Frédéric Chopin
Frédéric Chopin (polonieraz: Fryderyk Franciszek Szopen; Żelazowa Wola, 1810eko martxoaren 1a - Paris, 1849ko urriaren 17a) historiako poloniar konpositorerik onena eta piano konpositorerik onenetariko bat izan zen; bere konposizio ia guztiak instrumentu horretarako idatzi zituen. Jatorriz, Fryderyk Franciszek zuen izena polonieraz, baina Polonia utzi eta Parisera joan zenean, hogei urte zituela, Frédéric-François forma frantsestua hartu zuen eta handik ez zen inoiz itzuli. Bere leinua Szopen idatzia da maiz polonierazko testuetan.[1]
Chopinen lanak erromantizismoa bere egoera nahasgabean irudikatzen du. «Pianoaren poeta» esaten zioten sarri.[2][3]
Biografia
aldatuHaurtzaroa
aldatuMazoviako herrixka batean jaio zen, Varsoviatik 60 bat kilometrora, Poloniako erdialdean, Varsoviako Dukerri Handiaren parte zen Skabrek kondearen lursail txiki batean. Bere jaiotze data zalantzazkoa da: konpositoreak berak (eta bere familiak) 1810eko martxoaren 1ean mundura etorri zela aitortzen zuen, eta beti ospatu zuen urtebetetzea data hartan, baina bataio agirian otsailaren 22an agertzen zen jaiotza data. Litekeena da apaizaren akatsa izatea; apirilaren 23an bataiatua izan zen Brochoweko parroki elizan, Sochaczewetik gertu, jaio eta ia zortzi astera. Nolanahi den ere, desadostasun horrek eztabaidagai izaten jarraitzen du.[4]
Haren aita, Nikołaj Chopin (Marainville-sur-Madon, Lorena, 1771-1844), emigrante frantses bat zen, poloniar arbaso urrunak zituena, 1787an Poloniara joana, poloniar kausaren defentsak animaturik; frantses hizkuntza eta literaturako irakaslea izan zen, Skarbek kondearen familiako irakasle lanarekin batera. Ama, Tekla Justyna Kryżanowska (Dlugie, Kujawy, 1782-1868), gainbehera etorritako poloniar familia noble batekoa zen eta etxaldeko gobernatzailea zen. Hala ere, familia Varsoviara joan zen urte bereko urrian, bere aitak Varsoviako Lizeoan frantseseko irakasle postua lortu baitzuen. Hiru alaba gehiago izan zituzten biek: Ludwika (1807-? ), Izabella (1811-?) eta Emilia (1813-1827). Frédéric zen bigarren semea eta gizaseme bakarra.[5]
Frédéric eta bere arrebak kulturarekiko zaletasuna, oro har, eta musikarekiko zaletasuna, bereziki, ongi landutako ingurune batean hazi ziren. Lehen piano irakaslea Ludwika arreba izan zuen, harekin batera pianorako duoak jotzen baitzituen lau eskutara. Bere aparteko kalitateak laster nabarmendu zirenez, sei urterekin gurasoek Wojciech Żywny biolin jotzailea maisuaren esku jarri zuten, Mozarten musikaren maitale zena, baita Bachen musikarena ere, garai hartan ezohikoa zena, haietan oinarritzen baitzituen nagusiki bere irakaskuntzak.[6]
Urtebete geroago, hau da, zazpi urte zituelarik konposatu zuen bere lehen obra, eta haurrak guztiz ongi idazten ez zekienez oraindik, aitak idatzi zuen pieza, berak ahoz esan ahala. Pianorako poloniarra sol minorrean izan zen lehen obra hura, 1817ko azaroan argitaratua J. J. Cybulski aitaren grabatu lantegian, Organista Eskolako zuzendaria baitzen eta garaiko poloniar musika editore bakanetako bat. Urte hartan bertan, beste obra bat konposatu zuen, Poloniarra si bemol maiorrean. Ondoren, beste poloniar batzuk etorri ziren, martxak eta aldaketak egiteaz gain. Konposizio haietako batzuk galduta daude gaur egun. Hizkuntza harmonikoa ez da oraindik oso garatua, baina sotiltasuna eta dotorezia, gerora maisuaren ezaugarri izango zirenak, jada ernatzen ari zirela esan daiteke.[7]
Zortzi urte zituela, pianoa maisutasunez jotzen zuen, inprobisatu eta konposatu aise egiten zuen: 1818ko otsailaren 24an egin zuen bere lehen kontzertu publikoa, Varsoviako Radziwiłł familiaren jauregian, Adalbert Gyrowetz (ezizenez, Vojtěch Jírovec) txekiar musikariaren Kontzertua mi minorrean. Berehala egin zen ezagun «Chopin txikia» hiriko giroan, denek haur prodijiotzat hartzen baitzuten. Errezitaldiak ematen hasi zen, hiriko aristokraziaren egoitzetako saloietan (Czartoryski, Grabowski, Sapieha, Mokronowski, Czerwertynski, Zamoyski, Radziwiłł, Lubecki, Zajzek, Skarek, Tenczynski eta beste asko) adin bertsuan Mozartek egin zuen gisan.[8] Horrela, gero eta miresle gehiago irabazi zituen.[9]
Haurtzarotik bertatik ere, bere bizitza gogorki markatuko zuen beste ezaugarri bat ere agertu zitzaion: osasun erabat hauskorra. Txikitatik hanturak izan zituen lepoko gongoiletan, eta odoluste ugari jasan behar izan zituen.[10]
Heziera urteak
aldatu1822an, Wojciech Żywny irakaslearekin deus ikasteko gehiagorik ez zeukanez, Václav Würfel (1791-1832) pianista bohemiarrarekin hasi zen organoa ikasten.[12] Aldian behin, Józef Ksawery Elsner (1769-1854) Varsoviako Goi Mailako Musika Eskolako zuzendari musikagilearekin hasi zen bakarkako ikasketak egiten, bereziki teoria musikalaz eta konposizioaz. Irakasle berria estilo distiratsuko musika eredu eta ideal klasikoetatik urrun zegoen, eta estetika nahiz zapore berrien arnasa ematen zion; birtuosismoaren jokoaren prozesuez jabetu zen Chopin, ordura arte ezezagunak baitziren.[13]
1823ko uztailetik aurrera, Elsnerrekin ikasketak eta Varsoviako Lizeoko ikastaroak uztartu zituen (bertan bere aita frantses hizkuntza eta literaturako irakasle zen), non laugarren zikloan sartu eta literatura klasikoko, kantuko eta marrazketako eskolak jaso baitzituen. 1824an, oporrak Szafarnian (Dobrzyń, Kujavia-Pomeraniako voivoderria) pasa zituen, aitaren ikasle zen lagun baten etxean. Poloniako lurrarekin eta bertan bizi ziren nekazariekin eta bere herriko musika folklorikoarekin lehen harremana izan zuen han. Harreman labur haiek aski izan ziren bere nerabe adimen plastikoan ereiteko gero bere heldutasunean ernatuko zen hazia.[14]
