CCOOko 12ak
«CCOOko 12ak» izenez ezagutzen dira ETAk eraildako CCOO sindikatuko hamabi kideak. Sindikatuko kide horiek ―guztiak gizonezkoak― 1978tik 2001era bitarte erail zituzten, kasu gehienetan eraildako pertsonaren aurka berariaz prestatutako atentatu bidez. CCOO sindikatuak aitorpen ekitaldi bat eskaini zien hamabi kide hauei, 2021eko abenduaren 10ean, Gasteizen, sindikatuko idazkari nagusi Unai Sordo buru zela, «CCOOko 12ak. Inoiz ez gehiago» izenburuaz.
Hamabi kideak
aldatuETAk eraildako CCOOko hamabi kideen artean era guztietako langileak daude (udaltzainak, okinak, soldatzaileak, kazetariak, espetxezainak, sukaldariak eta abar).
Antonio García Caballero
aldatuTolosako udaltzaina zen, udal garabiaren gidaria. 1978ko ekainaren 21ean erail zuen ETAren Ganboa komandoak. Lana amaitu ostean, etxera zihoala, ETAko hiru kidek tiro egin zuten, gutxienez 14 aldiz; bederatzi balak eragin zioten heriotza une berean. CCOOko Konfederazio Sindikalak Madrilen ekainaren 21etik 25era bere lehen biltzar nagusia zuenez, minutu bateko isilunea gorde zen haren oroimenez.[1][2]
Francisco Medina Albala
aldatuEtxegintzako langile bat zen. Enpresak Guardia Zibilarentzat egiten ari ziren etxe berri batzuen lanetara bidalia zuen, Donostiako Intxaurrondo auzora. 1979ko ekainaren 22an, goizeko 08:00etan, motoan lanera zihoala, Egia auzoko Ametzagaina kaleko 44. atariaren parean,[3] auto batean zihoazen hiru lagunek bidea moztu eta tiro egin zioten. Lekuan bertan hil zen.[4]
Mario González Blasco
aldatuSoldatzailea zen lanbidez. 1980ko abuztuaren 2an, goizeko 06:00etan, Bodovalle meategian lanetik irten zen. Bere txanda amaiturik, etxera zihoan lankide batekin auto batean, Trapagaran aldera. Kaputxadun talde batek geldiarazi zituen, eta Marioren lankidea esku-loturik utzita, Mario bahituta eraman zuten. Eibarko Aginaga auzoko bizilagun batek, 13:00etan aurkitu zuen Marioren gorpua, lurrean.[5]
Pedro Conrado Martínez Castaños
aldatuBizkaitarra zen, bere anai Imanol eta Iñaki Ibargutxi Erostarbe[6][7] bezala. Hirurek Gipuzkoan egiten zuten lan, etxez etxeko salmentan, liburuak, diskoak eta euskaraz ikasteko materialak saltzen. Tolosan elkartzen zirenean, Beti Alai jatetxean egin ohi zuten otordua. 1981eko ekainaren 24an, 16:30ak aldera, bazkaltzen amaitu ostean, hiru saltzaileak autoaren bila abiatu ziren. Autora sartu orduko, bi lagun inguratu zitzaizkien metrailadore banarekin, eta tiroz josi zituzten. Imanol Martinez anaia eta Iñaki Ibargutxi bertan hil ziren. Conrado, berriz, bederatzi hilabetez egon zen hilzorian Donostiako Arantzazu erietxean; 1982ko martxoaren 29an hil zen. Euskadiko Partidu Komunista alderdiko kidea zen. Itxura denez, ETAren Goierri komandoko kideek poliziekin nahastu zituzten hiru sailtzaileak.[8][9] ETAk luzaroan ukatu zuen atentatua berak egina zenik, antolakuntzaren Zutabe agerkariaren azken alean hala aitortu zuen arte, 2018ko azaroan.[10]
Cándido Cuña González
aldatuLanbidez okina zen. Errenteriako taberna batetik irteterakoan, etxerako bidean, 1983ko urriaren 20an, 18:45etan, bi kaputxadun hurbildu eta tiro egin zioten. Cándido lurrean zela, kaputxadunetako bat itzuli egin zen, eta berriro egin zion tiro. Berehala eraman zuten Gurutze Gorriaren erietxera, baina hilik heldu zen, buruan bi bala baitzituen. Lau urte lehenago, 1979an, zortzi tiro eman zizkion ETAko beste komando batek, baina bizirik ateratzea lortu zuen. Beste kasu askotan bezala, ETAk bere gain hartu zuenean atentatua, poliziaren «kolaboratzaile» zela argudiatu zuen, Pasaiako kuartelari ogia saltzen baitzion.[11]
Félix Peña Mazagatos
