Josu Juaristi Abaunz (Azkoitia, Gipuzkoa, 1964ko martxoaren 4a), kazetaria eta politikaria da. 2014ko Europako Hauteskundeetarako Euskal Herria Bilduren hautagaia izan zen BNGrekin batera osatutako hautagaitzan, eta europarlamentaria izan zen 2018an Ana Mirandak ordezkatu zuen arte. 2019ko Europako Hauteskundeetarako ere EH Bilduren hautagai izendatua izan zen, baina gerora uko egin zion hautagaitzari, harreman sentimental baten hausturaren harira jarrera ez onargarriak eta lekuz kanpokoak izan zituela aitortuz. Honekin batera EH Bilduk militantzia eten zion behin-behinean.[1]

Josu Juaristi


Europarlamentaria

2014ko uztailaren 1a - 2018ko otsailaren 27a - Ana Miranda Paz (en) Itzuli
Barrutia: Espainia
Hautetsia: 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeak
Bizitza
JaiotzaAzkoitia1964ko martxoaren 4a (60 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta kazetaria
Lantokia(k)Estrasburgo eta Brusela
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Euskal Herria Bildu

Biografia aldatu

Kazetaritzako lizentziaduna (1989) eta Europar Integrazioko diplomaduna (1996) Euskal Herriko Unibertsitatean.

Jarduera profesionalari dagokionean, Kulturako erredaktorea izan zen EiTBn (1986-1990), Kultura eta Nazioarteko erredaktorea Egin egunkarian (1990-1998), Europan hilabetekariaren editorea Eginen (1997 – 1998), Gara egunkariko Nazioarteko sailburua (1999 – 2004), eta Garako zuzendaria (2004 – 2011). 2011n Gararen 7K aldizkari-igandekariaren editorea bilakatu zen.

1996tik Europar Batasunari buruzko informazioan espezializatua da Juaristi (Eginen, Garan, Gaur8n eta 7Kn, bai eta, hilabetean behin, Info7 irratian ere). Bruselara eta Estrasburgora joanda, sarritan berriemaile aritu da Europar Batasuneko gailurretan, osoko bilkuretan, jardunaldietan eta hitzaldietan (Parlamentuan, Batzordean eta Europar Kontseiluan).

2004ko maiatzean, Europar Batasunaren zabalkunderik handienaren berri eman zuen Gararentzat, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Hungaria eta Eslovenia zeharkatuta.

Artikuluetan, bidaietan eta Naiz.info webgunean duen gaurEUROPE blogean Europako Parlamentuari buruzko lana egin du bereziki. Europako Herritar Ekimena (European Citizens' Initiative) ere hasiera-hasieratik jarraitu eta aztertu du.

1992an Txekoslovakiako banaketaren berri eman zuen; urtebete geroago, Bosniako gerraren berri, eta 1995ean Quebeceko bigarren erreferendum soberanistaren berri.

Europarlamentaria aldatu

2014ko Europako Hauteskundeetan EH Bilduren hautagaia izan zen, eta Herriek Erabaki koalizioko zerrendaburua izan zen. Koalizioa bigarren indarra izan zen EAEn zein Nafarroan, eta orotara parlamentari bat eskuratu zuen. Josu Juaristi europarlamentaria izan zen GUE-NGL taldean, hauteskunde-akordioen ondorioz 2018an BNGko Ana Mirandak ordezkatu zuen arte, Europako Aliantza Askea taldean.

2019ko Europako Hauteskundeetan EH Bilduk hautagaitza bateratua osatu zuen besteak beste ERC eta BNGrekin (Orain Errepublikak), eta Josu Juaristi EH Bilduren primarioetara aurkeztu zen koalizioaren hautagai izateko. Lorena Lopez de la Callerekin lehiatu zen, eta militantziaren botoen %75,6 eskuratu zuen. Era horretan, Orain Errepublikak zerrendako hirugarren postuan kokatu zen.

Hala ere, 2019ko apirilaren 5ean Josu Juaristik hautagai izateari uko egiten ziola adierazi zuen, bere bikotekide ohiarekin harremana hautsi ondoren jarrera desegokiak mantentzeagatik, besteak beste baimenik gabe lekuz kanpo zeuden mezuak bidaliz. Honen harira EH Bilduk militantzia eten zion behin-behinean, eta laster hautagai berria hautatzeko barne-prozesua abiatuko zela adierazi zuen.[2]

Kanpo estekak aldatu

  • Artikulu honetan erabilitako testuaren zati bat ehbilduren webgunetik hartua dago, cc-by-sa-3.0 lizentziarekin.

Erreferentziak aldatu

  1. Berria.eus. «Josu Juaristik uko egin dio EH Bilduren hautagai izateari» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-06).
  2. Berria.eus. «Juaristik uko egin dio hautagaitzari, «lekuz kanpoko» jarrerengatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-06).