Ireki menu nagusia

Siziliar gerrak edo gerra greko-punikoak, gatazken sorta bat ziren Kartago eta, Sirakusak zuzendutako, greziar hiri-estatuen artean. Arazoaren jatorria Siziliako eta mendebaldeko Mediterraneoaren kontrolean zetzan, K.a. 600-265 artean.

Siziliar gerrak
Guerre greco-puniche Greek-punic wars 1.0.jpg
Greziar-puniko maskaren nahasketa.
Data K.a. 600-265
Lekua Sizilia, Afrikako iparraldea, Sardinia, Tirreniar itsasoa, Joniar itsasoa, Siziliako itsasartea, Italiako hegoaldea
Egoera Kartagok Siziliako hegoaldeari eusten dio eta greziarrek Siziliako ekialdea Gerra punikoak arte.
Emaitza Itopuntua: Kartagok Siziliako 1/3 lorten du; greziarrek eta siziliarrek gainontzekoa.
Gudulariak
Kartago Sirakusak gidatutako Magna Greziako hiri-estatuak.
Buruzagiak
Hamilkar Magon †
Hanibal Magon †
Himilkon
Gelon
Dionisio I.a
Timoleon
Agatokles

Kartagok arrakasta handia zuen merkataritzan, baina hau gauzatzeko ontziteria sendo bat behar zuen, horren inperioaren hegoaldea basamortua zen eta hori zela eta, flota handi bat egin zuen piratak eta beste nazio batzuk gogogabetzeko. Haiek itsas-indarra eta eskarmentua fenizioetatik heredatu zuten, baina hauen alderantziz, ez ziren kanpoko laguntzaz fidatzen. Hegemoniari eusteko Kartagok gero eta liskar gehiago izan zuen greziarrekin, beste indarra, Mediterraneoaren erdia kontrolatu nahi zuena.

Greziarrak, feniziarrak bezala, itsas-gizon adituak ziren, Mediterraneoan zehar gorantza zihoazen koloniak ezarri zituztenak. Bi indar hauek borroka egin zuten Sizilian, Kartagoren hurbil baitzegoen.

Antzinatik, greziarrek eta kartagotarrek, koloniak eta merkataritza-guneak ezarri zituzten Sizilian, baina mendeetan zehar guda txikiak izan zituzten kokaleku hauen artean.

Gaur egun ez daude kartagotarren erreferentziarik K.a. 146an erromatarrek hiria suntsitu zutelako eta Kartagoko liburutegiaren dokumentuak ondoko afrikar tribuen artean banatu zirelako. Horregatik, Siziliar gerrez dakiguna, greziar historialariengandik datorkigu.

Eduki-taula

AurrekariakAldatu

Feniziarrek merkataritza-guneak ezarri zituzten Siziliako kostan K.a. 900 urtetik, baina ez ziren inoiz barrualdean sartu. Merkataritza egin zuten elimo, sikano eta sikuloekin, eta greziar kolonoak heldu zirenean K.a. 750ean[1], erresistentziarik gabe Motiara, Palermo eta Soluntumera alde egin zuten, uhartearen mendebaldean. Hiri hauek independenteak izan ziren kartagotar inperioren zati bat izan arte, K.a. 540 eta gero.[2]

Kartagotar hegemoniaAldatu

Kartago indartu zen gehienbat greziarren sarrera ekiditzeko feniziar eraginezko eskualdeetan. Hasieran (K.a. 750-650), feniziarrek amore eman zuten greziar kolonoen aurrean, baina hauek Iberiar penintsulara heldu ostean, (K.a. 638) Kartago feniziar erresistentziaren liderra bilakatu zen. K.a. VI. mendetik (gehienbat Magonidar leinuaren agintaldian) K.a. I. mendera arte, Kartagoko inperioak Mediterraneoko mendebaldea kontrolatu zuen[3].

