Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa

Jaungoikoa eta lege zaharra» orritik birbideratua)

Jaun-Goikua Eta Lagi-zaŕa (baita Jaun Goikua Eta Lege zarra idatzita ere; idazkera batuan Jaungoikoa eta Lege Zaharra) Sabin eta Luis Aranak 1895. urtearen amaieran sortutako goiburua izan zen, eusko abertzaletasunaren lema izateko.[1][2] Foruzaleen Jaungoikoa eta foruak goiburuan oinarrituta dago.[3]

Jaun-Goikua Eta Lagi-zaŕa goiburua duen armarria
Artikulu hau serie honen zatia da:
Euskal
abertzaletasuna

Goiburuaren siglak- "JEL"- jelkide eta jeltzale adjektiboak sortzeko erabili zituzten.[1] Lagi-zaŕa (lege zaharra) Euskal Herriko antzinako legeei deritze, hau da, foruei. "Jaun-Goikua", berriz, erlijioari, euskal abertzaletasunaren sorreran biziki inportantea izandakoa.

Goiburuaren jatorri foruzalea

aldatu

Goiburu jeltzale hori, esan bezala, Jaungoicoa eta foruac (Jaungoikoa eta foruak) goiburu foruzaletik dator, eta Jaungoikoa eta foruak zein Juangoicoa eta fueroac izendapenaz halaber aurki daiteke idatzirik.[4][5] Goiburu horrek, neokatolikoek, karlistek eta integristek batik bat aldeztutakoa, 1864. urtetik aurrera hartu zuen garrantzia. Batetik, Gernikako Arbolaren gerizpean Miguel Loredok, Portugaleteko ahaldunak, eginiko hitzaldiaren ondorioz,[6][7], eta, bestetik, Aristides Artiñanok 1869. urtean argitaraturiko «Jaungoicoa eta foruac: la causa vascongada ante la revolución española» eskuorria argitaratzearen kariaz ere bai.[8] Bigarren Karlistadian zehar, errepublikar federalistak delakoa erabiltzen hasi ziren, karlismotik foruzaleak aldentzeko asmoz.[9] Era berean, Nafarroako Euskal Elkargoak hori baliatu zuen.[10]

Jatorrizko goiburuan, Jaungoikoak erlijio katolikoari egiten dio erreferentzia, garai hartako Euskal Herrian garrantzi handikoa baitzen. Orobat, Seiurteko demokratikoaren politika antiklerikalaren aurkakotasuna adierazten zuen. Izan ere, kultu-askatasunaren aurkakotzat hartzen diren politika horiek, bai eta foruen aurkakoak ere, bi kontzeptuen arteko erlazioa oso estua dela aditzera ematen dute.[8]

Ezadostasunak

aldatu

Goiburua hain konfesionala izateak desadostasunak ekarri ditu euskal nazionalismoaren hastapenetik hona.

1902an Madinabeitia doktoreak kritikatu zuen, eta 1910ean, jada EAJren baitan, Errepublika aldarrikatzen zuten kide batzuek. Urte hartako otsailaren 24an, El Liberal egunkarian artikulu bat argitaratu ondoren, Pedro Sarasketak, Segundo Ispizuak eta Francisco Ulaziak Euzkotar Erkal Abertzale Alderdia sortu zuten.[1]

1916. urtean EAJn nagusitu zen joera moderatuak Euzko JEL-Batza (EJB) izena ipini zion alderdiari, eta independentistak bereizi eta EAJ-Aberri sortu zuten, alderdi biek JEL goiburua eroan zuten euren izenetan; 1930ean alderdiok elkartu eta EAJ birbatu zuten. EJBko abertzale laikoak, ostera, elkarketatik irten eta Eusko Abertzale Ekintza sortu zuten.[1]

1977an, EAJk berriro eztabaidatu zuen goiburua, Trantsizio osteko I. Biltzarrean. Iruñean egindako biltzar horretan, mantentzea erabaki zen:[1]

Euzko Alderdi Jeltzailea. Partido Nacionalista Vasco, fundado por Sabino Arana recibe su nombre del lema "Juangoikoa eta Lege Zarra", expresión que conjuga una concepción transcendente de la existencia con la afirmación de la Nación Vasca, cuyo ser político ha de expresarse a partir de la recuperación de la soberanía contenida en el Regimen Foral.

Musika

aldatu

1986an, Kortatu taldeak, El estado de las cosas albumean, Goiburua izenburua zuen abestia argitaratu zuen, horretarako Josu Landaren hitzak moldatuz.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e Estornes Zubizarreta, Idoia. Jaun-goikua eta lagi-zarra. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia..
  2. Villa, Imanol. (2009-11-29). «La Ikurriña» El Correo.
  3. 1895. Sabino Aranak idatzi zuen: «el lema de Bizkaya ha sido Jaungoikua eta Foruak, que nosotros hemos sustituido por Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra, que significa lo mismo, pero es más euskérico que aquél». Larronde, Jean Claude. (1977). El nacionalismo vasco: su origen y su ideología en la obra de Sabino Arana-Goiri. , 77 or..
  4. Nombela, Julio (1911). Impresiones y recuerdos. 9. orrialdea.
  5. (Gaztelaniaz) «Biblioteca Virtual de Prensa Histórica > Búsqueda › 'El País Vasco-Navarro : jaungoicoa eta fueroac' - Número...» prensahistorica.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  6. (Gaztelaniaz) «Hemeroteca Digital. Biblioteca Nacional de España» hemerotecadigital.bne.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  7. (Gaztelaniaz) «Biblioteca Virtual de Prensa Histórica > Búsqueda › 'Lau-buru : diario de pamplona' - Año III Número 613 (05...» prensahistorica.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
  8. a b de la Granja, José Luis; de Pablo, Santiago; Rubio Pobes, Coro (2011). Breve historia de Euskadi: De los fueros a la autonomía. Debate. 90. orrialdea.
  9. Rodríguez-Solís, Enrique (1872-09-16). «Laurac-Bat». La Iustración Republicana Federal (31): 401.
  10. «Asociación éuskara de Navarra - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).

Kanpo-estekak

aldatu