Antropologia fisiko

Gizakia organismo biologikotzat hartu eta horren ezaugarri fisikoak, aldakortasuna eta eboluzioa aztertzen dituen alorra

Antropologia fisikoa gizakiaren jatorria, eboluzioa eta biologia aztertzen duen antropologiaren adarra da, baina natur-zientzietako metodologia erabiliz. Diziplina anitzetan banatzen da: osteologia (paleopatologia eta auzitegiko antropologia), genetikoa edo molekularra, primatologia, etab.

Hofmeyr-eko garezurra, orain dela 36.000 urtetako Homo sapiens hegoafrikar batena

Historia aldatu

Kanpo historia aldatu

Johann Friedrich Blumenbachi (1752-1840) eta kraniometrietan oinarrituriko bere bost arrazen sailkapenari zor zaizkio antropologia fisikoaren lehen hastapenak. Lehen urrats horietan giza aniztasun fisikoaren azterketa Edward Tyson (1650 - 1708) bezalako naturalista ilustratuen anatomia konparatuan sustraitzen zen diziplina zen. Eta ondoren James Cowles Prichard (17861848) eta eboluzioaren aitzindariak izango ziren beste historialari naturalistek (Georges-Louis Leclerc, Robert Chambers, etab.) gaur egun paleoantropologia bezalaxe ezagutzen den diziplinaren hastapenak jartzeko erabiliko zuten anatomia konparatu hau.

 
Johann Friedrich Blumenbach

Anatomiaz gain bada beste diziplina bat zeinen garrantzia nabarmentzekoa den antropologia fisikoaren hastapenetan: genetika. Bere lehen urratsak Gregor Mendeli (1822 - 1884) zor badizkiogu ere, herentziazko ezaugarrien transmisio legeak XX. mendearen hasiera arte ez zuten hots handirik izan. Azkar ikusi ahal izan zen 1901ean Landsteinerrek aurkitutako ABO odol taldeek 1865ean monje austriarrak deskribaturiko hiru legeak jarraitzen zituztela. Jaio berri zen genetika klasikoak Ronald Fisherri (1890 – 1962) esker eboluzioaren sintesi modernoan parte hartu zuen, medikuntza eta antropologiaren biometria eta estatistika uztartuz, eta era berean, gaur egun, populazioen genetika bezalaxe ezagutzen dena sortuz.

Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilean eztabaida arrazista zientifikoak (J.C Prichard eta Samuel George Morton) euren baliokideak izango dituzte aro berri honen hasieran (William Z. Ripley, Joseph Deniker, etab). Jakintza alor guztien artean genetika (klasikoa) eta antropologia fisikoa izan ziren europar mugimendu eta gatazka politiko hauetan gehien parte hartuko zutenak.

Pentsaera hau ez zen Alemaniara mugatu, bai AEB (Madison Grant, The Passing of the Great Race)[1], Frantziako Errepublikan (Georges Vacher de Lapouge, L'Aryen et son rôle social) Erresuma Batuan, Finlandiako Dukerri Handian (Axel Olof Freudenthal), Austria-Hungariako Inperioan arrazismo zientifikoaren defendatzaileak aurki zitezkeen.

 

Euren postulatuak Tzvetan Todorov filosofo frantsesaren arabera honelaxe labur daitezke (Nous et les autres, 1989):

  1. Arrazen existentzia: giza espeziea hainbat arrazaz osaturik dago
  2. Fisikoa eta moralaren arteko korrelatoa: ikuspuntu biologista nagusitzen zen zientzialari hauen ustez, jaiotzetiko ezaugarriak aldaezinak zirelarik euren ustez.
  3. Balioen hierarkia bakarra: arraza guztiak graduazioz sailkatu daitezke, arketipikoenetatik barbaroetaraino.
  4. Taldeak indibiduoan duen ekintza: gizakia arraza-talde baten parte den heinean talde horren ezaugarriak izango ditu, indibidualtasuna arbuiagarria da.