aldatuOntzigintzako langilea zen, Portugaletekoa. Adiskide batekin herriko etxean zegoen, 1987ko apirilaren 25ean, gazte talde batek Molotov koktelak bota zituenean lokalaren barrura. Félix Peñaren jantziek berehala su hartu zutelarik, gorputzaren goialdea osorik erreta gelditu zitzaion. Gurutzetako erietxean hil ala biziko egoeran egon ondoren, hamar egun geroago hil zen, maiatzaren 5ean. Eraso beraren ondorioz hil zen Maria Teresa Torrano Francia militante sozialista. 2003ko apirilean, Portugaleteko Udalak oroimen ekitaldi bat antolatu zuen bi hildakoen alde. Portugaleteko herriko etxearen horma batean, atentatu hartan hildako bien oroimenezko plaka bat dago.[12][13]
Manuel Pérez Ortega
aldatuEspetxetako funtzionarioa zen lanbidez, Sevillako espetxean. 1991ko ekainaren 28ko goizean, pakete bat iritsi zen Javier Romero Pastor zuzendariaren izenean. Lehergailu bat zeraman barruan; lehertu zenean, lau lagun hil zituen: Manuel bera, Donato Calzado García eta Jesús Sánchez Lozano presoak, eta senide bat ikustera joandako Raimundo Pérez Crespo. Beste 30 bat lagun izan ziren zaurituak. Atentatuaren ostean, preso komunak bortizki oldartu zitzaizkien espetxean ziren ETAko sei kideei eta GRAPOko bi presoei. Beste kartzela batzuetara eraman behar izan zituzten, presaz, ondorio larriagorik gertatu ez zedin.[14]
Antonio José Martos Martínez
aldatuEtxegintzako lanetan aritzen zen. 1992ko martxoaren 19an, goizeko 06:030ak inguruan, ETAko kide batek dei bat egin zuen Kataluniako Real Automovil Club elkartera, esanez lehergailuz betetako auto bat jarri zutela A-18 autobidearen leku zehaztugabe batean, eta 08:45-09:00 bitarte lehertuko zela. Autoa tunel baten azpian zegoen ezkutatua, Sant Quirze del Vallès herrian, Bartzelonan. Polizia haren bila ari zelarik, Antonio José albotik pasa zen, lanera bidean, goizeko 07:55ean lehertu zenean. Lekuan bertan gelditu zen hilik. Partit dels Comunistes de Catalunya alderdiko kidea zen.[15]
José Luis López de Lacalle
aldatuJosé Luis López de Lacalle kazetaria zen, El Mundo egunkarian. Eguneko egunkariak erosi eta, egunero bezala, kafetegi batean gosari legea eginda, etxera itzultzen ari zela, Andoainen, ETAko kide batek tirokatuta hil zuen, 2000ko maiatzaren 7an.[16]
Juan Mari Jauregi Apalategi
aldatuJuan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izana zen, 1994ko irailetik 1996ko maiatza bitarte. Atentatua gertatu zenean Txilen bizi zen, Hego Amerika osoan negozioak zituen enpresa batentzat lanean. 2000ko uztailaren 29an, Tolosako kafetegi batean zela, ETAko Buruntza komandoko bi gizon inguratu zitzaizkion, eta haietako batek bi tiro egin zizkion buruan. Handik ordu eta erdira hil zen.[17]
Máximo Casado Carrera
aldatuArabako Langraitz Okako espetxeko zerbitzuetako burua zen lanbidez. 2000ko urriaren 22an, goizeko 08:00ak aldera, etxetik atera zen lanera joateko. Etxeko garajean, autoaren motorra piztu orduko, azpian ETAk jarritako lehergailu batek eztanda egin zuen. Lekuan bertan hil zen. Aurrez, ETAren mehatxuak jaso zituen gutun bidez.[18] Haren omenez, 2001ean, Gasteizen «Maximo Casado lorategia» izena eman zion udalak hiriko lorategi bati.[19]
Ramón Díaz García
aldatuSukaldari zen lanbidez, Donostiako itsas komandantzian. Loiola auzoan, etxetik irten eta, lanera joan aurretik, taberna batean gelditu zen kafea hartzen. Autora sartu eta martxan hasi orduko, azpian ETAk jarria zeukan lehergailu baten eztanda bortitzak hil zuen. Beste lau auzokide zauriturik gertatu ziren. Loiola auzoan oso pertsona ezaguna zen, kirol ekintzetan lan handia egiten baitzuen.[20][21][22]
Aitorpen ekitaldia
aldatuETAk eraildako hamabi kideen aitorpen eta omen ekitaldi bat antolatu zuen CCOO sindikatuak, 2021eko abenduaren 10ean, Gasteizko Europa biltzar jauregian, «CCOOko 12ak. Inoiz ez gehiago» izenburuaz.
