Ireki menu nagusia

Selinonteko gudua (K.a. 409) izan zen II. Siziliar gerren lehen gerla. Hannibal Magonek (Magonida familiakoa eta kartagotar armadaren buruzagia) eta Selinonte doriar hiriaren artean gertatu zen, setioa eta borroka hamar egunez luzatu ziren. Selinontek Segesta hiri elimoa garaitu zuen K.a. 415ean. Gertaera horrek urte horretako Siziliako atenastar inbasioa ahalbideratu zuen, baina atenastar armada K.a. 413an hondatu zen. Selinontek, Segesta irabazi zuenean K.a. 411n, Kartagok erabaki zuen segestarrak laguntzea. Ondorioz, armada punikoak Selinonte setiatu eta arpilatu zuen, hiri horren negoziazio eskaerei jaramon egin gabe. Hau izan zen Hanibalen kanpainaren lehenengo urratsa, baina gero, kartagotarrek Himerako guduan pairatu zuten porrotaz mendekua hartu nahi zuten. Nahiz etea Selinonte hiria berreraiki, ez zuen inoiz aurreko garrantzia hartu.

Selinonteko gudua
II. Siziliar gerrak
Guerre greco-puniche Greek-punic wars 1.0.jpg
Greziar-puniko maskaren nahasketa.
Data K.a. 409
Lekua Selinonte, Sizilian
Emaitza Selinonte suntsiturik
Gudulariak
Sirakusa
Selinonte
Kartago
Buruzagiak
Ezezaguna Hanibal Magon
Indarra
25.000 oinezko 40.000 oinezko
Galerak
16.000 hildako
6.000 atxilotu
Ezezaguna

Eduki-taula

AurrekariakAldatu

Feniziarrak K.a. 800ean Siziliara etorri baino lehen, irlak bazituen beste komunitate batzuk, hala nola, elimoak, sikanoak eta sikuloak. Hasieran, feniziarrek merkataritza-postuak ezarri zituzten kostaren luzeran, barrualdera inoiz sartu gabe. Greziar kolonoak heldu zirenean K.a. 750ean, irlaren mendebaldeko erdialdera baztertu ziren erresistentziarik gabe (gehienbat Motia, Panornus eta Soluntum hirietara). Lehenak Sizilian, joniar grekoak izan ziren eta Naxos kolonia sortu zuten K.a. 750ean. Geroago, iparraldetik eta mendebaldetik hedatu ziren eta Himera hiria K.a. 648aren inguruan fundatu zuten, Soluntum feniziar lurraldearen ondoan. Doriar grekoek Sirakusa K.a. 734an fundatu eta gero, hegoaldetik eta mendebaldetik zabaldu ziren Selinus fundatu arte, K.a. 654an, Motia feniziar lurraldearen mugan. Joniar grekoek, orokorrean, harreman onak zituzten bertako siziliarrekin eta feniziarrekin. Doriarrak, berriz, oldarkorragoak ziren, greziar eremuak natiboen bizkar hedatzen zituztelako. Greziar kolonien eta natiboen arteko gatazkak agertu ziren baina erabakigarriak izan gabe, beharbada kanpoko beste indar batzuek esku hartu ez zutelako. Feniziarrek eta kartagotarrek guztiekin egiten zuten merkataritza eta honela, orokorrean, koloniak aurrera joan ziren. Oparotasun horrek bultzatuta, greziar hiriak lurralde berriez jabetu ziren eta horrek, azkenean, Siziliar gerrak sortarazi zituen.

Kartagotar nagusitasunaAldatu

Hasieran, Siziliako feniziarrek ez zioten armekin aurre egin greziar inbasioari, baina hau aldatu zen greziarrek punikoen eremuak, mendebaldeko Sizilian, indarrez inbaditu zituztenean. Feniziarrak elimoen alde kokatu ziren Selinonteko doriar kolonoak menperatzeko, hauek Lilibeo izango zen hiriaren ondoan kolonia bat ezarri nahi zutelako, hots, Motia feniziar koloniaren aurrean. Ezezaguna zaigu kartagotarrek partaidetza izan zutenentz gertakizun honetan, baina litekeena da fenizioak Sizilian hegemonikoak ez izatea[1]. Dirudienez, Malko kartagotar erregeak, ustezko Siziliako konkistatzaileak, Tirora bidali zuen arpilatutakoa. Horrek suposatzen du Kartagok Motia, Panorno eta Solus koloniez jabetu zela. Kartago hegemonia punikoaren burua bilakatu zen greziarren kontrako lehian Mediterraneoren mendebaldean, K.a. 600. urtearen ondoren. Malkoren garaian Selinonte eta Himeraren goraldiek adierazten dute kartagotarrek Sizilian ez zituztela greziarrekin gatazkarik. Hala ere, Kartagok kontraeraso egin zuen Dorieoren espedizioa K.a. 510ean, grekoak Erixen menperatu arte. Geroztik, Kartago izan zen Siziliako feniziar interesen zaintzailea. Gertaera honen ondorengo gerran, Kartagok Heraklea Minoa birrindu zuen[2]. Data hau ez dago jakiterik baina Kartagok ez zuen berriro Sizilian parte hartu K.a. 480 arte. Kartagok fenizioen autonomia Sizilian seguratzen zuen, haien kanpo politikaz arduratuz, baina horren truke fenizioek zergak ordaintzen zizkioten. Elimoei, Selinontez babestuta egoteko, aliatu estatusa eman zieten. Azkenean, hiri hau Kartagorekin aliatu zen Agrigentoren beldur.

Greziar tiranoakAldatu

Gelako bi greziarrek, Kleandrok eta Gelonek, parte harte zuten Heraklea Minoa suntsitu zuen gerran. Zenbait hamarkada beranduago, Dorieo printzeak Espartako tronua galdu ondoren, Libiara abiatu zen jarraitzaileekin, baina handik kartagotarrek egotzi zuten K.a. 511n. Ondoren, Sizilian lehorreratu zen eta Erix kolonia fundatu zuen, hiru urtez borroka izan bazuen ere. Kartagok Segesta lagundu zuen K.a. 510ean Dorieoren espedizioa menperatzeko. Horren ondoren, bizirik irtendako greziarrek Heraklea Minoa fundatu zuten[3]. Siziliako greziarrek (agian, Akragas, Gela eta Selinus), zehaztugabeko datan, mendeku hartu zuten kartagotarrengandik eta Minoa suntsitu zuten. Ondoren, sinatutako itunak greziarrei onura ekonomikoak ekarri zizkien[4]. Dorieoren heriotza mendekatzeko deiari ez zioten Grezian kasurik egin, ezta Leonidas Espartakoak[5] ere, nahiz eta anaia izan. Beharbada, jarrera horrek adierazten zuen greziar hiriek ezin zutela banan-banan Kartagori aurre egin edo Greziatik laguntza lortzeko segurtasun falta zutela. Egoera hori aldatuko zen Siziliako tiranoak agertzean. Gelako Kleandro eta Gelon, gerra honetan esku hartu zuten bi greziarrak, hurrengo gertaeren katalizatzaileak izan ziren. Siziliaren mendebaldean gatazkak bukatu zirenean eta Kartago Sardinian aritzen zenean, Siziliako kolonia gehienak tiranoen azpian erori ziren. K.a. 505-480 artean, Gelako, Akragasko eta Reggioko tiranoek jabegoak zabaldu zituzten bertako siziliarren eta beste greziar hirien lepotik. Horietako arrakastasuena Gela, doriar hiria, izan zen. Kleandro Gelakoa (K.a. 505-498) eta horren anaia Hipokrates (K.a. 498-491) gai izan ziren joniar eta doriar lurraldeak eskuratzeko. Honela, K.a. 490erako, Zankle, Lentini, Catania, Naxos, sikuloen eskualdeak eta Camarina, Gelaren menpean erori ziren. Gelonek, Hipokratesen ondorengoak, Sirakusa menperatu ondoren K.a. 485ean, bere hiriburua bihurtu zuen. Garbiketa etnikoa, erbesteratze eta esklabotasuna erabiliz[6], Gelonek joniar hiriak doriarrak eraldatu zituen. Guztien artean Sirakusa izan zen Siziliako boteretsuena. Bitartean, Teron Agrigentoko tiranoak sikuloen eta sikanoen lurrak inbaditu zituen K.a. 488-472 bitartean. Haien arteko edozein gatazka ekiditzeko, Gelon eta Teron ezkondu ziren beste familiatako emakumeekin, honela fronte bat eratu zuten Siziliako sikuloen eta joniarren aurrean. Greziar Siziliako baliabideak eta eskulana tirano horien esku egotean, Sizilian beldurra ematen zuten. Joniarrek, Naxos eta Catania galdu zituztenez Gelaren mesederako, Himerako eta Reggioko tiranoek aliantza bat egin zuten. Anaxilao Reggiokoa, K.a. 490ean Geloni Zankle kendu ziona, Terrilo Himerakoa tiranoarekin aliatu zen honen alabarekin ezkondu eta gero[7]. Hurrengo urratsa izan zen bi hiri hauek Kartagorekin aliatzea. Selinonte, Teron lurraldeen ondoko hiri doriarra, Kartagorekin aliatu zen ere. Erabaki honetan zerikusia izango zuen Teroni zion beldurra eta Gelonek Megara Hiblearen suntsiketa (Selinonteren ama hiria), K.a. 483an. Ondorioz, ezegonkortasunezko orekan hiru botere zeuden Sizilian: joniarrak, iparraldea kontrolatzen zutenak (Himera eta Reggio); kartagotarrak mendebaldean, eta doriarrak ekialdean eta hegoaldean (Sirakusa eta Agrigento). Sikuloak eta sikanoak erdian ogitartekaturik, pasiboak zeuden, baina elimoak kartagotarrekin aliatu ziren. Egoera aldatu zen Teronek, Himerako biztanleen laguntzarekin, Terilo boteretik kendu eta hiria kontrolatu zuenean K.a. 483an. Kartagok parte izan zuen Anaxilaok eskatu ziolako. Siziliako greziarrek Gelonek eta Teronek zuzenduta, kartagotar espedizioa zapaldu zuten K.a. 480an Himerako guduan. Kartagotar eremuak Siziliako mendebaldean ez zuen murrizketarik izan, baina Kartagok 70 urtez ez zuen parte hartu Siziliako arazoetan, Afrikan, Sardinian eta Hispanian zabaldu bazen ere. Kanpoko indar baten porrotak oparotasuna ekarri zuen Siziliara, baina bakea ez. Egoera politikoa aldatu zen demokraziak eta oligarkiek zenbait tirano ordezkatzean. Sirakusaren eragina behera joatean, greziar hirien arteko borroka sarritan hasten zen. Atenasek flotak bidali zituen Siziliara K.a. 427, 425 eta 424 urteetan gatazketan parte izateko. Azkenean, Hermokrates Sirakusakoak Gelako Kongresuan, K a. 424an, Siziliako greziar hiriei eskatu zien bakean egoteko. Greziar eta natiboen arteko bakea ez zen itunaren atal bat. Paradoxikoki, irabazitako kartagotarrek eta haien aliatuek, elimoek, bake gehiagoz gozatu zuten Himerako guduaren geroztik K.a. 415 arte.

Selinonte Segestaren aurkaAldatu

Selinontek eta Segestak (elimoen hiria) merkataritzan eta gatazketan historia luzea partekatzen zuten. Hirien arteko erlazioak hain estuak ziren, non legeek bi hiriren biztanleen arteko ezkontzak onartzen baitzituzten[8]. Alabaina, bazeuden gatazkak ere: feniziarrek elimoak lagundu zituzten K.a. 580an Lilibeoko eta 510ean Erixko greziar inbasioak egozteko. Ezezaguna da zein izan zen Segestaren zeregina Kartagok Heraklea Minoa suntsitu zuen gerran. Segesta neutrala zen[9] Himerako lehen guduan (ironikoki Selinonte Kartagorekin aliatuta zegoen). Himerako guduaren ondoko garaiak oparotasuna ekarri zien bi hiriri. K.a. 454 urtearen inguruan, gatazka bat sortu zen Motia, Selinonte eta Agrigentoren artean, nahiz eta arrazoiak ilunak izan[10], Kartago arazoan sartuta ez bazegoen ere. Selinontek irabazi zuen eta elimoek laguntza eskatu behar zuten Atenasen, baina ez dago argi erantzuna baiezkoa izan zen. Bakea eta gero, hiru hamarkadaz luzatu zena, Segestaren boterea ahultzean,[11] Selinontek borrokari ekin zion K.a. 416an.

Atenastarren espedizioaAldatu

Selinonteko greziarrek Mazaros[12] ibaiaren goi arroa zeharkatu eta gero, Segestarekin eztabaidan zeuden eremuez jabetu ziren eta Segestako lurraldea arpilatu zuten. Segestak geratzeko alperrikako eskaera egin ondoren, erabaki zuen lurrak armen bidez berreskuratzea, baina ondorioa kontrakoa izan zen: greziarrek menperatua izan zen[13]. Segestak, orduan, Agrigentori eta Sirakusari bitartekaritza eskatu zien, baina alperrik. Are gehiago, Sirakusa Selinonterekin kokatu zen eta flota bat bidali zuen elimoen kosta blokeatzeko[14]. Etsita, Segestak Kartagora mezulariak bidali zituen, baina hauek laguntzeari muzin egin zioten. Horren ondoren, Segesta Atenasen aliatua zenez K.a. 426tik -joniar hiriak lehenbiziz Sizilian parte hartu zuenetik-[15], hiri horretara beste mezulari batzuk bidali zituen laguntza eske. Atenasek baietz erantzun zuen bainaatenastarren Siziliako inbasioak porrot egin zuen siziliar hirien konbinatu baten aurrean, non Selinonte eta Sirakusa partaideak baitziren. Segestaren egoerari dagokionez, Atenasen aliatua izatean, larria bihurtu zen.

Selinontek erasoa jo zuenAldatu

Atenastar porrotaren ostean, Selinontek jabaria zabaldu nahi zuen, horretarako aukeran zuen: mendebaldean Motiaren lurrak; ekialdean Agrigentorenak, eta iparraldean Segestarenak. Hala ere, Motiarekin ustezko gatazkak suposatuko zuten Kartagori aurre egitea. Agrigento, berriz, Segesta baino indartsuago zen. Gainera, Segesta etsai baten aliatua izatean, hauek menperatu ondoren, Selinontek eskualdea kontrolatuko zuen. Honela, Sirakusaren bezain boteretsua izango zen eta Tirreniar itsasora irteera bat lortuko zuen, itsas-bide zuzena emango ziona Etruria eta Massaliako merkatuekin. Selinonte borroka hasi zen K.a. 410ean Segestaren lurrak okupatzean. Segesta mugitu ez zenez Sirakusaren beldur[16], Solinontek jarraitu zuen elimoen eremuetan sartzen. Orduan, Segestak erabaki zuen Kartagora enbaxada bat bidaltzea laguntza eske.

Kartagoren erantzunaAldatu

Kartagok, Himerako guduaren ostean, ez zuen 70 urtez Siziliako arazoetan esku hartu eta greziarrak saiatu ziren hura ez probokatzen. Izan ere, urte horietan Kartago indartu zen Atlantikoko afrikar eta europar kostetan eta Sardinia Magonida leinuaren agintaldian baretzean. Merkataritzari esker, K.a. 430 inguruan, urre eta zilarrezko kantitate handiak metatuta zituen[17]. Greziarrak Kartagoren botereaz jakinaren gainean zeuden, beraz, Sirakusak atenastarren inbasioaren kontra laguntza eskatu zion[18]. Kartagok ez zion inori laguntza eman, ezta Segestari ere, K.a. 416an laguntza eskatu zionean. Alabaina, egoera bestelakoa izan zen K.a. 411n Segestak berriro laguntzaren bila joan zenean.

Fitxategi:Siziliako kulturak (K.a. 431).jpg
Siziliako kulturak (K.a. 431)

Esku-hartzeko arrazoiakAldatu

Lehenengo urratsa Segestak eman zuen erabaki zuenean Kartagoren menpekoa eta aliatua izango zela[19]. Horrek adierazten zuen Segestak barruko autonomiaren eta merkataritzaren kontrolei eusten ziela, baina kanpo politikari ez. Bestalde, elimoen lurraldean garnizio punikoak eta, agian, zergak ordaindu behar zituen kartagotarren babesaren truke. Bigarren arrazoia izan zen Hanibal Magonen,(Kartagoko sufete bat) parte-hartzea. Kartagotarren ikuspuntutik bi faktore aintzakotzat hartzen ziren: lehena zen Selinontek irabaztekotan, greziarrek indar handiago izango zutela kartagotarren kalterako; bigarrena, Segestarekin sinatutako aliantza kartagotarren domeinua zabalduko zuela, baina edozein parte-hartzek gerra piztuko zuen Sirakusarekin. Kartagotar senatuak arazoa luze eta zabal eztabaidatu ondoren, Hanibalen aldeko epaia eman zuen Segestaren menpekotasuna eta parte-hartzea onartzean eta hiri honi baldintzarik gabeko laguntza ematean.

Bidaia diplomatikoakAldatu

Hanibalek ez zituen bere sentimenduak kontuan hartu arloaz arduratzen zenean. Hark Selinontera bidalitako mezulariek ez zutelako proposatu Segestarekin su-eten bat baizik eta eztabaidaturiko eremuak Kartagok kontrolatuko zituela. Alde batetik, ekimen horrek astia emango zion Kartagori tropak mobilizatzeko eta bestetik, proposamenak arrakastasua izanez gero, Segestak bakea lortuko zuen eta kartagotar domeinua zabalduko zen (jadanik, Segesta menpekoa zelako). Kartagotar eskaintza kontseiluan eztabaidatu zen, eta Enpidionek, Kartagorekin harreman estuak zituen hiritarrak, etengabe eskatu zuen proposamena onartzea Kartagorekin gatazka ekidetzeko[20], baina selinontarrek ezetza eman zioten. Hurrengoan, Hanibalek Segestako eta Kartagoko mezulariak bidali zituen Sirakusara, Selinonte eta Segestaren arteko gatazkan bitartekaritza egin zezaten. Kartagotarren ustez, Selinontek bitartekaritzari muzin egingo zion eta ondorioz, Sirakusak ez zuen parte hartuko ustezko gudu horretan[21]. Izan ere, Selinonteko mezulariek Sirakusan esan zuten beraiek konponduko zutela arazoa, orduan sirakusarrek erantzun zieten ez zutela nahi Selinonterekin aliantza apurtu ezta Kartagorekin bakea amaitu ere. Hori dela eta, Kartago aske zegoen Selinonterekin jarduteko Sirakusako interferentzien beldurrik gabe. Honela, kartagotar diplomaziak lortu zuen hurrengo urteetarako Selinonte isolatzea.

K.a. 410ko espedizioaAldatu

Kartagok Sizilian ez zuenez armada iraunkorrik, Afrikatik 5.000 soldadu eta 800 mertzenario (aurretiaz, atenastarren espedizioan parte hartu zutenak) bidali zituen[22]. Kartagok zaldiak italiarrentzat ekarri orduko, armada Segestan kokatu zuen. Bitartean, Selinonteko armadak, talde txikietan banaturik, Segestaren eskualdeak arpilatzen zituen. Orduan, greziarren berriki indartutako armada Segestatik irten zen eta Selinonteko sakabanaturiko soldaduak ustekabean hartu zituen, 1.000 hildako eraginez eta selinontarrek lortutako ospila berreskuratuz[23]. Oraingoz, Segesta seguru zegoen greziarren arpilaketez, hauek, jipoiaren ostean, Selinontera itzuli zirelako. Horren ostean, Selinontek alperrik eskatu zuen laguntza Sirakusan. Segestak, bere aldetik, Sirakusako errepresalien beldur, laguntza gehiago eskatu zuen Kartagon[24].

Espedizio nagusiaAldatu

Hanibalek baiezko erantzuna eman zion Segestako deiari. Izan ere, 120.000 infante eta 4.000 zaldunen armada antolatu zuen, Afrikatik, Sardiniatik, Hispaniatik eta Siziliako greziar eremuetako biztanleekin. Armadak bazituen kartagotar boluntarioak ere[25]. Gaur egun, pentsatzen da datuak puztuta zeudela, armadak 30.000-40.000 soldaduren artean izango zituelako. Armada K.a. 410ean hasi zen antolatzen, baina ez zen abian jarri K.a. 409ko udaberria arte.

Kartagotar kohorteakAldatu

Kartagotar armadak hainbat naziotako mertzenarioak zituen. Libiarrak, infanteria astuna eta arina osatzen zutenak, armadaren unitate disziplinatuenak ziren. Infanteria astunak formazio itxian borroka egiten zuen, ezpata luzeak eta ezkutu biribilak zituen eta lihozko korazak jantzi. Libiar infanteria arinak xabalinak eta ezkutu txikiak zeramatzan, iberiar infanteria bezala. Iberiar soldaduen jantziak tunika zuriak ziren, purpurazko ertzekin eta bururako larruzko kaskoak zituzten. Iberiar infanteria astunak falange trinkoan borroka egiten zuen. haien armak jaurtitzeko lantzak ziren, gorputza babesten zuten ezkutu luzeekin, eta ziztatzeko ezpata laburrak zituen[26]. Campania, Sardinia eta Galietako infanteriek berezko armak zituzten[27], Kartagok zenbaitetan hornitzen bazituen ere. Libiarrek, kartagotar hiritarrek eta Libiaren aldeko feniziarrek zalditeria disziplinatua eta ondo prestatuta zuten, jaurtitzeko lantzekin eta ezkutu biribilekin horniturik. Numidiar zalditeria arinak xabalina sorta bat zuen eta zaldunek bridarik edo zelarik gabe zaldiak gobernatzen zituzten. Iberiarrek eta galiarrek ere zalditeria zekarten. Kartagotarren aliatuek armadan esku hartzen zuten. Kartagotar ofizialek gudaroste guztien gainean agintzen zuten nahiz eta zenbait unitatetan jatorrizko buruzagien esanetara egon. Greziar hoplitak Italian eta Grezian kontratatzen ziren.

Selinonte: kokapena eta defentsaAldatu

Selinonte Siziliako hiri aberatsenetako bat izan zen, Megara Hibleako doriarrek fundatu zutena K.a. 628an. Sirakusako edo Agrigentoko maila berea ez bazuen ere, haien kokapenaz eta hiritarren jarreraz, hiriko defentsa gogorra egingo zuten. Sirakusarrek, behintzat, hori pentsatzen zuten laguntzeko armada prestatzen zuten bitartean.

Hiriko ezaugarriakAldatu

Selinonte 47 metro altuerako mendixka baten gainean kokatuta dago (hiriak hiru tokitan aldapak ditu, itsasoaren aldeko hegoaldeko partean izan ezik[28], Selinus eta Hipsas ibaien artean. Antzinako hiria hegoaldean zegoen, harresiz inguratutako akropolian, eta beranduago iparraldera hedatu zen muino osoan zehar. Akropoliko iparraldean agora zegoen. Selinontek bi portu zituen; muinaren mendebaldean eta, ekialdean, ibaien bokaletan. Hiriko ekialdean eta mendebaldean, ibaien harantzago, bi muino daude hiriko tenpluekin. Ez dago ziur zein izan zen hiriko harresien trazadura, baina ziurrena horrek akropolia eta hiria inguratuko zuen[29].

DefendatzaileakAldatu

Siziliako hiri handiek, Sirakusak eta Agrigentok adibidez, 10.000-20.000 soldadu errekrutatu zitzaketen[30]; Himera eta Messina bezalako hiri txikiek, berriz, 3.000[31] eta 6.000 artean[32]. Selinontek, beharbada, 3.000-5.000 soldadu izango zituen, baina mertzenariorik ez. Selinonteko soldaduak hoplitak ziren baina ez zuen zalditeriarik. Ezer gutxi dakigu Selinonteko itsas-armadaz. Selinontek hiritik kanpo gerra gehienetan borroka egin zuenez, litekeena da haren harresiak zaindu gabe egotea[33]. Setioa bitartean, hiritar guztiak mobilizatu ziren, emakumezkoak barne, eta hauetariko asko oldarkor-tropa gisa erabili ziren. Bat-bateko peltasta hauek etsaiei teiak, adreiluak eta beste objektu batzuk jaurtiz, hildako asko eragin liezaiekete kale borrokan (honela gertatu zitzaion Pirro Epirokoari, Argosen hil zela, emakume batek buruan teila batekin jo ondoren).

Kartagotar espedizioa SizilianAldatu

Hirurogei trirremek eskolta eman zien kartagotar armadari. Honek, K.a. 409ko udaberrian, Afrikatik soldaduak, hornidurak eta setiatzeko ekipamendua 1.500 itsasontzietan garraiatu eta gero, Motian lehorreratu zen. Motiako tropak handitzeko, Siziliako kartagotar hirietan errekrutatzeari ekin zieten. Hanibalek soldaduei egun bateko baimena eman zien Selinonterantz abiatu baino lehenago. Bidean, Mazara eta Selinonteko kanpo garnizio bat atzeman zituen. Harrez geroztik, Mazarak hornituko zuen armada punikoa gerrak irauten zuen bitartean[34]. Lehorreko armadak setiatzeko ekipamendua Selinontera eramaten zuen bitartean, itsas-armada Motian porturatuta zegoen[35]. Selinontek bazekien Hanibalen armada urreratzen ari zela, behatzaileek itsas armadaren lehorreratzeaz ohartarazi ziotelako. Selinontarrek defentsak prestatu zituzten eta kanpoan zeudenak deitu zituzten harresien barruan egoteko. Honela, setiorako hornidurak bildu zituzten Gelari eta Sirakusari laguntza eskaten zieten bitartean.

Setioa ezarrizAldatu

Kartagotar armada Selinontera heldu zen honek laguntza jaso baino lehenago eta mendebaldeko muinoan kanpatu zuen, hau da, akropoliaren ondoan, setioko lanekin hasteko. Hanibalek ez zituen Selinonte inguratzeko kanpoko harresiak egin[36], lan horrek denbora emango ziolako Sirakusari eta beste Siziliako greziar hiriri armada sendo bat antolatzeko eta Kartagoko setioa pikutara bidaltzeko. Errendizioa gosez bilatu beharrean, Hanibalek erabaki zuen Selinonte setio-makinekin erasotzea, baina Himeraren antzeko porrota ekiditzeko, Hanibalek ez zuen berehala Selinonte eraso baizik eta denbora hartu zuen setioko lanak eta makinak prestatzeko.

Lehen erasoaAldatu

Kartagotarrek destakamentu bat utzi zuten hiriaren ekialdean, etor zitekeen greziar armadaren erasoak ekiditzeko[37]. Beharbada, kartagotarrek iparraldetik eraso zuten sei setio-dorre eta ahari-buruak erabiliz. Lehengo eguneko oldarra italiar mertzenarioen ardura pean egon zen[38]. Ahari-buruak burdinezko plakekin estali zituzten harresietatik zetorren suaren kaltea ekiditzeko. Selinontek ez zuen azken urteetan setiorik jasan; beraz, ezer gutxi zekien setio-armeei buruz. Setio-dorreetan, hiriko harresiak baino handiagoak zirenak, habailariak eta erasoko tropak kokatu ziren. Hauek harresien defendatzaileak eraso zituzten eta azkenean, botarikoaren zaparrada hain handia izan zen non selinontarrek ihes egin baitzuten. Orduan, arieteak erabili zituzten ateak apurtu arte. Hala ere, egun osoko gudu baten ondoren, Campainiako infanteriaren erasoa errefusatu zen. Arrazoia izan zen harresiaren hondakinak ez zirela kendu eta hori eragozpen handia zen kartagotarrak aurreratzeko. Selinonteko gizonezkoek borroka egiten zutenean, emakumezkoek eta zaharrek hornidura ekartzen zuten harresiei, hauek harresiak konpontzen zituzten bitartean. Gaua heltzean, kartagotarrek erasoari utzi zioten haien kanpalekura erretiratuz. Iluntasunez baliaturik, selinontarrek berriro mezuak bidali zituzten Agrigentora, Gelara eta Sirakusara, harresien zaharberritze lanak egiten zuten bitartean. Zaldiz eramandako mezuek bi egun behar zuten Sirakusara heltzeko eta hiri horrek beste bost egun behar zituen armadarekin Selinontera ailegatzeko[39]. Agrigentok eta Gelak erabaki zuten itxarotea Sirakusaren erantzuna jakin arte. Garai hartan, Sirakusa, Lentini eta Naxosen kontrako gerran zegoela[40], su etena egin zuen armada handi bat antolatzeko, baina ez zuen oso azkar ibili, pentsatzen zuelako Selinonte gai izango zela luzaro kartagotarrei aurre egiteko[41]. Usteak ustel, kartagotarrak setio-armekin nagusiak zirelako.

Azken erasoaAldatu

Hurrengo egunean, Hanibalek indar handiagoz borroka egin zuen. Arkulariek eta habailariek sei setio-dorreen gainean kokaturik, lortu zuten harresiak defendatzailerik gabe uztea[42]. Sei ahari-buru erabili ziren harresien kontra eta azkenean, egindako zuloetatik infanteria punikoa sartu zen. Zuloetako hondakinak kendu orduko, soldadu taldeak txandaka sartu ziren[43]. Orduan, greziarrek harresiak defendatu beharrean, kale estuetan barrikadak antolatu zituzten erasotzaileei aurre egiteko. Gudua bederatzi gau eta egunez luzatu zen, erasotzaileen aurrean iberiar mertzenarioak zihoazen. Greziarrek kaleetan adorez borrokatzen zuten bitartean, emakumeek teilatuetaik adreiluak eta teilak erasotzaileei botatzen zizkieten. Nahiz eta hildako asko eragin, kartagotar armada oso handia izatean, poliki-poliki aurrera joan zen hirian barrena. Bederatzigarren egunean, greziar emakumeek ez zuten ezer jaurtitzeko eta horrek erraztu zuen kartagotarren lana. Greziarren hildakoen kopurua gero eta handiagoa zenez, borrokalariak agorara erretiratu ziren. Selinonteko azken erresistentzia bukatu zenean, 6.000 greziar preso hartu ziren, 3.000 soldaduk Agrigentora ihes egin zuten eta 16.000 hil ziren guduan edo ondoriozko sarraskian[44]. Kartagotarrak bakarrik errukitu ziren biztanle haietaz, hiriko tenpluetan babesa bilatu zirenak.

OndorioakAldatu

Sirakusarren 3.000 soldadutako abangoardia Agrigentora heldu zenerako kartagotarrak Selinontez jabetu ziren. Ezinezkoa zenez hiria laguntzea, Dioklesek elkarrizketak hasi zituen Hanibalekin. Lehenengo greziar ordezkariak erantzun txarrekin itzuli ziren, baina bigarrenek (Enpedionesek, kartagotar aldeko selinontar batek zuzendurik), baimena lortu zuten hiria berreraikitzeko eta presoak erreskatatzeko[45]. Kartagotarrek zoruaren altueran birrindu zuten hiria, tenpluak izan ezik, hauen altxorra ospil moduan eraman bazuten ere. Espedizioaren helburua bete egin zen Selinonteko suntsiketarekin, baina Hanibalek greziarrekin negoziazioak hasi beharrean, Himerara abiatu zen, non K.a. 480an, kartagotarrek porrot handia jasan baitzuten. Sirakusarrak, egoeraz oharturik, seriozki hasi ziren Himerarako laguntza prestatzen. Ez dago argi Himerak Selinonteko guduan parte hartu zuenentz. Geroago, Hermokratesek Selinonte erabili zuen base moduan K.a. 407an, eskualde punikoak erasotzeko. Honek Selinonteko harresiak berreraiki omen zituen. K.a. 405eko bakeak erraztu zuen Selinonte birpopulatzea, nahiz eta aurreko ospea lortu ezinik ezta Segestarentzat ez zen berriro mehatxu bat izan. Azkenean, Lehen Gerra Punikoan guztiz birrindu zen eta biztanleak Lilibeon kokatu ziren.

ErreferentziakAldatu

  1. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 55 orr.
  2. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 67 orria.
  3. Diodoro Sikulo: IV. 23.
  4. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, 2. bolumena, 97-100 orriak.
  5. K.a. 480ean, Termopiletako guduan ospea hartu zuena.
  6. FREEMAN, Edward A., History of Sicily, 2. bolumena, 130-131 orriak – jabari publikoko liburua.
  7. Herodoto: VII. 163.
  8. Tuzidides: 6. 6. 2.
  9. Herodoto: 7. 165. - ez dira aipatzen elimoak kartagotar armadan.
  10. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, II. bolumena, 551-557 orriak. Jabari publikoko liburua.
  11. Diodoro Sikulo: 12. 82. 4-7, Tuzidides: 6. 20. 4 eta 6. 22
  12. FREEMAN, Edward A., History of Sicily, III. bolumena, 81-82 orriak. Jabari publikoko liburua.
  13. Diodoro Sikulo: XII. 82
  14. Tuzidides: VI. 6. 2
  15. Tuzidides: 6. 2.
  16. Diodoro Sikulo: XIII. 43.
  17. Tuzidides: VI. 34. 2.
  18. Tuzidides: VI. 34. 2.
  19. Diodoro Sikulo: XIII. 43.
  20. Diodoro Sikulo: XIII. 59.
  21. Diodoro Sikulo: XIII. 59.
  22. KERN, Paul B,: Ancient Siege Warfare, 165 orria.
  23. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 29 orria.
  24. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, III. Liburukia, 453 orrialdea, jabari publikoko liburua.
  25. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 142 orria.
  26. GOLDSWORTHY, Adrian, The fall of Carthage, 32 orria, ISBN 0-253-33546-9
  27. MAKROE, Glenn E., Phoenicians, 84-86 orriak, ISBN 0-520-22614-3.
  28. RIVELA, Antonio, The Dead Cities of Sicily, jabari publikoko liburua.
  29. KERN, Paul B., Ancient Siege Warfare, 164 orria. ISBN 0-253-33546-9.
  30. Diodoro Sikulo: X. III. 84.
  31. Diodoro Sikulo: X. IV. 40.
  32. Diodoro Sikulo: XIII. 60.
  33. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 164 orria.
  34. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 164 orria.
  35. FREEMAN Edward A.: Sicily, 142 orria.
  36. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 164 orria.
  37. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 163 orria.
  38. Diodoro Sikulo: 13. 55. 6-7.
  39. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily, III. bolumena, 464 orria. Jabari publikoko liburua.
  40. Diodoro Sikulo: 13. 56.
  41. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 166 orria.
  42. Diodoro Sikulo: 13. 55. 6-7.
  43. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 165-166 orriak.
  44. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 30 orria.
  45. FREEMAN, Sicily, 143 orria.

BibliografiaAldatu

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal. Cooper Square Press. ISBN 0-8154-1005-0
  • BATH, Tony (1992): Hannibal's Campaigns. Barns & Noble. ISBN 0-88029-817-0
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage, 4th Edition. T. Fisher Unwin. 
  • FREEMAN, Edward A. (1892): Sicily Phoenician, Greek & Roman, Third Edition. T. Fisher Unwin. 
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare. Indiana University Press. ISBN 0-253-33546-9
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage A History. Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4
  • WARRY, John (1993): Warfare in The Classical World. Salamander Books Ltd. ISBN 1-56619-463-6

Kanpo loturakAldatu