Arrazialismo honen hedapenean aparteko garrantzia izan zuen aipatu bezala antropometriak, bereziki garezur indizea. Lehen aldiz Samuel George Mortonek (1799 – 1851) erabili zuen parametro hau inteligentzia mailarekin erlazionatuz, baina William Z. Ripleyk (1867 – 1941), eman zuen ezagutzera bere The Races of Europe: A Sociological Study-n liburuan (1899) europar arrazak hirutan sailkatuz:

  • Teutoniko edo nordikoa (iparraldekoa): azal eta begi argikoak eta dolikozefalikoa (garezur handikoak), ondorioz azkarrena.
  • Mediterraneoa (hegoaldekoa): azal eta begi ilunekoak, altuera txikikoak, baina dolikozefalikoak.
  • Alpetarra: brakizefalikoak, altuera ertainekoak eta azal kolore ez oso argi ez oso ilunekoak.

Gustaf Kossinna (1858 – 1931) arkeologo eta hizkuntzalari alemaniarraren eredua jarraituz 1916ean arrazaren higienearen tesiak laburbildu eta mundu osoan (baina bereziki AEBtan) ezagutzera eman zituen liburua argiratu zuen Madison Grantek (1865 – 1937). Aurreko antropologoen urratsak jarraituz kaukasiarren arrazaren barnean kokatzen zuen nordikoen azterketan oinarritu zuen bere lana.

Inguruneko baldintza gogorrek bere ustez hautespen naturala erraztu zuten kaukasiarren artean gaixo eta ezgaien desagerpena erraztuz, eta era berean biziraun ahal izateko industria eta baso ustiapenera bultzatuz. Aktibitate honek euren behar energetikoak handitu zituen denborarekin kide indartsuz osaturiko arraza bat sortuz, zeinen beharrak asetzeko beste nazio batzuk menperatu behar izan zituen: alpetarrak. Azterturiko hiru arraza europarren artean hauek ziren ahulenak Granten aburuz, mediterraneoak gorpuzkeraz ahul baziren arren arte eta zientzietarako gaitasuna zutela ezagutzen baitzien.

Liburu honek eztabaida sutsua piztu zuen Estatu Batuetako antropologoen artean, garai hartan Ameriketako Antropologia Elkartearen zuzendaritzagatik borrokatzen ari zirenak. Guztiz aurkakoak ziren bi ikuspunturen adierazle zen borroka hau: antropologia soziala (Franz Boas) eta fisikoa (Grant). Batak arrazen berdintasuna eta moralaren azterketa erlatibismoa defendatzen zuen bitartean, besteak eskala bakarra eskaintzen zuen eta ustezko nordikoen gorentasuna.

Arrazismo zientifikoaren gainbehera ez zen ordea Grant eta bere bultzatzaileen kanporatzearekin bukatu, azken hauek defendatzen zuten poligenismoak (arrazen giza-jatorri ezberdina) bide luzea izango baitzuen.

Barne historia aldatu

Gaur egun antropologia fisikoa deritzon zientziak XVII-XVIII mendeetako historialari naturalistetan errotzen den diziplina da, arrazen eta giza-espeziaren jatorria. Johann Friedrich Blumenbachek (1752 -1840), antropologia fisikoaren fundatzaileak, giza arrazak bost taldetan (amerikarra, kaukasiarra, etiopiarra, malasiarra eta mongoliarra) sailkatu zituen garai hartako ikuspegia monogenikoari arraikiz, tradizio biblikoan oinarritzen zena. Alegia, arraza zuria edo europarra Noe eta bere familiaren ondorengoa zen eta beste arrazak honen degradazioz sortuak, Europar herrialdeak biologikoki maila gorengokotzat kontsideratzen zelako.

 
Giza arrazak tradizio bibliko eta poligenismoaren arabera

Mendebaldean pentsamendu hau nagusi bazen ere James Cowles Prichard (17861848) antropologo ingelesa izan zen tesi honen salbuespen nabarmenetakoa eta giza-eboluzioaren teoriaren zantzuak ageri zituena. Bere ustetan lehen gizakia (Adan) jatorriz beltzarana izan zen, bere ondorengoen azala “argitzea” zela eta zibilizazioa eta inteligentzia maila garatu zituztelarik, ondorioz denbora nahikoa izango balute arraza guztiek kaukasiarren ezaugarriak garatuko lituzke.

