Deportivo Alavés futbol taldea, Arabako probintzia mugakideetan zegoen futbol zaletasunari esker jaio zen. Bere lehendabiziko urteetan Sport Friends zuen izena baina 1921. urteko urtarrilaren 23an izenez aldatu zen, Deportivo Alaves deitzeko. Taldea sortu zenetik orain arte, Alavesen lorpenik handiena 2001. urteko UEFA Koparen txapeldun-ordea izatea da.
Talde "Babazorroak" 1920/21 denboraldian, B seriean egin zuen debuta talde profesional bezala. Hurrengo urtean, Ciriaco, Quincoces, Antero, Roberto eta Modesto jokalariak fitxatu zituen. Hauek gainera talde honetako lehenengo nazioarteko jokalariak izan ziren, Amsterdamgo Olinpiar Jokoetan jokatu zuten.
1928an Espainiako liga sortu zen eta Alavés bigarren mailan ezarri zuten. Urte horretan Errege Kopako final laurdenetara iritsi zen eta lehen mailara igotzea lortu zuen hiru urtez egon zen bertan. 1930an Bizkaiko txapelketa irabazi zuen. 1932an azken postuan gelditu eta jeitsi egin zen. Arazo ekonomikoen erruz bigarren mailan ere azken postuan gelditu eta hirugarren maialra jeitsi zen. Gerra Zibilaren garaian Estatu mailako txapelketan ez ziren jokatu baina eskualdetakoak bai, eta Alavések bi txapelketa irabazi zituen, (1930an), Nafarroakoa (1938an) eta Gipuzkoakoa (1939an).
Liga txapelketa berreskuratu zenean bigarren mailan ezarri zuten taldea baina hirugarren mailara jeitsi zen. Dena dela, aipatzekoa da 1939ko Errege Kopan berriz ere Erre Kopako final erdiak jokatu zituela eta Sevillak ozta-ozta garaitu zuela, Andaluzian 6-5 galdu baitzuten arabarrek eta etxean 1-1 berdindu. Hurrengo urteetan hirugarren mailan jokatu zuen eta 1946an talde apalek jokatzen zuten Federazioaren Kopa irabazi zuen finalean SD Suecari 3-2 irabaziz.
1951ean bigarren mailara igo eta 1954an berriz igo zen lehen mailara. Bi urtez egon zen bertan, lehenengoan 10. postuan bukatu zuen eta bigarrenean 14. egin eta jeitsi egin zen. Bi urte horietan Bixente Etxeandia aretxabaletarra izan zen golegile nagusia, 21 gol sartu zituen. Hurrengo hiru hamarkadak bigarren maila eta hirugarren mailan aritu zen. Garairik eskasena 1964 eta 1974 arteko hirugarren mailako denboraldiak izan ziren. 1974an berriz bigarren mailara igo eta kategoria honetako talde klasikoa bihurtu zen, baina inoiz ez zen aurreko postuetan sailkatu, posturik onena 8.a izan zuen. Urte horietan jokalari garrantzitsuak izan zituen Alávesek, Jorge Valdano, Ortigosa, Pavón, Urquía, Uriona eta Sánchez Martín besteak beste. 1983an bigarren B mailara jeitsi zen. 1986an 5. egin zuen baina arazo ekonomikoengatik hirugarren mailara jeitsiarazi zuen Federazioak. Taldea desagertzear egon zen berriz ere.
1989-90 denboraldian, enpresaburu talde batek Alaves futbol taldea erosi zuen eta 5 urtez jarraian bigarren mailara igotzeko Play off-ak jokatu ondoren, 1995eko ekainaren 21ean lortu zuen, Txutxi Arangurenek taldea bere aginduetara zuelarik. Hiru urte geroago, 1998an, lehenengo mailara igo zen berriz. Urte honetan Errege Kopan txapelketa bikaina egin zuen, tartean Real Madril eta Deportivo de La Coruña kanporatu baitzituen. Finalerdietan ordea RCD Mallorcak utzi zuen finala jokatzeko aukerarik gabe.
Lehenengo mailako aurreneko denboraldian mantentzea lortu zuen baina azken partida arte itxaron behar izan zuen. Hurrengo denboraldian, ligan 6. postuan gelditu zen. San Mamesen jokaturiko azken partida galdu ez balu laugarren ere egingo zuen Deportivo Alaves-ek. Lorturiko postuari esker UEFA Kopara sailkatzea lortu zuen. Gaziantepspor, izan zen Alaves-en lehenengo aurkaria UEFA-n. Ibilbide arrakastatsua izan zuen txapelketan, Lillestrøm SK, Rosenborg BK, Milango Inter, Rayo Vallecano eta FC Kaiserslautern kanporatuz. Azkenean finalera iritsi zen eta ez zen partidu makala izan, Liverpool FC-ren aurka jokatu eta 5-4ko emaitzaz galdu zuen, luzapenean sarturiko "urrezko golak" erabaki zuen txapelduna. Baliteke Alaves-ek bere historian zehar eginiko partidurik onena izatea. Egia esan, talde biek UEFA irabaztea merezi izan zuten, baina tamalez txapelduna talde bakarra izan daiteke. 2001. urte hartan erabakigarria izan zen Javi Moreno aurrelariaren lan bikaina. Taldeak ere hainbat meritu izan zuen, UEFA txapelketan historian gol gehien sartu zuen taldea izan zen (36 gol), eta finalera iritsi zen lahan talde debutaria ere izan zen. Azkenik "zale onenen saria" ere eman zion UEFAk. UEFA-ko partidu guztietan, Alavesek bazkide guztien izenak zeramatzan kamiseta janzten zuen bazkideak omentzeko asmoz. Bitxikeria gisa aipatuko behar da kolore arroxa erabili zuela eta Europan "Pink team" izenaz ezagutu zen.
