Mikhail Gorbatxov

Gorbatxov» orritik birbideratua)

Mikhail Sergeievitx Gorbatxov[1] (errusieraz: Михаи́л Серге́евич Горбачёв, Mikhail Sergeievitx Gorbatxov, /mʲɪxɐˈil sʲɪrˈɡʲejɪvʲɪt͡ɕ ɡərbɐˈt͡ɕof/ ahoskatua; Privolnoie, Stavropol kraia, 1931ko martxoaren 2a - Mosku, 2022ko abuztuaren 30a[2]) sobietar politikaria, 1985-1991 bitartean Sobietar Batasuneko agintari nagusia izan zen. Aldaketa eta erreforma handiak bultzatu zituen, Gerra Hotzaren eta SESBaren amaiera ekarri zutenak. 1990ean, Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

Mikhail Gorbatxov
Ahotsa

Sobietar Batasuneko presidentea

1990eko martxoaren 15a - 1991ko abenduaren 25a
← baliorik ez - baliorik ez →

SESBeko Sobiet Goreneko presidentea

1989ko maiatzaren 25a - 1990eko martxoaren 15a
← baliorik ez - Anatoli Lukianov

11. SESB-eko Soviet Goreneko Presidiumeko Mahaiburua

1988ko urriaren 1a - 1989ko maiatzaren 25a
Andrei Andreievitx Gromyko - baliorik ez →

6. Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako idazkari nagusi

1985eko martxoaren 11 - 1991ko abuztuaren 24a
Konstantin Txernenko - Vladimir Ivaxko
Bizitza
JaiotzaPrivolnoie1931ko martxoaren 2a
Herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna  (1931ko martxoaren 2a -  1991ko abenduaren 26a)
 Errusia  (1991ko abenduaren 26a -  2022ko abuztuaren 30a)
Lehen hizkuntzaerrusiera
HeriotzaCentral Clinical Hospital (en) Itzuli eta Mosku2022ko abuztuaren 30a (91 urte)
Hobiratze lekuaNovodevitxi hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: giltzurruneko gutxiegitasuna
Familia
AitaSergey Gorbachev
AmaMaria Gorbacheva
Ezkontidea(k)Raisa Gorbatxova  (1953ko irailaren 23a -  1999ko irailaren 20a)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaLege Fakultatea, Moskuko Estatu Unibertsitatea 1955)
Stavropol State Agrarian University (en) Itzuli 1967)
Moskuko Estatu Unibertsitatea
Hezkuntza-mailazientzietan doktorea
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, legelaria, ekintzaile ekologista, ekonomialaria eta abokatua
Enplegatzailea(k)Komsomol
The Gorbachev Foundation (en) Itzuli
Jasotako sariak
InfluentziakAntonio Gramsci, Louis Aragon, Roger Garaudy, Giuseppe Boffa eta Sun Myung Moon
KidetzaInternational Academy of Sciences San Marino (en) Itzuli
Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Batzorde Zentrala
Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Politburoa
Erromako Kluba
Komsomol
Graduakoronel
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa
Alderdi politikoa Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista
Errusiako Alderdi Sozialdemokrata Batua
Errusiako Alderdi Sozialdemokrata
Union of Social Democrats (en) Itzuli

gorby.ru
IMDB: nm0329784 Allocine: 37163 Allmovie: p208691
Twitter: mgorbachev Musicbrainz: 4cf28e5c-a148-42d3-802f-d0f6f4033086 Find a Grave: 243112837 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Nekazari familia batean jaioa, 1946an Gazte Komunisten Ligan eman zuen izena, eta 1952an Alderdi Komunistako kide egin zen. Zuzenbidean lizentziaturik, ibilbide politikoa jaioterrian, Stavropol kraian, hasi zuen. Pausoz pauso aurrera egin zuen alderdian barna eta 1980an, 52 urte zituelarik, Politburoko kide gazteena bilakatu zen.

Handik bost urtera, 1985eko martxoaren 11n, Konstantin Txernenkoren heriotza zela medio, alderdi komunistako idazkari orokor izendatu zuten. Alderdia eta hautaketa sistema eraberritutakoan, 1989an, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko estatuburu aukeratu zuten.

Haren agintaldiaren ezaugarri nagusia Sobietar Batasuneko politika eta ekonomia-sistema aldatzea eta eraberritzea izan zen: Glasnost (irekitzea), Perestroika (berregituraketa) eta Uskoreniye (garapen ekonomikoren bultzada). 1987ko Perestroika liburuan adierazi zuenez,

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Perestroika
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
«

Sortzen ari zen egoerak ez zuen ez hanka ez buru. Sobietar Batasunak, altzairu-, lehengai-, erregai- eta energia-ekoizlerik handienak, baliabide horien eskasia zuen, behar ez bezala eta xahukeriaz erabiltzen ari zirelako bereziki. Nahiz eta jateko zereal-ekoizle nagusietako bat izan, urtero-urtero milioika tona erosi behar izaten zuen pentsuak egin ahal izateko. Mila biztanleko mediku eta ospitale-ohe proportziorik handiena dugu eta, aldi berean, gure osasun-zerbitzuek hutsune nabarmenak dituzte. Gure koheteek Halley kometa aurki dezakete edo Artizarreraino hel daitezke hutsik egin gabe; baina lorpen zientifiko eta teknologiko horiekin batera, nabarmena da izugarrizko eraginkortasun falta dugula, lorpen zientifiko horiek ez baititugu erabiltzen gure behar ekonomikoak konpontzeko. Esaterako, sobietar etxeetako tresna gehienen kalitatea oso eskasa da.

»

[3]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri


Ekonomian, 1988ko maiatzean indarrean jarri zen kooperatiben gaineko legeak zerbitzu, ekoizpen eta kanpoko salerosketan jabetasun pribatua baimendu zuen. Hasiera batean zerga handiak eta lan-murrizketak izan arren, pixkanaka baldintza horiek leundu ziren. Herrialdeko hainbat enpresa handi ere berrantolatu ziren. Aeroflot, esate baterako, konpainia txiki eta independenteetan banandu zen.

Kanpo harremanetan oso nabariak izan ziren politika berriaren ondorioak. Mendebalderekiko hartu-emanak hobera egin zuen, elkarrenganako mesfidantza gaindituta. Ronald Reaganekin batera, arma nuklearrak desegiteko hitzarmena izenpetu zuen 1987an. Breznev doktrina izenekoa ere amaitutzat eman zen, eta, horren ondorioz, Europako alde komunistako herrialdeek beren barneko aferetarako autonomia osoa berreskuratu zuten. Horrela, komunismoa Ekialdeko Europatik desagertu zen 1989tik aurrera, gehienetan era baketsuan, Errumanian salbu. Era horretan bukatu zen Gerra Hotza.

Glasnostaren harira, norbanakoen askatasunak hobetu ziren: erlijio eta adierazpen askatasunak, esaterako. Prentsaren zentsura kendu zuen eta espetxeetatik preso politiko andana atera ziren. 1987ko urtarrilean, hautagai anitzeko hauteskundeen bidez, instituzioen demokratizazioa bultzatu zen. 1988ko abenduan, Sobiet Nagusiak Herri Diputatuen Biltzarraren sorrera onartu zuen, eta huraxe bihurtu zen herrialdeko botere legegile. 1989ko udaberriko hauteskundeetan, Sobietar Batasuneko lehenbiziko Presidente Exekutibo aukeratu zuten. Horren bidez, herritarren babesa eskuratu nahi izan zuen, alderdiko zati atzerakoien kritikei aurre egin ahal izateko. Kritikak hamarkadaren bukaeran itzuli ziren, oinarrizko produktuen murrizketekin batera.

Ekonomiaren gainbeherak, hainbat errepubliketako separatismoak eta Gorbatxoven egunez eguneko botere handiagoak krisia eragin zuten. 1991ko abuztuan, alderdiko buru batzuek estatu-kolpea jo zuten.[4] Kolpeak porrot egin arren, haren ahuldade politikoak, batik bat Boris Jeltsinen aurrean, dimisioa aurkeztera behartu zuen Gorbatxov. 1991ko abenduaren 25ean, SESB desegin zen ofizialki.[5]

Estatu kolpea eta Sobietar Batasunaren desegitea

aldatu
 
Mikhail Gorbatxov 2004an.

1991ko martxoan, erreferenduma deitu zuten Sobietar Batasunean, eta hautesleen % 78k «bai» bozkatu zion Sobietar Batasunaren jarraipenari. Baina Boris Jeltsin Errusiako SSRko presidenteak bultzatutako Belavezhako Itunaren sinadurarekin, Sobietar Batasuna de facto desegin zen Errusiako SSRa, Ukrainako SSRa eta Bielorrusiako SSRa bereizitakoan[6].

Berreraikuntza ekonomikoa izango zen Gorbatxoven porrot nagusietako bat; perestroikak ekonomia sobietarra hondotik eta geldialditik ateratzea zuen helburu, enpresa-askatasun handiagoa sartuz eta merkatuari utziz plangintzaren akatsak konpontzen, ustez hala gertatuko zelakoan. Dena den, erreforma horiek ez zuten berehalako emaitza positiborik eman; bada, lehendik zegoen sistema produktiboa gehiago desordenatu zen, eta, biztanleriaren gehiengoaren pobretzean, sakondu zuten. Horrek guztiak tirabira sozialak sortu zituen, eta kaltetutako interes politiko-ekonomikoek areagotu zituzten[7].

 
Mikhail Gorbatxov 2007an.

Alde politikoan, apurka-apurka alderdi anitzeko demokraziara eramango zuen irekiera hasi zen. Baina, bide horretatik («guardia zahar» komunistak gehiegizkotzat jotako bidea) egindakoa, motelegitzat jo zuen alderditik kanpo gero eta handiagoa zen oposizioak. Gorbatxov eta bere taldea poliki zebiltzan erregimenaren barruan zegoen erresistentziagatik eta prozesuaren kontrola galtzeko beldurragatik. Irekieraren eragin nagusia izan zen Sobietar Batasuna osatu zuten errepublika ezberdinetan mugimendu independentistak mamitu ziren sentimendu abertzaleen piztea[7].

1991ko abuztuaren 19an, PCUS, Gobernu eta KGBko goi kargudun talde batek estatu kolpe saiakera inboluzionista jo zuen. Boris Jeltsin Errusiako SFSRko presidenteak zuzentzen zuen mugimenduaren indarrak eten zuen saiakera hori; porrot egindako estatu kolpearen ondoren, PCUS legez kanpo uzteko eta Baltikoko errepubliken (Estonia, Letonia eta Lituania) anexioaren baliogabetasuna dekretatzeko erabakia hartu zuen. Politikoki gero eta ahulago, batez ere Boris Jeltsinen ekintza politikoaren ondorioz, Gorbatxovek PCUSeko idazkari nagusi karguari uko egin, eta Batzorde Zentrala desegin behar izan zuen[6].

1991ko abenduaren 25ean, Sobietar Batasuna ofizialki desegin zen, eta, Estatu Independenteen Mankomunitateko (CIS) Errepublikako presidenteek botere zentralaren organoak aitortzeari uko egitearen ondorioz, bere kargua uztea erabaki zuen, SESBeko presidente gisa telebistako hitzaldia emanez[6][8]:

« Estatu Independenteen Mankomunitatearen sorrerarekin sortutako egoera ikusita, Sobietar Batasuneko presidente gisako jarduerari uzten diot. Erabaki hau printzipio kontuetan oinarrituta hartzen dut. Herrialdearen zatiketa eta Estatuaren batasunaren ildoa inposatu da, eta hori ezin dut onartu. Gainera, konbentzituta nago halako ebazpen zabalak herriaren berariazko borondatearen arabera hartu behar zirela (erreferenduma, alegia). Patuak nahi izan zuen neure burua Estatuko buru ikusi nuenean gure herria gaixo zegoela argi zegoen jada. Gaur sinetsita nago 1985ean hasitako aldaketen arrazoi historikoaz. Gerra Hotza amaitu dugu; arma-lasterketa eta herrialdearen militarizazio eroa gelditu da, gure ekonomia, gure kontzientzia soziala eta gure morala deformatu dituena. Mundura ireki gara, eta, konfiantzaz, elkartasunez eta errespetuz erantzun du. »

—Mijaíl Gorbachov,
1991ko abenduaren 25ean


2007ko urriaren 21ean, Gorbatxovek politikara itzultzea erabaki zuen, Sozialdemokraten Batasuna alderdiaren buru.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia: 156. araua: Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko.
  2. «Mijail Gorbachov hil da» EITB 2022-08-30 (Noiz kontsultatua: 2022-08-30).
  3. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
  4. Estatu kolpeak porrot egin du azkenean. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko abuztuak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-4).
  5. Ez adiorik tobaritx Gorbatxov. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko abenduak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-4).
  6. a b c Unión Soviética: cómo fueron las horas previas al colapso del poderoso bloque comunista hace 30 años. 25 de diciembre de 2021.
  7. a b Biografías y Vidas. Mijail Gorbachov. .
  8. El último día de la Unión Soviética: renuncia, amenazas de revolución y la caída de la bandera comunista en la Plaza Roja. 30 de agosto de 2022.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu


Mikhail GorbatxevKonstantin TxernenkoYuri AndropovLeonid BrezhnevNikita KhrustxevStalinLenin