Marseillako fundazioaren geroztik, (K.a. 600) anitz liskar gertatu ziren Himerako gudua heldu arte. Tuzididesen kroniken arabera, Fozeako grekoek, Anatoliako penintsulan, Massaliako (Μασσαλία) merkataritza gunea (enporion) ezarri zuten. Ur horietatik zebilen kartagotar flota gaindituz. Gero Lilibeako gudua gertatu zen, non Siziliako feniziarrak eta elimoak elkartu ziren, K.a. 580an, Selinusko eta Rodasko greziarren kontra (Lilibeako ingurukoak). Heraklea kolonia berria suntsitu zuten. Hau izan zen Sizilian ezagutzen den lehenengo gatazka. Hurrengo greziar espedizioa 70 urte beranduago gertatu zen. K.a. 540-535 kartagotarrek borroka egin zuten Alaliako greziarrekin, Korsikan kolonia bat fundatu nahi zutelako. K.a. 510ean kartagotarrek Dorieo Espartako printzea hil zuten Sibaris guduan.

Magna GraeciaAldatu

Greziarrek kolonizaturiko Siziliako eta Italiaren hegoaldeko eskualdeei Magna Graecia deitu zitzaion. Alde honetako greziarren jarrera aberrian zutenaren antzekoa zen: nagusitasun politikoa eta merkataritzazkoa hedatzen zuten jatorrizko biztanleen kalterako. Honetaz gain, joniar eta doriar eztabaidak ez ziren eteten.

Siziliako joniar grekoek, orokorrean harreman onak zituzten jatorrizko siziliarrekin eta feniziarrekin, baina doriar koloniak oldarkorragoak ziren eta kostatik barrualdera hedatzen hasi ziren jatorrizko biztanleen bizkar.

Bertakoen eta greziarren arteko arazoak ibilbide laburrekoak ziren. Merkataritzak gora egin zuenez, bertako greziarrak eta feniziarrekin, greziar koloniak aberastu ziren. Aberastasun horrek ahalbideratu zien greziar hiriei lurraldea berriro zabaltzea. Azkenean, horrek Lehenengo Siziliar Gerrara eraman zuen

Kartago borrokan sartzen daAldatu

Esan ohi da Malko kartagotarrak Sizilia konkistatu eta gero, arpilatutakoa Tirora bidali zuela K.a. 540ean baino zerbait lehenago. Litekeena da kartagotarrek Motia, Panornus eta Solus menperatzea. Selinus eta Himeraren goraldiak adierazten du aldi honetako kartagotarren eta greziarren arteko gerrak ez zirela gauzatu. Hogeita hamar urte beranduago, Dorieo printzeak Espartako tronua galdu ondoren, jarraitzaileekin Libiara abiatu zen, baina handik kartagotarrek egotzi zuten K.a. 511n. Ondoren, Sizilian lehorreratu zen eta Erix kolonia fundatu zuen, hiru urtez borroka izan bazuen ere.

 
Motiako setioan erabilitako katapulta

Kartagok Segesta lagundu zuen K.a. 510ean Dorieoren espedizioa menperatzeko. Horren ondoren, bizirik irten ziren greziarrek Heraklea Minoa fundatu zuten[4]. Siziliako greziarrek (agian, Akragas, Gela eta Selinus), zehaztugabeko datan, mendeku hartu zuten kartagotarrengandik eta Minoa suntsitu zuten. Ondoren, sinatutako bake-itunak onura ekonomikoak ekarri zizkien greziarrei[5]. Dorieoren heriotza mendekatzeko deiari ez zioten kasurik egin Grezian, ezta Leonidas Espartakoak ere, nahiz eta bere anaia izan (K.a. 480ean, Termopiletako guduan parte hartu zuena). Beharbada, jarrera horrek adierazten zuen greziar hiriek ezin zutela banan banan Kartagori aurre egin[6], edo segurtasun falta zegoela Greziatik laguntza lortzeko. Egoera hori aldatuko zen Siziliako tiranoak agertzean. Gelako Kleandro eta Gelon, gerra honetan parte hartu zuten bi greziarrak, hurrengo gertaeren katalizatzaileak izan ziren.

Siziliako greziar tiranoakAldatu

Siziliako mendebaldean gatazkak bukatu zirenean eta Kartago Sardinian arduratuta zegoenean, Siziliako kolonia gehienak tiranoen pean erori ziren. K.a. 505-480 artean, Gelako, Akragasko eta Reggioko tiranoek jabegoak zabaldu zituzten bertako siziliarren eta beste greziar hirien lepotik. Hauen artean arrakastasuena Gela, doriar hiria, izan zen.

Doriar greziarren nagusitasuna SizilianAldatu

Kleandro Gelakoa (K.a. 505-498) eta haren anaiak Hipokrates (K.a. 498-491) gai izan ziren joniar eta doriar lurraldeak eskuratzeko eta K.a. 490erako, Zankle, Lentini, Catania, Naso, sikuloen eskualdeak eta Camarina, Gelaren kontrolpean erori ziren. Gelon, Hipokratesen ondorengoak, Sirakusa menperatu zuen K.a. 485ean eta hau bere hiriburua bihurtu zuen. Garbiketa etnikoa, erbesteratze eta esklabotasuna erabiliz[7], Gelonek joniar hiriak doriarrak eraldatu zituen eta Sirakusa bilakatu zuen Siziliako botere nagusiena. Bitartean, Teron Agrigentoko tiranoak sikuloen eta sikanoen lurrak inbaditu zituen K.a. 488-472 bitartean. Edozein gatazka ekiditzeko, Gelon eta Teron ezkondu ziren beste familietako emakumeekin fronte bat eratzeko Siziliako sikuloen eta joniarren aurrean. Greziar Siziliako baliabideak eta eskulana tirano horien esku zeuden, zeinak Siziliako beste boterei mehatxu egiten baitzien.

Joniar greziarrek Kartagori laguntza eskakuAldatu

Doriar mehatxuari aurre egiteko, Anaxilao Reggiokoa (K.a. 490ean Geloni Zankle kendu ziona) Terilo Himerakoa tiranoarekin aliatu zen honen alabarekin ezkonduz[8]. Hurrengo urratsa izan zen bi hiri hauek Kartagorekin aliatzea. Selinonte, Teron lurraldeen ondoko hiri doriar bat, Kartagorekin aliatu zen ere. Erabaki honetan zerikusia izango zuen Teroni zion beldurra eta Gelonek Megara Hiblearen suntsiketa (Selinonteren ama hiria), K.a. 483an. Ondorioz, ezegonkortasunezko orekan hiru botere zeuden Sizilian: joniarrak, iparraldea kontrolatzen zutenak; kartagotarrak mendebaldea, eta eta doriarrak ekialdea eta hegoaldea. Sikuloak eta sikanoak erdian ogitartekaturik, pasiboak zeuden, baina elimoak kartagotarren aliantzan sartu ziren.

Lehenengo Siziliar Gerra (K.a. 480)Aldatu

Kartagok Teronek boteretik kendu zuenean, erabaki zuen Terilo Himerakoa laguntzea Siziliara espedizio bat antolatuz. Kartagok ezin zuen berehalako mehatxuari ez ikusiarena egitea Gelon-Teron aliantza Sizilia osoa kontrolatzear zegoelako eta, gainera, Hamilkar, Teriloren laguna zen. Agian, Kartagok aukeratu zuen urte hori erasotzeko, pertsiar flota batek Grezia erasotzen zuelako. Pertsiarekin aliantza baten teoria eztabaidatua da, Kartagok ez zuelako nahi kanpoko indarrak bere guduetan sartu ezta berak ere kanpoko gerretan parte hartu, non eta indar sendorik ez baitzituen. Sizilia baliotsua zen Kartagorentzat, gainera kartagotar armada trebaturik zegoen borroka egiteko Hamilkar jeneralaren esanetara. Tradizioaren arabera, Hamilkarrek 300.000 gizon bildu zituen. Hala ere, ematen du kopurua puztuta zegoela, Kartagotar inperioak, gehienez jota, 50.000tik 100.000ra soldadu bil litzakeelako. Pertsiarekin aliatuz gero, kartagotar mertzenarioak eta laguntza Pertsiatik etorriko zen, baina ez dago ebidentziarik halakorik esateko. Siziliarako bidean, kartagotar flotak eguraldi txarra zela eta, kalte handiak jasan zituen. Zizen (Panornusen izen punikoa) lehorreratu ondoren, Gelonek irabazi zuen Hamilkar Himerako guduan. Tradizioaren arabera, Salaminako guduaren egun berean gertatu zen[9]. Ez dago argi Hamilkar gudu horretan hil zen edo bere buruaz beste egin zuen. Porrotaren ondoren, aldaketa politikoak eta ekonomikoak egin ziren Kartagon; errotutako nobleziazko gobernu zaharra baztertu zen, Kartagoko errepublikak ordezkaturik. Erregeak jarraitu zuen baina murriztutako botereekin, hauetariko gehienak Zaharren Kontseiluak hartu zituen. Kartagok 2.000 talentu kalte-ordaintzat eman behar zizkien greziarrei eta ez zuen Sizilian 70 urtez parte hartu. Sizilian punikoek ez zuten lurralderik galdu ezta greziarrek beste batzuk irabazi ere. Sirakusak ez zituen Reggio ezta Selinus eraso egin, nahiz Kartagoren aliatuak izan. Gerran lortutako harrapakina baliagarria izan zen Sizilian eraikin publikoak egiteko eta honen ondorioz, uhartean greziar kultura loratu zen. Merkataritza lagungarria izan zen greziar hiriak garatzeko, horren adibidea da Akragas, zeinen aberastasuna Sibariskoarekin konparatzen baitzen. Gelon K.a. 478an hil zen eta hurrengo 20 urteetan greziar tiranoak kanporatuak izan ziren. Azkenean, Sirakusa-Akragasko aliantza 11 etsaitutako komunitatetan apurtu zen oligarken eta demokrazien pean, eta haien liskarrek eta espantsionismoak Bigarren Siziliar Gerra erraztu zuten.

