Atlantida

Platonen idatzietan deskribatutako historiaurreko "kontinente" urperatua

Atlantida (grezieraz Ἀτλαντὶς νῆσος, euskaraz "Atlasen uhartea") Greziar mitologiaren kondairazko uharte edo kontinente bat da, lehenbiziko aldiz K.a. 360. urtean Platonek Timeo eta Kritias solasaldietan aipatua.

Athanasius Kircher's alemaniar jesuitaren Atlantidaren mapa, honek Ozeano Atlantikoaren erdian kokatu zuelarik. 1669an Amsterdam hirian argitaratutako Mundus Subterraneus idazlana. Mapan hegoaldea goialdean ezarria dago.

Platonen arabera Atlantida "Herkulesen Zutabeetatik haratago" zetzan itsas potentzia bat zen. Honek Solonen aroan, K.a. 9600. urte inguruan, Mendebaldeko Europa eta Afrika konkistatu omen zituen. Atenas konkistatzeko saiakerak porrot egin ondoren, "zorigaiztoko egun eta gau bakarrean" ozeanoan hondoratu omen zen.

Aditu eta ikartzaileek Platonen kontakizunean antzinako usadioek nolako eta zenbateko eragina izan zuten eztabaidatu ohi dute. Kritias idazlanean, Platonek bere antzinako Atenas eta Atlantidari buruzko kontakizunaren iturria K.a. VI. mendean Solon greziar legegizonak Egiptora eginiko bisitan zetzala zioen. Egipton Solonek, Sais apaizarekin topatu eta honek aurretik egipziar jeroglifikoz idatzitako papiroetan gordetako kontakizuna grezierara itzuli omen zuen.

InterpretazioakAldatu

Antzinaroa eta Erdi AroaAldatu

Badira zenbait idatzi zahar, Antzinaroko egileenak, Platonek Atlantidari buruz eginiko erreferentzia gaitzat dutenak. Estrabonek, K. a. I. mendean, Posidonioren (135-51 K.a.) iritziarekin bat datorrela dirudi, alegia, Platonen kontakizuna asmakizuna ez zela babesten zuen. Handik mende batera, Plinio Zaharrak Historia Naturala lanean adierazi zuen Platonen kontakizuna egiazkotzat hartuz gero, antzina Itsaso Atlantikoak lur ugari bereganatu zituela onartu beharko litzatekeela. Plutarkok II. mendean ustez Soloni Atlantidaren istorioa kontatu zioten apaizen izenak eman zituen: Saiseko Sonkhis eta Heliopoliseko Psenophis, biak ere ezezagunak aurreko idazleentzat. Bestalde, V. mendean, Timeo iruzkintzen zebilela, Proklok Krantorrek (K.a. 340-290, gutxi gorabehera), Atenasko Akademiako filosofoak, Egiptora bidaiatu zuela adierazten du, eta gizon honek Solonek entzundako istorioa idatzita ageri ziren estelak ikusi zituela. Alabaina, Prokloren idatzia oso zalantzagarria da eta pentsa daiteke estelak Platonek berak ikusi zituela eta Proklok ez duela istorioaren egiatasunari buruz erabakirik hartu nahi. Diodoro Sikulok Itsaso Atlantikoan uharte bat dagoela dio, emankortasun handikoa eta kartagotarrek aurkitua, baina ez du inoiz Atlantida izenarekin adierazten. Gainera, sakonki aipatzen ditu uharte horretako biztanleak, zeinak libiar tribu bat ziren, atlantiarrekin loturarik egin gabe. Klaudio Elianok ere aipamena egiten dio Atlantidari, Teoponpok aldiz aipamen parodikoa egiten dio.

Erdi Aroan, Tesalonikako Eustaziok Atlantidari aipamena egiten dio Dionisio Periegeta lanari eginiko iruzkinean. Uharteari buruzko iritzi jakitun bakarra da, izan ere, istorioak ez zuen harrabots handirik sortu, nahiz eta jakitunek ezagutu. Aro honetan zehar Itsaso Atlantikoko ustezko lurraldeei buruzko elezaharrek, hala nola, San Brendan edo Hy Brasil bezalako uharteak gaitzat dituztenek, Atlantidaren istoriotik hainbat elementu hartu zituzten.

Aro ModernoaAldatu

Berpizkundean elezaharra humanistek berreskuratu zuten, zeinek batzuetan ahaztutako jakinduria geografiko gisa hartzen zuten, baina baita iturburu utopiko baten sinbolotzat ere. Alfonso Reyes Ochoa idazle mexikarrak Atlantidaren elezaharraren berreskurapenak Amerikaren aurkikuntzan lagundu zuela babesten du. Francisco López de Gómara idazleak ere, bere Historia General de las Indias (euskaraz, Indien Historia Orokorra) lanean, 1552an argitaratua, Kolonek Atlantidaren elezaharraren eragina jaso izana pentsatzea bideragarria dela adierazten du. Idazle honek ere náhuatl arl (euskaraz, ura) hitzean azteka eta atlantiarren arteko lotura ikusten du. XVI eta XVII. mendeetan zenbait uharte (Azoreak, Kanariar Uharteak, Antillak, etab.) desagertutako kontinentearen arrasto gisa agertu ziren mapetan. 1626an, Francis Bacon filosofo ingelesak The New Atlantis (euskaraz, Atlantida Berria) lana argitaratu zuen, zeina arrazoian eta aurrerapen zientifiko eta teknikoetan oinarritutako gizarte utopiko baten aldarria den. 1673an, Espainian, José Pellicer de Ossau kronikariak Atlantida Iberiar Penintsula adierazteko baliatutako hitza zela adierazten du, hala, atlantiarrak tartesiar misteriotsuekin lotu zituen.

Aro GaraikideaAldatu

Atlantidaren izatea babesten zuten lan guztiak baztertuak izan ziren 1950eko hamarkadan kontinenteen jitoaren teoria hobetsia izan zenean zientziaren aldetik. Horregatik, "kontinente galduaren" teoriaren babesleek aldatu egin dute haien ikusmoldea eta egun teoria babesten dutenek diote Platonek jada ezaguna den lurralde bati egin ziola erreferentzia, berarentzat ezezaguna zena.

Uholde nagusiaren aurreko herriaAldatu

XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera Atlantidaren mitoa zabaltzen hasi zen eta ospea ere lortu zuen gizartean. 1869an, Jules Verne idazle ospetsuak Hogei mila legoako itsas bidaia eleberria idatzi zuen, zeinaren IX. kapituluan protagonistek Atlantidaren urpeko arrastoak aurkitzen dituztela deskribatzen den. Beranduago, 1883an, Ignatius Donnelly estatubatuar kongresistak Atlantida: uholde nagusiaren aurreko mundua. Eleberri horretan Donnellyk, Antzinako Egiptoko eta Erdialdeko Amerikako kulturen artean dauden zenbait antzekotasun aditzera ematen ditu eta hortik, batzuetan era nahiko zalantzagarrian, aurrekari eta behaketa batzuk aintzakotzat hartuta, antzina gizadiaren jatorria izan zen lurralde bat egon zela ondorioztatzen du, gaur suntsitua dagoena. Suntsipen hori azaltzeko, agian, Biblian agertzen den uholde handia hein batean egiazkoa dela adierazten du eta antzinaroan eurite ugariko garairen bat egon zela, Atlantida suntsitu zuena. Lurralde horretatik hedatu omen zen gizaki aurreratu kulturaduna munduko gainerako lurretara. Donnellyren liburuak arrakasta handia izan zuen eta urte batzuetan zehar haren teoriak itxurazko zentzu eta egiantza izan zuen, horregatik, britainiar gobernuak Azoreetan espedizio bat burutu zuen, zeinetan kokatu behar zen Atlantida, Donnellyren arabera. Ez ziren ordea antzinako zibilizazioaren lorratzik topatu eta hala, teoria ahazten joan zen; liburuaren azken argitalpena 1976an izan zen.

Atlantida esoterikoaAldatu

Donnellyren arrakastak beste hainbat idazle bultzatu zituen haien teoriak argitara ematera. 1888an, Madame Blavatsky okultistak Doktrina Sekretua lana argitaratu zuen, zeinetan Dzyanen Liburua izeneko idazkiari aipamena egiten zion. Idazki hori tibetarra zela adierazi zuen, baina bere egiazko jatorria Atlantidan zuela. Blavatskyren arabera, atlantiarrak gu baino lehenago existitu ziren gizaki arraza bat izan zen, garapen zientifiko eta espiritual nabarmena lortu zuena.

Thule Elkarteak ere Atlantida ikertzeari ekin zion. Nazien mistizismoa eta ariar arrazakeria nagusi zen garai honetan, Heinrich Himmler jeneral naziak 1938an ariar arrazaren ustezko arbaso atlantiarrak aurkitzeko hainbat espedizio bidali zituen. Bien bitartean, Karl Georg Zschaetzsch idazleak Atlantis: Die Urheimat der Arier (1922, euskaraz: Atlantida: Ariarren Jatorrizko Bizilekua) eleberria argitaratu zuen eta Alfred Rosenbergek Atlantidari aipamena egin zion Der Mythus des zwanzigsten Jahrhunderts (1930, euskaraz: Hogeigarren mendeko mitoa) eleberrian.

Euskaldunen jaioterri galduaAldatu

AtalaintikaAldatu

 
Platonen Timeo eta Critias solasaldietan Atlantidari buruz hitz-egiten diote Soloneri Sais tenploko apaiz egiptziarrek

Charles Berlitz (1914-2003 †) The Bermuda Triangle[1] liburuan munduko mapa batetan Atlantidaren elezaharrek agertzen zituzten lurraldeak kokatu zituen. Hauen artean Euskal Herria azaltzen da eta Atlantida izendatzeko modua Atalaintika dela dio mapan.

Euskara giltzarriAldatu

The Mistery of Atlantis[2] liburuan euskara Atlantidako hizkuntza dela jasotzen du Berlitz-ek, hau baieztatzeko euskararen bereizitasunak aurkezten ditu frogatzat eta aurrerago "aita" hitza hartu eta beste hizkuntza batzuekin konparatuz (hizkuntza horiek munduan zehar sakabanatutako lurralde desberdinetik etorri arren) parekotasuna dagoela dio.

Beste ikerle askok ideia berdina aldarrikatzen dute euskaldunak Atlantidaren azkenekoak direla defendatzeko.

The treasure of the Sphinx liburuan jasotakoa ere ez da gutxi. Hizkuntza preindoeuroparrak euskal misiolari bati Guatemalako biztanleekin hitz-egiteko baliagarria izan zitzaiola dio elezaharrak. Erdialdeko Amerikako Quetzalcoatl eta Sugaarren parekotasuna (Herensugearen bitartez), hogeiko zenbatzeko sistema edo eta Pok-a-tok pilota jokoa euskaldunekin parekotasuna dute Andrew Tomas-entzako.[3]

Elezahar aurkeztezinaAldatu

«

Euskaldunen artean bada kataklismo baten kondaira suak eta urak elkar mantendu zuten borrokaz hitz-egiten duena. Euskaldunen arbasoak kobazuloetan babesa aurkitu eta biziraun ziran.

»

Andrew Tomas-ek dioen kondaira[3] ez da Euskal Mitologiako elezaharretan ageri, ez behintzat XIX eta XX. mendeetan ikerlariek jaso zituzten eta ezagun ditugun elezaharretan.

Xahoren Aitor. - Kantabriar kondaira[4]-tik aterata dagoela esan daiteke dudarik gabe:

«

Neretzat, erran zuen zaharrak, nahiz eta Arbasoen lehen semea izan, ez naiz uholde aurreko denboretan bizi izan, eta ez ditut Jainkoaren sorkuntzen gauza miragarriak ezagutu : ez dut nere arbasoen historia ezagutzen, zeren sugarren inbasioak eta uren uholdeak, zeinak gizonen lurrarentzat bigarren sorkuntza bat izan baitziren, nere bizitza iragan denboretarik bereizi duten.

»


Xahoren lana aipagarria bada ere bere denborako lana da, Kanpion-en parekoa, erromantizismo eta nazionalismoen oinordea. Baliagarria izan badaiteke kontu handiarekin irakurtzeko idazlanak dira, elezaharrak sinesmen, jakintza eta susmo berriez inguraturik agertzen bahit dira.

ErreferentziakAldatu

  1. (Ingelesez) Berlitz, Charles. (1974). The Bermuda Triangle. ISBN 0-285-63326-0..
  2. (Gaztelaniaz) Berlitz, Charles. (1976). El misterio de la Atlantida. Pomaire, 68-76 or. ISBN 84-286-0117-8..
  3. a b (Gaztelaniaz) Tomas, Andrew. (1973). Los secretos de la Atlantida. Plaza & Janes, 35-37 or. ISBN 84-01-31028-8..
  4. https://web.archive.org/web/20130615011316/http://www.ikerketak.com/. .

Ikus gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu