Jaltako Batzarra Bigarren Mundu Gerrako Aliatu nagusien arteko bilera izan zen, Jalta hirian (SESBen) 1945eko otsailaren 4 eta 11 bitartean egindakoa. AEBak, Erresuma Batuak eta Sobiet Batasunak parte hartu zuten. Bigarren Mundu Gerra osteko Europan potentzia bakoitzak izango zituen eragin eremuak zirriborratu zituen. Franklin D. Roosevelt atzerrira atera zen azken aldia izan zen. Parez pare harekin, Winston Churchill eta Iosif Stalin buruzagiak izan ziren negoziaketetako buruak.

Jaltako Batzarra
Irudia
Map
Motasummit (en) Itzuli
Honen izena daramaJalta
Denbora-tarte1945eko otsailaren 4a - 1945eko otsailaren 11
GaraiaBigarren Mundu Gerra
KokalekuLivadia Palace (en) Itzuli
HerrialdeaSobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Parte-hartzaileak

Aurrekariak aldatu

Bigarren Mundu Gerrako aliatuen buruzagien azken batzar inportantea izan zen, bigarrena non hiru potentziak elkartu ziren. Aurrekoa Teherango Batzarra izan zen, 1943an, eta hura bezala hau Moskutik gertu egin izana Stalinen erabakia izan zen, ez baitzuen gehiegi urrundu nahi sekula aginte zentro sobietarretik[1]. Jalta Krimeako kostaldeko hiria da, Errusiako errepublikaren parte zen (gero Ukraina sobietarrekoa izan zen arren), eta naziek okupatua izan zuten eskualdea urte batzuez 1944an sobietarrek askatu zuten arte.

Lider nagusien arteko bilera pertsonal hauetan lehena ere, Churchill eta Stalinen arteko lehen batzarra, Moskun izan zen 1942ko abuztuan: Stalin ez zegoen bidaia luzeetarako, besteak mugi zitezela[1].

Eztabaidagai nagusiak aldatu

Bildutako alderdi bakoitzak bere asmoak eta beldurrak eraman zituen bilerara. Rooseveltek sobietarrek Ozeano Barean, Japoniaren kontra alegia, ere borroka egin zezaten nahi zuen. Churchill ekialdeko Europan, batik bat Polonian hauteskunde eta instituzio askeak osa zitezen saiatu zen. Stalinek, bere aldetik, SESBko barne segurtasunerako ezinbestekoa zelakoan, ekialdeko Europan bere menpeko zonaldea osatu nahi izaten zuen.

Poloniaren auzian, Stalinek argudiatu zuen aurreko inbasioak Errusiara Poloniatik iritsi zirela, eta, beraz, Polonia, ohore kontua baino, heriotza edo bizitzako kontua zela Errusiarentzat. Hori dela eta, Poloniaren eskaerak ezin omen ziren negoziatu. Agintariek hiru pospolorekin irudikatu zuten mapa berria, eskuineko pospoloa ezkerrera eramanez. Errusiarrek Poloniako ekialdea bereganatuko zuten, eta, Poloniak, ordainsarian, mendebaldera jo behar izango zuen, Alemaniaren kaltetan. Hauteskunde askeak antolatzeko agindua eman bazuen ere, 1947ko urtarrilean egin zirenek estatu sozialista bultzatu zuten.

Gainera, hirurok gerra osteko Alemania nola gobernatu behar zen zehaztu nahi zuten. Stalinek abantaila estrategikoa zeukan, une haietan, Georgi Zhukov jenerala Berlindik kilometro gutxitara baitzuen. Alemaniari zegokionez, aurrean hartutako erabakiak berretsi ziren: hirutan banantzekoa zen eta bildutako hiru botereek zonalde bana okupatuko zuten. Frantziak bere zatia Erresuma Batutik eta AEBetatik lortu zuen geroago. Berlin bera, nahiz eta sobietarren eremuan egon, hirutan zatitzekoa zen.

Rooseveltek apustu sendoa egin zuen SESBek Japoniaren aurka egin zezan. Stalinek eskatu zuen Mongoliak Txinatik independentzia eskuratu behar zuela. Akordio hau bete zen Txinarekin hartu-eman diplomatikorik izan gabe. Jaltako Batzarra amaitu eta berehala, Sobiet Batasunak Japoniar Inperioari egin zion eraso. Gero, ordea, SESBek ez zuen San Franciscoko bake hitzarmena sinatu Japoniarekin. Gaur egun ere ez dute horrelakorik hitzartu. Eratzekoa zen Nazio Batuen Erakundean parte hartuko zuela agindu zuen Stalinek, Segurtasun Kontseiluko behin betiko herrialdeek veto boterea ziurtatuta. Erabaki honek kritika gogorrak jaso zituen AEBetan hurrengo urteetan. Aipatu izan da Roosevelten gaixotasuna (hortik gutxira hil zen) horrelako ebazpenak onartzeko. Jatorrizko gobernu guztiak bueltatzekoak ziren, eta zibil guztiei bere herrialdera itzultzeko eskubidea bermatu zitzaien. Demokraziak berriro osatzekoak ziren, hauteskunde askeak eginez, ordena Europara itzul zedin.

Ituna aldatu

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Europa askatuaren adierazpena
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
«

SESBko Herri Komisarioen presidenteak, Erresuma Batuko lehen ministroak eta Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak elkarrekin aztertu dituzte haien herrialdeen eta Europa askatuaren interes komunak. Aitortzen dute ados jarri direla: Europa askatuan ezegonkortasun politikoak irauten duen bitartean hiru estatuek hartu dituzten jokabideak koordinatzeko, eta Ardatzaren antzinako sateliteetako herriei Europan laguntzeko bide demokratikoen bitartez konpontzen arazo politiko eta ekonomiko premiazkoenak.

Europan ordena berrezartzeko eta bizitza ekonomiko nazionalak berregiteko erabili beharreko bitartekoek lagundu behar diete askatutako herriei nazismoaren eta faxismoaren azken arrastoak ezabatzen, eta horretarako berek askatasunez aukeratutako erakunde demokratikoak sortu behar dira. Atlantikoko Gutuneko printzipioetariko baten arabera, herri guztiek dute bizitzeko nahi duten gobernu mota aukeratzeko eskubidea, eta erasotzaileek bortxaz kendutako subiranotasuna eta autonomia eskubideak berriz indarrean jartzekoa.

Askatutako herriek eskubide horiek gauzatzeko behar dituzten baldintzak ezartzeko, hiru gobernuek batera lagunduko diete Europan askatutako estatuetako herriei edo Ardatzaren antzinako sateliteetakoei, behar den beste aldiz eta helburu hauekin:

  1. Herrialde barneko bakea ziurtatzea.
  2. Kaltetutako herriei laguntzeko premiazko neurriak hartzea.
  3. Behin-behineko gobernuak ezartzea (herritarren elementu demokratiko guztiak ordezkaturik egon daitezen) hauteskunde libreen bitartez, herri-borondatearen arabera jokatuko duten gobernuak ahalik eta arinen era daitezen.
  4. Beharrezkoa izanez gero, hauteskunde horiek egiten laguntzea. Hiru gobernuek iritzia eskatuko diete Nazio Batuei eta Europako gainerako gobernuei (behin-behinekoei edo besteei), zuzenean dagozkien arazoen kasuetan.

Hiru gobernuen iritziz, Europan askaturiko estatu bateko egoerak edo Ardatzaren antzinako estatu satelite bateko egoerak behar izanez gero, berehala eskatuko da iritzia hartu beharreko neurriei buruz, adierazpen honetako erantzukizun komunak bete daitezen.

Horrela, Atlantikoko Gutuneko printzipioetan dugun fedea berresten dugu; Nazio Batuen adierazpenean hartutako konpromisoak berresten ditugu; halaber, beste nazio bakezaleekin batera arituz munduko ordena berria eraikitzeko asmoa berresten dugu, zuzenbidea nagusituko den munduko ordenaren eta bakearen, segurtasunaren, askatasunaren eta goraldi komunaren interesen alde egingo duena.

Adierazpen hau argitaratzean, hiru potentziek aitortzen dute Frantziako Errepublikako behin-behineko gobernua laster elkartuko zaien itxaropena dutela, goian azaldutako programa gauza dadin.

Wiston S. Churchill, Franklin D. Roosevelt, Josiv V. Stalin.

1945eko otsaila

»

[2]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri


Erreferentziak aldatu

  1. a b Hanson, Victor Davis. (2017). «16. Supreme Command» The Second World Wars : how the first global conflict was fought and won. ISBN 9780465093199. PMC 988171848. (Noiz kontsultatua: 2022-01-21).
  2. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..


Kanpo estekak aldatu