Tradizio biblikoan oinarrituriko ikuspuntuak XIX mendean gainbehera jasan zuen, eta honekin batera baita arrazen jatorri monogenikoak. Hau dela eta eredu berri bat hedatu zen Europa, eta bereziki Frantzia, eta Ameriketako zientzia zirkuluen artean arrazen aniztasuna azaltzeko: jatorri poligenikoa. Postulatuen hauen arabera giza arra]en arteko ezberdintasunak handiegiak ziren ingurumenera moldatzeagatik izateko eta gizadi guztia espezie beretik etortzeko. Ideia hauen adierazle izan zen Samuel George Morton (17991844) mediku eta historialari naturalista amerikarra izan zen, eragin handikoa Europako antropologoen artean.

 
Paul Broca (1824-1880)

1859an Paul Broca mediku frantsesak (18241880) lehen antropologia elkartearen fundatzearekin antropometria maila gorenera eraman zuen arrazen ikerketarako, monogenista eta poligenisten arteko eztabaida antropologiaren muin bihurtuz era berean. Azken hauen arabera, Broca buru, gizadi guztia espezie bakar eta goren baten ondorengoa izatea eboluzioaren teoriaren aurkakoa zen, alegia, izakiak ez baitirelako degradatzen (eta ondorioz arraza berriak sortzen), baizik eta eboluzionatzen. Argudio honen aurka John Rayren espeziearen definizioa erabili zuten monogenikoek (espezie bat euren artean ugal daitezkeen kideek osatzen dute) arraza mistoko gizakiak bazirela jakinik eta gizadi guztiak espezie bera osatzen duela frogatzeko.

Antropometriak bere loraldia Karl Pearsonen (18571936) gidaritzapean lortu zuen, baina baita determinismo arrazialak, kaukasoideen gorentasuna aldarrikatzen zuen filosofia eta XIX. mendearen erdian nagusi zena antropologo askoren artean. Hein handi batean Aleš Hrdlička mediku amerikarrari (18601943) zor zaio tesi honen gainbehera, gogor borrokatu baitzen gerra garaiko Nazien dogmen aurka. Pariseko Brocaren laborategian ikasia American Journal of Physical Anthropology fundatu zuen 1918an eta Ameriketako aborigenen jatorria Beringeko itsasartetik etorritako populazio asiatikoetan zegoela Mundu Berrian aro paleolitoko gizakien arrastorik ez zegoela ohartzean. Hala ere AEBtan Broca eta Keithen determinismo biologiko eta nagusitasun arrazialaren defendatzaileak egon ziren, Earnest A. Hooton bezalaxe (1887 – 1954).

Gerra garaiko Europako antropologia biologikoa alde batera utziz momentuz, AEBetan unibertsitate irakaskuntzak anatomia eta medikuntzatik zerbait urrundu zuen, baita bestelako gai arrazialetatik. Honelaxe primateen lehen ikerketa antropologikoak hasi ziren Wolfgang Köhler eta William K. Gregoryren eskutik Florida, Pasteur Institutuan, Skhumin (Itsaso Beltza), Kanariar Uharteak, eta beste leku batzuetan laborategiak sortuz.

Aldi berean antropologiak garatutako zenbait tresna (adina, sexua, arraza eta altueraren zehaztea) gorpuen identifikazioaren zerbitzura jarri zen auzitegiko antropologiaren lehen hastapenak jarriz, besteak beste W. M. Krogmanen Guide to the Identification of Human Skeletal material.

1950eko hamarkadan ordura arte antropologiarekin erlaziorik izan ez zuen medikuntzaren adar batek tresna iraultzaile bat jarri zuen ikerlarien eskuetan: serologia. Lehen Mundu Gerraren amaieran lehen Ludwik eta Hanna Hirszfel senar-emazteek Serological differences between the blood of different races: the results of research on the Macedonian front artikuluan jaso zituzten. Aliatuen soldaduei zein odol taldekoak (A eta B) ziren galdetu zieten, jatorrizko herrialdearen arabera odol taldeen maiztasun ezberdintasunak esanguratsuak zirela ohartuz.

Adibidez, ingelesen artean odol talde nagusia A (%46.4) zen bitartean (B: %10.2), Indiako biztanleen artean B (%49.7) zen nagusi (B: %27. 5).

Euskal Herrian lehenak Boyd & Boyd izan ziren, Donostiako 229 herritarren artean O taldearen maiztasun altuak deskribatu baitzituzten dagoeneko 1937an. Hala ere emaitza entzutetsuenak Rh odol-sistemaren aurkikuntzaren ondoren izan ziren, Miguel Angel Etcheverry hematologoak Argentinako euskaldunen Rh negatiboaren ez ohiko maiztasun altuak aurkitzean (1945).

