Antonio Paoli

Puerto Ricoko opera kantaria

Antonio Emilio Paoli Marcano (Ponce, Puerto Rico, 1871ko apirilaren 14a - 1946ko abuztuaren 24a) opera kantaria izan zen, ospea lortu zuen lehen tenor puertorricarra. "Tenorren erregea eta erregeen tenorra " eta "Ponceko lehoia" ezizenez ezaguna, bere garaiko tenor onenetakotzat hartzen da, Enrico Caruso garaikidearen mailan.[1] Iturri batzuen arabera, bere benetako izena Hermógenes Irulegi Baskaran zen, eta euskalduna zen (Ziraukin jaioa).[2]

Antonio Paoli

Bizitza
JaiotzaPonce1871ko apirilaren 14a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaSan Juan1946ko abuztuaren 24a (75 urte)
Hobiratze lekuaRomán Baldorioty de Castro National Pantheon (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakopera abeslaria eta abeslaria
Genero artistikoaopera
Ahots motatenorra
Musika instrumentuaahotsa

Find a Grave: 9915731 Edit the value on Wikidata

Haurtzaroa aldatu

Bere biografia ofizialaren arabera, ama Amalia Marcano Intriago zuen, Pampatar-en (Margarita uhartea, Venezuela) jaioa, korsikar jatorrikoa; aita, berriz, Domingo Paoli Marcatentti. Caracasen ezagutu ziren, baina neskaren aitak, lur jabe aberatsak, ez zuen harremana begi onez ikusten, klase berekoak ez zirela iritzita. Bikoteak Dominikar Errepublikara jo egin zuen, ezkondu barik; eta gero Puerto Ricora itzuli zen; lehenik Yauco-n bizi izan eta gero, Poncera itzuli ziren (artean uharteko finantza eta kultura hiriburua zena), Amaliaren izeba Teresa Intriagok utzitako etxe batera, Calle Mayor 14ean. Haien alaba Olivia (1855-1942) Puerto Ricoko sufragista izan zen, eta Puerto Ricoko emakumeen eskubideen alde borrokatu zen; beste alaba, Amalia (1861-1941) opera soprano bezala nabarmendu zen, eta ahizparekin batera Sufragisten Liga Sozialaren partaidea. Antonio haurra zenean, gurasoek askotan eramaten zuten etxe ondoko "La Perla" antzokira. Emanaldiotako batek (Pietro Baccei, Giusseppe Verdiren Il Trovatore ematen) bereziki hunkitu zuen Antonio, kantari izateko pausua ematera bultzatuz. Gurasoak bere alde jarri ziren, eta Ramon Marinen kantu eskolan sartu zuten. Ordurako Amalia arrebak La Perlan kantatua zuen soprano bezala (Emilio Arrietaren Marina operan), eta Espainian bizi zen. 1883an, bi gurasoak hil zirenean, Antonio berarekin eraman zuen.[3]

Ibilbide militarra eta debuta aldatu

 
Amalia Paoli arreba.

Amalia Napoleon Vergerrekin ikasten ari zen, Bourbongo Isabelen laguntzarekin (Espainiako Alfontso XII erregearen arreba). 1884ean, Antoniorentzat Maria Cristina Austriakoaren babesa lortu zuen; hark emandako bi bekarekin, haurrak El Escorialeko erret monastegian ikasketak hasi zituen. Toledoko Akademia Militarrean sartu zen, 1892an graduatu zelarik. Erreginaren eskoltan zerbitzatu zuen, eta Alfontso XIII errege haurraren zaintzaile pertsonala izan zen. Antoniok kantu ikasketekin jarraitu zuen, eta 1897ean Milango La Scala antzokiko kantu akademian sartu zen. 1898an Kubako gerran parte hartu zuen kapitain modura.[2] Debuta 1899ko apirilaren 26ean egin zuen, Gioacchino Rossiniren GilenTell operarekin, Parisen, prentsaren kritika onekin.[1] Beste iturri batzuen arabera, 1895ean Bari-n debutatu zuen.[4]

Mundu mailako birak aldatu

1900ean Josephine Vetiska austriarrarekin ezkondu zen Vienan; urte horretatik 1914a arte, Paolik Europa, Amerika, Afrika eta Asia errekorritu zituen musika emanaldiekin.

1901-02 artean Argentinan, Brasilen, Kanadan, Txilen, Kolonbian, Kuban, Haitin, Puerto Ricon, Venezuelan eta AEB-etan aritu zen. Etxea erosi zuen Porto Ceresion (Luganoko aintziran), eta han jaio zen Antonio Arnaldo semea. Espainiako Alfontso XII eta bere familiarentzat kantatu eta gero, AEB-etara itzuli zen han bira egiteko (tartean New York, Boston, Filadelfia, Albany, Providence, Grand Rapids, New London, Detroit, Cleveland, Indianapolis, Buffalo, Pittsburgh, Syracuse eta Chicago).

1902-1903 artean Mascagni-k antolatuta AEB eta Kanada bisitatu zituen, eta gero emanaldiak egin zituen Argentina, Errusia, Polonia, Egipto, Hungaria, Belgika, Kuba, Txile, Haiti, Kolonbia, Venezuela eta Brasilen.

1904ean San Petersburgeko Grand Theatre du Conservatoire-an kantatu zuen; Nikolai II tsarrak, emanaldia ikusita, Neguko Jauregian kantatzera gonbidatu zuen, eta kondekorazioa emanez (San Maurizioren domina) Cammer Sanger izendatu zuen (ganbera kantaria).

1907ko irailaren 5ean, Paolik kantaldi pribatua eman zion Pio X. aitasantuari Kapera Sixtinoan. Urte berean, Alemaniako Wilhelm II-ak Erret Kortearen Kantari izendatu zuen. Gainera, opera oso bat grabatu zuen lehen kantaria izan zen, Ruggiero Leoncavalloren Pagliacci obrarekin. Paoli lehen tenorra eta protagonista izan zen, eta grabaketa Milanen egin zuten, musikariak grabaketa-aretoaren atze aldean zeudela, kantariak gramofono aurrean zirkulu erdi bat osatuz, eta Paoli, bakarrik, gramofonotik 6 metrotara.

1908an Buenos Aireseko "Teatro Colón" berria inauguratzeko kontratatu zuten, eta lehen denboraldian parte hartu zuen Verdiren Otelo eta Il trovatore abestuz. Guztira hamar emanaldi egin zituen 1908ko uztailaren 18tik irailaren 6a.[5]

Paolik mundu birekin jarraitu zuen: Grezia, Palestina, Polonia, Egipto, Espainia, Errusia, Hungaria, Belgika, Kuba, Txile, Haiti, Kolonbia, Venezuela, Brasil, Kanada, Estatu Batuak[4] eta Italia, bertan bizitzen geratu zelarik. 1910ean Milango La Scalako lehen tenorra izendatu zuten, artean munduko opera konpainiarik ospetsuena.

1912an, Franz Joseph I Austria-Hungariako enperadorea, protokoloa hautsiz, zutik jarri zen Paoli txalotzeko, Vienan Wagnerren Lohengrin kantatu zuenean.[6]

Boxeolari aldatu

1914ean, I Mundu Gerra hasi baino pixkat lehenago, Paolik ahotsa galdu zuen eta Europako opera antzoki guztiak itxi ziren. Espainiara joan zen (gerran neutral mantendu zen herrialdea) Italiako ondasunak bertan behera utzita. 1915erako, Paolik arazo ekonomiko larriak zituen, eta boxeolari profesional sartu zen: Espainian entrenatu ostean, Erresuma Batura joan zen eta lehen bost borroketan garaile atera zen. Seigarrenean, berriz, eskuineko eskumuturra hautsi zuen: hor amaitu zen bere boxeolari karrera.

Paolik Italiako ondasunak saldu zituen, eta Espainian baserri txiki bat hartu zuen. Hile batzuk Filipinetan egin zituen, Carlos anaiarekin. Ahots-korden tratamendu medikoa egin zuen, baina adituek bere opera karrera jada amaitutzat ematen zuten. Amalia arreba etxera etorri zitzaion, eta harekin kantu-ariketak egiten jarraitu zuen.[1]

Itzulera aldatu

 
"Casa Paoli" etxe-museoa, Poncen.

1917ko urtarrilean, Paoli eskenatokietara itzuli zen, Saint Saënsen Samson et Dalila operarekin, Erromako Constanzi Antzokian. Jende asko, bere ahots-arazoen jakitun, frakasoa ikustera bertaratu zen (batzuek tomateak eta arraultzeak eramanak zituzten, haren lehen akatsean jaurtitzeko prest), baina ondo aritu zen: zazpi gauez jarraian aritu ere. Emanaldiak Italian, Hego Amerikan eta AEB-etan jarraitu zituen.[7]

1922an, Paoli eta arreba kantu irakasletzan eta opera ekoizten hasi ziren Puerto Ricon; San Juan-en Otelo muntatu zuten. [4]

1923an itzuli zen Puerto Ricora. Artean Amalia arreba San Juango Santurce auzoan bizi zen, eta "Academia Paoli" kantu eskola zeraman. Antoniok zenbait emanaldi egin zituen uhartean, eta Estatu Batuetara joan zen Brooklyn Academy of Music, Manhattan Opera House eta Philadephiako Metropolitan Opera House-etan kantatzera; New Yorkeko Metropolitan Opera Housen ere kantatzekoa zen, baina itxuraz bere arerio Enrico Carusok kontra egin zion (Caruso opera etxe honen akzioduna zen). AEB-etatik Paolik Curaçao, Kuba, Kolonbia, Haiti eta Ekuador bisitatu zituen.

Euskaltasuna aldatu

 
Galeriako zezena, Paoli egoten zen lekua.
 
Paolik Julian Gaiarre miresten zuen, harekin harreman xelebrea izan zuelarik.

1920 inguruan, Paoli gainbeheran zegoen tenor lanetan; garai horretan Isidoro Fagoaga hasiberriak Milanen ezagutu zuen. Lan barik, eta farandulako kideek baztertua, Artisten Galerian (gaurko Galleria Vittorio Emmanuele II) egoten zen, Scala ondoko galeria komertzial famatuan; hango oktogonoan arratsaldeetako orduak ematen zituen, bakarrik, oinak herriko armarriko zezenaren gainean ezarriak (zorte ona ematen omen zuena).

Bere jatorriari buruz, batzuek kubatarra zela esaten zuten; beste batzuek, Puerto Ricoko Poncekoa; batzuek, bilbotarra zela; eta gehienek, nafarra zela, Ziraukikoa. Baina inork ez zekien ziurtasunez. Bere akzentuak ez zuen jatorria argitzen, leku askotan bizi izandako jendearen doinu zehazgabearekin hitz egiten baitzuen.

Bera ezagutu eta gero, Fagoagak Paolik bere burua misterio handiz inguratzen saiatzen zela ikusi zuen. Halere, izan zuten tratutik atera zituen ondorioak hauek izan ziren: nafarra zela; Irulegi Baskaran abizenak zituela; euskara nahikoa bazekiela; Kuban Espainiako armadarekin borrokatu zela, kapitain graduarekin (bere esanetan, han umearen garunak jan omen zituen); Iruñeko giroa ezagutzen zuela; zuberotarrak euskaldunik garbientzat hartzen zituela; eta espiritismo zale porrokatua zela. Izan ere, 1921ean Fagoagari Walkiria obran, ustekabean, ohiko tenorraren ordezkotzat kantatzeko aukera eskaini ziotenean, Fagoagak pozik Paoli afaltzera gonbidatu zuen, baina honek kontratuaren berri izan zuenean, zera erantzun omen zion: “Muchacho, eso lo vamos a consultar con Julián”.

Bere etxera eraman zuen, via Meravigliko kalean. Han Paoli Euryanthe izeneko emakume nagusi batekin (errusiarra omen) eta Merlin izeneko txakur batekin bizi zen. Mahai-biribilaren inguruan eseri, eskuak elkarri eman eta Paolik ekin omen zion galdetzeari, behin eta berriz: "Julián, ¿estás aquí? Contesta como de costumbre bai edo ez". Ezustean, mahaia behin baino gehiagotan mugitu omen zen eta Paolik berriro galdetu: "Errazak bai edo ez, gure maisu maitia!". Honelatsuko beste zenbait konjuro eta mahai-ikararen ondotik, Paolik ontzat eman zuen Julian Gaiarreren bitartekotza eta, ordainetan, Fagoagari bi betekizun eskatu zizkion: Gaiarreren hilobia bisitatzea Erronkarin, eta Paoliren beraren zein Gaiarreren estanpak estreinuko jantzi-barruan elkarrekin josirik eramatea, opera-saioan zehar. Halaxe egin zuen Fagoagak, eta Napoliko debutean sekulako arrakasta lortu ez ezik, Milango Scalako tenorrik onenetakoa izan zen ondoko hogeitaka urtetan.

Postal soil bat salbu, Fagoagak ez zuen geroztik Irulegiren berri izan. Ameriketatik sei hilabetez ibili eta gero, Milanera itzuli zenean, Paoli ikustera joan zen; baina via Meravigli-ko etxeko atezainak esan zionez, alde eginak ziren.

1936ko udaberrian, Florentzian zela, Fagoagaren familiakoek Beratik hango etxean jasotako postala bidali zioten. Poloniatik zetorren, eta bertan hiru parcae bezalako batzuk agertzen ziren "mane, thecel, phares" leloarekin. Atzean, idatzirik, beste hiru izen: "Julián, Antonio, Isidoro". Handik egun gutxira Espainian 1936ko estatu kolpea izan zen.[8]

Azken urteak aldatu

Lan faltarik ez izan arren, Paolik estuasun ekonomikoekin jarraitu zuen. Ia 1927 osoa New Yorken egin ostean, Puerto Ricora itzultzea erabaki zuen, arrebarekin bizitzera eta akademian ahots eskolak ematera; hurrengo urteetan hori izango zen bere jarduera nagusia. 1928an, Paolik taula gaineko azken emanaldia egin zuen: Otelo, osorik emana, San Juaneko Udal Antzokian (gaurko Tapia Antzokia).

1929an, Josephine emaztea hil zen. Urtebete geroago berriro ezkondu zen Adelaida Bonini-rekin (Rimini, Italiakoa), berak maitekiro "Adina" deitzen zuena.

1935ean, Puerto Ricoko gobernuak San Juaneko Udal Antzokiari izena aldatu zion, "Teatro Paoli" ezarriz, eta bizitza osorako pentsioa eman zioten. [4]

1942an bere azken kantaldia eman zuen, Amalia arrebaren heriotzaren urteurrenean, Santurce auzoko Universidad del Sagrado Corazón-eko kaperan. 1888tik ordura arte 1,725 emanaldi egin zituen (horietatik 575 Verdiren Otelorena egiten).

Paoli 1946ko abuztuaren 24an hil zen, San Juanen, prostatako minbiziz, eta Carolinako kanposantuan ehortzi zuten.

Hil eta denbora gutxira, Paoliren ametsetako bat egia bihurtu zen: Puerto Ricoko Musika Kontserbatorioa.

Ohoreak aldatu

 
Ponceko Unibertsitateko "Antonio Paoli" antzokia.

Europan abeslari latinoamerikarrik ezagunena eta sarituena izan zen. Errekonozimendu hauek jaso zituen

  • Espainiako armadaren Garaipen Gurutzea.
  • 1904, San Maurizioko Gurutzea.
  • 1904, Nikolas II. Errusiako Tsarraren ganbera kantaria.
  • 1904, Isabel Katolikoaren Gurutze Handia.
  • 1904, Espainiako Maria Cristina Erreginaren Gorteko ganbera kantaria.
  • 1904, Portugalgo Kristoren Komendadore Zalduna.
  • 1904, Carlos I. Portugalgo erregearen ganbera kantaria.
  • 1906, Franz Joseph austro-hungariar enperadorearen ganbera kantaria.
  • 1907, Bragançako Carlosek kondekoratua.
  • 1909, Vatikanoko Ohorezko Abeslaria, Pio X Aita Santuak izendatua.
  • 1909, Espainiako Alfontso X.aren Gurutzea.
  • 1910, Alfontso XIII erregeak Espainiako Seme Kutuna izendatua.
  • 1911an, Alemaniako Wilhelm II kaiserrak Reich-eko kammer sanger (ganbera kantaria).
  • 1920an, Italiako errege Vittorio Emmanuellek Italiar Koroaren Zaldun izendatua.

San Juaneko "Centro de Bellas Artes"ean, "Antonio Paoli" aretoa dago, 1.883 eserlekurekin.

Caguas hirian "Escuela Libre de Música Antonio Paoli" izenekoa dago.

Ponce hirian, Puerto Ricoko Unibertsitate Interamerikarrean "Teatro Paoli" antzokia dago.

1983an, bera bizi izandako etxea leku historikoen erregistro nazionalean sartu zuten.[9] [10] Urte berean, "Paoli Saria" ezarri zen; hasieran arte eta komunikabideetan nabarmendutako puertoricoarrak saritzeko sortu bazen ere, 1992ttik aurrera mundu osoko latinoamerikarrengana hedatu da.[11]

2005eko apirilaren 13an, Paoliren gorpuzkinak (eta Adina Bonini bigarren emaztearenak, 1978ko maiatzean hila) San Juaneko "Panteón Nacional Román Baldorioty de Castro" delakora aldatu zituzten, Gladys Nieves-ek eginiko bere estatua baten oinean ehortziz.[12][13]

2009ko urriaren 9an, AEB-etako gobernuak Ponceko etxea "U.S. National Register of Historic Places" delakoan sartu zuen.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Juan Llanes Santos (11 de agosto de 2009). «National Register of Historic Places Registration: Casa Paoli» (PDF). National Park Service. Consultado el 4 de diciembre de 2009. (19 pages, with maps and b&w historic photos and 5 recent color photos). Registration Form #2280 (NRHP# 09000769). Page 5.
  2. a b Amatiño. «Paoli tenore puertoricarra edota Irulegi espiritista nafarra» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  3. PRPOP
  4. a b c d Music of Puerto Rico
  5. «Wayback Machine» web.archive.org 2010-05-15 (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  6. (Gaztelaniaz) «Antonio Paoli – Fundación Nacional para la Cultura Popular | San Juan, Puerto Rico» prpop.org (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  7. López, Jesús M. (Jesús Manuel), 1935-. (1997). Antonio Paoli : "el león de Ponce" : la vida del célebre tenor : biografía analítica, anecdótica, crítica, cronológica, histórica, ilustrada y documentada : consta de un prólogo escrito por el gran tenor Giacomo Lauri-Volpi, preambulo, catorce capítulos y epílogo con catorce apéndices, además de un índice detallado de artistas y personas mencionadas en el libro y 425 fotografías y documentos. Ediciones Líricas Puertorriqueñas ISBN 0-9653433-0-8. PMC 37956267. (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  8. Fagoaga, Isidoro de.. (1975). Retablo vasco : Huarte, Ravel, Paoli, Gayarre, Eslava. Editorial La Gran Enciclopedia Vasca ISBN 84-248-0194-6. PMC 2332617. (Noiz kontsultatua: 2020-06-05).
  9. Casa Paoli
  10. Rivera, J. (2008). La Pregunta es... Cantante Mega Estrella. Boricuazo Tu Orgullo Nacional. Publicaciones Boricuazo Toa Alta, Puerto Rico 00953
  11. Premios Paoli. .
  12. (Gaztelaniaz) Fowlie-Flores, Fay; University of Puerto Rico (Ponce Campus); Centro de Estudios Puertorriqueños. (1988). Ponce, perla del sur: una bibliografia anotada. Centro de Estudios Puertorriqueños, UPR-Ponce PMC 19724063. (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  13. "Antonio Paoli: tenor de reyes y rey de los tenores." Patrimonio. Year 2 (January–June 1992) Issue 14. (Colegio Universitario Tecnológico de Ponce, CUTPO; Oficina Estatal de Preservacion Historica, OEPH).

Kanpo estekak aldatu