Arditurriko erromatar meatzeak

Arditurriko erromatar meatzeak goi inperio garaitik 1984 arte ustiatu dira. Ustiaketak Aiako harriko granitozko mendigunearen aureola metamorfikoarekin lotuta daude; Arditurrikoekin batera, Gipuzkoako Irun eta Oiartzungo udalerrietan eta Nafarroa Garaiko Bera eta Lesakan, meatze-esparru asko ezagutzen dira mendigunean. Aiako harriko meategiek Oiasso erromatar civitas-ak meatze-eremu bat zuela pentsatzearen aukera ematen dute.

Lehen aipamenak

aldatu

Aiako harriko erromatar meatzaritza 1804an ezagutarazi zen; Johann Wilhelm Thalacker ingeniari alemaniarrak, Karlos IV.a erregearen mandatuz, Oiartzungo Jose Antonio Seinen Arditurriko meategiak bisitatu zituenean, haiei buruzko txosten zabal bat idatzi zuen. Txosten hartan mende luzeetan ia aldatu gabe egon ziren 40 galeria eta 82 putzu deskribatu zituen, eta, meategiaren garrantziari zegokionez, Cartagenakoen, Rio Tintokoen edo Las Medulas-ekoen parean jartzen zituen Arditurrikoak. [1]

1908an, berriz, Francisco Gascue Murgak, Arditurriko ingeniariak, idatzitako artikulu batean aipatu zuen Arditurrin 15-18 kilometro arteko erromatar galeriak zeudela eta deskribatu zituen.[2]

Geroko meatzaritza lanekin erromatarrek egindako pasabideetako asko hondatu egin ziren, zabaldu egin zituzten lana errazteko, eta, meatzaritza-teknikak aldatu ahala, aire zabaleko ustiaketa ere izan zen.

Esku-hartze arkeologikoak

aldatu

1983-87 artean izan ziren lehen esku-hartze arkeologikoak Arditurrin. 1983an 9 erromatar galeria katalogatu zituzten, 1984an hiru galeria galdu baziren ere itxierarekin batera; 1987rako Arditurri eta inguruko beste ustiaketa batzuk aztertuta (Altamira, Zubeltzu, Oiakineta eta Belbio) erromatar meatzaritzako 22 unitate aurkitu zituzten.

1996an zundaketa arkeologiko txikiak egin ziren, 1 m x 1 m-ko katak, galerien barruan metaturiko betegarrietan. Laginen bidez, analisi tipologikotik lortutako kalkulu kronologikoak baieztatzeko informazioa lortu nahi zen. Egindako zundaketek emaitza positiboak eman zituzten, eta, ondoren, garrantzi handiagoko esku-hartze arkeologikoak egiteko bidea prestatu zuten.

2000-2004 aldian Aiako harriaren natura parkearen deklarazioan jasotako eremuko meatze-baliabide guztiak aztertu ziren, eta elementu arkeologikoak ondare-balorazioaren ikuspegitik aztertu ziren, bai babesteko, bai epe luzeko ekintzetan balioa emateko.

Emaitzen alderdirik garrantzitsuena Aiako harriko mendiguneko ustiapenak bilduko lituzkeen erromatarren garaiko meatze-esparrua izan zen. Gipuzkoako Irun eta Oiartzungo udalerrietatik hasi eta Nafarroako Bera eta Lesakara, bertan behera utzitako meatze-barruti asko ezagutzen dira. Erromatarren garairako, meatze-esparruaren egoitza Oiasso izango zela pentsatu da.

Laugarren eta azken fasearen eszenatoki nagusia Arditurriko meatze-barrutia da. Bertan sozializazio-plan bat jarri da abian, besteak beste, meategi nagusia jendearengana iristeko gaitzea, interpretazio-zentro bat jartzea eta jarduera-programan integratutako ikerketa arkeologikoen plana egitea. Honen emaitza Arditurri. Meazuloetan barrena izango da.[3]

Arditurriko meatze-barrutiko esku-hartze arkeologikoak hasi zirenetik adibideak gehituz joan dira eta 70 erromatar meatze-unitate baino gehiago dituen katalogo bat osatu da.[4]

Meatzen testuinguru kronologikoa

aldatu

Orain arte berreskuratutako informazioek erakusten dutenez, Aiako harriko meatzetan K.a. 10. urtearen inguruan hasi zen okupazio bat, Kantabriar Gerrak amaitu ondoren; I. mendean zehar iraun zuen, eta ez dirudi II. mendea baino haratago hedatu zenik. Jardueraren bi mende horietatik, adierazle garrantzitsuenak K.o. 50. eta 150. urteen arteko aldiari dagozkio.[3]

Ustiatutako materiala

aldatu

Erromatarrek galena zilarduna ateratzen zuten Arditurrin. Galena berun sulfurozko (PbS) minerala da, eta askotan zilarra izaten du nahastuta.[5] Zilarraz gain, zink, burdina, kobre eta fluor espato mineralak erauzi zituzten.[3]

Aiako harriko erromatar meatzaritza Pirinioetako meatzaritzarekin lotu behar da. Bertan, Kanbo inguruko urre ustiaketak nabarmentzen dira, besteak beste, Zesarren zelaia (Camp de César), alubioi-urrea lortzeko adibidea ruina montium prozeduraren bidez.[6]

Deskribapena

aldatu

Erromatarren meategien erara, galeriek ganga dute, kanoi-erdikoak zein lauak. Sekzioak estandarizatuak dira, 1,80 m inguruko altuerakoak eta 0,90 m-ko zabalerakoak, pikotxarekin egindako arrastoekin hormetan.  Metro gutxi batzuetan, hormetan zulo txiki batzuk tartekatuta daude, argi-kriseiluak uzteko balio zutenak. Horrela argitzen zuten bidea eta lanerako gunea. Beheranzko korridoreak direnean, lurzorua mailaz mailakatzen da. Putzuak, hamarnaka metroko jauziekin, gutxi gorabehera 1,10 m-ko diametro eta aldeak zituzten. Beste lan mota batzuk ere badaude: gela txikiak, hozkadurak, tximiniak, gozamenerako hutsune handiak, etab.

Gipuzkoan erromatar meatzaritzaren 24 adibide ezagutu dira. Denak, bi izan ezik, Aiako harriaren inguruan daude, eta Arditurri aldea nabarmentzen da hamar adibiderekin.

1. Arditurri 1

60 m-ko galeria horizontala. Marra erromatarrak galeriaren amaieran eta plano inklinatuan ikusten dira sarreratik 20 m-ra. Kanoi erdiko ganga du eta sekzio biribildua.

2. Arditurri 2

Ustiapen modernoko meatzea. Aztarna erromatarrak 55 m-ko beheranzko galeria bati dagozkio. Galeria hori, altuera ertainean, obra berriek mozten dute. Kanoi erdiko ganga eta oinarrian mailak ditu.

3. Arditurri 3

Beheranzko galeria batez osatutako multzo erromatarra, oinarrian mailak dituena, eta galeria horizontal batetik sartzen da. Lehenengoak 19 m-ko luzera du eta bigarrenak 80 m. Sekzio biribilduak eta kanoi erdiko gangak.

4. Arditurri 4

Galeria horizontala, sarreratik bi edo bost metrora dagoena, 3 eta 2 m-ko luzerekin, hurrenez hurren; sekzio biribilduak. 1983tik 1986ra bitartean suntsitu zuten, Santa Barbara harrobiagatik.

5. Arditurri 5

25 m-ko luzera duen galeria horizontala, ustiapen modernoek asko aldatzen dutena, azken tartea izan ezik, hor aztarna erromatarrak ikusten baitira. 1983tik 1986ra suntsituta, Santa Barbara harrobiagatik..

6. Arditurri 6

13 m-ko galeria horizontala, sekzio biribildua eta kanoi erdiko ganga. Santa Barbara harrobiaren aurrerapenean suntsitua.

7. Arditurri, 7

33 m-ko galeria horizontala, azken 3 metroetan beheranzko inklinazioa duena. Sarreratik 7 m-ra 8 m-ko luzera duen beste galeria bat dago. Sekzio biribilduak eta kanoi erdiko ganga. 1983tik 1986ra suntsitu zuten, Otsamantegi harrobiak aurrera egin zuelako.

8. Arditurri 8

Galeria horizontala, 20 m-ko ibilbidekoa. Bukaeran bakarrik gordetzen ditu ezaugarri erromatarrak. Ukondo egiten duen galeria batean daude, sarreratik 8 m-ra, eta beherantz doan galeria batean, oinarrian mailak dituela, eta ustiategiaren amaieran dagoela, zeharka. Otsamantegi harrobiaren aurrerapenak suntsitu zuen.

9. Arditurri, 9

15 m-ko beheranzko galeria, oinarrian koskak eta ganga dituena kanoi erdia. Santa Barbarako harrobiaren aurrerapenak suntsitua.

10. Arditurri 10

Beheranzko galeria, 38.5 metroko tartea duena. Ganga laua nabarmentzen da. 22 m eta 14 m-ko galerietan adarkatzen da. Ibilbide osoan eskailera-mailak daude oinarrian, jaitsiera errazteko. Kriseilu-disko bi zati eta mineralizatutako zurezko kirten bat jaso dira, meatze-pikatxoi batena ziurrenik.[7]

Mineralak tratatzeko prozesuak

aldatu

Mineralari ezpurutasunak kendu eta partikula puruenak hautatzeko xehatu egiten zen; ondoren, askako uretan dekantatzen zen. Mea urtzea meatzetik hurbil egiten zuten, oraindik ere beruna eta zilarra nahasian zituen produktu bat ateratzen zuten. Galena berun-mineral zilarduna denez gero, lehen galdaketak nahasirik ematen zituen bi metalok: zilarra eta beruna. Bigarren galdaketan, kupelatzean, zilarra berunetik bereizten zen, oxidazioz bereizten zituzten. Izan ere, berunak eta zilarrak oxigenoarekiko afinitate desberdina daukate (beruna errazago oxidatzen da zilarra baino)[5][8]

Erromatarren meatze-ustiapenerako teknikak

aldatu

Torrefakzio metodoa

aldatu

Zuloak edo pasabideak irekitzeko erabiltzen zuten metodoa; egurrekin sua egiten zuten arrokaren kontra, eta berotzen zenean, arroka puskatu egiten zen. Ondoren pikotxa erabiltzen zuten hormak leuntzeko eta forma emateko.

Cuniculus teknika

aldatu

Arditurriko cuniculus-a ingeniaritza hidrauliko erromatarraren lan garrantzitsua da. Lanean jarraitzen du gainera, esparruaren antzinako ustiapen handien goiko mailak lehorrean mantenduz.

Ingeniari erromatarrek 425 m-ko ibilbideko lurpeko akueduktu bat egin eta eraiki zuten. Gaur egun, oraindik ere, errekaren ezkerraldeko iragazpenak jasotzen eta husten jarraitzen du, ustiatze-eremutik igarotzean ur-laminatik -15 m-ra dagoen kotan. Zuinketa topografia-lan konplexua izan behar zuen, eta cuniculi sistemarekin egin zen, hau da, putzu bertikalak eta lerrokatuak irekiz. Putzu horietatik, kontraminatze-lanetan, drainatze-galeria ireki zen. [3]

Erreferentziak

aldatu
  1. Urteaga, Mertxe (2004): Las "noticias y descripción de las grandes explotaciones de unas minas antiguas situadas al pie de los Pirineos y en la provincia de Guipúzcoa" de Juan Guillermo Thalacker (1804), Boletín ARKEOLAN, 12, 45-102 orr.
  2. Gascue, Francisco, Los trabajos mineros romanos de Arditurri (Oyarzun), HEDATUZ liburutegi digitala, Eusko ikaskuntza.[Betiko hautsitako esteka]
  3. a b c d Urteaga, Mertxe (2012): El acueducto subterráneo, cuniculus, de Arditurri y otros modelos de drenaje y evacuación de aguas en el distrito minero romano de Oiasso (Gipuzkoa), in L’eau : usages, risques et représentations, Revue Aquitania.
  4. Urteaga Artigas, Ma. Mercedes (María Mercedes). (2011). Erromatar arkeologia Gipuzkoan = Arqueología romana en Gipuzkoa. Diputación Foral de Gipuzkoa ISBN 978-84-7907-669-6. PMC 814303763. (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  5. a b Rementeria Argote, Nagore (2005), Arditurri, mendeetan aberastasun-iturri, Elhuyar aldizkaria (orain Zientzia.net-en)
  6. Béatrice Cauuet, Călin G. Tămaș (2017): Une source de l’or pyrénéen et son exploitation dans l’Antiquité, Treballs d’Arqueologia, núm. 21, p. 205-222
  7. Urteaga, M. (1997): “Minería romana en Gipuzkoa”, Isturitz, 8, 513[Betiko hautsitako esteka]
  8. Urteaga Artigas, María Mercedes.. ([2002]). Erromatar garaia. Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentua = Diputación Foral de Gipuzkoa, Departamento de Cultura, Euskera, Juventud y Deportes ISBN 84-7907-351-9. PMC 433342599. (Noiz kontsultatua: 2020-04-30).