Ireki menu nagusia

Motiako setioa K.a. 398-397 artean gertatu zen, Siziliako mendebaldean. Dionisiok, K.a. 405ean, Kartagorekin bakea sinatu ondoren, Sirakusako botereari eutsi zion, hiria gotortu zuen setioak ekiditzeko, armadarako mertzenarioak alokatu zituen eta itsas-armada indartu zuen. Bera izan zen historian lehena katapulta eta quinquerremeak erabiltzean. K.a. 398an Dionisiok Motia eraso eta arpilatu zuen, Himilkonen ahaleginak gorabehera. Dionisiok K.a. 398an Kartagori gerra deklaratu ondoren, afrikarrek galdu zituzten K.a. 405ean lortutako lurralde gehienak.

Motiako setioa
Siziliar gerren parte bat
Guerre greco-puniche Greek-punic wars 1.0.jpg
Greziar-punikoaren maskaren nahasketa.
Data K.a. 398ko uda
Lekua Motia,Sizilian
Emaitza Motia feniziar hiria sarraskiturik
Gudulariak
Dionisio I.a Sirkusakoa
Leptines Sirakusakoa
Kartago
Buruzagiak
Dionisio I.a Sirakusakoa br> Leptines Sirakusakoa Motia
Himilkon Hannon
Indarra
80.000 oinezko
3.000 zaldun
200 gerra-itsasontzi
500 garraio-itsasontzi
100.000 oinezko
100 trirreme
Galerak

Eduki-taula

AurrekariakAldatu

Kartago Siziliako arazoetatik kanpo ibili zen 70 urtez, K.a. 480etik Himerako porrotaren ostean. Hala ere, Kartagok Segestako eskaerari erantzun zion, Selinonterekin arazoak zituelako. Afrikarrek bidalitako espedizioak, Hannibal Magonen esanetara, Selinonte eta Himera arpilatu zituzten K.a. 409an[1]. K.a. 406an, Kartagok beste espedizio bat prestatu zuen, greziarrek etengabean haren jabarietan sartzen zirelako[2], horren ondorioz, Akragas (K.a. 406), Gela eta Camarina (K.a. 405) konkistatu zituen[3]. Gatazka K.a. 405ean bukatu zen Himilkonek eta Dionisiok sinatutako itunarekin.

K.a. 405. urteko bakeaAldatu

Ez dago ziur zergatik Himilkonek sinatu zuen bakea Dionisiorekin. Baliteke izurria armada punikoan agertzea. Dionisio bakeaz baliatu zen indartzeko eta beranduago, gerra jarraitzeko. Itun horren arabera, kartagotarrek mendebaldeko Sizilia kontrola zuten. Elimoek eta Sikanoek, berriz, autonomia gehiago izango zuten. Selinonte, Akragas, Gela eta Camarinako grekoek baimena lortuko zuten jatorrizko hirietara itzultzeko, baina Kartagoren zergadunak izanik. Sirakusak eta Kartagok adostu zuten sikuloen, Lentiniren eta Messinaren independentzia errespetatzea[4].

Dionisioren garaipenaAldatu

Dionisiok, boterea lortu zuen armadaren jeneralak kondenatu eta exekutatu ondoren, baina greziarren nahigabeari aurre egin behar zion Gela eta Camarina hustu ondoren, Gelako guduaren ostean K.a. 405ean. Zenbait sirakusar estatu kolpeak ematen saiatu baziren ere, Dionisiok matxinatuak azkar zapaldu zituen, gehienbat etsaiak ez zirelako mugitu[5]. Kartagorekin sinatutako itunaren ostean, Sirakusa Camarinaz eta Lentiniz inguratuta zegoen: lehena Kartagoko menpekoa zen eta bigarrena Sirakusaren etsaia. Bitartean, Sirakusako matxinatuek Etna hiria setiatu zuten[6]. K.a. 405etik 397ra, Dionisioren boterea handitu zen, baina hura boteretik kentzeko saioak ere. Sirakusa bilakatu zuen greziar munduko hiririk indartsuena, hurrengo ekimen hauekin:

  • Sirakusako defentsak handituz: Ortigia irla mertzenario leialekin eta jarraitzaile zintzoekin populatu ondoren, istmoan harresi bat eraiki zuen, kontinentearekin konektaturik egoteko. Bi gotorleku eraiki zituen: bata istmoan eta bestea Eurialon, Epipolas lautadan[7]. Atenastarren espedizioan egindako harresiak hirian sartu zituen, Akradinan populazioa ezartzeko. Azkenean, K.a. 402an, Dionisiok murru bat altxatu zuen Epipolas lautada osoa sartzeko. Lan hau K.a. 399an bukatu zen[8]. Milaka langilek jardun zuten harresietan, horietariko onenek sariak jasotzen zituzten ahalik eta azkarren bukatzeko[9]. Honela, Sirakusa izan zen greziar munduko hiririk indartsuena eta Dionisioren segurtasunerako, hiriaren barruan zenbait gotorleku eraiki ziren, Dionisioren leialek defendaturik.
  • Borroka eraginkorrago eginez: Dionisiok etengabe handitu zuen armada mertzenario berriak alokatuz eta itsasontzi berriak eginez. Greziar soldaduek normalean haien armak eta armadurak zekartzaten, baina Dionisiok Italiatik, Afrikatik eta Greziatik sodadu gehiago ekarri zituen. Guztira, 140.000 armen ekipamendu baino gehiago, kaskoak eta armadurak egin zituzten. Soldadu guztiak ekipamendu berdinekin eta klase sozial guztien artean errekrutatzearekin Dionisiok lortu zuen armada sendo bat egitea. Lehen, bakarrik mertzenarioak eta hiritarrek gai ziren berezko armak ekartzeko, armadaren bizkarrezurra izanik. Langile horiek egindako katapultek eta quinquerremeek abantaila ematen zieten guduan[10]. Dionisiok 200 itsasontzi berriak egin zituen, 110 zaharberritu eta beste 160 garraiorako prestatu zituen. Laccium portu sekretu bat egin zuen, pantailekin ezkutaturik, non 60 trirreme aingura zitezkeen[11].
  • Sirakusako eskualdeak zabalduz: Dionisiok ituna apurtu zuen Herbesto sikuloen hiria erasotzean[12]. Kartagok ez zuen ezer egin, baina soldadu batzuk Sirakusako armadatik matxinatu ziren, Etnakoekin elkartuz, Messina eta Reggio laguntzarekin, Dionisio Sirakusan setiatu zuten, baina matxinatuen eta etsaien eraginkortasun ezarengatik, gehi italiar mertzenarioen laguntzarekin kinka horretatik onik atera zen[13]. K.a. 403-398 artean, Dionisiok Catania eta Naxos joniar hiriak suntsitu zituen. Lehena campaniarrei eman zien eta Naxosi dagokionez, greziarrak esklabu gisa saldu eta gero, hiria sikuloei eman zien. Ondoren, Lentini konkistatu zuen, erresistentziarik gabe errenditu zena. Dionisiok Italiako greziarrekin harremanak estutu zituen Lokriko emakume batekin ezkondu ondoren[14]. Reggiorekin laguntasunezko mugimendu horiek askorako ez zuten balio. Kartagok, bere aldetik, ez zuen ezer egin ituna haustean, hau da, sikuloak erasotzean edo Lentiniren konkistatua izatean.

K.a. 398an, Dionisiok enbaxada bat bidali zuen Kartagora esanez, gerra deklaratuko ziola Kartagori honek ez bazituen askatzen haren kontrol pean zeuden greziar guztiak. Enbaxada Sirakusara itzuli baino lehen, Dionisiok baimena eman zien haren mertzenarioei greziar lurraldeetan bizi ziren kartagotarrak hiltzeko baita haien jabariak arpilatzeko ere. Horren ostean, armadarekin Motiarantz abiatu zen, 200 gerra-itsasontzi eta 500 garraioko itsasontzirekin lagunduta, hornidurak eta gerra-makinak zeramatzatenak[15].

Motiako setioaren hasieraAldatu

Dionisioren armada mendebaldera abiatu zenean Siziliako hegoaldeko kostatik, kartagotarren azpian zeuden greziar hiriak matxinatu ziren. Hauek hirietako kartagotar biztanleak hil zituzten, haien ondasasunak sarraskitu eta, azkenean, soldaduak bidali zituzten Dionisioren armadara. Sikuloek, sikanoek eta Messina hiriak soldaduak bidali zituzten ere. Dionisioren armada Motiara heldu zenean, 80.000 oinezko eta 3.000 zaldun zituen[16]. Dionisiok jarri zuen itsas-armada Leptinesen esanetara Motia blokeatzeko[17], Bera ere, armadarekin mugitu zen Ericera, amore eman zuena. Azkenean, Panornus, Solunte, Anzirae, Segesta eta Entella izan ziren Katagok Sizilian izan zituen hiri leial bakarrak. Dionisiok hauen inguruneak sarraskitu ondoren, Segesta eta Entella setiatu zituen, baina hainbat erasoren ostean, Motiara zuzendu zen honen setioa nola zihoan behatzeko[18]. Dirudienez, hiri hauen errendituko ziren Motia erori ondoren[19].

 
Siziliako antzinako hiriak

Motiaren gotorlekuakAldatu

Motia, feniziar hiria, irla baten erdian kokaturik zegoen, sakontasun gutxiko urmael batean, harresi batez inguratuta, 20 dorre zituena. Askotan, harresiak uretatik irtetzen ziren 6 metroko lodiera izanik eta 8 edo 9 metroko garaiera. Espazioa falta zenez, biztanleek 6 solairuko etxeak egiten zituzten, etxebizitzak, askotan, harresietatik gailentzen ziren. Dirudienez, Motiak ez zuen itsas-armada egonkorrik[20] baina, agian, bazuen garnizio puniko bat. Irla eta lehorra kai batez konektaturik zegoen, 1.500 metro luze eta 10 zabal zituena. Hiriko sarrera ateak bi dorre zituen alboan. Hiriko populazioa grekoez eta feniziarrez osatuta zegoen. Greziarrak etorri baino lehen, hiritarrek kaia moztu zuten eta setiorako prestatu ziren[21].

Kartago erasoanAldatu

Ezer gutxi dakigu Kartagoren jardueraz K.a. 405-397 urteen artean, bakarrik izurria hedatu zela Afrikan zehar (405ean aberriratutako soldaduek eraman zutena) Kartago ahulduz. Himilkoni eman zitzaion greziarren mehatxuari erantzuteko ardura. Mertzenarioak alokatzen zituen bitartean, Kartagok ez baitzuen armada egonkorrik, Himilkonek bidali zituen hamar trirreme Sirakuraren kontra. Erasotzaileek, Sirakusako Portu Handian sartu ondoren, txikitu zituzten hor zeuden itsasontzi guztiak. Armada baten faltan, Himilkonek ezin zuen -Eszipion Afrikarrak K.a. 209an Carthago Novan bezalakorik egin, armada konpoan zegoenean- txarto defendatutako hiri bat erasotzea eta menperatzea[22]. Ondoren, Himilkonek 100 trirreme prestatu zituen eta Selinontera abiatu zen. Gauez heldu zen, baina hurrengo eguna Motiarantz jo zuen eta Lilibeoren ondoan ainguratutako garraio-itsasontziak suntsitu zituen. Ondoren, kartagotar flota mugitu zen Motia eta urmaeleko mendebaldeko penintsularen artean zegoen tokira. Han, greziar flota harrapatu zuen, urmaelako iparraldean, non uretako sakontasuna eskasa baitzen[23].

Ehizaturiko ehiztariaAldatu

K.a. 405ean, Lisandrok zuzendutako espartar flotak atenastarren gehiena harrapatu zuen Egospotamosko guduan, ainguratuta zegoen bitartean. Ez dago jakiterik zergatik Himilkonek eraso egin zituen garraio-ontziak flotaren ordez, Motiako iparraldean hondartzaratuta zegoena. Horrela egitekotan, flotaren galerak Dionisiori eragingo zion setio altxatzea eta Himilkonek Sirakusara gerra eraman zezakeen[24]. Egia esan, Himilkon saiatu zen jartzen greziarren ontziteria, pertsiarrek Salaminako guduan pairatu zuten antzeko egoeran: non kartagotar armadak maniobratu ahalko zuen, baina grezierrek ez. Horrek ezerezean uzten zuen greziar flotaren tamaina handiagoa eta horren indarra, greziarrek quinquerremeak zituztelako eta kartagotarrek ez. Dionisiok itsasontziak bidaltzekotan kartagotarren kontra, ez zen flota guztia izango, urmaelaren sakontasun ezarengatik. Orduan, Himilkonek abantaila izango zuen kopuruan eta lasai txikitu ahalko zituen greziar itsasontziak. Dionisiok itsasontziak arkulari eta habailariekin bete zituen, hauek lehorreko katapultekin babesturik. Borrokak iraun zuen bitartean, Himilkonek ezin zuen hurbildu hondartzan zeuden greziar itsasontzietaraino eta horrek denbora eman zion Dionisiori istmoko iparraldean oholezko bide bat egiteko, nondik, arrastaka, itsas zabalera itsasontziak eraman baitzituen. Behin uretan, itsasontziak penintsulako hegoaldera abiatu ziren. Orduan, kartagotar flotak bere burua inguratuta ikustean, ez zuen borroka egin nahi eta Kartagorantz alde egin zuen[25]. Sirakusako flotan kalte nabarmena egiteaz gain, Himilkonek ez zuen gehiagorik lortu.

Motiako erasoaAldatu

Kartagotar flotaren eragozpenik gabe, kaiaren lanak azkar aurreratu ziren. Motiak itsontzirik ez zituenez, ezin zuen ezer egin langileak hiriko defendatzaileen gezien eskueran egon arte. Kaia bukatu ondoren, Dionisiok eraso egin zuen sei dorrerekin, Motiako harresiak eta hiriko eraikin garaienen baino handiagoak zirenak. Gezi eta jaurtigai andana batek, arkulariek eta katapultek botatakoa, harresiak utzi zituen defendatzilerik gabe. Beranduago, ateen aurka arieteak erabili ziren. Feniziarrek mastak erabili zituzten kontraerasoak egiteko. Haien gainean zenbait gizon igo zituzten, parapeto batez babesturik. Orduan, mastak harresietatik kanpo atera zituzten handik suzko liho-bolak jaurtiteko arieten eta eraso-dorreen kontra. Hala ere, greziarrak gai ziren suak itzaltzeko eta harresietaraino heldu ziren, kartagotarren ahaleginak gorabehera[26].

Gudua hiriaren barruanAldatu

Hiria menperatzeko lehen urratsa, harresiak zulatzea izan zen. Greziarrak aurrera joan ahala, feniziarrek jaurtigai euri-jasa bat (geziak, harriak) bota zituzten teilatueratik eta etxeetatik erasotzaileengan kalte handia eginez. Orduan, greziarrek dorreak eraman zituzten harresien ondoko etxeetaraino, horien plataformekin teilatuetara igotzeko. Aurrez-aurreko borroka gogor hori gertatu zen feniziarrek greziarrengandik ez zutelako inolako errukirik espero. Borroka zenbait egunez luzatu zen; eguna argitzen zenetik ilundu arte, baina inor gai ez zenez irabazteko, Dionisiori beste amarru bat bururatu zitzaion: Ilunabarrero, greziarrak kanpamentura itzuli ordez, egun batean Dionisiok agindu zion Arkilori, gauez Turiosko mertzenario talde batekin eskailerak eramatea behatzeko puntuak ziurtatzeko. Ilunpetan, greziarrek lortu zuten puntu estrategikoak kontrolatzea defendatzaileak konturatu baino lehen[27]. Horren ostean, greziarrek ez zuten arazorik izan erresistentzia gainditzeko. Dionisiok nahi zuen ahalik eta preso gehien lortzea, esklabu gisa saldu ahal izateko, baina greziarrek, mendeku moduan, populazio gehiena hil zuten, tenpluetan babesa bilatu zutenak izan ezik.

OndorioakAldatu

Dionisiok Kartagoren alde borroka egin zuten greziar guztiak gurutziltzatu zituen. Ez dago argi horiek Kartagok alokatutakoak edo Motiako biztanleak ziren. Dionisiok hiria arpilatu zuen eta harrapakina soldaduen artean banatu. Hondakinetan sikuloar garnizio bat utzi eta gero, Bitonen esanetara, abiatu zen Segesta eta Entella setiatzeko. Ez dago argi Dionisiok zer egin zuen, baina hiri horiek ez zuten amore eman. Flotarik gehiena Sirakusarantz abiatu zen bitartean, Leptines Ericen geratu zen 120 itsasontzirekin. Motia ez zen inoiz berreraiki. Hiimilkonek erabaki zuen bizirik irten zirenak Lilibeon kokatzea, etorkizunean kartagotar baserik garrantzitsuena izango zena. Aipatutako hiriak, kartagotarra zen bitartean, ez zituen setiorik jasan ez greziarrengandik ezta erromatarrengandik ere. Kartagok K.a. 397an, Himilkon errege aukeratu ondoren, flota eta armada bat bidali zuen Siziliara. Himilkon Palermora abiatu zen, geroago Sirakusako setioa hasteko.

ErreferentziakAldatu

  1. KERN Paul B.: Ancient Siege Warfare, 163-168 or.
  2. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 144-147 or.
  3. KERN,Paul B.: Ancient Siege Warfare, 168-172 or.
  4. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 44-45 or.
  5. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare,174 or.
  6. FREEMAN, Edwrad A., Sicily, 153-154 or.
  7. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 158 or.
  8. DIODORO SIKULO: 15.13.5.
  9. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 174-175 or.
  10. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 177 or.
  11. DIODORO SIKULO: 14.7.2-3
  12. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 157 or.
  13. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 158-159 or.
  14. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 60-163 or.
  15. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 178 or.
  16. WHITAKER, Joseph I.S.: Motya, 75-76 or.
  17. DIODORO SIKULO: 14.48.4
  18. WHITAKER, Joseph I.S.: Motya, 78 or.
  19. DIODORO SIKULO: XIV. 49.
  20. WHITAKER, Joseph I.S.: Motya, 77 or.
  21. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 180 or.
  22. WHITAKER, Joseph I.S.: Motya, 78 or., 2. ohar.
  23. WHITAKER, Joseph I.S.: Motya, 78 or.
  24. DIODORO SIKULO: XIV. 50
  25. WHITAKER, Joseph I.S.: Motya, 80-84 or.
  26. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 181-182 or.
  27. KERN Paul B.: Ancient Siege Warfare, 183 or.

BibliografiaAldatu

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal. Cooper Square Press. ISBN 0-8154-1005-0.
  • WARRY, John (1993): Warfare in The Classical World, Salamander Books Ltd. ISBN 1-56619-463-6.
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage A History, Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4.
  • BATH, Tony (1992): Hannibal's Campaigns, Barns & Noble. ISBN 0-88029-817-0.
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare. Indiana University Publishers. 0-253-33546-9.ISBN
  • FREEMAN, Edward A. (1892): Sicily Phoenician, Greek & Roman, 3. argitaratze, T. Fisher Unwin.
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage, 4. argitaratze, T. Fisher Unwin.
  • WHITAKER Joseph I.S. (1921): Motya, A Phoenician Colony in Sicily. G. Bell & Sons.

Kanpo loturakAldatu

  • DIODORO SIKULO. G. Boothek itzulita (1814). Googlek eskaneatutako liburu osoa.
  • Artikulu honek jabari publikoko testua du: Smith, William, ed. (1870). Dictionary of Greek and Roman Biography and Mythology.