Urte hartako partidu ugarien eraginez ligan 10. egin zuen baina 2002an berriz ere 7.a izan zen eta berriz Europan aritzeko aukera izan zuen. Ez zen ordea hain arrakastatsua izan eta Beşiktaş JK-ek bigarren itzuliak kanporatu zuen, Gasteizen 1-1 berdindu eta Istanbulen 1-0 galdu baitzuten arabarrek. Hurrengo urtean 17. postuan gelditu eta bigarren mailara jeitsi zen. Bigarren mailako lehen denboraldian laugarren egin zuen eta Errege Kopako finalerdietara iritsi zen berriz. Oraingoan Zaragozak kanporatu zuen.
Arazo ekonomiko larriak zituen Alavések eta 2004an Dimitri Piterman ukrainarrak taldearen akzioen %51 erosi zituen. Fitxaketa handiak egin eta berriz lehen mailara itzuli zen baina denboraldi bakarra egin zuen bertan.[3]Sentimiento Albiazul zale taldeari "jendaila" deitu eta udaletxearen aurka epaitegietara joateko mehatxuak egin zituenean zale, jokalari eta instituzioekin erlazioak nabarmen okertu ziren.[4] Nominak ez ordaintzen hasi zenean egoera asko okertu zen. Azkenik 2007an Pitermanek taldea utzi zuen. Hiru urte hauetan taldearen zorra 3 milioi eurotatik 23 milioitara pasa zen.[5] 2009an bigarren B mailara itzuli zen. Lau urte egin zituen bertan.
2012an liga irabazi eta play-offetan Real Jaén garaituz lortu zuen bigarren mailara itzultzea. Lehenengo denboraldia ez zen erraza izan eta azken partida erabakigarria berriz ere Jaénen jokatzea egokitu zitzaion. Talde bientzat zen erabakigarria, irabazten zuena salbatu eta galtzailea bigarren B mailara jeitsiko baitzen. Partida zoroa izan zen azken zortzi minututan 1-0tik 2-3ra aldatu baitzen markagailua. Guzmánek luzapenean sarturiko golak salbatu zuen Alavés. Hurrengo denboraldia lasaiagoa izan zuen eta une batzutan igoera play-offari begiratzen egon zen arren azkenean erdialdean amaitu zuen. 2016an berriz Lehen Mailara igotzea lortu du azken aurreko jardunaldian Numanciari 2-0 irabazita. Bigarren mailako txapelduna ere izan zen gainera.
2017an, Futboleko Espainiako Errege Koparen finalerako sailkatu zen, historia osoko bigarren balentriarik handiena, baina finalean FC Barcelonak garaitu zuen 3-1 emaitzaz. Ligan 9. postuan gelditu da azken txanpa ikusgarria egin ondoren.
2017-18 denboraldia ordea ez zuen ondo hasi. Lehen bost partidutan ez zuen punturik lortu ez eta golik sartu ere, Ligaren historiako errekor negatiboa da. Bi entrenatzailerekin probatu eta emaitza txarrengatik kanporatu ondoren Abelardo Fernández fitxatu eta egoera irauli zuen, partida ugari irabaziz eta hainbat jardunaldiren faltan salbatzea lortuz. Hurrengo denboraldia bide beretik ekin zion lehen itzuli bikaina eginez. Txapeldunen Ligako postutan izan zen hainbat jardunalditan, baina bigarren itzuli eskasa egin eta 11. postuan amaitu zuen. 2019-20 denboraldian okerrago ibili zen, COVID-19 pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren bereziki, baina azkenean mantentzea lortu zuen.
2021-22 denboraldia Alavésen mendeurreneko denboraldia izan zen eta horren omenez 1921. urteko aurreneko elastiko eta galtzak erabili zituen. Kirol arloan ordea denboraldia eskasa izan zen eta zazpi urteren ondoren maila galdu zuen Levanteren aurkako partidan. Hurrengo urtean play-offak jokatu zituen eta juxtu Levanteren aurka lortu zuen berriz lehen mailara igotzea, luzapenaren azken minutuan sarturiko penaltiari esker.
2023-24 denboraldia lasaia izan zuen. Lau jardunaldiren faltan ziurtatu zuen mantenduko zela eta azkenean partida zail batzuk irabazi eta 10. postuan amaitu zuen.
Alavesen ereserkia Alfredo Donnay gasteiztar musikariak 1950eko hamarkadan idatzi zuen, gaztelaniaz. Abian ipini zuten ereserkia euskaraz egiteko proiektua, Dmitry Pitermanek antolatu baitzuen lehiaketa. 10.000 euroko saria emango zen, eta zaleek sakelako telefonoaren bitartez bozkatuko zuten, baina azkenean bertan behera gelditu zen asmoa.
Mendizorrotzeko futbol zelaia, 1924. urteko apirilaren 27an inauguratu zutena, Cervantes Pasealekuan kokaturik dago, udal-igerilekuak eta Estadio Fundazioaren ondoan. Hala ere, Alavesek UEFA Kopan parte hartu zuen urtean birmoldatu zuten, 105x67 metro eta 19.981 zaleentzako zelaia utziz.
2005. urtearen hasieran inauguratu zuten bere barrukaldean trofeoak erakusgai egon zitezten. Hantxe, UEFA-ren txapeldun orde eta Alaveseko zaletuei Europako zalegorik hoberena izateagatik eskaini zizkieten trofeoak daude, Dmitry PitermanenSalvador Daliren koadroez gain.
José Baonza (1929-1931): Taldea lehenengo aldiz Bigarren Mailako txapelduna izan zen eta ondoren bi denboraldiz Lehen Mailan jokatu zuten entrenatzaile honekin.
Carlos Caballero (1951-1955): Berarekin Alavesa bigarren aldiz Bigarren Mailako txapelketa eskuratu zuen eta hurrengo urtean Lehen Mailan jokatu zuten.
Marco Antonio Boronat (1997-98): Hirugarren eta azken aldiz lortu zuten txapeldunak izatea Bigarren Mailan.
José Manuel Esnal (1998-2003): Bost denboraldiz egon ziren Lehen Mailan berarekin, inoizko tarterik luzeena, eta tartean eskuratu zuten taldeko lorpenik handiena, UEFA Kopan txapeldunordeak izatea alegia.
Jose Gabriel de Ginea (1923-28): Historiako bigarren presidentea izan zen, Mendizorrotzeko zelaia inauguratu zuena.
Jose Maria Aresti (1947-51): Alavesak bere agintaldiko azken urtean Bigarren Mailarako igoera erdietsi zuen, hainbat urtez horretarako borrokatu ostean.
Carlos Caballero (1951-55): Taldeak bigarren aldiz Lehen Mailarako igoera lortu zuen.
Juan Arregi (1958-59, 1974-76 eta 1989-98): Hiru tarteetan zehar ibili zen presidente moduan, luzeena azkena eta 7 urtekoa izan zelarik.
Dimitry Piterman (2004-2007): Taldea 20 milioi eurokoa baino zor handiagoarekin utzi eta desagertzeko zorian egon zen Saski Baskoniak (Joxean Kerejetak) erosi zuen arte.
Iraultza 1921 taldea 2012an eratu zen, hasiera batean "ALAVES HIL ARTE" izenarekin, 2014ko martxoan, "Iraultza 1921 Fanatics"era aldatu zuten arte, Alavésen peña ezberdinak batu eta animazioa piztu zuen helburu (Alaves Gare, Eztanda Norte, Sport Friends, Iraultza Albiazul, Gasteizko Hintxak eta Fondo Tufarra, besteak beste). Ideoloagia politiko ezkertiarra eta antifaxista dute haien ekintzetan eta abestietan adierazten duten bezala. "Alaveszale, Abertzale, Antifaxista" esan daiteke dela haien leloa, nahiz eta taldeak hitzez adierazi ez duen.
Uztauka Arropa Denda dute egoitza ofiziala eta, hasiera batean 800 bazkide inguruk osatzen zuten arren, 2000 izatera heldu dira. Gogotsu aritzen dira Alavés animatzen, hala Mendizorrotzan nola kanpoko zelaietan giro ikaragarria sortuz eta kanpoko zaletuak liluratuz. Iraultza 1921 Fanatics sortu zenetik, taldeak mailaz igo besterik ez du egin 2016. urtean 1. mailarako igoera lortu zuen arte. 2017an, Errege Kopako finalera heldu zen Deportivo Alavés eta 20.000 bat zaletuk bultzatu zuten taldea amaierara arte. Harmailetan, zelaian ez bezala, garaipena lortu zuten Babazorroek, argi eta garbi.
2017-2018 denboraldian, ikustaldi ederra ari dute ematen, norgehiagoka bakoitzean tifo izugarriak ateratzen eta epaileak txistua jotzen duen arte, etengabe abesten. Hain ari dute ikuskizun handia eskeintzen, ezen, Europa mailan ere, askoren ahoetan dagoen.
Animatzeaz aparte, hainbat ekintza berezi ere antolatzen dituzte, bai Alavés bultzatzen dutenak baina baita bestelako ekintzak ere, esate baterako gerra eremuetan dauden errefuxiatuentzako arropak bidaliz, janari bilketak antolatuz, sexismoaren aurkako ekintzak antolatuz edota Gasteizko jaietan Txosna bat antolatuz.[6]