Mu (kontinente galdua)

Mu edo Mu Kontinente Galdua, antza, kontinente desagertu baten izena da. XIX. mendean Auguste Le Plongeonek antzinako zibilizazioen arteko lotura azaltzeko planteatu zuen kontzeptu hori. Haren ustez, Antzinako Egiptoko eta Mesoamerikako kulturen jatorria kontinente galdu horretan zegoen. Mu Ozeano Barean omen zegoen eta handik ihes egindakoek sortuko zituzten kultura horiek guztiak; ezberdinak baina, aldi berean, elementu amankomunekin eta teknologia aurreratu baten jabeak. Ondoren James Churchwardek hipotesi hori zabaldu zuen.[1]

Muko kokapen hipotetikoa, Ozeano Barean.
Yonaguniko Egiturak Muren aztarnatzat hartu dira.

Aurkikuntza

aldatu

James Churchward koronelak hamabi urte Indiako tenplu batean gordetako taulatxo sakratuak deszifratzen jardun zuen. Haren interpretazioaren arabera, zenbait milurtez Ozeano Barean egondako kontinente galdu baten istorioa zen. Indiatik joan ondoren, ikerketak egin zituen eta, haren ustez, antzinako zibilizazio baten existentziaren froga zehatzak aurkitu zituen, bereziki W. Niven arkeologoaren lanari esker. Antzinako testu ugari aztertuz, Churchwardek egia harrigarria erakutsi zuen, desagertutako kultura baten aztarnak, alegia. Horri esker errazagoa zen munduaren historia ulertzea.[2]

Duela milaka urte, agian, hondamendi geologikoen eraginez olatuen azpian hondoratu zen kontinente hori. Ozeano Barean zehar barreiatutako milaka gailur uharte bihurtu ziren, Pazko uhartea, Tahiti, Hawaii eta Samoa barne. Lemuria eta Mu, adiera horretan, izen trukagarriak dira: Hego Pazifikoko edo Indiako Ozeanoko "Mundu Galdua"ren izenak.[3]

Zientzialarien ikuspuntua

aldatu

Le Plongeonen garaian Mu inguruko hipotesiak eztabaida handiak sortu zituen. Gaur egun, ordea, zientzialariek Mu kontzeptua ezeztatu dute. Gauza bera gertatu da, halaber, desagertutako beste kontinente hipotetiko batzuekin, esaterako Lemuria. Plaken tektonikak bereziki aukera hori ezeztatu du: kontinente oso bat ezin da hain denbora gutxian desagertu. Egun, zientziak Muren inguruko teoriak baztertu ditu.[4] Ameriketako eta Mediterraneo aldeko kulturen arteko loturak ere, bestetik, erabat baztertu dira. Zientziatik kanpo badira ere oraindik hipotesi hori aldarrikatzen duten taldeak, gehienbat okultistekin edo New Agerekin lotutakoak; haien iritziz, kontinente horren esistentzia frogatzeko argumentu garrantzitsua Yonaguniko Egiturak dira.

Erreferentziak

aldatu
  1. Churchward, James. Lost Continent of Mu, the Motherland of Man. Estatu Batuak: Kessinger Publishing, 1926. ISBN 0-7661-4680-4.
  2. https://afrikhepri.org/eu/mu-le-continent-perdu-james-churchward-pdf/
  3. https://www.bannedbook.org/eu/bnews/funmedia/20190908/1187873.html
  4. Witzel, Michael. Archaeological Fantasies, 2006, 220 or. ISBN 978-0-415-30593-8.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu