Gatzaren martxa, Salt Satyagraha, Dandi martxa edo Dandi Satyagraha, 1930eko martxoaren 12tik apirilaren 6ra Mahatma Gandhi eta bere jarraitzaileek burututako manifestazio bat izan zen ia 300 kilometroko luzera izan zuena. Martxa hau India Britainiar Inperiotik independizatzea ahalbideratu zuten gertakari garrantzitsuenetako bat izan zen. Bigarren satyagraha edo egia aurkitu arteko laguntza izenarekin ezagutzen da gertakizun hau (Marti, 2012).[1]

Gatzaren martxa
Irudia
MotaEkintza zuzen
tax resistance (en) Itzuli
Indarkeria-ez aktiboa
Data1930
Parte-hartzaileak
Komunikabide

Gatzaren martxa nazio mailan emandako protesta izan zen, eta hau martxan jartzeko arrazoia, besteak beste, Indiako Kongresu Nazionalaren haserrea izan zen, Britainia Handiak ez ziolako Indiari domeinu-estatusa aitortzen. Egoeraz kontziente, Indiaren independentzia lortzeko, Gandhik India guztiari eragiten zion egoera baten aurka ekitea erabaki zuen. Horrela, gobernu britainiarrak gatzari ezartzen zizkion zergen aurka egin zuen, India osoa zeharkatuz bere jarraitzaileekin.

Historia aldatu

Kolonialismo europearra XV. mendean hasi zen. Herrialde kolonialistak pixkanaka lurrak kolonializatzen zihoazten, eta, aldi berean, Indian ordura arte aktibo zegoen Mogol inperioaren zatiketa eman zen. Honek ateak ireki zizkien herrialde kolonialistei, gerra piztuz beraien artean. Indiak britainiarren interesa piztu zuen ehunak, espeziak eta opioa zirela eta. (De Blas Ruiz, 2019).[2]

1600ean, Isabel I.a Ingalaterrako erreginak Ekialdeko Indietako Britainiar Konpania sortzeko baimena eman zuen. Honen helburua komertzio erlazioak ezartzea zen Asiarekin. Indiak momentu horretan enperadore bat zuen agintean, baina hala ere, lurraldea zatituta zegoen. Pixkanaka Europako herrialdeekin akordioak eztabaidatzen hasi zen bertako gobernua, etengabeko borrokak sortuz britainiarren, holandarren, portulgarren eta frantziarren artean. Azkenean, mende eta erdi beranduago, britainiarrek lortu zuten Indiaren kontrol osoa.

Pixkanaka britainiarren eragina handitzen joan zen, interes komertzialak alde batera utzi zituzten eta barne gatazketan sartzea erabaki zuten, interbentzionismo politiko eta militarrean sartuz. XIX.menderako Indiako gobernua britainiarren esku zegoen. Horrela, gatazkak handitzen joan ziren britainiarren eta indiarren artean, XVIII.mendetik XIX.mendera bitartean indiarren matxinadak gehiagotuz joan ziren. Ekialdeko Indietako Britaniar Konpainiak arazorik gabe egin zien aurre hauei, 1857ko zipaioen matxinada eman zen arte.

Ekialdeko Indietako Britaniar Konpainiak zipaio izenez ezagutzen ziren soldadu indiarrak zituen. Hauek eginkizun zail eta iragangarrienei egin behar zieten aurre, desberdintasun handia egonez. 1857ko maiatzaren 10ean hasitako matxinada militar sinplea britaniarrek Indian zuten agintearentzat arriskutsu bilakatzen joan zen. Britainiarrek urtebetez jardun zuten zipaioei aurre egiten, 1858ko ekainaren 20an garaipena lortu zuten arte.

Thomas Jones Barkerrek 1857an “Lucknowren askapena zipaio-matxinadatik” koadroa margotu izanak bi ondorio izan zituen: lehenengoa, britainiarrek indiarrengan zeukaten nagusitasuna birplanteatzea izan zen, izan ere, ordura arte “Indirect Rule” sistema ezarrita baitzuten, honen arabera, botere-egiturak britainiarren esku zeuden. Baina matxinada eman ondoren, monarkia britainiarrak botere zuzena ezartzea erabaki zuen Indiarekiko. Honek Ekialdeko Indietako Britaniar Konpainiak desegitea eragin zuen 1858ko abuztuaren 2an Indiako Raj-a sortuz, erregeordetza moduko papera jokatzen zuena.

Bigarren ondorioa, Zipaioen matxinaden eraginez indiarren artean sentimendu bat sortzen hasi zela izan zen, britaniarrekiko zuten mendekotasun paperaz kontzientzia hartzen hasi ziren, eta hauekiko deskonfiantza zabaldu zen.

Egoera gatazkatsua zenez, 1885ean Indiako Kongresu Nazionala sortu zen. Allan Octavian Hume izan zen sortzailea, eta bere helburua indiarrek parte hartzeko aukera gehiago eta Indiako gobernuan ordezkaritza gehiago izatea zen. Beraz, beste 72 pertsonen laguntzarekin batera, Humek Indiako Kongresu Nazionala sortu zuen, Raj-arekin akordioetara iristeko modu errazago bat bezala.

Kongresu Nazionalak ez zituen, ordea, indiar guztiak ordezkatzen, goi-mailakoak bakarrik. Bertako partaideen gehiengoa indiako elitekoak ziren, Kalkutako unibertsitatean graduatuak. Nahiz eta Kongresu Nazionalak ez ordezkatu herritar indiarrak, politikari britainiarren atentzioa deitzea lortu zuen, eta 1892an, Dababhai Naoroji indiarren lehenengo ordezkaria bilakatu zen Komunen ganberan, Londresen.

Pixkanaka, barne-arazoak hasi ziren sortzen kontserbadore eta aurrerakoien artean XX. mende hasieran. Kontserbadoreek erreforma sozialak lortu nahi zituzten, eta Erresuma Batuko organoan ordezkaritza mantentzen jarraitu nahi zuten, baina erradikalek, berriz, independentzia eta herritarren agitazioa exijitzen zuten. Banaketa honen ondoren, desberdintasunak sortzen hasi ziren, baita musulmanen eta hinduen artean ere.

Egoera gatazkatsu honetan, Mahatma Gandhiren figura azaldu zen.

Mahatma Gandhi aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Mohandas Karamchand Gandhi»
 
Mahatma Gandhi

Abokatu, politiko eta aktibista indiarra zen (1869-1948). Ezin zuenez abokatu bezala jardun Indian, Afrikara joan zen. Hegoafrikara iritsi eta berehala, Gandhik diskriminazioari aurre egin behar izan zion, bere larruazalaren koloreagatik eta jatorriagatik, zuritzat joa ez zen jendea guztia bezala. Hau ikusita, indiarrei laguntzeko asmoz, kanpaina bat hasi zuen britainiarren kontra, hauek Afrikan zeuden indioekiko zeukaten portaeragatik eta diskriminazioagatik.

1915ean, Indiara itzultzea erabaki zuen Kongresu Nazionalak eskatuta. Afrikan, protestatzeko modu baketsuak garatu zituen, eta horregatik Kongresu Nazionalak indiar guztiak helburu berdin batengatik elkartzeko gai ikusi zuen Ghandi.

Kongresu Nazionala erdibituta eta lidergotzarik gabe egoteak zailtasunak eragin zizkion Gandhiri. Urteak pasa ahala desobedientzia zibileko zenbat ekintza burutu zituen, produktu britainiarren aurkako boikota, adibidez. Antzeko ekintzek eta burututako kanpainek Kongresu Nazionaleko partaide eta kideen errespetu lortzea eragin zioten, berriz ere Kongresu Nazionala elkartu eta indartu zen.

1919an Lehen Mundu Gerraren ostean, Gandhiren protagonismoa handitzen joan zen. 1920an Kongresu Nazionaleko burua izendatu zuten eta Indiarentzako independentzia lortzea ezarri zuen helburu. Inperio britainiarreko zenbat herrialdek independentzia lortu zutela ikusirik, eta Indiak Britainia Handiari Lehen Mundu Gerran eskainitako laguntza kontuan hartuta, indiarrek uste zuten independetzia merezita zeukatela. Baina britainiarrak ez zeuden prest bere herrialde aberatsenari alde egiten uzteko.

Hori dela eta, Gandhiren ekintzak eta Kongresu Nazionalaren eskaerak handitu egin ziren hurrengo urteetan. Momentu batean Gandhik deklaratu zuen, indiarrek beraien herrialdean sartzen utzi zietelako finkatu zirela britainiarrak eta britainiarrekin kolaboratzeari uzten bazioten, gobernu koloniala desegin egingo zela.

Gandhi babes gehiagoren bila zebilen, eta hinduetaz gain, musulmanetan ere aurkitu zuen babes hori. 1922an atxilotua izan zen eta sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Honen ondorioz Kongresu Nazionalak bere batasuna galdu zuen. Baina bi urtetara Gandhi askatu zuten eta Kongresu Nazionala batzea lortu zuen berriro, 1920an gertakariak erritmoa bizituz.

1930ko urtarrilaren 26an Kongresu Nazionalak Indiaren Independentzia aldarrikatzea erabaki zuen. Egun batzuk pasata, Gandhik borroka bakearen bitartez egin behar zela argudiatu zuen, “Satyagraha” izenarekin ezaguna. Honen arabera, ezin zen biolentzia erabili eta egindako ekintza guztien inguruan informatu behar zen. 1930ko martxoaren 2an eskutitz bat idatzi zion Gandhik Lord Irwin-eri, Indiako erregeordeari hain zuzen. Eskutitzan gatzaren gaineko zerga kentzen ez bazuen protesta moduan 240 milako martxa bat abiatuko zuela adierazten zion.

Indiako erregeordeak bazekien martxa egiteak Indiako orden publikoa aztoratuko zuela, baina bazekien baita ere indiarrentzat zein garrantzitsua zen Gandhi eta, legeen arabera edozein momentutan kartzeleratu zezakeen arren, bazekien horrek egoera okertzea eragingo zuela.

Gatzaren martxa aldatu

 
Gandhi eta bere jarraitzaileak gatzaren martxan 1930ean.

1825ean Britainia Handiak gatzaren gaineko zergak kentzea erabaki zuen. XIX. mendean gatza ezinbestekoa zen Industria iraultzako zenbait manufaktura prozesuetarako eta zergak edukitzeak hazkunde ekonomikoa egon zedin oztopatzen zuen. Inperio britainiarren menpe zeuden kolonietan berriz, gatzari ezarritako zerga ez zen kendu. 1882ko Salt Act-aren arabera, ezin zen ez gatza produzitu ezta ere jaso ere, nahiz eta depositu naturaletatik izan ere. Soilik gobernu britainiarrak emandako baimenek baimentzen zuten gatzaren produkzioa eta bilketa, eta baimen hau biztanle britainiarrek bakarrik jasotzen zuten.

Salt Act legeak kalte handiak eragin zituen hainbat herrialdetan baina batez ere Indian. Beroa zela eta jendeak asko izerditzen zuen eta, ondorioz, gatz mineralak kanporatzen zituzten izerdiaren bitartez. Hauek berreskuratzeko moduetako bat haragia jatea zen, baina pobrezia eta erlijio kontuak zirela eta indiarrek haragi gutxi kontsumitzen zuten. Honek gatza indiarren dietan ezinbesteko elikagaia bilakatzen zuen haragia edo bestelako elikagaiak kontserbatzeko medio bezala.

Indiako kostaldean gatza depositu naturaletan pilatu egiten zen eta ordura arte bertatik hartzen zuten gatza beraien gorputzak modu eraginkor batean funtzionatu zezan. Baina Salt Act legearekin ezin zuten hori egin eta gatza ordaintzera derrigortuta zeuden atxilotuak ez izateko. Honen harira, Gandhik martxa bat abiaraztea pentsatu zuen gatzak indiar guztientzat zeukan garrantzia zela eta. Hasiera batean britainiarrak zein indiarrak ez zeuden oso konbentzituta Gandhik burutu nahi zuen ekintzataz ezta Indiako erregeordea baina Gandhi guztiz konbentzituta zegoen.

Hamar eguneko epea ezarri zion erregeordeari gatzaren zerga abolitzeko eta honek ezezkoa ematearekin batera martxa abiarazi zuen. Hasieran beste 78 pertsonek lagundu zioten eta helburua Dandi Gujarateko deposituetara iristea zen. 24 egun pasa ziren eta Gandhik eta “Satyagrahis”ek 385 kilometro egin zituzten. Gutxi gora behera hogei kilometro egin zituzten eguneko eta pasatzen ziren herri guztietan gelditzen ziren jende berria konbentzitzeko ekimenera batu zedin.

Egunak pasa ahala gero eta jende gehiago batzen zen martxara, 50.000 pertsona izatera iritsiz eta 3 kilometroko ilara osatuz. Aldi berean gatzaren martxaren oihartzuna handitzen zijoan (Historia sin pretensiones, 2020).[3]

Hondartzara iritsi zirenean Gandhi Indiako Ozeanoan murgildu zen eta ur gazi pixkat hartu zuen bere esku artean (Huguet, 2020)[4]. Keinu honek garrantzia sinboliko handia izan zuen, horrela bere martxa kideak berdina egitera animatu zituen ura hartzera kaikuetan eta horrela britainiar gobernuak ezarritako monopolioari aurre egin zioten. Herrialde osoan egin zuten berdina, ezkutatu gabe. Ekintza hauen ondorioz Gandhi eta milaka hindu atxilotuak izan ziren.

Ondorioak aldatu

Gatzaren martxaren eragina handitzen joan zen, maila internazional batera iritsi arte. Munduko aldizkari guztietan argitaratu ziren Gandhik martxan jarritako eginkizunari buruzko albisteak eta herrialde desberdinetako pertsonengandik jaso zuten babesa.

Asteak aurrera joan ahala desobedientzia zibileko ekintzak areagotzen joan ziren. Salt Act-aren aurkako ekintzei ehunari eta tinduen gaineko zergen boikota gehitu behar zaie. Apirila bukatzerako 60.000 indiar atxilotuak izan ziren, askotan modu biolentoan, horrela inperio britainiarraren irudia okertzen joan zen.

Ume eta emakumeek Salt Act legea urratzeko aprobetxatu zuten egoera. Metalezko ontziak erabiltzen zituzten itsasoko ura lurrunduz gatza lortu ahal izateko. Britainiarrentzat egoera sostengaezina zen, baina bazekiten Gandhi atxilotzen bazuten gizartearen gaitzespena jasoko zutela baita nazioartean ere, baina libre uzteak Indiak independentzia lortzea eragin zezakeen. Gandhik iragarri zuenean Dharasana hiriraino jarraituko zuela martxan britainiarrek atxilotzea erabaki zuten. Beraz, 1930eko maiatzaren 4an Gandhi atxilotu zuten lo zegoen bitartean.

Gandhi eta bere jarraitzaile batzuk atxilotzeak arazo asko eragin zizkion gobernu britaniarrari. Honek Lord Irwin eta Gandhi elkartzea eragin zuen 1931ean. Elkartze honetan, protestante lasaiak (ez-biolentoak) askatuko zirela negoziatu zuten, eta etxetik gertu gatza zuten indioek jaso zezaketela gobernu britaniarrari zergarik ordaindu beharrik gabe.

Hurrengo urteetan gero eta mugimendu ez-biolento gehiago sortzen joan ziren Indiaren independentzia eskatzeko, eta are gehiago, Gandhiren ekintzek mundu osoan zehar egindako mugimendu ez-biolentoak inspiratu zituzten.

Gatzaren martxa eta Lord Irwin eta Gandhiren negoziaketaren ostean 1931ko martxoan iritsi zena, honen arabera Gandhiri Round Table hitzaldira joateko eskubidea aitortzen zitzaion protestak bertan behera uzteko baldintza jarriz. Hemendik aurrera etxean erabiliko zen gatza ekoiztea legala bilakatu zen. Milaka indiarrek landatu eta ekoiztu zuten haien gatza (kasu batzuetan ilegalki egin arren) eta, ondorioz, honen erruduntzat Gandhi hartu zuten.

Gandhiren kontrakoen kopurua ere handitzen joan zen aldi berean. Musulmanak adibidez ez zituen lortu konbentzitzea. Kongresu Nazionalean Gandhirenganako deskonfiantza zabaltzen joan zen eta azkenean, 1934an Kongresu Nazionala uztea erabaki zuen partiduak “Sartyagraha” politikarekin amaitzea erabaki zuenean.

1932an Gandhi libre geratu zen, eta mugimendu independentistak aurrera jarraitu zuen. Negozioak hasi ziren urte horretan bertan eta britainiarrrek onartu zuten ezin zutela gobernatzen jarraitu Indian ez bazeukaten indiarren babesa eta onarpena.

1947ko abuztuan iritsi zen azkenean independentzia. Kolonialismoaren ondoren bizi zen aroa Indian desastre bat izan zen, Pakistan eta Indiaren artean gerra piztuz.

Gatzaren martxa izan zen, zalantzarik gabe, India independizaturik irudikatu zuena munduko mapan. Jende askok gertakizun hau Estatu Batuen jaiotzearekin alderatzen du.

Hiru gertakizun nabarmentzekoak dira gatzaren martxan:

Hasteko, britaniarrek Indiaren independentziari buruz eztabaidatzea eragin zuen. Ondoren, babesleku perfektua bilakatu zen hau indiarrentzat Britania Handiko Raj-aren gobernuarekiko. Hain zuzen ere, gatza aukeratzean, Britania Handiaren zutabeetako bat kolokan jartzen zuen Gandhik. Azkenik, indiarrek munduari erakutsi zioten hauek askatasuna lortzeko zeukaten gogoa.

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Marti, Miriam. (2013). La marcha de la sal de Gandhi. .
  2. de Blas ruiz, Adrián. (2019). La marcha de la sal. .
  3. La marcha de la sal, hacia la Independencia de la India. .
  4. Huguet Pané, Guiomar. (2020). La marcha de la sal. .

Kanpo estekak aldatu