Egitaraua
aldatuEkitaldiaren buru egin zuen sindikatuko idazkari nagusi Unai Sordok, eta berarekin batera izan ziren, sindikatuko kide ugariez gain, Carmen Maeztu, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen sailburua; Jose Antonio Rodriguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea;[23] eta Florencio Domínguez, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendaria.[24][25]
Hitzaldi instituzionalen ostean, musika emanaldi bat eskaini zuten Juanra Unamunok eta Felipe Juaristik, eta, bideo bat ikusteaz gain, elkarrizketa bat izan zuen Diario Vasco egunkariko zuzendariorde Lourdes Perezek biktimen familiartekoekin.
Unai Sordoren hitzak
aldatuEkitaldian, Unai Sordok azpimarratu zuen sindikatuaren «beharkizun moral eta sindikal bat» zela hamabi kide hauen oroimena omentzea, «CCOOk hasieratik bere muinean izan baititu memoria lantzea eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko konpromisoa. Memoria berreskuratzea etorkizunari begiratzeko modu bat da, bakean bizi beharreko etorkizuna, inork inoiz gehiago ez dezan hilketarik justifikatu».[25] Sindikatuak gutun bat eman zien hamabi kideen familiei.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) «Memoria de vida» www.rtve.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ Ikus 1978-2021. 12 congresos. Confederación Sindical de Comisiones Obreras.
- ↑ «Donostia, Ametzagaina kalea 44» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ Ikus Los 12 de Comisiones. Nunca más. Breve biografía de las personas homenajeadas.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memoria de vida» www.rtve.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ Iñaki Ibargutxi EAJko kide ezaguna zen Ugaon. Ikus «Los tres de Tolosa, un crimen que ETA negó durante 37 años», Cadena Ser-Bilbo.
- ↑ «ETAk hildako Iñaki Ibargutxi gogoratu dute Ugaon» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memoria de vida» www.rtve.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ Fitxa – Tolosa Oroimena. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ «ETAk 1981ean Tolosan egindako atentatua ekarri du gogora Marcos Hernandok» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ormazabal, Mikel. (2013-10-19). «Tres balazos de ETA que sangran 30 años después» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memoria de vida» www.rtve.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Álava, Diario de Noticias de. «“No tenía ni cara, era una momia. Solo decía ‘Dejadme morir’”» www.noticiasdealava.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memoria de vida» www.rtve.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memoria de vida» www.rtve.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gastaminza, Genoveva. (2001-03-15). «El homenaje a Jauregi y Lacalle recordará su compromiso ético» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gastaminza, Genoveva. (2000-07-29). «El gobernador que limpió Intxaurrondo» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lucio, Iñigo Fernández de. (2019-09-26). «ETA asesina a Máximo Casado, un funcionario de prisiones "comprometido"» Cadena SER Euskadi (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ «Maximo Casado lorategia, Gasteiz» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memoria de vida» www.rtve.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gastaminza, Genoveva. (2001-01-26). «ETA asesina con una bomba lapa al cocinero de la Comandancia de Marina de San Sebastián» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Familiares y amigos homenajean en Loiola al cocinero Ramón Díaz, asesinado por ETA hace 18 años» El Diario Vasco 2019-01-26 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
- ↑ Irekia. «Rodríguez Ranzek ETAk hildako Comisiones Obreraseko hamabi afiliatuen omenaldian parte hartu du» www.irekia.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
- ↑ Ikus ekitaldiaren egitaraua (PDF fitxategia).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «'Los 12 de Comisiones' asesinados por ETA» La Vanguardia 2021-12-10 (Noiz kontsultatua: 2021-12-11).