Antzinako Kartago

Kartagotar Inperioa» orritik birbideratua)

Antzinako Kartago (fenizieraz: 𐤒𐤓𐤕 𐤇𐤃𐤔𐤕Qart-ḥadašt, "hiri berria"[1]) zibilizazio semitar bat izan zen[2], Kartagoko hiri-estatu feniziarrean zentratuta, Ipar Afrikan dagoen Tunisko golkoan kokatua, gaur egungo Tunisen kanpoaldean.

Kartago/Estatu punikoa
𐤒𐤓𐤕 𐤇𐤃𐤔𐤕
K.a. 650 – K.a. 146
Monarkia, 308. urtera arte. Ondoren errepublika
[[Fitxategi:{{{bandera}}}|1px|border|Antzinako Kartago bandera]]

Antzinako Kartago armarria

Geografia
HiriburuaKartago
Kultura
Hizkuntza(k)Punikoa, feniziera, amazigera
ErlijioaErlijio punikoa
Historia
SorreraK.a. 650
DesagerpenaK.a. 146
Aurrekoa
Fenizia
Ondorengoak
Erromako Errepublika
Numidiako Erresuma
Mauritaniako Erresuma

K.a. 814. urtean sortu zen[3][4] Hasiera batean Libanon dagoen Tiroren dependentzia bat izan zen, baina K.a. 650a inguruan independentzia eskuratu zuen eta Mediterraneoan zehar hegemonia eskuratu zuen, Ipar Afrikan eta gaur egungo Espainian ezarritako hiriekin.[5] Botere hau K.a. III. mendearen inguruan bukatu zen.

Hiriaren momenturik gorenean Mediterraneoko mendebaldean zegoen komertzio eta botere politikorako gune nagusietako bat zen. Erromatar errepublika eta Siziliako kolonia greziarrekin tentsioak izan zituen kanpo politikari dagokionez, eta askotan gertatu ziren aipatuen kontrako gatazka armatuak. Afrika iparraldeko berebereekin ere izan zituen istiluak.

Historia

aldatu

Feniziar kolonia

aldatu
 
Feniziarren merkataritza bideak mediterraneo itsasoan.

Feniziarrek kolonia ugari sortu zituzten mediterranear itsasoko kostaldean, merkataritza bideratu eta lehengaiak eskuratzeko. Greziar koloniak zituzten lehiakide nagusi, eta gehienetan asentamentu txikiak garatzen zituzten arren, haietako batzuk hiri handi bihurtu ziren. Kartagori dagokionez, K.a. IX. mendean sortu zela uste da.

Feniziako lurraldeetako metropolien menpekoak ziren kolonia haiek, hasiera batean Tiroren menpekoak, eta azken honen gainbeherarekin Sidonek kontrolatu zituen. K.a. V. menderako, ordea, Kartago mendebaldeko mediterraneoko indar boteretsuenetako bat zen, eta guztiz burujabea zen. Inguruko kolonia feniziarren kontrola zuen, afrika iparraldeko kostaldea, balear uharteak, iberiar penintsulako hegoaldea eta korsika, sardinia eta siziliako zenbait gune bere menpe zirelarik.

Esan bezala, Kartago Mediterraneo itsasoaren sartalde osoan zehar hedatu zen merkataritza inperio handi baten gune nagusi bihurtu zen. Kartagoko salgaiak oso aintzat hartuak ziren Mediterraneo inguruetako herrietan. Hiriaren aberastasunaren oinarri nagusietako bat Afrikako iparraldeko eta Iberiar penintsulako hegoaldeko zilar meatzeak ziren. Kartagotarren merkatari inperioaren etsai nagusiak greziarrak izan ziren lehendabizi, Sirakusakoak batez ere, eta geroago erromatarrak.

K.a. III. mendearen erdialdetik II. mendearen erdialdera bitartean hainbat gerra izan zituen Erromarekin. Gerra horien ondorioz, Kartagoren aginpidea guztiz ahuldu zen, eta azkenik hiria K.a. 146an Erromaren esku erori zenean, hiri osoa erre, eta ez zen biztanlerik gehiago geratu.

Siziliar gerrak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Siziliar gerrak»

K. a. VI. eta K. a. III. mendeen hartean greziarren kontra gerran aritu zen Kartago, Sizila irlaren kontrola eta orokorrean mediterraneo mendebaldeko kontrola eskuratzearren. Kartagok merkataritza arloan lorturiko arrakastak bere itsasbideak babesteko ontziteria sortzea ekarri zuen. Bestalde, greziarrak koloniak ezarri zituzten Sizilian, bertako kolonia feniziarrei lehia eginez. Siziliako feniziarrek greziarren mehatxuaren aurrean, eta bertako aliatu greziarrek Kartagori laguntza eskatzean, Kartagok, hegemonia babestu nahian, gerrara jo zuen.

I. Siziliar gerra (K. a. 480)

aldatu

Greziar koloniak bi taldetan banaturik zeuden, Joniarrak eta Doriarrak. Horrez gain, kolonia feniziarrak eta bertako tribuak ere baziren (Elimoak, Sikuloak eta Sikanoak). Joniar eta Doriarrek gatazkak zituzten beren artean, eta haietako batean Himerako agintaria arerioek egotzi zutelarik, Kartago aliatuari eskatu zioten laguntza.

Kartagoko gudarostea Siziliara abiatu zen Halmicarren gidaritzapean, baina itsas bidaian galerak izan zituzten. Behin lurrean, porrot larria jasan zuten doriarren kontra Himerako guduan, eta Kartagoarrek gerra utzi behar izan zuten.

II. Siziliar gerra (K.a. 410-340)

aldatu

Sizilian Selinonte hiri doriarra eta Segesta hiri joniarra lehia gogorrean ziren, eta nork bere aliatuei laguntza eskaerak bidali zizkien. Atenas eta Esparta polisak borrokan nahasi baziren ere, Kartagok ez zuen parte hartu hasieran. Indarrak bildu bitartean auzia diplomatikoki konpontzeko saiakerak egin ziren Segesta, Selinonte eta haien aliatu ziren Kartago eta Sirakusaren hartean, baina azkenean konponbiderik topatu ez eta borroka berritu zen. K. a. 409. urtean, Hannibal Magok Selinonte hartu zuen Selinonteko guduan, eta Himera suntsitu zuen Himerako bigarren guduan. Kartagoarrek ez zuten kanpaina jarraitu eta harrapakinekin alde egin zuten, Sirakusa edo Akragasen kontra zuzenean jo gabe.

Sirakusa eta Akragasek gauzak bere horretan utzi arren, Hermokrates izeneko Sirakusako general arnegatu batek feniziarren lurraldeei erasotzeari ekin zion Selinontetik. Motia eta Panormoko indarrak garaitu zituen konplot batean hil aurretik. Eraso haien kontra, Hannibal Magok beste espedizio bat burutu zuen, zailtasun handiak izan zituena. Akragasgo setioan kartagoarrak izurriak kolpatu zituen eta Hannibal bera hor hil zen. Himilkoren gidaritzapean Akragas, Gela eta Camarina hartu zituzten kartagoarrek, eta Sirakusako indarrak behin eta berriz garaitu zituzten, baina azkenean, berriro izurriak jota, bakea sinatu zuten. Arazoak gorabehera, kanpaina arrakastatsua izan zen eta Sizilian nabarmen hazi zen Kartagoren boterea.

K. a. 398an, ordea, bake ituna hautsi zuen Sirakusak, eta handik aurrera gerra eta bake egoerak tartekatu ziren. Gatazka hauetan, Kartagok boterea nabarmen galdu zuen, eta Siziliako mendebaldeko muturra soilik atxiki zuen.

III. Siziliar gerra (K.a. 315-307)

aldatu

K. a. 315ean Sirakusak Kartagoren Siziliako jabetzei eraso egin zien eta Kartagok kontraerasoa egin zuen. Kartagok zenbait garaipen lortu eta Sirakusa bera setiatzeari ekin zion. Sirakusakoek, aldiz, Afrika iparraldera gudaroste bat bidali zuten, Kartago zuzenean erasotzeko. Kartagoarrek setioa utzi behar izan zuten, eta hiriburua babestera itzuli. Azkenean, bake ituna sinatu zuten Sirakusa eta Kartagok, azken honek irlaren gehiena kontrolpean ukan zuelarik.

Gerra Punikoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gerra Punikoak»
 
Kartagoren menpeko lurrak, Gerra Punikoetan zehar.

K.a. III. eta II. mendeetan Kartagoren eta Erromaren artean hiru gerra izan ziren, Gerra Punikoak deituak Erromatarren terminoa da, kartagoarrei Punicus baitzeritzoten, haien jatorri feniziarra (Poenicus) zela eta. Gatazken arrazoiak Erromaren hedapena eta Kartagok mediterraneoan zuen botereari eutsi eta handitzeko nahia izan ziren.

Lehen Gerra Punikoa (K.a. 264-241)

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lehen Gerra Punikoa»

Mediterraneo itsasoko Korsika eta Sizilia uharteen kontrola lortzeko piztu zen. 264an kartagotarrak Siziliako Messana eta Siracusa hirien arteko liskarretan parte hartzen hasi ziren, era horretara uharte horretan kokatzeko asmoz. Erromak eraso, eta kartagotarrak uhartetik kanpora egotzi zituen. Erromaren itsas ontzidia Afrikako lurraldeetara iritsi zen 256an, baina Kartagok, ia errenditzeko zela, Erromak jartzen zituen baldintzak gogorregiak zirelako, zaldiz eta elefantez osatutako gudaroste batez eraso, eta erromatarrak itsasora egotzi zituen berriro. Erromaren itsas ontzidiak erabat mozten zituen, ordea, kartagotarren koloniekiko harremanak, eta azkenean errenditu egin zen Kartago. Bakearen ordainez, Sizilia eta Lipari uharteak Erromari eman zizkion eta zergak ordaintzeko karga hartu zuen Kartagok.

Bigarren Gerra Punikoa (K.a. 218-201)

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Gerra Punikoa»

Lehenengo Gerra Punikoaren ondoren, Erromak Korsika eta Sardinia kendu zizkien kartagotarrei, eta gero eta zerga astunagoak jarri zizkien. Hala ere Hamilkar Barka buruzagiaren, haren seme Hanibalen eta haren suhi Hasdrubalen gidaritzapean, oinarri sendo bat hartu zuen Kartagok Iberiar penintsulan. K.a. 219an Hanibalek Sagunto konkistatu zuen. Erromak hiri hartatik alde egiteko eskatu zuen, baina Kartagok ezezkoa eman, eta Erromak gerra deklaratu zion.

Itsasoa Erromaren esku zegoenez, Hanibalek lehorrez eraman zuen bere gudarostea, Galian eta Alpeetan zehar Italiar penintsularaino. Galiako zenbait herriren laguntzarekin hainbat gudu irabazi zituen Italiar penintsulan, Cannækoa batez ere. Capua hiria (Italiako bigarren hiri handiena) konkistatu zuen, baina ezin izan zuen Erroma hartu.

K.a. 207an Hasdrubalek beste kartagotar gudaroste bat eraman zuen Italiar penintsulara, Hanibalekin batera Erroma hartzeko asmoz. Hasdrubalen gudarostea Metauros ibaiko guduan menderatu zuen Erromako gudarosteak. Hanibalek K.a. 203 arte jarraitu zuen Italiar penintsularen hegoaldean.

Bien bitartean Eszipionek Iberiar penintsulan eraso zien Kartagoren gudarosteei. K.a. 206an Kartagok Iberiar penintsulatik alde egin behar izan zuen. Eszipionek, orduan, Kartagoko lurraldeetara eraman zuen erasoa K.a. 204an. Zamako guduan Kartagoren gudarostea guztiz menderatu ondoren, Erromak bere baldintzak jarri zizkion Kartagori: zerga ordaindu, itsas ontzidia deuseztatu, eta Hispania eta Mediterraneoko uharteak Erromari utzi.

Hirugarren Gerra Punikoa (K.a. 149-146)

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hirugarren Gerra Punikoa»

Lehenengo eta bigarren gerretan Kartagok bere aginpide politikoa galdu bazuen ere, bere merkataritza guztiz indartzen ari zen K.a. II. mendean, Erromako merkatarien kaltetan. 150ean Masinisaren erasoari armaz erantzun ziotenean, Erromak bere gudarostea bidali zuen Kartagoren kontra, hitzarmena hautsi zuelako. Kartagok Erromaren baldintzak onartu nahi izan zituen; Erromak, ordea, hiria itsasertzetik urrundu eta lehorrean barrura aldatzeko baldintza jartzen zuen, horrela Kartagori itsaso bidezko merkataritza eragozteko. Kartagok bi urtez eutsi zion erromatarren setioari. Eszipion Emilianok bide guztiak moztu eta inguratu zuen hiria, baina hala ere etxez etxe konkistatu behar izan zuen. Hiriak zituen milioi laurden biztanleetatik, 50.000 mila inguru geratzen ziren hiria errenditu zenean. Bizirik geratu zirenak esklabo saldu zituzten; hiri osoa desegin zuten erromatarrek, eta lurraldea Erromaren probintzia bihurtu zen.

Erreferentziak

aldatu
  1. Martín Lillo Carpio. Historia de Cartagena: De Qart-Ḥadašt a Carthago Nova. Ed. Mediterráneo.
  2. Nissim R. Ganor; Nissim Raphael Ganor. Kotarim International Publi, 11 or. ISBN 978-965-91415-2-4..
  3. Sabatino Moscati. «Colonization of the Mediterranean» in Sabatino Moscati The Phoenicians. I.B.Tauris, 48 or. ISBN 978-1-85043-533-4..
  4. Maria Eugenia Aubet. (2008). Political and Economic Implications of the New Phoenician Chronologies. Universidad Pompeu Fabra, 179 or..
  5. Glenn Markoe. (2000). Phoenicians. University of California Press, 55 or. ISBN 978-0-520-22614-2..

Kanpo estekak

aldatu