Mundu osoko herrialdeetako maiztasunak aztertzen lehenetarikoa William C. Boyd immunologoa estatubatuarra (19031983) izan zen Genetics and the races of man: An introduction to modern physical anthropology (1950) liburuarekin. Immunokimikari honek 30eko hamarkadan odol taldeen banaketei buruz egindako inkestei esker ABO sistema gurasoetatik seme-alabetara transmititzen zela ondorioztatu zuen eta ez zirela kanpo ingurunearen eraginez sortuak. Genetika klasikoaz eta odol talde hauez baliatuz arrazen jatorria gene berdinen alelo ezberdinak izatean oinarritu, giza populazioak 13 talde geografiko eta 7 arraza nagusitan banatuz serologiaren arabera:

 
The Races of Europe (1899). William Z. Ripley: Europako herrialdeen sailkapena euren datu kraniometrikoen arabera

Emaitza hauek lortu arren ez zuen bere helburua eskuratu: odol-taldeez baliatuz zein populazio zen zaharren zehazteko. Hala ere Isaac Asimovekin batera arrazaren kontzeptuaren kritika nagusienetakoa egin zuen, sailkapen hauek egiteko erabili ohi ziren azaleko ezaugarrien garrantzia eza nabarmenduz, besteak beste (Races and People).

Genetika DNAren aroan sartzen zen bitartean paleoantropologiak urrats handiak eman zituen XIX mendearen amaieratik:

Fosil hauekin gizakiaren arbasoen mapa eraikitzen hasi ziren historiaurrearen lehen ikertzaileak eta honekin piztu zen berriro ere eztabaida giza populazioen jatorriari buruz. Alde batetik Txinan indartsu egin zen (eta berriki arte izan da) Homo erectus-en ondorengo zuzenak zirela zioen tesia eta ez Afrikan jaio zen Homo sapiens sapiens-arena, bitartean Europan euskaldunak Cro-Magnon-tarren (Homo sapiens arkaikoa) ondorengoak zirela aldarrikatzen zituzten bitartean (Collignon) adibidez. Antzeko gertatu zen Afrikako isolaturiko zenbait populazioekin (boskimanoak, pigmeoak, etab.) zeinen jatorria Cro-Magnon-en gizakien agertzearen aurretik zehazten zuten batzuek.

Eztabaidetako batzuk guztiz amaiturik ez dauden arren gaur egun ere, 1951ean Le Gros Clark britainiarrak argitaraturiko The New Physical Anthropology lanarekin antropologia fisikoaren aldi berri bati hasiera eman zitzaion. Antropometrian soilik oinarritzetik beste diziplina anitzen ekarpenak jasotzera igaro zen (primatologia, arkeologia, neurologia, etab.) hedatzen hasi zen eta horien artean genetikak berebiziko garrantzia izan zuen.

Hipotesi garaikideak aldatu

Arrazialismoaren gainbehera aldatu

Hermann Joseph Mullerren "Genetisten manifestu eugenetista" alde batera utziz, ziurrenik genetista batek egindako arrazialismoaren lehen kritika Ashley Montagu estatubatuarrari zor zaio Man's Most Dangerous Myth: the Fallacy of Race (1942) liburuarekin. Boas ikertzailearen eskolaren jarraitzaile bezalaxe, bere tesia honelaxe labur zitekeen:

  • Ezaugarri fisikoek gaitasun mental, sozial eta emozionalak baldintzatzen dituztela pentsatzeak eta ezaugarri hauek belaunaldiz belaunaldi giza taldeen barnean igarotzen direla defendatzea gezurkeria hutsa da.
  • Gorentasun biologikorik dagoenik ere ezin defendatu, zuri eta beltzen arteko ezberdintasun genetikoak ia nabari ezinak direlako
  • Ez dago arraza garbirik: populazio guztiak nahastu dira hein batean edo bestean beste herri batzuekin

Kontuan hartu beharrekoa da Montagu environmentalism izeneko korrontearen jarraitzailea zela, alegia, jatorri genetikoak baino inteligentziaren garapenean inguruneak garrantzia gehiago zuela uste zuen. Leslie Clareaunce Dunn eta Theodosius Dobzhansky genetikariak izango ziren erdiko bidearen adierazle: genetikak pertsonak baldintzatzen bazituen ere, oinarrizko ezberdintasun hauek ezin zitezkeen erabili adib. demokrazia edo aukeren berdintasuna ukatzeko gaitasun gutxiago zituzten indibiduoentzat. Euren ustez gainera, gizaki bakoitzaren arteko ezberdintasun genetikoak handiagoak ziren indibiduoen artean arrazen artean baino, gaur egun arte mantendu den ikuspuntua hein handi batean.

