Maoismo

marxismo-leninismoaren aldaera bat, Txinan garatua, zeinetan nekazariak diren abangoardia iraultzailea (eta ez proletarioak), gizarte aurreindustrialetan

Maoismoa edo Mao Tse-Tung Pentsamendua (txinera tradizionalez: 毛澤東思想; txinera sinplifikatuz: 毛泽东思想; pinyinez: Máo Zédōng Sīxiǎng) Mao Zedongek garatutako marxismo-leninismoaren aldaera da. Marxismo-leninismo-maoismoa ere deitzen zaio.

Mao Zedong, ezkerretik hasi eta hirugarrena.

Txinako Alderdi Komunistaren doktrina ofiziala izan zen, 1978an Deng Xiaopingen buruzagitza pean ildo berria hartu arte. Txinako Alderdi Komunistak ez du maoismo izandapena erabili, doktrina horri Mao Tse-Tung Pentsamendua izendapena emanez. Aldi berean, Mao Zedongen planteamenduekin bat egiten duten Txinatik kanpoko hainbat alderdik marxista-leninista deritzote euren buruari, beraien arabera Maok marxismo-leninismoa Txinako beharretara egokitu baitzuen, ez doktrina berri bat sortu. Beste alderdi komunista batzuek, berriz, maoistatzat edo marxista-leninista-maoistatzat dute euren burua, buruzagi txinatarraren ekarpena azpimarratu asmoz.

Hala ere, Maok leninismoa garatu zuten aportazio teoriko eta praktikoak egin zituela kontsideratzen dute beste alderdi maoista batzuek.

Txinatik kanpo, maoista terminoa 1960ko hamarkadatik aurrera hasi zen erabiltzen, normalean gutxiesgarri gisa, SESBaren komunismo eraren aurka zihoazen pertsona eta alderdiez.

Mao eta nekazariak

aldatu

Maok defendatu zuen Alderdi Komunistak bere jakinduriarekin mobiliza zitzakeen nekazariak indar iraultzaile bat zirelako ideia. Txinan, hasiera batean, semifeudalismoa zegoen, latifundioak zapalduta zeuzkan nekazari kantitate izugarriarekin. Horregatik, Txinako Iraultza landatik hirira izan zen. Txinako Alderdi komunista boterera eraman zuen eredua, nekazarien oinarriak zituen borroka armatua izan zen.

Estrategia militarra

aldatu

Maoismoak dotrina militar oso bat barneratzen du, ideologia-politikoa estrategia militarrarekin estu lotuz. Bertan, "boterea fusiletik jaiotzen da" (Maoren aipua) eta nekazariak borroka armatuaren gerran parte hartzeko mobilizatuak izan daitezke hiru fase dituen gerrillarako:

  • Lehen fasea nekazarien mobilizazioak eta antolakuntzak osatzen dute.
  • Bigarrenean, baseak ezartzekoak dira eta gerrillen arteko koordinazioa handitzekoa.
  • Hirugarrenean, berriz, gerrillatik ohiko gerrarako trantsizioa gertatuko da.

Maoismoa bertako industrien mobilizazio masiboan oinarritzen da, horrela Txinari bizitzeko eta gerrarako beharrezko hornidurak emango lizkieke. Masen antolakuntza militarra eta botere ekonomikoa beharrezkoa da herrialdea kanpoko erasoetik babesteko; eta aldi berean, zentralizazioak ustelkeria saihestuko luke.

Mao estratega militar bikaintzat hartzen da; haren ideien kontra daudenek ere onartzen dute hala dela. Bere gerrilla gerrari buruzko idatziak, gerrilla planak egin nahi dituztenentzako oinarrizko irakurgaiak dira.

Maoisten ideia militarrak XXI. mendearen hasieran hartu zuten garrantzia, Txina kanpoan barnean baino gehiago.

Klaseen arteko borroka sozialismoan

aldatu

Maoismoa beste ideologia komunista batzuetatik desberdintzen duen kontzeptu bat honako hau da: boterea hartu ondoren, klase sozialak oraindik esistituko lirateke, beraz klaseen arteko borrokak jarraituko luke gobernu sozialistan zehar. Nahiz eta proletarioek botere estatala iraultza sozialista batekin lortu izan, burgesiak kapitalismoa berriz ezartzeko ahalmena edukiko lukete.

Analisi maoistaren arabera, esperientzia sobietarrak erakusten zuen nola Estatuan enkistatutako burokrazia mota berri bateko burgesia bihurtu eta kapitalismoa berriz ezar litekeen. Hori saihesteko antolatu zen Iraultza Kulturala: bertan, Maok sozialismoan sakontzera eta alderdi barneko errebisionistak kanporatzera deitu zuen.

Maoismoa eta SESB

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Sino-sobietar haustura»

Maok SESBean gertatutako aldaketak aztertu zituen, Stalinen heriotzaren ondoren. Maok baieztatu zuen Stalin, Marx eta Leninen banderak alde batera utziak izan zirela, sistema kapitalistaren berrezartzeko prozesuari hasiera emanez. Hark zioenez, SESB herrialde "sozialfaxista" bilakatu zen; horrela, Txina eta SESBaren arteko tentsioa hasi zen.

Maoren ustez, Stalin leninismoaren defendatzailea izan zen, sozialismoaren eraikuntzan aurrerapen asko lortu zituena. Hala ere, akatsak egin zituelakoan zegoen.

Idazkiak

aldatu
 
Maoren Liburu Gorria edo Mao Zedong buruzagiaren aipuak.

Maoismoaren ildo nagusiak Maoren Liburu Gorrian biltzen dira nagusiki, zehatz euskaratuta Mao Zedong buruzagiaren aipuak liburuan. Mao Zedongen hitzaldi eta idazkietako adierazpenak jasotzen dituen liburua da, 1964tik gutxi gorabehera 1976 arte argitaratua. Iraultza sozialistaren gaineko pentsamendu garrantzitsuenen antologia da, kolore gorriko liburutxo batean argitaratua; laster Liburu gorria izena hartu zuen. Txinako Herri Errepublikako gazteek Kultura Iraultzaren denboran sarri erabili zuten, eta bertako esakune edo aipuak hizkuntza askotara itzuli dira.

Maoismoa Euskal Herrian

aldatu

Euskal Herrian, Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK) bere burua maoistatzat jo zuen alderdi politiko bat izan zen. Haren aurrekaria 1966an sortu zen ETAren zatiketa batetik, ETA-berri izenarekin. ETAren helburuak eta metodoak baztertu eta langile eta herri mugimendua marxismo-leninismoaren ikuspegi maoista batetik egituratzeko beharra aldarrikatu zuen.

Maoistak zirelakoan, eguneroko hizkeran euskaraz txinoak esaten zitzaien EMK alderdikoei (Liga Komunista Iraultzailekoei edo LKIkoei troskoak esaten zitzaien bezala).[1] Hala ere, EMK-koei txino eta maoista etiketa jarri arren, haien benetako ildo maoista 1970eko hamarkada hasierako hiruzpalau urtekoa izan zen, gero ez zegoen benetan Maoren aldeko aldarri politiko benetakorik. Mikal Isasi militante ohiak maoismoaz Berriari esana: «Txinako egoeraren eta maoismoaren interpretazio oso idealizatua egiten zen orduan, ezkerreko militante europar batek Txinako egoera ezagutzeko aukerak hutsaren hurrengo zirelako. EMK-k ere nozitu zuen hori, eta bolada batez, marxista-leninista Mao Zedongen ekarpenekin izan zen haren ideologiaren definizio ofiziala. Baina gutxi iraun zuen, bizpahiru urte, eta laster oso kritiko agertu ginen etapa horrekin»[1].

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Berria.eus. «Ezkerreko hegalean, beste xendra batetik» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-05-26).

Kanpo estekak

aldatu