Aiako Harriko parke naturala

Aiako Harriaren natura parkea» orritik birbideratua)

Aiako Harriko parke naturala[1] naturagune babestu bat da, Gipuzkoako ipar-ekialdean dagoena. Eremuz 6.913 hektarea hartzen ditu, Irun, Errenteria, Oiartzun, Donostia eta Hernaniko udalerrietan. Eusko Jaurlaritzak parke natural izendatu zuen 1995ean,[2] eta kontserbazio bereziko eremu 2013an.[3]

Aiako Harriko parke naturala
II. maila: parke nazional
V. maila: urtar/lurtar paisaia babestua
Datu orokorrak
Motanaturagune babestu eta parke natural
Azalera6.105 ha
Geografia
Map
Koordenatuak43°17′00″N 1°47′05″W / 43.283325°N 1.78465°W / 43.283325; -1.78465
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa

Geografia

aldatu

Aiako Harriko parke naturala Gipuzkoako ipar-ekialdeko muturrean dago. 6.913 hektareako eremua hartzen du, Irun, Errenteria, Oiartzun, Donostia eta Hernani udalerrietako lurretan, Bidaso Beherea, Oiartzualdea eta Donostialdea eskualdeetan. Ekialdean, Bortziriekin (Nafarroa Garaia) du muga, eta iparraldean, Hendaiako kantonamenduarekin (Lapurdi).

Aiako Harria mendiguneaz gain, beste tontor hauek osatzen dute parkea: Zaria (635 m), Bunanagirre (781 m), Bianditz (797 m), Errenga (786 m), Irufagoeta (534 m), Erlaitz (498 m), Pagogaina (480 m), Urdaburu (599 m) eta Aldura (537 m). Oiartzun ibaia bertan sortzen da, eta mendiguneak Urumea eta Bidasoa ibaiak bereizten ditu.

 
Aitzondoko ur-jauzia

Ingurumen ezaugarriak direla-eta, zenbait sektore bereiz daitezke:[4]

  • hegoaldean baso naturalak eta baso landaketak dira nagusi, artzaintzarako soilguneekin batera.
  • erdiguneak Aiako Harria mendigune granitikoa hartzen du, berezitasun geologikoagatik ingurune zabal batean lehen mailako paisaia-erreferentzia dena.
  • iparraldeko zatian -Endarako amildegia- Aiako mendigunearen mendi-adarrak daude; eremu handi batean basoz eta haitzez estalitako malda zorrotzekin.
  • Enbido edo Aitzondoko sakana, faila geologiko garrantzitsu batetik sortutakoa, da beste enklabe malkartsuetako bat, eta 100 metroko desnibeleko Aitzondoko ur-jauzia, haitzarteak eta erliebe ikusgarriak aurki daitezke bertan.

Geologia

aldatu
 
Irugurutzetako labeak (Irun), meatze-ustiapenaren lekukoak.

Eskualde honetako substratua osatzen duten arrokek oso jatorri anitzak dituzte, berezitasun batekin: Euskal Herriko materialik zaharrenak Aiako Harrian biltzen dira, Bortziriko mendigune paleozoikoaren barnean.[4]

Antzina, magma-intrusio bat egon zen material horietan eta arroka plutonikoen batolito bat (granito eta granodioritarekin) eta haren aureola metamorfikoa (eskistoak, graubakak...) eratu zituen.[4]

Urte-milioi batzuetako higadura prozesu baten ondoren, batolitoa azaleratu zen eta eskualdeko kotarik altuenak osatu zituen: Erroilbide (838 m), Txurrumurru (789 m) eta Hirumugarrieta (806 m). Irun, Oiartzun eta Lesakaren (Nafarroa) artean dagoen mendigune horri Aiako Harria izena ematen zaio. Azkenik, ibarraren hondoak eta Bidasoa ibaiaren lautada alubiala eratzen dituzten Kuaternarioko jalkinak dira materialik modernoenak.[4]

Tektonika- eta higadura-prozesuek espazio aldapatsua eratu dute, malda arrokatsu handiekin, esaterako, Endaraerreka eta Enbido sakanak; azken hori faila geologiko batek sortu zuen eta 100 metroko aldea duen Aitzondoko ur-jauzia erakusten du. Baina erliebe biguneko eremuak ere daude, Erlaitzeko zelai ezagunak bezala. Azkenik, Arditurriko meategiak azpimarratu behar dira; gutxienez erromatarren garaitik ezagutu eta ustiatzen diren burdina eta blendazko betak dituzte.[4]

Landaredia

aldatu
 
Larreak eta basoberritutako mendiak.