Eskualde anitzeko teoria aldatu

 
Giza eboluzioaren diagrama Weidenreichen postulatuen arabera

Arrazen gorentasunaren dogmak gainbehera egin bazuen ere Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin, Europa osoan sostengu zientifikoa eskaintzen zuen poligenismoak oraindik indarrean zirauen. Honen adierazle dugu Carleton Stevens Coonen The Races of Europe: The White Race and the New World (1939) lana, izenburu bereko William Z. Ripleyn edizioaren berrargitarapena izan behar zuena hasiera batean. Aipatzekoa da azkenean edizio osoa berridaztea erabaki zuela, baina odol-taldeei eta arrazen arteko inteligentzia ezberdintasunei zegokien aipamen guztiak ekidinez.

Edonola ere, agerikoa da teoria poligenikoaren aldekoa zela eta gaur egun historiografiak eskualdeko anitzeko teoriaren aitzindaritzat jotzen du. Liburuaren tesiaren tesia honelaxe labur daiteke:

  • Arraza kaukasikoa jatorri bikoitzekoa da: Goi Paleolitoko populazioak (neandertal eta sapiens-en nahasketa) eta mediterraneo (soilik sapiens) mota.
  • Goi Paleolitoko herriak ziren Europako egiazko indigenak
  • Mediterraneoko populazioek Europa inbaditu zuten Neolito aroan
  • Dinar azpiarraza (Italia iparra eta Grezia eta Kaukasoko mendebaldekoa) mediterraneo eta Goi Paleolitoko nahasketaren ondorioz sorturiko arraza mestizoa zen.

Coonen arabera, arraza zuria historian zehar izandako arraza hobetzearen ondorio zen, besteekin alderatuz biziraupen tasa altuenak baitzituen, besteak beste. Bere aburuz aro garaikidean gordetzen ziren 5 arrazak milaka urte lehenago ebolutiboki bereizi ziren arrazetan zuten jatorria. Alegia, Homo erectus-etik aldi berean, mundu osoan bereiziriko bost Homo sapiens garatu zirela.

1962an argitaraturiko The Origin of Races liburuarekin mende honetako hamarkada arte nagusi izan den Theory of the multiregional origin izenekoa garatu zuen. Lan honen arabera, arraza ezberdinek aldi ezberdinetan lortu zuten Homo sapiens estadioa, honek euren zibilizazio maila altuagoa izatea eragin zuelarik arraza batzuetan.

1988 arte itxaron behar izan zen paleoantropologia berriaren irizpideetara molda zedin poligenismoa Milford H. Wolpoffen eskutik. Teoriaren azken berrikuspen honek ez zuen Coonen eboluzio paraleloa onartzen eta gehien bat leku bereko Homo erectus eta Homo sapiens-ek erakusten zituzten azaleko antzekotasunetan oinarritzen zen.

Paleoantropologo honen ustearen arabera orain dela 2.5 milioi urte Afrikan Homo erectus, neandertalak, Homo sapiens-ak eta bestelako hominido batzuek espezie bakarra osatzen zuten. Mundu osotik espezie hau hedatu egin zenean tokiko baldintzetara moldatzeko ezaugarriak garatu zituen, tokian tokiko eboluzioa jasanez. Baina era berean beste giza-taldeekin izandako gurutzamendu eta ordezkapen eta deriba eta hautespen genetikoa zela eta espeziearen garapenak norantza berdina jarraitu zuen, baina tokiko ezaugarriak gordez.

