Areatzako zubia[1] Bilboko itsasadarreko zubia da, eskuinaldetik Zazpikaleak eta ezkerraldetik Abando lotzen dituena. Izen berdineko Areatzako parkearen alboan dago. Areatza eta Arriaga antzokia eta Bailen kalearen hasiera lotzen ditu, Bilbao-Concordia geltokia edo Bailengo etxe orratza eraikinen parean. Hego Euskal Herrian (eta Espainian) eraiki zen lehen burdinazko zubia izan zen[2].

Areatzako zubia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′37″N 2°55′30″W / 43.2603°N 2.925°W / 43.2603; -2.925
Map
Dimentsioak19,7 (zabalera) m
Gurutzatzen duBilboko itsasadarra
Zubibegiak3

Historia aldatu

XIX. mendeko hasieran, Zazpikaleak txiki geratu eta Bilbo hedatzeko Abando behar beharrezkoa. Orduan Bilboko itsasadarraren alde biak lotzeko San Antongo zubia eta San Frantziskoko zubi esekia besterik ez zeuden, oinezkoa zena[3]. San Antongo zubiak zuen trafikoa oso handia zen, eta bide-saria ordaindu behar zen pasatzeko. Bilbotarrek Barrenkale kalearen aurrean zeuden barkuak ere erabiltzen zituzten beste aldera pasatzeko[4]. Abandoren hazkuntza handia izanik, trafikoa etengabe hazi zen.

Abandoren hazkuntza aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Abandoko elizatea»

Abandoko elizatea ez zen Bilborekin batu 1890ra arte. Elizate handia zen, mendietaraino hedatzen zena, eta Bilboko portuaren ondoan egonda oso aberatsa. Jarduera ekonomiko horren ondorioz gero eta langile gehiago metatzen ziren San Frantzisko eta Abandoko erriberan zehar[5]. XVIII. mende osoan zehar biztanleria haziz joan zen, nahiz eta Konbentzioaren Gerran pairatutako okupazioak biztanleria gutxitu zuen[6]. XIX. mendearen hasieran Bilbok 10.000 biztanle zituen, Bizkaiko udalerririk populatuena; baina Abando zen bigarrena, Bermeorekin batera, 3.000 biztanle baino gehiagorekin[5].

1818an Santa Maria kalearen aurrean Barketako zubia eraiki zuen Carlos María Abajok, baina bi urte beranduagok urak eraman zuen. 1828an San Frantziskoko zubi esekia eraiki zuen Antonio Goikoetxea arkitektoak, frantsesek 1814an erretako egurrezko zubia ordezkatzeko[7].

1840ko hamarkadan gero eta beharrezkoagoa zen zubi berri bat eraikitzea Bilbo eta Abando batu ahal izateko[4].

Burdinazko lehen zubia aldatu

Abandotarren eta bilbotarren kexen ondorioz zubia eraikitzea erabaki zuen Bilboko udalak. Lanak 1844an proiektatu ziren Antonio Goikoetxeak maiatzaren 20an aurkeztu zituen planoen arabera. Espainiako Gobernazioaren Ministerioaren aginduz erdiko aldea altxagarria izan behar zen. 1845eko apirilaren 18an proiektua onartu zuten, arkitektoak egindako hasierako planoa eraldatu ostean. Obrak 1847an bukatu zituzten, Antonio Goikoetxea eta Pedro Celestino Espinosaren gidaritzapean, eta 1848ko urtarrilaren 23an ireki zuten[8]. Itsasadarraren gainean zegoen hirugarren zubiak Areatza pasealekua eta Erripa lotu zituen.[9]

Egitura metalikozko zubia erdigunean altxagarria izan zen, eta orduko Espainiako erregina zen Elisabet II.a Borboikoaren omenez Elisabet II.aren zubia izena jarri zioten (gaztelaniaz: Puente de Isabel II)[10]. Zati metalikoak Bilboko Fundiciones Santa Ana de Bolueta lantegi sorberriak egin zituen. Zubia egiteko eredua Parisko Karruselaren zubia izan zen, 1831n eraikia; eredu berberarekin eraiki zuten Sevillan Trianako zubia, Isabel II.a zubia izena ere zuena[3]. Zubiak harrizko oinarria zuen, eta burdinarekin hamaika metroko argia zuten bost zubi-begi osatu ziren. Begi horietako bakoitzak burdinazko sei atal zituen, erdikoa kenduta, kate batzuk altxatuta altxatzen zena barkuak San Antoneraino iristea baimenduz. Kateak kontrapisu batzuekin altxatzen ziren, zubiaren erdian zeuden zutabe korintiar tenplete batzuetan ezkutatzen zirenak[3].