Hainbat altitude-estai egoteak, egutera eta ospel-isurialdeek eta sakanen termizidadeak landare-paisaia anitza osatzen dute, substratuaren azidotasunak markatua eta basotzeek aldatua.[4]

Baso natural nagusiak pagadi eta harizti silizikolak dira. Pagadiak ongi agertzen dira Añarbe eta Oiartzun ibaien burualdeetan. Azken horretan, Ohianlekun, Soldanella villosa euskal-kantabriar endemismoaren populazio garrantzitsua dago. Haritz kandudun (Quercus robur) eta kandugabeen (Quercus petraea) hariztiak Urdaburu mendiaren hegal eguzkitsuetan eta Endaraerrekako sakanean agertzen dira. Azken horretan, gurbitza (Arbutus unedo) eta ezpela (Buxus sempervirens) gerizatzen dira. Ametz (Quercus pyrenaica) batzuk oraindik bizirauten dute, isolaturik, gailur eta eguteretan.[4]

Azaleraren garrantzizko portzentaje bat, intsinis pinuak (Pinus radiata), larizio pinuak (Pinus nigra subsp. laricio) edo japoniar laritzak (Larix kaempferi) estaltzen dute. Haritz gorriak (Quercus rubra) bezalako hostozabalak ere erabili dira basotze lanetan. Horrela, bertako basoa neurri handian murriztu da.[4]

Larreek eta iratze-otadi-txilardiek osatzen duten mosaikoak betetzen du lurraren zatirik handiena goialdeetan. Han eta hemen, hezegune txikiak agertzen dira, Sphagnum generoko goroldioekin eta Drosera rotundifolia bezalako landare intsektujaleekin.[4]

Harkaitz hezeetan, pitzadura eta kofaguneetako landareak agertzen dira: Hymenophyllum tunbrigense, Vandenboschia speciosa eta Asplenium septentrionale iratzeak, edo Huperzia selago bezalako likopodioak; horiek guztiak arrarotzat edo oso arrarotzat hartzen dira. Beste landare arraro batzuk Saxifraga clusii subsp. clusii eta Petrocoptis pyrenaica dira, Euskadin baitute beren banaketaren mendebaldeko muga.[4]

Fauna basokoa eta errupikola da, batez ere, ur-bazterreko inguruei lotuta dagoena, arrainak hain zuzen, ahaztu gabe: izokina (Salmo salar) Bidasoan eta Endaraerrekan ugaltzen dena; zarboa (Gobio gobio) edo itsas amuarraina (Salmo trutta trutta). Ugaztunetan aipagarriak dira igaraba (Lutra lutra), arriskuan dagoen europar bisoia (Mustela lutreola), Pirinioetako desmana (Galemys pyrenaicus), eta basakatua (Felis silvestris) basoetan. Hegaztiei dagokienez, miru beltz (Milvus migrans), lepitzulia (Jynx torquilla), okil beltza (Dryocopus martius), harkaitz-zozo gorria (Monticola saxatilis) eta mokolodia (Coccothraustes coccotrhaustes) ugaltzea azpimarratzekoa da.[4][5]

Zirauna (Anguis fragilis), kantauriar sugegorria (Vipera seoanei), Eskulapioren sugea (Elaphe longissima), suge berde-horia (Coluber viridiflavus), arrabioa (Salamandra salamandra), apo arrunta (Bufo spinosus) eta baso-igel gorria (Rana temporaria) ere bizi dira parkean. Koleoptero saproxilikoak (Cerambyx cerdo, Lucanus cervus, Rosalia alpina) eta Elona quimperiana barraskiloa ere garrantzi handikoak dira.[5]

Lege babesa

aldatu
 
Oianlekuko harrespila.

Eusko Jaurlaritzak 1995eko apirilaren 11n eman zion lege babesa, parke natural izendaturik.[2]

2005etik 2009ra, Europar Batasunaren LIFE programaren laguntza jaso zuen; LIFE Aiako Harria proiektuaren helburu izan zen Aiako Harria BGLa kontserbatzea eta lehengoratzea. Proiektu horretako partaideek, parkearen natura ondarea hobetzera bideratutako 2.260.318 euroren inbertsioa egitea hitzeman zuten; erdia Europar Batasunak ordaintzekoa, eta beste erdia Euskal Herriko hainbat erakunde publikok.[6]

2013ko ekainaren 4an, Eusko Jaurlaritzak Europako Natura 2000 sareko kontserbazio bereziko eremu izendatu zuen.[7]

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriaren Estilo Liburua. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-9).
  2. a b 241/1995 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Aiako-harria aldea parke natural deklaratzen duena.. euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-8).
  3. 355/2013 DEKRETUA, ekainaren 4koa, Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2120016), eta eremu horren kontserbazio-neurriak onartzen dituena. donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-8).
  4. a b c d e f g h i j k Aiako Harriko kberen fitxa deskribatzailea. Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema, Eusko Jaurlaritza, ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-9).
  5. a b ES2120016 Aiako Harria. Natura 2000 - Standard data form, donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-8).
  6. Aiako Harria parke naturaleko habitat naturala berreskuratze aldera zenbait lan egin dira. Kronika, 2008ko martxoak 9, kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-8).
  7. Aiako Harria. donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-1-8).

Kanpo estekak

aldatu