Aldi berean, arraroen edo ezberdinen ziren tokiko aldaerak desagertu egingo ziren gaur egungo gizakiak ordezkatzean, tokikoen ezaugarri batzuk gordez, baina komunean zituztenak gehiago izanik. Tesi honen aldeko argudioen artean honakoak ditugu:

  • Neandertalak: 1999an aurkituriko ume baten fosila Homo sapiens eta Homo neanderthalensis arteko nahastearen ondorio izan zela proposatu da. Gaur egun oraindik eztabaidan jarraitzen du fosil honen izaera
  • Pekineko gizona: Txinan bereziki tokiko giza-jarraipenaren frogatzat hartzen da.

Edonola ere, genetikak Noeren arkaren teoria izenekoa defendatzen da, honen adibide dugularik Alan Templeton genetikari eta estatistikaria. Bere ustetan ezin esan daiteke azken 1.7 milioi urteetan biologikoki esanguratsua den ezberdintasun genetikorik garatu denik. Honen adibide litzateke txinpanze populazioen arteko aniztasun genetikoa gizakien artekoa baino 20 bider handiago izatea.

Bestalde, gaur egungo analisi genetikoek orain dela 37.000 urteko Neandertal espezimenen genoma mitokondriala kodetzea lortu dute. Gaur egungo gizakiarenarekin alderatu denean argi geratu da ezberdinegia dela bi espezien arteko gurutzamendua egon dela azaltzeko.

Noeren arkaren teoria: Afrikako migrazio modernoa aldatu

 
Historiaurreko migrazio garrantzitsuen ibilbideak haplotalde mitokondrialak erreferentziatzat hartuz

Gaur egun giza eboluzioa azaltzeko indarrean dagoen tesia da Afrikako migrazio modernoarena. Bai gene zein fosil aurkikuntzen arabera homo anatomikoki gaur egungo gizakia deritzoguna Afrikan sortu bertan izandako Homo sapiens arkaikoaren eboluzioaren ondorioz orain dela 200.000-100.000 urte. Giza talde berri honen adar batek orain dela 60.000 urte Afrika utzi eta Europan zeuden Neanderthal eta Homo erectus populazioak ordezkatuko zituzten.

Orain dela 70.000 urte L3 haplotalde mitokondriala Afrikako Ekialdetik Asia Hurbilera migratu zuten. Exodo hau azaltzeko genetikak bi hipotesi nagusi ditu:

  • Migrazio bakarraren eredua: Afrikan zeuden 2.000 – 5.000 biztanleetatik 150 gizakiko talde txiki batek ziurrenik Itsaso Gorria zeharkatu zuen L3 haplotaldea eramanez. Hau ondorioztatu egin da L3 haplotaldearen seme diren M eta N leinuak oso oso maiztasun baxuetan aurkitzen baitira (eta nahiko berriak direla uste da). Hala ere M1 haplotaldean afrika iparraldean nahiko hedaturik dago, nahiko berritzat jotzen dena eta fundatzaile efektu baten ondorioa.
  • Migrazio anitzen eredua: hipotesi honen arabera taldeetako batek (M) Itsaso Gorria zeharkatu zuen Indiara kostaldetik hedatzeko eta besteak (N) Nilo ibaia jarraituz Asiarantz hedatu zen Sinaia zeharkatuz. Ondoren azken talde hau adar ugaritan banatu zen Europa eta Asia ekialdera abiatuko zirenak. Hipotesi honek europan N haplotaldea zergatik den nagusi azalduko luke eta zer dela ez dagoen M haplotaldekorik. Ziurrenik hasiera batean bai M zein N adierazten bazituzten ere deriba genetikoa eta fundatzaile efektua dela eta M soilik adieraztera igaroko ziren.

Gizadiaren arbaso komuna aldatu

 
Eba mitokondrialaren diagrama oinordekotasun genetiko matrilineala azaltzeko

Gizadiaren arbaso komuna (edo human MRCA) deritzo gaur egungo gizakiek komunean duten arbaso zaharrenari. Rohde, Olson eta Changen eredu ez genetikoaren arabera gizadi guztiaren arbaso komuna aro historikoaren barnean jaio zen (k.a 3000-1000 urte), baina Rohdek berrikusiriko bigarren simulazioetan (migrazio historikoak eta garaiko populazioaren dentsitateak kontuan izanik) k.a 6.000 urtean kokatu zen. Hipotesi honek azalpena posible bat izan dezake: populazio desplazamendua. Alegia, paleolitoko aroan jatorri zuen populazio talde batek beste populazio guztietatik gailendu eta nagusitu izana.

Teoria honen alde mDNA erabili izan da baita ere, adib. 2008an mDNAn oinarrituriko ikerkuntza lan baten arabera gaur egun arte biziraun duten Ameriketako aborigenen %95ak soilik sei emakumeren ondorengoak izango lirateke.

Eva afrikarra eta ordulari molekularra aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Eva mitokondrial»

Eva afrikarraren teoria mitokondrietako DNAn eta erloju molekularrean oinarritzen den teoria da gertueneko emakumezko arbasoa (MRCA) zehazteko.[2] Alegia, etnia ezberdinetako mDNA sekuentziak aztertzerakoan oinarrizko ezaugarri komunen aurkikuntzak baieztatu egin zuen gizaki guztiak emakumezko berdin baten ondorengoak zirela. Honek ez du esanahi garai berean beste emakumerik ez zegoenik (botila lepoaren efektua), baizik eta gaur egungo gizakiak bakar baten ondorengoak direla.[3]

Allan Wilson biokimikari estatubatuarrak 1980ko hamarkadan egindako lanen arabera orain dela 150.000 urte eta Afrikan kokatuko zen Eva.[4] Kalkulu hauek mutazio tasan oinarritu zituen, zeinen arabera 3.500 urtero mDNAn mutazio bat jazo ohi da.

1970eko hamarkadan emaitza hauek eztabaida gogorra piztu zuten Milford Wolpoff bezalako paleoantropologiek homo erectus-aren jatorria orain dela bi milioi urte kokatzen baitzuten Afrikan zeina ondoren mundu osotik hedatu eta independenteki eboluzionatu zuen beste leku batzuetako populazioekiko.

Adam-en Y kromosoma aldatu

Fitxategi:Haplogroups europe.png
Y haplotaldeen distribuzioa Europan zehar

Adam kromosomikoa Y kromosoma guztien arbasoari deritzo, Stanford-eko ikerketen arabera Afrikan orain dela 50.000-40.000 urte bizi izan zen gizonezko bat litzatekeena. Hala ere datazioa eztabaidaitsua izan da, oraingoz baina ezezagun diren arrazoiengatik badirura Eba afrikarraren ostekoa litzatekeela.

Ann Gibsons 1993an izan zen fenomeno honi erantzun bat bilatzen saiatu zen lehen Toba sumendiaren erupzioa. Stanley H. Ambrosek 1998an eredu konputazional baten bidez baieztatu zuen hipotesi honen arabera munduko populazio guztia 1.000-10.000 bikotetara murrizturik gelditu zen giza-eboluzioaren gainbehera handiena eraginez.

Honek azalduko luke Y kromosomaren azterketak giza-eboluzioan aurkitu duen botila lepoaren fenomenoa. Katastrofe honek mundu mailako desastre ekologikoa eragin zuen ziurrenik, landareria suntsituz eta lehorteak eraginez oihanetan. Edonola ere, gaur egun ere eztabaidan jarraitzen duen hipotesia da.

Antropologo ezagunak aldatu

Adarrak aldatu

  • Auzitegiko antropologia: esparru legalean antropologia fisiko eta giza osteologiaren aplikazioari deritzo, gehienbat deskonposizioan egon ohi diren hilotzen identifikazioa erreta, mutilaturik edo ezagutezin daudenean.
  • Antropologia genetikoa: giza populazioen eta euren jatorria genetikaren ikuspuntutik aztertzen duen antropologia fisikoaren adar berrietako bat da.
  • Paleoantropologia: giza eboluzioaren eta bere arbaso fosilen azterketa arduratzen adarrari deritzo.
  • Paleopatologia: gizaki edo animaliek antzinatean jasandako gaixotasunak, hezur eta bestelako arrasto organikoen bitartez aztertzen dituen adarra da.

Erreferentziak aldatu

  1. Grant, Madison. (1922). The Passing of the Great Race. Scribner's Sons.
  2. (Ingelesez) Gonder, Mary Katherine; et al.. (2006). Whole-mtDNA Genome Sequence Analysis of Ancient African Lineages. .
  3. (Gaztelaniaz) Ayala, Francisco José; Cela Conde, Camilo José. (2014). «Razas humanas» eScholarship (University of California): 4..
  4. (Ingelesez) Lewin, Roger. «Mitochondrial Eve» Mosaic Magazine.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu