Langraiz Okako espetxea
Langraiz Okako espetxea Iruña Oka udalerriko Langraiz Oka herrian dagoen espetxea da. Zehazki, herritik kilometro bat ekialdera dago, Zadorra ibaiaren ertzean.
Langraiz Okako espetxea | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Araba |
Koordenatuak | 42°49′27″N 2°47′46″W / 42.82417°N 2.79611°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1943 |
Jabea | Dirección General de Prisiones (en) |
Arkitektura | |
Solairuak | 2 |
Historia
aldatuKontzentrazio esparrua
aldatu1940ko neguan, Gerra Zibilaren ostean, Espainiako Gobernu frankistak kontzentrazio esparru bat eraiki zuen Langraiz Okan, eta bertara ekarri zituen Miranda Ebroko kontzentrazio esparruko ehun bat preso. Izan ere, Miranda Ebroko kontzentrazio esparrua beteegia zegoen: 200.000tik gora lagun preso zituzten han.[1]
Langraiz Okako kontzentrazio esparruaren diseinua militar nazien laguntza teknikoaz egin zen. Alemaniako kontzentrazio esparruen ereduak hartu ziren, adibidez, Buchenwald (1937) eta Sachsenhausen (1936). Barrakoiak trapezio handi bat eratuz antolatu ziren, betiere zaintzarako dorre handi baten begiradapean, egun osoan ingurunea zelatatzen zuela.[1]
Hasiera batean, kanpadenda batzuk eta barrakoi pare bat izan ziren Francoren erregimenaren gatibu horientzako aterpe bakarra. Urte batzuk geroago, esparruak zortzi barrakoi zituen, 57.000 metro koadroko azalera, eta mila preso inguru.[1]
Frankistek Langraiz Okako kontzentrazio esparruan preso izan zituzten homosexualak, preso politiko errepublikanoak, nazioarteko brigadistak, eta Bigarren Mundu Gerrako porrotetik ihesi Hego Amerikara bidean zihoazen naziak. Preso politikoen eta homosexualen kasuan, kontzentrazio esparruaren helburua pertsonak aldatzea zen, berreztea, eta frankismoaren balio nazionalkatolikoetan oinarrituriko gizartean txertatzea.[1]
Presoak bortxazko lanetara behartzen zituzten. Harrobian pikatxoiarekin eta palarekin harriak pikatzen aritzen ziren. Langraiz Okako kontzentrazio esparruan ez ezik, herriko hainbat etxe eraikitzeko ere erabili zuten harrobitik ateratako harria, bai eta ondoan dagoen Menesianoen ikastetxearen eraikinetan ere, Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko etxebizitzetan, Armentiako etxe batzuetan... «Negozio ederra izan zen», adierazi du Josu Santamarina Otaola Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoak.[1]
Bizi baldintzak oso gogorrak ziren Langraiz Okako kontzentrazio esparruan, eta dozenaka lagun hil ziren lan behartuetan, gaixotasunak edo goseak jota. Esparruak iraun zuen zazpi urtean (1940-1947), 120 pertsona hil ziren. Egoera tamalgarri horren berri jaso zuten Associated Press berri agentziako kazetariek, 1945. urtean, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta zazpi egunera esparrura egindako bisitan. Tratu txarrak, gosea eta gaixotasunak aipatu zituzten erreportaje batean, bai eta nazioarteko brigadisten historia lazgarriak ere.[1]
Espetxea
aldatu1947an kontzentrazio-esparrua itxi zuten, eta espetxe bihurtu. Langraizko espetxea 1970ko hamarkadaren amaieran berriztatu zuten: kontzentrazio-esparruarekin zerikusia zuen arkitektura kendu zuten, eta 4 modulu eraiki zituzten, bat emakumezkoentzat eta gainerakoak gizonezkoentzat. Guztira, berriztatutako espetxe horrek 8 metro karratuko 560 zelda zituen. Gainera, ertzainentzako etxebizitzak eraiki ziren. 1981. urtean berrireki zen.[2]
Denboraren poderioz, kartzelak gero eta preso gehiago izan zituen. 2007. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan zeuden presoen % 50 baino gehiago zituen; kartzela gainpopulatuta zegoen. Espetxe handiago bat eraiki behar izan zuten Langraizen bertan, Zaballan, eta hara eraman zituzten presoak 2011. urtean.
Gero, Langraizko espetxe zaharra hirugarren graduaren onuradunek gaua pasa zezaten erabili zen,[3] bai eta espetxeko ehun bat funtzionarioren bizilekutzat ere. Funtzionario horietako 35ek bertan bizitzeko eskubidea zuten, baina beste 60 inguru baimenik gabe bizi ziren. Instalazioak husteko prozesua 2019an abiatu zen, eta espetxeetako funtzionarioen sindikatuen oposizioa izan zuen aurrez aurre. Ondoren, COVID-19aren pandemia zela eta, graziazko epe bat eman zitzaien. 2020ko abenduaren 15etik, gainera, urik, argindarrik eta berogailurik gabe zeuden. Azkenik, 2021eko martxoaren 1ean funtzionarioek okupatuta zuten azken etxebizitza-pabiloia hustu ondoren, Langraiz Okako espetxe zaharra erabat itxitzat eman zuen Espainiako Gobernuak. Iruña Okako Udalak espetxearen eraikinak eta lurrak berari emateko eskatu dio Gobernuari, eta Espainiako Gobernuak baieztatu du eskualdatuko diren ondare-ondasunak azterketa fasean daudela.[4]
Zaballako espetxea
aldatu2008 eta 2011. urteen artean espetxe berri bat eraiki zuten Gasteizko mendietako San Migel mendiaren ondoan. Kartzela horren izen ofiziala Araba espetxea da; hala ere, kokatuta dagoen eremuaren izena dela eta, Zaballako espetxea izenarekin da ezaguna. 2011n inauguratu zuten. Ez dauka kontrol dorrerik, baina baditu 200 kamera baino gehiago eta 6 metroko altuerako harresi eta hesiak.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f Lanao, E.; Ugarte, E.. «Langraiz Okako kontzentrazio esparruaren itzal luzea» Alea.eus 2018-07-20 (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Holocausto Nanclares» El Correo 2011-12-11.
- ↑ «Araba espetxea, prest» Berria 2011-09-22.
- ↑ Buruaga, Mikel. «Langraizko kartzela zaharra erabat hutsik; eta orain zer?» Alea.eus 2021-03-29 (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).