1857an Banco de Bilbao sortu zuten hiriko hainbat merkatari eta industrialek. Urte berean Castejón-Bilbo burdinbidea eraikitzeko enpresa sortu zen eta Abandoko Indalecio Prieto geltokia eraikitzen hasi zen. Bi gertakari hauek loturik daude eta eragina izan zuten zubiaren historian: Juan Ybarra eta José Javier Uribarrenek jakin zuten 1856an Pereire anaiek banku bat sortu nahi zutela Bilbon, Crédit Mobilierren kapitalarekin. Trukean, Madril-Hendaia burdinbidearen adar bat eraikiko zuten Pereire anaiek Ybarrarena ziren Bizkaiko Labe Garaiak eta Uribarrenena zen Fundiciones Santa Ana de Boluetan ekoizten zen metala zuzenean Gaztelara eraman ahal izateko. Egoera ikusita, 1856an bilbotar aberatsak bildu eta "frantziar inbasioari" aurre eginez bankua eta trenbidea eraikitzea erabaki zuten[11]. Geltokia 1863an mustu zen eta Bilbon eta Abandon negozioak eta mugimendua biderkatu ziren; horrek trafikoa izugarri handitu zuen zubian: karga hain zen handia, altxatzen zen partea guztiz apurtu zela. 1865ean zubia babesteko atal guztiak finko egin zituzten. Hortik aurrera gabarrak baino ezin ziren pasa zubitik gora[3]. Zubitik igarotzeko bide-saria ordaindu behar zen, eta horrek negozio errentagarri bilakatu zuen Bilborentzat. Abandoko bizilagunek Foruen zubia eraiki zuten, ordaindu behar ez izateko, gaur egungo Santa Maria kalearen parean.

Erreginak berak 1865eko bere bisitan Alfontso semearekin batera ikusi zuen. 1870an bide-saria kendu zuten.

Harrizko zubia aldatu

 
Isabel II.aren zubia suntsituta 1874ko apirila eta gero.
 
Zubia 1900 baino lehen. Ezkerrean ikus daitezke Bilbao-Concordia geltokia eta bere aurrean Portugaletera zihoan trenaren lehen geltokia, Kapera izena zuen eraikin modernista.[12]

Trafiko handia zela eta, pixkanaka-pixkanaka okerrera egin eta zurezko hiru arku egin behar izan zituzten. 1874ko apirilaren 2an, Bigarren Karlistaldian, bonbardaketa jasan zuen. Egun gutxi batzuk geroago, apirilaren 11 eta 12aren arteko gauean uholdea izan zen, guztiz hondatuta geratu zen[3].

Zubi zaharra desmuntatu eta gero[8], 1875 eta 1878 artean beste zubi bat eraiki zen leku berean, harri eta adreiluz osatua bi zutaberekin eta hiru begirekin itsasadarraren gainean[3]. Honetatik ere itsasontzi txikiekin eta gabarrekin baino ezin zen pasa[9]. Areatzaren gainean ere bi arku zituen. Diseinua Aldolfo Ibarretarena izan zen, Parisko Pont des Artsen oinarritua. Guztira 60 metroko luzera zuen eta 12,4 metroko zabalera hasierako diseinuan. 1878ko abenduaren 1ean mustu zuten[3].

1876tik aurrera tranbia eraikitzen hasi ziren Bilbon[13]. Hasiera batean tranbiak itsasadarreko moilak hiriko beste leku batzuekin batzen zituen, eta bakarrik karga garraiatzeko erabiltzen ziren. Miguel Atristainek kudeatutako tranbiak pertsonak garraiatzeko baimena lortu zuen 1888an eta 1904rako bazeuden hiru tranbia linea: Atxuri-Zabalgunea, Atxuri-Belodromoa[oh 1] eta Plaza Zaharra[oh 2]-Tívoli. Lehen biak Areatzako zubitik pasatzen ziren[16]. 1904ean tranbia elektrifikatu zen, zubiaren gainean argindarraren kableak jarrita[17].

Bizkaia Zubia eraiki zutenean ere, 13 kilometrotan itsasadarra gurutzatzeko zegoen zubi bakarra zen, eta bere trafikoa oso handia zen. 1894an udalak zubia zabaltzea proposatu zuen eta 1897an Enrique Epalza arkitektoaren proposamena saritu zuten. 17,20 metroko zabalera eman zioten, baina zutabeak mantenduz; albo bakoitzean 3,2 metroko zabalera zuten bi anden eraiki ziren. Obra 1903an hasi zen, burdinazko arkuak jarriz zabaltzeko eta balaustrada ere metalezkoa eginez; honela, harrizko zubia zenak burdinazkoa izateko itxura hartu zuen.[9]


Alberto Palacioren zubi erraldoiaren proiektua aldatu

 
Alberto Palacio arkitektoak diseinatutako zubi erraldoia, inoiz eraiki ez zena.

