (2014). «Corvus corax». IUCN 2015.4-ko espezie mehatxatuen zerrenda gorria (ingelesez). ISSN 2307-8235. 2016/05/02 datan kontsultatua.