Lehen bidaiak: Silesia, Berlin
aldatu1826ko uztailaren 7an, hamasei urte zituela, Lizeoko ikasketak burutu zituen, eta hil bereko 27an cum laude kalifikazioarekin graduatu zen.(Walker 104) Hurrengo hilabetean, lehen bidaia egin zuen Poloniatik kanpo, ahizpekin batera Bad Reinertzera (gaur egungo Duzniki-Zrdoj), Hego Silesian, atseden hartzera. Urte bereko azaroan, Varsoviako Goi Mailako Musika Eskolan eman zuen izena, orduan Varsoviako Kontserbatorioko parte zena eta Varsoviako Unibertsitateko Arte Departamentuarekin lotuta zegoena. Han Elsnerrekin ikasten jarraitu zuen, baina ez zen piano eskoletara joan. Elsnerrek, ezagutzen baitzuen, bere erabakia ulertu zuen, baina oso zorrotza izan zen irakatsi zizkion gai teorikoetan, kontrapuntuan batez ere. Horri esker, musika konposizioaren ulermen eta teknika sendoa bereganatu zuen. Garai hartan, Pianorako 1. sonata do minorrean Opus 4 konposatu zuen, Là ci darem la mano ariarekiko (Mozarten Don Giovanni operakoa) Bariazioak piano eta orkestrarako Opus 2 eta Biolin, biolontxelo eta pianorako hirukotea Opus 8, hats handiagoko obrak, forma klasikoetan oinarrituak (sonata eta bariazio kontzertanteak). Schumannek honela idatzi zuen Bariazioak... entzun eta gero: «chapeau-bas messieurs, un génie !» («erantzi kapelak, jenio bat!»).[15]
1828ko martxoan, Johann Nepomuk Hummel alemaniar konpositore eta pianista Varsoviara iritsi zen, kontzertu batzuk ematera; Chopinek entzuteko eta ezagutzeko aukera izan zuen. Urte bereko azaroan, Poloniatik bigarren aldiz irten zen: Berlinera joan zen aitaren lankide Feliks Jarocki irakaslearekin batera, naturalisten biltzar batean parte hartzera. Hiri hartan, hamabost eguneko egonaldian, buru-belarri murgildu zen Prusiako bizitza musikala ezagutzera: Kantu Akademian operak entzun zituen, Gaspare Spontiniren Cortez, Domenico Cimarosaren Il matrimonio segreto eta George Onslowren Le Colporteur; liluratuta geratu zen Händelen Cäcilienfest oratorioarekin. Frédéricek beti izan zuen operarekiko interes handia, Elsner maisuak akuilatuta. Hiru urte lehenago, txundituta geratua zen Gioacchino Rossiniren Il barbiere di Siviglia operarekin. Bere bidaietan beti hartzen zuen opera emanaldietara joateko denbora.[16]
1829ko maiatzean, Niccolò Paganini italiar biolinista Varsoviara iritsi zen kontzertuak ematera. Chopin hamar bat kontzertutara joan zen, haren birtuosismoaz zeharo txundituta geratu baitzen. Harekiko zorra agerian geratu zen, egun haietan konposatzen ari zen Pianorako estudioa Opus 10, 1. zk. obran.[17]
Vienara, lehen aldiz
aldatuPiskanaka, Chopinek musikagile eta pianista gisa zuen ospea bere herriko mugak gainditzen hasi zen. Rodolphe Kreutzer biolinistak (Ludwig van Beethovenek Biolinerako 9. Sonata obra eskaini zion), Ignaz von Seyfried austriar musikologo eta Mozarten ikasleak, Stein eta Graff piano ekoizleek eta Haslinger editoreak, besteak beste, nahi zuten Chopin gazteak Vienan kontzertu bat eman zezan. 1829an, bidaia labur bat egin zuen hiri hartara, atzerrira kontzertista gisa egin zuen lehena. Bi kontzertutan Kärntnertor Antzokian, abuztuaren 11n eta 18an, bere Bariazioak Opus 2 (bi urte lehenagokoak), beste lan batzuen artean. Arrakasta ikaragarria izan zuen, nahiz konpositore gaztea guztiz harrituta gelditu zen, vienar publiko zorrotzak aise onartu zituelako konposizioa eta interpretazio teknika berritzaile haiek.[18] Kritika ezin hobea jaso zuen, baina batzuek kritikatu egin zuten pianoari ateratzen zion bolumen apala; bere interpretazio estiloaren ezaugarri bat zen, egokiagoa areto txikiagoetarako, kontzertu areto handietarako baino.[19] Bestalde, Bariazio haien arrakastari esker, Tobias Haslinger editoreak 1830eko apirilean argitaratu zituen Vienan, Chopinentzat lehenengo aldiz atzerrian.[20]
Praga, Dresden eta Wrocław bisitatu ondoren, Varsoviara itzuli zen eta bertan Konstancja Gladkowska (1810-1880) neska gazte batekin maitemindu zen, 1828an ezagutu zuena Carl Solivaren ikasle kontzertu batean; berarekin amesten zuen bitartean,[21] ez zion inoiz aurrez aurre bere maitasunik aitortu, eta haren emanaldien audizioetara joatera mugatzen zen.[22] Nolanahi ere, gaztaroko lehen grina hartatik zenbait obra gogoangarri jaio ziren: Vals Opus 70, 3. zk. eta bere lehen Piano eta orkestrarako kontzertua fa minorrean. Azken obra hori Varsoviako Merkatarien Klubean estreinatu zen urte bereko abenduan, eta, ondoren, Opus 21, 2. zk. gisa argitaratu zen. Gainera, bere lehen nokturnoak eta Stefan Witwickiren poemetan oinarritutako ahots eta pianorako abestiak konposatu zituen.[23]
Ordurako, Chopin erabat deliberatua zegoen konpositore izatera, eta laster erabaki zuen «ikasketa bidaia» bati ekitea Europan zehar. Hasiera batean, Berlinera joatea pentsatu zuen, non Poznańeko Dukerri Handiko gobernadore Antonio Radziwiłica printzeak gonbidatu baitzuen. Hala ere, Vienara joatea hobetsi zuen, bere lehen birako arrakastak kitzikatuta. Poloniako garai hartako bere korrespondentziak nolabaiteko malenkonia kutsu bat badu ere, garai zoriontsuak izan ziren harentzat, bere aberriko poeta eta intelektual gazte gehienentzat bezala.