Alberto Palacio ingeniari eta arkitektoak hainbat proiektu garatu zituen Bilboko itsasadarraren bi eremuak batzeko. Aldizkari tekniko espezializatuak ezagutzen zituen, eta egindako proposamen batzuk jada martxan zeuden beste herrialde batzuetan. Bere proiektu ziren beste bi zubi ere eraikitzear zeuden Bilbon, 1893an irekitzeko asmoz. Lehena Erandio eta Barakaldon "Desertu" deritzon gunean egin nahi zuen. Diseinatu zuen bigarren zubia Bilbon eraikitzeko pentsatuta zegoen, Arriaga antzokia eta Bilbao La Naja geltokia batuko zituen, Isabel II.a eta Mesedeetako zubiak dauden eremuak estaliz. 225 metroko luzera izango zuen, eta Zazpikaleak itsasadarretik 'urrunduko' zituen. Zubiaren gainean eraikin handi bat egotea proposatzen zuen, kristalez estalitako galeria batekin. Garaiko egunkari batek jaso zuen bezala, "Bilboko neguko egun euritsuetatik babestu eta negozio gune garrantzitsua izango zen, euriak gogaitu gabe paseatu nahiko zuten bilbotarrentzat"[18].

Hormigoizko zubia aldatu

 
Zubiaren berreraikuntza hasi zuten frankistek, Eusko Jaurlaritzak zubi guztiak dinamitatu eta gero.

Espainiako Gerra Zibilean Bilboko itsasadarra gurutzatzen zituzten zortzi zubiak dinamitatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Areatzako zubia ekainaren 18tik 19rako gauean bota zuten, frankistak Bilbon sartzerakoan. Helburua frankisten aurrerapena gelditzea zen, eta eurak izatea zubiak berregin behar zituztenak. Denbora batez gabarren gainean jarritako egurrezko zubi bat egon zen Areatzako zubiak okupatzen zuen lekuaren ondoan[19]. Laster hasi zituzten zubia berreraikitzeko lanak eta 1940an egungo hormigoizko zubia zabaldu eta Garaipenaren zubia jarri zioten izena[9].

Zubi berriak malda txikia du Zabalgunearen aldean, eta hiru zubi-begi ia antzeko: 19,36, 18,98 eta 18,05 metro neurtzen dituzte. Altuenak 4,7 metro ditu itsasadarraren gainean eta baxuenak 4 metro. Leherketak Portugaletera zihoan trenaren geltokia ere suntsitu zuen, Kapera izenekoa (ikus argazkia aurreko atalean); ondorioz, trenaren nasa estali zen, terraza bat sortuz Bilbao-Concordia geltokiaren aurrean, Zazpikaleetara bistak dituena[9]. Zubiaren berreraikuntza José Entrecanales Ibarra ingeniariak eta René Petit de Ory ingeniari eta futbolariak egin zuten[9], obrak Rufino Martinicorena iruindarrak zuzendu zituen[19]. Zubiaren eraikuntza azkartzeko Bizkaiko Labe Garaietan egin ziren arkuak, eta zubiaren bi aldeak independenteki landu ziren, oinezko trafikoa ez oztopatzeko[19].

Zubiaren sarrera guztietan Francisco Francoren garaipen diskurtsoa jarri zuten erliebezko letrekin, arrano baten eskultura eta sinbologia frankistaz inguratuta. Hala ere, marrazki batzuetan proposatu zen uztarria eta geziak jartzea, baina hori ez zen amaierako obran agertu[19].

1980an sinbologia frankista guztia kendu zitzaion, eta jatorrizko Areatzako zubia izena berreskuratu zuen; tartean jatorrizko baranda eta beste osagaiak kendu zitzaizkion. Farolak ere aldatu ziren, estilo nahasketa bat eraginez, autore batzuek kritikatu dutena[9][19] 1999an Bilboko tranbiaren obrak hasi ziren eta 2002an Atxuri eta Uribitarteko geltokiaren arteko zatia ireki zen; zati honek berriro erabiltzen du Areatzako zubia. Ondorioz, zubia norabide bakarrekoa izatera pasa zen eta bi petrilak asimetrikoak dira orain[9][3].

