Nikolas II.a Errusiakoa
Nikolas II.a (errusieraz Николай II, Николай Александрович Романов, Nikolas Alexandrovitx Romanov) (San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1868ko maiatzaren 18a - Jekaterinburg, Errusia, 1918ko uztailaren 17a) Errusiako azken enperadorea edo tsar-a izan zen. Titulu ofiziala honako hau zuen: Nikolas II.a, Errusia Guztietako Enperadore eta Autokrata.
Bizitza aldatu
1894ko urriaren 20an hartu zuen agintaritza, Alexandro III.aren (bere aitaren) heriotzaren ondoren. Bere agintaldian zehar Errusiako inperioa munduko handienetako eta garrantzitsuenetakoa izatetik, gainbehera etengabean egotera pasa zen, bereziki 1914an Lehenengo Mundu Gerran sartu zenetik aurrera. Gerra horrek sortatuko miseria, gose eta zapalketa egoerak 1917ko Errusiar Iraultza ekarri zuen eta abdikatzera behartu zuten 1917ko martxoaren 17an. Handik urtebetera, iraultzaile sobietarrek bera eta bere familia guztia (emaztea, semea eta lau alabak) Jekaterinburgen hil zituzten, Uraletako herrixka batean. Heriotza horiek ikertu gabe egon ziren SESBak iraun zituen urte guztietan zehar (1918-1991).
2000. urtean, eztabaida handien ostean, Errusiako Eliza Ortodoxoak martiri aitortu zuen familia osoa, eta horren ondorioz, ortodoxoen artean santu titulua dute. 2008ko urrian, Errusiako Federazioko Gorte Gorenak Nikolas II.a, haren emaztea eta haien haurrak biktimatzat jo zituen[1].
Tolstoiren kritika Nikolas II.ari aldatu
Leon Tolstoi, ordurako mundu mailan izugarrizko itzala zuen idazleak, zera idatzi zion tsarrari:
« | Anaia maitea: Tratu hori egokiagoa iruditzen zait, gutun hau gizona-anaiarentzat baita, tsarrentzat baino gehiago. Errusiako herena prebentzio-egoeran dago; hau da, legez kanpo. Polizia uniformedunen eta sekretuen armada gero eta handiagoa da. Espetxeak eta desterratzelekuak gainezka daude: ehunka delitugile arruntez gain, preso politikoak eta, orain, langileak daude. Zentsura zentzugabe bilakatu da, eta garai okerrenetan baino debeku gehiago dago (...).
Eta gobernuaren ekintza gogor eta gupidagabe horren ondorioz, nekazariak (...) urtez urte behartsuagoak dira, eta gosetea ohiko bihurtu da (...). Autokrazia ez da gobernu mota iraunkorra. Agian, mundu osotik bananduta dagoen Erdialdeko Asiako herriren baten eskakizunei erantzuteko balio izango du, baina inola ere ez errusiar herriaren eskakizunei erantzuteko, gero eta ikasiagoa baita... |
» |
Leon Tolstoi, Gutuna Nikolas II.a tsarrari, 1902.
Erreferentziak aldatu
Kanpo estekak aldatu
- Nikolas IIa (Nikolas Alexandrovitx)[Betiko hautsitako esteka], euskadi.net