Vienara aurretik, baina, arrastiri intimoetan bere Kontzertua fa minorrean zenbait aldiz jo ondoren, bere ospea hain zen handia, ezen Varsoviako Antzoki Nazionalean errezitaldi handi bat antolatu baitzioten, 1830eko martxoaren 17an. Garai hartan bere Piano eta orkestrarako bigarren kontzertua mi minorrean (gerora Opus 11, 1. zk.) lantzen ari zen, irailaren 22an estreinatu zuena bere etxean, eta hastapenetan zeukan Andante spianato et grande polonaise brillante Opus 22. Aldi berean, Varsovian istilu larriak gertatu ziren, Azaroko Altxamenduaren atarian, heriotza ugari eragin zituztenak. Ikuskizun haiek sakonki hunkitu zuten artista, urte batzuk geroago, 1839an, manifestari haien omenez bere Hileta martxa konposatu baitzuen, gerora, Pianorako 2. sonata, si bemol minorrean Opus 35 obrak txertatu zuena.[24]
Austriako hiriburura abiatu baino lehentxeago, agur kontzertu bat antolatu zioten, 1830eko urriaren 11n, Antzoki Handian, eta, han, ikusle mordo baten aurrean, Konstancja estimatuak ―«erabat zuriz jantzita, miresgarriro zihoakion arrosazko koroa batekin», esango zuen Chopinek― Rossiniren La donna del lago operako ariak kantatu zituen. Ondoren, Chopinek berak Pianorako kontzertua mi minorrean eta Poloniako Aireen gaineko Fantasia interpretatu zituen. Azken mazurkan, ikusleek luzaz txalotu zuten zutik. Egun batzuk geroago, Wolako taberna batean, lagunek zilarrezko kopa bat oparitu zioten, Poloniako lur eskukada batekin. Bere maisu Elsnerrek abesbatza txiki bat zuzendu zuen, agurrerako konposaketa propio labur bat abestu zuena: Zrodzonyw polskiej krainie («Poloniako lurraldeko natibo bat»). Azaroaren 2an abiatu zen, bere artea hobetzeko asmoz, laster aberrira etortzeko itxaropenetan, baina ez zen inoiz itzuliko.
Viena eta matxinada Polonian (1830eko azaroak 23 – 1831ko uztailak 20)
aldatu1830eko azaroaren 2an, Chopin Varsoviatik irten zen Kalisz aldera lehenbizi, Titus Woyciechowsky lizeoko adiskidea lagun zuela, eta Poloniatik azaroaren 4an atera zen Breslau aldera, garai hartan Alemaniaren menpeko Silesiako hiria, gaur egun Poloniako Wrocław; handik Dresdenera, Pragan egun bat, eta gero Vienara, 1830eko azaroaren 23an iristeko. Boucourechliev musikariak bere buruari galdetzen zion: «Bere poloniar txotxongiloen jeloskortasun nazionalista gorabehera, hartara gehiegi bultzatuta (eta beti landuta), okupatutako aberriari buruzko adierazpenak eta negarrak gorabehera, familia han geratu arren, egun batean Carlsbadera etorri behar izan baitzuen bere seme loriatsua berriro ikusteko, Chopinek ez zuen inoiz hanka berriro jarri Polonian... Zergatik halako utzikeria, arbuio setati ez esatearren?».[25] Hurrengo urteko uztailaren 20ra arte egon zen Vienan.
Iritsi eta egun batzuetara, azaroaren 29an, jakin zuen, lagunen bitartez, Azaroko Altxamendua gertatua zela, errusiarren aurkako matxinada. Woyciechowsky Varsoviara itzuli zen iraultzaileekin bat egiteko, baina Chopin Vienan geratzeko konbentzitu zuen.[26]
Austriar Inperioko hiriburuan egin zuen bigarren egonaldia ez zen hain zoriontsua izan, ezta hurrik eman ere. Ordurako, ez zen atzerritar gazte errebelazio bat, baizik eta Vienako musika giroan muturra etengabe sartu nahi zuen norbait, eta artistek nahiz enpresariek ezikusia egin zioten, aurka egin ez ziotenean. Gainera, ez zen batere erraza Vienako publiko zalapartatsuaren gustua bereganatzea: jendeak Lannerren eta Straussen balsak baino ez zituen entzun nahi. Bestalde, poloniarren matxinada ez zen begi onez ikusten Austriar Inperioan. Arrazoi horiengatik guztiengatik, bi errezitaldi baino ez zituen egin Vienan zortzi hilabete haietan, arrakasta apal batez.[26]
Horregatik, aldartea ahuldu egin zitzaion, eta gainera emozionalki bere herrialdearen eta familiaren egoerarekiko antsiaz bete zen. Haren sentimenduak ezagunak zaizkigu haren gutun eta egunerokoengatik. Une batean, karrera bertan behera uzteko asmoa ere izan zuen; Elsnerri idatzi zion: «alferrik saiatzen da Malfatti niri sinestarazten artista oro kosmopolita dela. Azken batean, hala balitz ere, artista gisa, apenas naizen haurtxo bat, poloniar gisa, hogei urte baino gehiago ditut; espero dut, beraz, ondo ezagututa, ez didatela aurpegiratuko oraingoz kontzertuaren programan ez pentsatzea». 1831ko ekainaren 11n Kärntnertor Antzokian emandako kontzertu batez ari zen, non Kontzertua mi minorrean jo zuen, inolako diru ordainketarik jaso gabe.[27]
Hala eta guztiz ere, ez dago esaterik denbora hura guztia alferrik galdu zuenik Chopinek. Anton Diabelli, Vaclav Jirovec, Joseph Merk eta Josef Slavík musikariak ezagutzeaz gain, eta zenbait musika edo opera ekitalditara joateaz gain, bizitako esperientzia nahiz emozio indartsu eta dramatikoek inspiratu egin zuten konpositorearen irudimena, eta, ziurrenik, bizkortu egin zuten estilo berri eta indibidual baten sorrera, aurreko estilo distiratsuaren ezberdina. Izan ere, bere Estudioak opus 10 eta geroragoko opus 25 Vienan sortuak izan ziren, obra ikaragarri landua, hogeita bat urteko musikari batentzat.[28] Bere soinu unibertso propioa sortzeko obra didaktiko honetan, Bachen inspirazioa hartu zuen lehen bi estudioetan, eta Mozartena 6. estudioan.[29] Hilabete haietan Polonian izandako gertaera larrien eraginez, Vienan konposatutako hamar obretan musikariak «konpromiso psikiko handi bat jarri zuen, handik aurrera ezagutuko zitzaiona beti: urraduraren musikaria, indarkeriara eramana, oinordetzan hartutako koadroak hankaz gora jartzen zituena».[30]
Nahigabetuta eta dirurik gabe, Chopin Vienatik irten zen 1831ko uztailaren 20an, Parisen bere karrerari jarraitu nahirik.[31] Errusiak Vienan zuen enbaxadak —legez, Chopin errusiar herritarra zen—[32] hasieran ukatu egin zion Frantziarako pasaportea, baina «Londreserako, Paris bidez» [33]pasaportea eman zion geroago. Bidaia egin zuen Salzburgo, Munich ―kontzertu bat eman zuen bertan― eta Stuttgarten barrena, azken hiri horretan gelditu baitzen irailaren hasieran.[33] Han jakin zuen, irailaren 8an, Varsovia eroria zela errusiarren aurrean, bere familiaz zer gertatzen den jakin gabe.[34]
Paris (1831-1838)
aldatu1831ko udazkenean iritsi zen Parisera; hasieran apartamentu polit batean hartu zuen ostatu, Boulevard Poissonière, 27ko bosgarren solairuan. Kulturaren munduko erdigunea zen hiria, eta munduko artista handienetako asko bizi ziren bertan: Victor Hugo, Honoré de Balzac eta Heinrich Heine, idazleen artean.
Giovanni Malfatti doktoreak Ferdinando Paër konpositorearentzako gomendiozko gutun bat emana zion, ate asko ireki zizkiona. Laster izango zuen harremana Gioacchino Rossini, Luigi Cherubini, Pierre Baillot, Henri Herz, Ferdinand Hiller eta, batez ere, Friedrich Kalkbrenner bere garaiko pianistarik handienetako batekin. Chopin pianoa jotzen entzun zuenean, Kalkbrennerrek haren inspirazioa eta gustu ona goraipatu zituen, baina zenbait akats ere nabarmendu zizkion; horregatik, bere burua eskaini zion hiru urtez berarekin trebatzeko. Chopinek uko egin dio Józef Elsner irakasle ohiaren gomendioz.[38] Hala ere, ikastaldi batzuk egin zituen Kalkbrennerrekin[39] eta bere Kontzertua mi minorrean eskaini zion.[40] Kalkbrennerrek Chopin eraman zuen Camille Pleyel konpositore eta pianogilea ezagutzera, gerora paper garrantzitsua beteko zuena konpositore poloniarraren ibilbidean.[41] Urtebete inguru egin zuen Kalkbrennerrekin ikasten; Mendelssohnek argi asko esan zion: «Ez duzu ezer ikasiko; gainera, berak baino hobeto jotzen duzu».[42]
Horrela, astiro-astiro Parisko musika giroan sartuz joan zen, hasieran pentsatua zuen Londresko bidaia bertan behera utzita. Bere lehen kontzertu publikoa hain zoragarria izan zen, non hiri osoaren mintzagai bihurtu baitzen. 1832ko otsailaren 26an Pleyel Aretoan egin zen: egitarauan bere Kontzertua fa minorrean eta Mozarten bariazioak agertzen ziren, bigarren zatian Camille-Marie Stamaty, George Osborne eta Ferdinand Hiller pianista ospetsuekin partekatu zuen eszenatokia, Kalkbrennerren poloniar bat interpretatzeko, sei piano batera jotzen.[43] Entzuleen artean Felix Mendelssohn eta Franz Liszt musikari handiak zeuden, eta berehala lotu zuen adiskidetasun estu bat azkenarekin, Liszt ere hirian errotzen ari baitzen. Harrituta eta adoretuta sentitzen zen bizitza kultural biziarengatik, eta baita askatasunarengatik ere. Kontzertuetara eta operetara joaten zen; Giacomo Meyerbeer jatorriz alemaniarraren Robert le diable lanak liluratuta, adierazi zuen: «Ez dut uste antzerkian inoiz lortu denik Robert le diable iristen den handitasun maila».[44]
Chopin eta George Sand
aldatu1836ko urriaren amaieran, Franz Lisztek eta Marie de Agoultek France hotelera gonbidatu zuen Frédéric, lagun bilura batera, Ferdinand Hillerrekin batera. Bertan zen, baita ere, Dudevant baronesa, George Sand ezizenez ezaguna, bere seme-alabekin eta madame Marlianirekin batera.[45] Lisztek aurkeztu zituenean, madame Marlianiren belarrian xuxurlatu zuen Sandek: «Chopin jaun hau, zer da, neskato bat?». Chopinek, berriz, hoteletik irtetean, Hillerri komentatu zion: «Zein ezatsegina den Sand hori! Emakumea al da? Zalantzan jartzekotan nago».[46]
Elkar ezagutzeko unea trakets samarra gertatu bazen ere, hurrengo urtean, 1837an, George Sand idazleak eta Chopinek harreman estu batean murgildu ziren. Elkarrekin egon ziren 1837tik 1847ra. George Sandek 34 urte zituen, bi haur, jaiotzez familia onekoa; Chopinek 28 urte, bere obra ugarien arrakastak familiaren eta finantzen erabateko independentzia bermatzen zion. Bizitza mundutarra eraman zuten, elkarrekiko miresmenak elikatuta.[47]
1838an, tuberkulosiak jota gaixotu eta Mallorcara joan zen Chopin, klima gozoago baten bila. Han, garai hartako Mallorcako gizarteak arbuiaturik, tuberkulosiak ez baitzuen sendabiderik eta ia izurritetzat jotzen baitzen, Valldemossako kartusian aurkitu zuen babesa. Sandek han zaindu zuen, harik eta 1847an, desadostasunek harremana haustera eraman zuten arte. George Sandek, zeinekin ia hamar urtez bizi izan baitzen, Chopinen bizitza pertsonal eta artistikoa markatu zuen.
Ordutik aurrera, kontzertu gutxi batzuk eman zituen Frantzian, Eskozian eta Britainia Handian.
Heriotza eta hileta
aldatuOfizialki, tuberkulosiak jota hil zen, 1849ko urriaren 17an, Parisen; hala ere, espekulazio batzuk daude biriketako fibrosiak edo enfisemak jota hil ote zen, hein batean autopsia (Chopinen arrebak esandakoaren arabera), ez baitzetorren bat hasierako diagnosiarekin.
Mozarten Requiema abesteko eskatu zuen, La Madeleine elizan egin zen bere hiletan. Requiem hau emakumeen ahotsen parte hartzearekin abesten da, baina eliza honek ez zuen inoiz emakumezko abeslaririk onartu bere abesbatzan. Hileta elizkizuna ia bi astez atzeratu zuten, gaia eztabaidatzen zuten bitartean; azkenean, elizak amore eman zuen, eta Chopinen azken borondatea bete zen. Chopin Père Lachaise hilerrian lurperatuta dagoen arren, bere bihotza Varsoviako Gurutze Santuaren elizako zutabe batean dago lurperatuta.[48]
2017an, haren bihotzaren kanpoko behaketa klinikoko ikerketa batek, beirazko ontzi batean gordetzen baita likido marroi-anbar koloreko batean (koñaka ziurrenik),[48] erakutsi zuen ziurrenik perikarditisak jota hil zela, tuberkulosiaren konplikazio oso arraroa.[49][50]
Musika
aldatuChopinen ia konposizio guztiak pianorako eginak zian ziren. Erbestean bizi izan arren, esan daiteke maila artistikoan leial izan zela gerrek zigortutako Polonia jaioterriarekiko. Beraren mazurkak Poloniako folklorearen erritmo eta doinuen arabera eginak izan ziren, eta poloniarrak aberriaren espiritu heroikoak ezaugarritzen ditu. Vincenzo Bellini italiar opera konpositoreak harengan izan zuen eragina ere antzeman daiteke Chopinen doinuetan.
Mugarik gabeko miresmena zion Schumannek idatzi zuenez, «jakina da Bellini eta Chopin [...] lagunak zirela, eta, haien konposizioak sarri elkarbanatzen zituztela, hau da, ez zirela geratu elkarren artean eragin artistikorik gabe».[52]
Chopinen ia konposizio guztiak pianorako eginak zian ziren. Erbestean bizi izan arren, esan daiteke maila artistikoan leial izan zela gerrek zigortutako Polonia jaioterriarekiko. Beraren mazurkak Poloniako folklorearen erritmo eta doinuen arabera eginak izan ziren, eta polonesak aberriaren espiritu heroikoak ezaugarritzen ditu. Vincenzo Bellini italiar opera konpositoreak harengan izan zuen eragina ere antzeman daiteke Chopinen doinuetan.
Baladak, scherzoak eta estudioak ―konposizio bakoitza arazo tekniko zehatz batean murgilduta― piano bakarrerako bere lan zabalaren erakusgarri dira. Bere musika erromantiko eta lirikoaren ezaugarri dira doinu gozo eta originalak, harmonia finak, erritmo delikatuak eta edertasun poetikoa. XX. mendean, konposizio erromantiko haien hedatzaile handienetako batzuk izan ziren Witold Malcuzinsky eta Alexander Brailowsky piano jole handiak.[53] Beste konpositore batzuengan eragin nabarmena izan zuen, hala nola Franz Liszt pianista eta konpositorearengan eta Claude Debussy frantziar konpositorearengan.[54]
Argitaratutako lanen artean daude mazurkak, estudioak, preludioak, nokturnoak, polonesak, sonatak eta pianorako baltsak daude.
Johann Nepomuk Hummel eta John Field abiapuntu hartuta, Chopinek pianoaren benetako potentziala deskubritu zuen, melodia eta kolorezko mundu poetiko bat eraikitzeko.[55][56] Izaera pianistiko sakonekoak dira haren lanak: musika tresnaren cantabilearen gaitasuna ulertu zuen,[57] kantutik edo biolinetik oso desberdina, garai hartan nahi zen bezala;[58] jotzeko modu berri bat «asmatu» zuen (dinamika, digitazioa), eta beraren baliabide tinbrikoak esploratu zituen harmoniaren, erresonantziaren eta pedalaren bidez. Horretan sakondu ahala, soinuaren sentiberatasun haluzinatuago batera hurbildu zen. Horregatik, pianorako musikan izan zuen transzendentzia eta eragina sekulakoa izan zen, Fauré, Debussy eta Skriabinen ondorengo ikerketak posible egin zituen, baita Messiaen edo Lutosławskirenak ere, haiek aitortu duten bezala.[4]
Lan nagusiak
aldatuEponimoak
aldatu3784 Chopin asteroide baten izena da, 1986n E. W. Elst belgikar astronomoak aurkitua, Proventza Garaiko Behatokian. Hasieran beste izen bat eman bazioten ere (1986 UL1), 1988an Fréderic Chopinen omenez eman zioten izena.[59]
Chopin Nazioarteko Aireportua (polonieraz: Lotnisko Chopina w Warszawie, lɔtˈɲiskɔ ʂɔpɛna ahoskatua) Varsoviako aireportu nagusia da. Aurrez Warsaw-Okęcie Airport izena zuen, baina 2001ean konposatzailearen omenez aldatu zioten izena.[60]
Fryderyk Chopin itsasontzia Polonian egindako nabigazio itsasontzi bat da, Gdańskeko Lenin ontziolan eraikia eta 1990ean uretaratua, konposatzailearen omenez. Kanadako nabigazio eskola batek erosi zuen.[61]
Chopin herri kulturan
aldatuMundu zabalean, ugari dira Frédéric Chopin izena daramaten jaialdi, musika elkarte, eskola, institutu, kale edo plazak.
Agian jaialdirik garrantzitsuena da Varsovian bost urtean behin musikagile poloniarraren oroimenez egiten den Frédéric Chopin Nazioarteko Piano Lehiaketa (polonieraz: Międzynarodowy Konkurs Pianistyczny im. Fryderyka Chopina). 1927az geroztik egiten da, 1955etik aurrera bost urtez behin.[62]
Eternal Sonata izeneko rol bideo jokoak ( (japonieraz: トラスティベル ~ショパンの夢~ , Torasuti Beru Shopan no Yume) Chopinen istorioa kontatzen du, heriotza ohean dela, bere azken ametsa egiten.[63]
Itxaro Borda baionar idazleak 1982an Herria aldizkarian argitaratutako «Poloniako kasuaz» poemaz, Solidarność sindikatuaren sorreran gertatutako indarkeria giroaz ari zela, «Chopin-en esku zauritu hura piano baten gainean...» irudiaz amaitu zuen.[64]
Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano joleak Bi arreba izeneko ikuskizun bat eman zuten, 2012ko urrian eta azaroan, Chopin musikagilea eta Xenpelar bertsolaria aldez alde jarri nahirik.[65]
Harkaitz Kano idazleak eta Arkaitz Mendoza piano joleak Malgu da gaua disko-liburua[66] argitaratu zuten, 2014ko azaroan, Chopinen Nokturnoak aintzat harturik.[67] Ausardiaz jokatu behar izan omen zuten egileek: «Chopinen musikak ez du behar hitzik. Ez du behar poemarik. Ez du behar ezer», aitortu zuten.[68]
Chopin zineman
aldatuZinemaren historian, film asko egin dira Chopinen bizitzaz eta obraz:
izenburua | urtea | zuzendaria | Frédéric Chopin | George Sand | oharrak |
---|---|---|---|---|---|
Chopin e George Sand[69] | 1910 | Alberto Degli Abbati | Alberto Degli Abbati | Signora Torriani | Film laburra |
Noktyurn Chopyena[70] | 1913 | Iakov Protazanov | ? | ? | ? |
Nocturno der Liebe[71] | 1919 | Carl Boese | Conrad Veidt | ? | filma |
Die Lachende Grille[72] | 1926 | Frederic Zelnik | Alfred Abel | Dagny Servaes | filma |
El Nocturno de Chopin[73] | 1932 | Ramón Martínez de la Riva | ? | ? | ? |
Abschiedswalzer[74] | 1934 | Géza von Bolváry | Wolfgang Liebeneiner | Sybille Schmitz | filma |
La Chanson de l'adieu[75] | 1934 | Albert Valentin y Géza von Bolváry | Jean Servais | Lucienne Le Marchand | filma |
Preußische Liebesgeschichte[76] | 1938 | Paul Martin | Klaus Detlef Sierck | ? | filma |
The life of Chopin[77] | 1938 | James A. FitzPatrick | Frank Henderson | Julie Suedo | Curt |
Pontcarral, colonel d'empire[78] | 1942 | Jean Delannoy | Jean Chaduc | Alberte Bayol | filma |
Szerelmes szívek[79] | 1944 | István Balogh, Dezsö Ákos Hamza, etc. | Gyula Benkö | ? | filma |
A Song to Remember[80] | 1945 | Charles Vidor | Cornel Wilde | Merle Oberon | filma, ezagunenetako bat |
Musical Moments from Chopin[81] | 1946 | Dick Lundy | ? | ? | animazioko film laburra |
Bohemian rapture[82] | 1948 | Václav Krska | Václav Voska | ? | filma |
La Rebelión de los fantasmas[83] | 1949 | Adolfo Fernández Bustamante | Francisco Valera | ? | beldurrezko komedia |
Prelude[84] | 1952 | Fielder Cook, David Greene, Albert McCleery | Alan Shayne | Sarah Churchill | Hallmark Hall of Fame telesailaren atal bat |
Młodość Chopina[85] | 1952 | Aleksander Ford | Czeslaw Wollejko | Aleksandra Slaska (Konstancja Gladkowska) | filma |
George Sand[86] | 1958 | Maria Fernanda | Egídio Eccio | Maria Fernanda | telesaila |
Frédéric Chopin[87] | 1961 | Philip Wrestler | Ferdy Mayne | ? | filma |
Frédéric Chopin und George Sand[88] | 1961 | Arthur Maria Rabenalt | Peter Arens | Renate Mannhardt | filma |
Prelúdio, A Vida de Chopin[89] | 1962 | Geraldo Vietri | Cláudio Marzo | Laura Cardoso | telebista |
Chopin[90] | 1965 | Guy Pérol | ? | ? | dokumentala |
Cantinflas - Chopin[91] | 1972 | José Luis Moro | ? | ? | animazioko film laburra |
George qui?[92] | 1973 | Michèle Rosier | Pierre Kalinovski | Anne Wiazemsky | filma |
Notorious Woman[93] | 1974 | José Luis Moro | George Chakiris | Rosemary Harris | telesail laburra Sandi buruz |
Lisztomania[94] | 1975 | Ken Russell | Kenneth Colley | Imogen Claire | filma |
Ein Winter auf Mallorca[95] | 1982 | Imo Moszkowicz | Krystian Martinek | Eleonore Weisgerber | telesaila |
Sciopèn[96] | 1982 | Luciano Odorisio | Carlo De Matteis | filma | |
Nocturnes[97] | 1988 | François Aubry | Hugh Grant | ? | animazioko film laburra |
Impromptu[98] | 1991 | James Lapine | Hugh Grant | Judy Davis | filma |
La Note Bleu[99] | 1991 | Andrzej Zulawski | Janusz Olejniczak | Marie-France Pisier | filma, erretratu egiazkoena |
Chopin - Bilder einer Trennung[100] | 1993 | Klaus Kirschner | Stephan Wolf-Schönburg | Nina Hoger | filma |
The Strange Case of Delphina Potocka or The Mystery of Chopin[101] | 1999 | Tony Palmer | Paul Rhys | ? | filma |
Chopin: Frédéric et George[102] | 2001 | Phil Comeau | Darren Bonin | Parise Mongrain | telebista |
Chopin: Pragnienie milosci[103] | 2002 | Jerzy Antczak | Piotr Adamczyk | Danuta Stenka | filma |
In Search of Chopin[104] | 2014 | Phil Grabsky | David Dawson | dokumentala | |
Chopin, Chopin[105][106] | 2025 | Michal Kwiecinski | Eryk Kulm | Joséphine de La Baume | filma |
Multimedia
aldatu
|
|
Arazoak fitxategi hauek entzuteko? Ikus multimedia laguntza. |
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Polonieraz) «Fryderyk Chopin 22.02.1810 - 17.10.1849» Ministerstwo Kultury i Dziedzictwa Narodowego (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ (Frantsesez) Garon, Marilou. (2019-10-16). «Frédéric Chopin, le « poète du piano »» Les belles heures - Université de Montréal (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ (Ingelesez) «Chopin: The Poet of The Piano» Chopin lovers' community (web.archive.org) 2024-07-05 (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Rubio Tovar, Joaquín. (1982). «Chopin, poeta del piano» Enciclopedia Salvat de los grandes compositores. Tomo 2, La música romántica (Iruñea: Salvat) ISBN 978-8471374592. OCLC .1431351915.
- ↑ (Frantsesez) Rambeau, Marie-Paule. (2005). Chopin : l'enchanteur autoritaire. Paris: L'Harmattan ISBN 978-2747587884. OCLC .61758219.
- ↑ (Ingelesez) Colles, H. C.; Grove, George. (1948). Grove's dictionary of music and musicians. London: Macmillan ISBN 978-0333231111. OCLC .422799604.
- ↑ Zieliński 1995, 32. orr. .
- ↑ Zieliński 1995, 31-32. orr. .
- ↑ Boucourechliev 1996, 48. orr. .
- ↑ (Ingelesez) O'Shea, John G.. (1987-12). «Was Frédéric Chopin's illness actually cystic fibrosis?» Medical Journal of Australia 147 (11-12): 587–588. doi: . ISSN 0025-729X. (Noiz kontsultatua: 2024-09-17).
- ↑ Eigeldinger 2003, 27. orr. .
- ↑ «...Ez dago beste ezer irakatsi ziola frogatzen duen dokumenturik, nahiz eta batzuek Würfel piano irakasle gisa ere aurkezten duten».[11]
- ↑ Zieliński 1995, 42. orr. .
- ↑ Zieliński 1995, 51, 63. orr. .
- ↑ (Frantsesez) Kaprielian, Maxime. (2006-02-22). «L'hommage à Mozart > I. Mozart au XIXe siècle» ResMusica.com - Quotidien de la musique classique (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-19).
- ↑ Zamoyski 1986, 41. orr. .
- ↑ Sacre 1998, 646. orr. .
- ↑ Boucourechliev 1996, 51. orr. .
- ↑ Raskauskas, Stephen. (2017-03-10). «Why Chopin Composed Fewer Works for Piano and Orchestra Than You Can Count on Your Two Hands | WFMT» Wfmt (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).
- ↑ (Ingelesez) «Publications of Tobias Haslinger and successors (Carl Haslinger, Schlesinger (Lienau))» Annotated Catalogue of Chopin's First Editions (web.archive.org) 2023-06-07 (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).
- ↑ Place & El Bacha 2010, 24. orr. .
- ↑ Bourniquel 1965, 25. orr. .
- ↑ Boucourechliev 1996, 53. orr. .
- ↑ (Ingelesez) «Zbigniew Skowron: The message of Chopin's music transcends the boundaries of musical cultures» Polish History (web.archive.org) 2024-07-17 (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).
- ↑ Boucourechliev 1996, 60. orr. .
- ↑ a b Zieliński 1995, 240. orr. .
- ↑ Zieliński 1995, 289. orr. .
- ↑ Boucourechliev 1996, 61. orr. .
- ↑ Eigeldinger 2003, 47. orr. .
- ↑ Jameux 2014, 91. orr. .
- ↑ Rambeau 2005, 236. orr. .
- ↑ Gondolo della Riva 2010, 37. orr. .
- ↑ a b Pazdro 1989, 50. orr. .
- ↑ Eigeldinger 2003, 50. orr. .
- ↑ Gavoty 1971, 141. orr. .
- ↑ Gavoty 1971, 233. orr. .
- ↑ Rambeau 2005, 253, 277. orr. .
- ↑ Elsnerrek Chopini bidalitako gutuna, 1831ko azaroaren 27an, Rambeauk aipatua:[37]
- ↑ Rambeau 2005, 251-253. orr. .
- ↑ Rambeau 2005, 254. orr. .
- ↑ Eigeldinger 2010, 169. orr. .
- ↑ Gavoty 1971, 160. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Tomaszewski, Mieczyslaw. (2009-04-23). «1826-1835 Metamorphosis» Chopin - Chronicle of Life and Works (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ Zieliński 1995, 327. orr. .
- ↑ Gavoty 1971, 215. orr. .
- ↑ Gavoty 1971, 216. orr. .
- ↑ Pazdro 1989, 84. orr. .
- ↑ a b (Frantsesez) Stahl, Jean-Pierre. (2017-11-28). «Vin…solite : le coeur de Chopin aurait été conservé durant 168 ans dans un flacon de Cognac…» Côté châteaux (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ (Ingelesez) Witt, Michał; Szklener, Artur; Kawecki, Jerzy; Rużyłło, Witold; Negrusz-Kawecka, Marta; Jeleń, Michał; Langfort, Renata; Marchwica, Wojciech et al.. (2018-02). «A Closer Look at Frederic Chopin's Cause of Death» The American Journal of Medicine 131 (2): 211–212. doi: . ISSN 0002-9343. (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ (Frantsesez) Anastasio, Sofia. (2017-11-06). «Des chercheurs révèlent les causes du décès de Chopin après avoir examiné son cœur» France Musique (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ Boucourechliev 1996, 69. orr. .
- ↑ Boucourechliev musikologoak aipatua.[51]
- ↑ (Ingelesez) Repp, Bruno H.. (1998-08-01). «A microcosm of musical expression. I. Quantitative analysis of pianists’ timing in the initial measures of Chopin’s Etude in E major» The Journal of the Acoustical Society of America 104 (2): 1085–1100. doi: . ISSN 0001-4966. (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
- ↑ (Ingelesez) «The Romantic Revolution: How Chopin and Liszt Transformed Piano Music» Serenade (web.archive.org) 2024-06-03 (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
- ↑ (Ingelesez) «Pianists in Transition» Kim Chang's Piano Studio (web.archive.org) 2023-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
- ↑ (Ingelesez) Abbott, Graham. (2020-07-10). «On the Fringe: John Field» Graham's Music (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
- ↑ (Ingelesez) Frakes, Stephanie L.. (2013). Chopin's Cantabile in Context. The Ohio State University (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Viñuales Solé, Julián. (2002). Diccionario enciclopédico de la música clásica. Barcelona: Folio ISBN 978-8482570327. OCLC .432838958.
- ↑ (Ingelesez) International Astronomical Union. (1988-05-31). «New names of minor planets» Minor Planet Circulars (web.archive.org).
- ↑ (Ingelesez) «Warsaw Chopin Airport (WAW)» International Airport Review (web.archive.org) 2024-07-28 (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
- ↑ (Polonieraz) «STS Fryderyk Chopin» 3oceans.pl (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
- ↑ (Ingelesez) «The International Fryderyk Chopin Piano Competition» The Fryderyk Chopin Institute (archive.wikiwix.com) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ «トラスティベル ~ショパンの夢~» Trusty Bell (web.archive.org) 2008-05-17 (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ «Itxaro Borda: Poloniako kasuaz» Armiarma.eus, Bertso / Olerkien orrialdea (web.archive.org) 2024-09-24 (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ «'Bi arreba' ikuskizuna, Andoni Egaña eta Xabier Lizasorekin» Euskal Irrati Telebista (web.archive.org) 2012-10-24 (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ Cano, Harkaitz; Mendoza, Arkaitz. (2014). Malgu da gaua: Chopin gogoan = La noche flexible: homenaje a Chopin = Flexible is the night: homage to Chopin. Donostia: Etxepare Euskal Institua ISBN 978-8461701025. OCLC .920317003.
- ↑ «Malgu da gaua disko-liburua: Chopinen Nokturnoak Canoren eta Mendozaren arabera» Etxepare Euskal Institutua (web.archive.org) 2014-11-10 (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ Erostarbe Leunda, Gorka. (2014-11-11). «Chopinen gauak batu ditu» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Abbati, Alberto Degli. «Chopin e George Sand» IMDb (Latium Film) (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Protazanov, Yakov. «Noktyurn Chopyena» IMDb (Thiemann & Reinhardt) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Boese, Carl. «Nocturno der Liebe» IMDb (Nivelli-Film-Fabrikation) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Zelnik, Frederic. (1927-08-29). «Die lachende Grille» IMDb (Friedrich Zelnick-Film) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Riva, Ramón Martínez de la. «El nocturno de Chopin» IMDb (Mediterráneo Films) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Bolváry, Géza von. (1934-10-03). «Abschiedswalzer» IMDb (Boston-Films-Co. GmbH) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Valentin, Albert; Bolváry, Géza von. (1934-11-03). «La chanson de l'adieu» IMDb (Boston-Films-Co. GmbH, Films Sonores Tobis) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Martin, Paul. (1950-04-12). «Preußische Liebesgeschichte» IMDb (Universum Film (UFA)) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) FitzPatrick, James A.. «The Life of Chopin» IMDb (Metro-Goldwyn-Mayer (MGM)) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Delannoy, Jean. (1942-12-11). «Pontcarral, colonel d'empire» IMDb (Pathé Consortium Cinéma) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Balogh, István; Hamza, Dezsõ Ákos; Kerényi, Zoltán. (1944-07-20). «Szerelmes szívek» IMDb (Lippay Film, Magyar Film Iroda) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Vidor, Charles. (1945-01-18). «A Song to Remember» IMDb (Columbia Pictures) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Lundy, Dick. (1946-02-25). «Musical Moments from Chopin» IMDb (Universal Pictures, Walter Lantz Productions) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Krska, Václav. (1948-02-14). «Bohemian Rapture» IMDb (National Film Studios of Prague) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Bustamante, Adolfo Fernández. (1949-02-12). «La rebelión de los fantasmas» IMDb (Productores de Películas) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) «Hallmark Hall of Fame» IMDb 1951-12-24 (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Ford, Aleksander. (1952-12-24). «Mlodosc Chopina» IMDb (WFF Lodz) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) «George Sand» IMDb (TV Tupi) 1958-05-06 (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Wrestler, Philip. «Frederic Chopin» IMDb (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Rabenalt, Arthur Maria. (1961-07-19). «Frédéric Chopin und George Sand» IMDb (Bayerischer Rundfunk (BR)) (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Portugesez) «Preludio a Vida de Chopin» Fimow.com (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Pérol, Guy. «Chopin» IMDb (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Moro, José Luis. «Cantinflas - Chopin» IMDb (Estudios Moro) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Rosier, Michèle. (1973-05-03). «George qui?» IMDb (Go-Films, Nouvelles Éditions de Films (NEF)) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) «Notorious Woman» IMDb (British Broadcasting Corporation (BBC)) 1975-11-16 (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Russell, Ken. (1976-01-29). «Lisztomania» IMDb (Goodtimes Enterprises, Visual Programme Systems) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Moszkowicz, Imo. «Ein Winter auf Mallorca» IMDb (Stern TV, Zweites Deutsches Fernsehen (ZDF)) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Odorisio, Luciano. «Sciopèn» IMDb (Rai 3) (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Aubry, Francois. «Nocturnes» IMDb (National Film Board of Canada (NFB)) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Lapine, James. «Impromptu» IMDb (C.L.G. Films, Governor Productions, Les Films Ariane) (Noiz kontsultatua: 2024-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Zulawski, Andrzej. (1991-08-16). «La note bleue» IMDb (Oliane Productions, Oliane Productions, Erato Films) (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Kirschner, Klaus. «Chopin - Bilder einer Trennung» IMDb (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Palmer, Tony. «The Strange Case of Delfina Potocka: The Mystery of Chopin» IMDb (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Comeau, Phil. «Chopin: Frédéric et George» IMDb (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Antczak, Jerzy. (2002-03-01). «Chopin. Pragnienie milosci» IMDb (Agencja Produkcji Filmowej, Antczak Production, PKO Bank Polski S.A.) (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Grabsky, Phil. «In Search of Chopin» IMDb (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Polonieraz) «Film o Chopinie - superprodukcją 2025» Wszystko co najważniejsze (web.archive.org) 2024-08-27 (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
- ↑ (Ingelesez) Kwiecinski, Michal. «Chopin, Chopin!» IMDb (Akson Studio, Polski Instytut Sztuki Filmowej, Telewizja Polska (TVP)) (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
Bibliografia
aldatu- (Frantsesez) Boucourechliev, André. (1996). Regard sur Chopin. Paris: Fayard ISBN 978-2213597294. OCLC .36118277.
- (Frantsesez) Bourniquel, Camille. (1965). Marcel Beaufils ed. «Sa vie : de la légende à la vérité» Chopin (1965: Hachette): 7-27. OCLC .813629744.
- (Frantsesez) Eigeldinger, Jean Jacques. (2003). Frédéric Chopin. Paris: Fayard ISBN 978-2213617312. OCLC .63135205.
- (Frantsesez) Eigeldinger, Jean-Jacques. (2010). Chopin et Pleyel. Paris: Fayard ISBN 978-2213619224. OCLC .588458559.
- (Frantsesez) Gavoty, Bernard. (1971). Frédéric Chopin. Paris: B. Grasset ISBN 978-2246000150. OCLC .1177292.
- (Frantsesez) Gondolo della Riva, Maria Giovanna. (2010). Frédéric Chopin aperçus biographiques. Paris: Michel de Maule ISBN 978-2876232570. OCLC .690406846.
- (Frantsesez) Jameux, Dominique. (2014). Chopin ou La fureur de soi. Paris: Buchet-Chastel ISBN 978-2283027929. OCLC .894422366.
- (Frantsesez) Pazdro, Michel. (1989). "Chapeau bas, Messieurs, un génie" : Frédéric Chopin. Paris: Gallimard ISBN 978-2070530809. OCLC .53765528.
- (Frantsesez) Place, Adélaïde de; El Bacha, Abdel Rahman. (2010). Frédéric Chopin. Paris: Bleu nuit ISBN 978-2358840101. OCLC .519251575.
- (Frantsesez) Rambeau, Marie-Paule. (2005). Chopin : l'enchanteur autoritaire. Paris: L'Harmattan ISBN 978-2747587884. OCLC .470441522.
- (Frantsesez) Sacre, Guy. (1998). La musique de piano. 1, A-I : dictionnaire des compositeurs et des oeuvres. Paris: R. Laffont ISBN 978-2221050170. OCLC .468092066.
- (Ingelesez) Walker, Alan. (2019). Fryderyk Chopin: a life and times. New York: Farrar, Straus and Giroux ISBN 978-1250234827. OCLC .1294419899.
- (Frantsesez) Zamoyski, Adam. (1986). Chopin. Paris: Perrin ISBN 978-2262003906. OCLC .40250365.
- (Frantsesez) Zieliński, Tadeusz A.. (1995). Frédéric Chopin. Paris: Fayard ISBN 978-2213593524. OCLC .33032481.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) (Polonieraz) Chopini buruzko webgunea Chopin.pl