 
Kartagotar hoplita K.a. IV. mendekoa

Bigarren Siziliar Gerra (K.a. 410-340)Aldatu

Himeraren ondoren eta 70 urtez, Siziliako greziar hiriak aurrera joan ziren, baina haien arteko gatazkak bukatu gabe. Kartagok gaur egungo Tunisiaren iparraldeko erdia konkistatu zuen, oso lurralde emankorra, eta indartu zen kolonia berriak fundatuz, hala nola, Leptis eta Oea (gaurko Tripoli). Kartagok lurralde berriak esplotaru zituen: Magon Barkak (ez nahastu Magon Barkarekin, Hanibalen anaia) bidaiak egin zituen Sahara basamortuan zehar Zirenaikaraino eta Hannon nabigatzailea Afrikako kostan barrena ibili zen. Hala ere, Iberiar penintsulako kolonia punikoak bereizi ziren iberiarren laguntzarekin eta, horren ondorioz, Kartago zilarrezko eta kobrezko hornidura gehienak galdu zituen. Sizilian, Selinus, greziar-doriak hiria eta Segesta, greziar-joniar (lehenago elimoarra) hirien arteko gatazkak berriztu ziren. Selinus sartu zen Segestaren eremuetan baina segestarrak K.a. 416an irabazi zituen. Kartagok laguntza eskaerari ez zion erantzun Atenas, ordea, Segestaren laguntzan etorri zen Siziliara espedizio bat bidaliz. K.a. 413an, siziliar hiriek Espartaren laguntzarekin atenastarren espedizioa suntsitu zuten. Selinusek, berriro, Segesta suntsitu zuen K.a. 411n. Oraingo honetan, Segestak Kartagorengana jo zuen eta Hannibal Magonek zuzendutako armada batekin, Segesta gai izan zen Selinonte irabazteko K.a. 410ean. Kartagok nahi zuen arazoa diplomatikoki bukatu armada sendo bati eusten zion bitartean. Ondoriozko elkarrizketetan, non Kartagok, Segestak, Selinontek eta Sirakusak parte hartu baitzuten, ez zen posible izan Segesta eta Selinonteren arteko bakea lortzea, beraz, Hanibal Magon Siziliara abiatu zen armada indartsu batekin. Selinonteko gudua irabazi ondoren, izen bereko hiria konkistatu zuen eta gero, Sirakusaren laguntza gorabehera, Himera suntsitu zuen Himerako Bigarren Gudua. Hanibalek ez zuen Akragas ezta Sirakusa eraso ere, eta K.a. 409an Kartagora itzuli zen lortutako harrapakinarekin. Siziliako Kartagoren etsairik nagusiena, Sirakusa, kalterik gabe zegoen. Sirakusako Hermokrates jeneral arnegariak, Selinontetik armada txiki batekin kartagotar lurraldeak arpilatu zituen. Berak lortu zuen Motia eta Panornosko indarrak irabaztea, baina Sirakusan bizia galdu zuen atentatu baten ondorioz. Eraso horiei erantzuteko, K.a. 405ean, Hanibal Magonek beste espedizio bat antolatu zuen uharte osoa konkistatzeko. Oraingo honetan, izugarrizko erresistentzia eta zorte txarra izan zuen. Izan ere, Akragasko setioan kartagotar indarrak izurriak jota izan ziren, Hanibal Magon barne.

Horren ondorengoa, Himilkon, arrakasta izan zuen setioa apurtzen, Gela hiria konkistatzen, Camarina arpilatzen eta Dionisio I.ari maizetan irabazten. Hala ere, izurriak egindako kalteaz jakitun zenez, bakea sinatu zuen Kartagora itzuli baino lehen. Horren arabera, Selinonte, Termak, Akragas, Gela eta Camarina zergak ordaindu behar zizkien menpeko gisa. Hau izan zen kartagotar boterearen erpina Sizilian.

K.a. 398an, Dionisiok indarrak berreskuratu zituen eta bake ituna apurtu zuen Motia gotorlekua setiatuz eta menperatuz. Himikonen erantzuna gogorra zan zen, antolatutako espedizioak Motia eta Messina konkistatu zituen, azkenean, greziarrak menperatu eta gero Cataniako itsas guduan, Sirakusa bera setiatu zuen. Setioa K.a. 397an hasi zen, baina K.a 396an, berriro ere, izurriak kartagotar armada hondatu zuenez, setioa bertan behera geratu behar zen, baina kartagotarren eta elimoen lurraldeen kontrola galdu gabe. Borrokatzaileek ez zuten ezein itun sinatu guduaren amaiera adierazteko.

Dionisiok berriro indartu zenean K.a. 396an, Solinonte arpilatu zuen. K.a. 396-393 artean, Sirakusak boterea hedatu zuen Siziliako ekialdean, horren adibidea da Tauromenioko setioa, K.a. 394an.

Garai hartan, Kartago lanpetuta zegoen Afrikan matxinada bat itzaliz. K.a. 393an, Magonek, Himilkonen ondorengoak, eraso bat egin zuen Messinaren kontra baina Dionisiok irabazi zuen Abazenoko guduan. Armada berri batekin, Magonek beste espedizio bat zuzendu zuen erdiko Siziliaren kontra baina arazoak izan zituen Krisa ibaiaren ondoan. Dionisiok ere, buruhausteak zituenez, bake itun bat sinatu zuen Kartagorekin. Honen arabera, Sirakusak eta Kartagok elkarri errespetatuko zizkietela bakoitzaren eremuak.

Dionisiok berriro hasi zen borroka egiten K.a. 383an. Magon Tarasek zuzendutako italiota ligarekin aliatu zen eta armada bat lehorreratu zuen Brutzian, honela Sirakusak bi frontetan borroka egin behar zuen. Kanpainetako lehenengo lau urteen zehaztasunak urriak dira, baina K.a. 378an, Dionisiok, Magon irabazi zuen Cabalako guduan. Kartagok, Sizilian eta Sardinian sortutako matxinadak menperatu behar zituenez, bakea eskatu zuen.

Dionisiok exijitu zion Sizilia osotik alde egitea. Kartagotarrentzat hau onargarria ez zenez, gerrak jarraitu zuen Himilkonekin, Magonen semearekin, zeinak Sirakusako armada suntsitu baitzuen Kroniumgo guduan K.a. 376an. Ondoriozko bake hitzarmenean adostutakoan, Dionisiok 1000 talentu kalte-ordainez Kartagori emateaz gain, Siziliako mendebaldeko kontrola utzi behar izan zion.

Dionisiok, K.a. 368an, berriro galkatu zuen jabego punikoak K.a. 368an Lilibeo setiatuz. Haren ontziteria irabazia izateak gerraren amaiera ekarri zuen. Honen heriotzak 367an, 22 urteko bakea gauzatu zuen Kartago eta Sirakusaren artean. Dion Sirakusakoak Kartagorekin bakea sinatu zuen eta honek eutsi zizkien Halikas eta Himera ibaien mendebaldeko jabegoei.

Kartago Sirakusako arazo politikoetan sartu zen K.a. 345ean eta horren armada saiatu zen hirian sartzen, lehiakide politiko batek gonbidaturik. Magon buruzagiak akats egin ondoren, erabaki zuen Afrikara alde egitea, baina gutxira, bere buruaz beste egin zuen zigorra ez izateko.

K.a. 340ean, Krimisoko guduan, Timoleonek Sirakusako tropekin, Kartagoko armada zokoratu zuen uhartearen hego-mendebaldeko bazterrean, eta horren ondoren, Sizilian behin-behineko bakea izan zuten. Kartagoren esku geratu ziren Haliko ibaiaren mendebaldeko eskualdeak.

 
Siziliako kulturak (K. a. 431)

Hirugarren Siziliar Gerra (K.a. 315-307)Aldatu

K.a. 315ean, Agatokles Sirakusako tiranoak Messina setiatu zuen. K.a. 311n azken kartagotar jabegoak inbaditu zituen baita Akragas setiatu ere. Horrek azken bake-itunean adostutakoa apurtzen zuen. Hamilkar, Hannon nabigatzailearen bilobak, kontraeraso arrakastatsu bat gidatu zuen. Agatokles irabazi zuen Himera ibaiaren guduan K.a. 311an. Agatoklesek Sirakusara alde egin zuen eta Hamilkarrek Sirakusako setioa zuzendu zuen. Kartagok Sizilia osoaren kontrola izan zuen. Etsita, Agatoklesek 14.000 soldadutako espedizio bat gidatu zuen Libiara,[10] Kartagori kontraerasoa egiteko. Espedizioak arrakasta izan zuen Hamilkarrek Siziliako armada gehiena Afrikara eraman behar izan zuelako ezusteko arriskuari aurre egiteko. Bi armadak elkar jo zuten Tunisia Zuriaren guduan Kartagoko kanpoaldean. Sirakusarrek Hannon eta Hamilkarren armada suntsitu eta gero Kartagori jarri zioten setio, baina ezin zituztenez harresi menderaezinak zeharkatu,Tunisiako iparraldeko lurraldeak hasi ziren oldartzen, K.a. 307an garaituak izan arte. Agatoklesek Siziliara ihes egin zuen eta bake ituna sinatu zuen Kartagorekin. Honen arabera, Sirakusak jarraitu zuen Siziliako greziar gotorlekua izanik, berak eta Messinak botere handia galdu bazuten ere.

OndorioakAldatu

Agotoklesek bakea eskatu ondoren, Kartagok izan zuen denboraldi labur batez Siziliako kontrola, Pirroren gerran bukatu zena (K.a. 280-265). Epiroko errege honen siziliar espedizioa izan zen Pirroren gerraren bigarren fasea, zeinak hasiera emango baitzien Gerra Punikoetara. Pirro Epirokoa Siziliara heldu zen kartagotarrak kanporatzeko. Berak Palermo, Erix eta Ietas konkistatu zituen, baina akats egin zuen Lilibeoko setioan. Horren ondoren, Latiumera itzuli zen. Erroma, nahiz eta Siziliatik oso hurbil egon, ez zen uharteko V. eta IV. mendeko gatazketan sartu. V. mendean kezkatuta zegoelako etruriarrekin eta IV. mendean Italia konkistatzen ari zelako. Hala ere, Sizilian sartu ondoren, uhartearen erabakiezinezko gudak bukatu ziren.

ErreferentziakAldatu

  1. Tuzidides: VI. 2. 6.
  2. FREEMAN, Edward A., History of Sicily, I. bolumena, 283–297 orriak – jabari publikoko liburua
  3. MARKOE, Glenn E.: "Phoenicians", 54–55 orriak, ISBN 0-520-22614-3
  4. Diodoro Sikulo: IV. 23.
  5. FREEMAN, Edward A., History of Sicily, 2. bolumena, 97-100 orriak.
  6. BAKER, G.P.: Hannibal, 15. orr.
  7. FREEMAN, Edward A., History of Sicily, 2. bolumena, 130-131 orriak – jabari publikoko liburua
  8. Herodoto: VII.163
  9. Herodoto: 7.166
  10. Antzinatean, Libia izenez aipatzen ziren Marokotik Egiptoko mendebaldera dauden lurraldeak.