Jatorrizko zubiaren zatia, Leioan aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Udondoko zubia»
 
Udondoko zubia

1874ko Bilboko setioan Areatzako zubiaz gain Getxorantz zihoazen bi zubi ere kaltetu zituzten, Udondon bata, Asuaren gainekoa bestea. 1876ko ekainaren 16an Pascual Landa ingeniariaren txosten baten ondorioz, Udondoko zubia berreraikitzeko erosi zuen Leioako udalak. XX. mendearen hasieran hormigoizko zubia eraiki zioten gainean, errepidea zabaldu ahal izateko, eta jatorrizko burdinazko egitura bistatik kendu zen[20].

2006an ondare industriala ikertzen ari ziren arkitektoek aurkitu zuten, eta babes berezia emateko eskatu diote instituzioei, Sevillako Isabel II.aren zubiarekin batera garai eta estilo horretako ordezkari bakarra baita egun.[21][22]

Oharrak aldatu

  1. Bilboko Belodromoa Autonomia eta San Mames zumardiaren artean zegoen[14]
  2. Plaza Zaharra deitzen zitzaion Erriberako azokaren ondoan zegoen plazari.[15]

Erreferentziak aldatu

  1. Bilboko Udalaren webgunea: Kaleizenak
  2. (Gaztelaniaz) Joaquin. (2017-06-08). «Desmontando un puente para reutilizarlo en otro lugar en el Bilbao del siglo XIX.» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2019-01-23).
  3. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) «Puente de Isabel II, Bilbao, hace 170 años. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
  4. a b (Gaztelaniaz) Gaizka. (2017-11-14). «Puente del Arenal de Bilbao, historia y curiosidades» De Bilbao pues (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
  5. a b (Gaztelaniaz) PRADO ANTÚNEZ, Ana Isabel. «Bilbao y Abando: dos realidades complementarias. La huella urbana en la evolución demográfica de Abando» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
  6. Caballero, Pilar Feijóo. (1989). «¿La villa de Bilbao frente al señorío de Vizcaya (1750-1840)?» Espacio, tiempo y forma. Serie IV, Historia moderna (2): 269–306. ISSN 1131-768X. (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
  7. (Gaztelaniaz) País, El. (2012-11-21). «Los puentes históricos de Bilbao» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
  8. a b (Ingelesez) Martínez, Joaquín Cárcamo. BILBAO - LEIOA. La segunda vida del puente de Isabel II. (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
  9. a b c d e f g h Bilboko Udalaren webgunea: Puente de Isabel II
  10. «Turistas - Bilbao Turismo» www.bilbaoturismo.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-26).
  11. (Gaztelaniaz) «Así nació el Banco Bilbao» El Confidencial 2015-05-19 (Noiz kontsultatua: 2019-01-26).
  12. (Gaztelaniaz) «Siglo y cuarto de ‘El tren de la ría’, el ferrocarril Bilbao-Portugalete, motor de Bizkaia del XIX» treneando 2013-09-23 (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  13. Olaizola Elordi, Juan José. (2002). Bilboko tranbiak: Los tranvías de Bilbao. ISBN 9788492062980. (Noiz kontsultatua: 2019-01-26).
  14. Estornes, Blog De Cesar. (2015-05-21). «BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES: LOS INICIOS DEL CICLISMO EN BILBAO -PRIMERA PARTE» BLOG DE CESAR ESTORNES de HISTORIA Y DEPORTES (Noiz kontsultatua: 2019-01-26).
  15. (Gaztelaniaz) «La Plaza Vieja» El Correo 2008-01-20 (Noiz kontsultatua: 2019-01-26).
  16. Juan José Olaizola Elordi. Breve historia del tranvía en el País Vasco. .
  17. (Gaztelaniaz) Spanish Railway » Blog Archive » Tranvías de Bilbao 1872-1964 (Tranvía de la primera generación). (Noiz kontsultatua: 2019-01-26).
  18. (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. La Ilustración española y americana. Año XXXVII. Núm. 31. Madrid, 22 de agosto de 1893 | Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes. (Noiz kontsultatua: 2017-09-03).
  19. a b c d e (Ingelesez) Martínez, Joaquín Cárcamo. Los técnicos en la reconstrucción de los puentes fijos de Bilbao, 1937-1939 / Technicians in the reconstruction of the stationary bridges of Bilbao, 1937-1939. (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  20. Bilboko Udalaren webgunea: La segunda vida del Puente de Isabel II
  21. (Gaztelaniaz) Joaquin. (2008-11-30). «AVPIOP solicita protección para el puente de Udondo en Leioa (arco del de Isabel II de Bilbao)» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  22. (Gaztelaniaz) AVPIOP. (2014-01-10). «Las JJ. GG. de Bizkaia solicitan protección para el Puente de Udondo, que AVPIOP reitera desde 2008» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo