Siziliako historiaurrea

Siziliako historiaurrea, denborazko tarte luzea, hasi zen irlan agertutako lehenengo gizakiarekin eta sikanoen eta bukatu zen sikuloen etorrerarekin. Palentologiazko adituek gizakiaren agerpenaz Sizilian eztabaidatzen dute baita gizakiaren aurreko beste bizitza mota batez ere. Siziliako kasuan, kontuan hartu behar da Ipar Europako eta Alpeetako glaziazioen epizentroaren distantzia. Horregatik, Sizilian eta Mediterraneo osoan, sedimentazioei gehitu behar zaie beste informazio mota bat fenomeno eustatikoekin erlazionatutakoa: nabaritu diren itsasertz mailen kopurua, lurreko higadura edo zulo biribilak itsas-datilek egindakoak[1].

Sizilia, gizakia agertu baino lehen

aldatu

Gizakia agertu baino lehen, Siziliak bilakaera geologiko handiak jasatean, itsasotik sortu zen Afrikako plakaren presioari esker. Sorrera horren aldiak, jarraian azaltzen dira:

Mapa Izendapena Garaia
 
Tortoniar
Orain dela 11 milioi urte
 
Messiniar
Orain dela 7 milioi urte
 
Pliozeno
Orain dela 5 milioi urte
 
Behe Pleistozenoa
Orain dela 1,8 milioi urte
 
Goi Pleistozenoa
Orain dela 20.000 urte

Animalien eta gizakiaren agerpena

aldatu

Hirurogeiko hamarkada arte, uste zen gizakia heldu Epigravettiarrean zela irlara, Goi Paleolitokoa[2], 30.000 eta 20.000[3] urteen artean.

Irlako koba gehienetan, Epigravettiarraren mailen azpian, lur gorriak izeneko sedimentu-geruzetan, pakidermo ugari aurkitu dira, baina gizakiaren aztarnarik ez. Esanguratsua da elefanteen presentzia (Palaeoloxodon mnaidriensis, Palaeoloxodon melitensis eta Palaeoloxodon falconeri) eta beste ugaztunena ere, hala nola, hiena, hipopotamoa eta muxar grisa (Leithia melitensis). Irlako espezie ohikoenak izatean, horrek iradokitzen du Riss glaziazioaren ostean isolatutako bizitza motak zirela. Fosil batzuk datatu dira: Spinagalloko koban aurkitutako Palaeoloxodon falconeri fosilarena (aminoazido-datazioz egina) 550.000 urtekoa zen. Puntali kobako Palaeoloxodon mnaidriensisek, berriz, 180.000 urtekoa[4]. Korrelazio estratigrafiko bat ez egotean desagertutako fauna eta gizakiaren presentziaren artean, litekeena da gizakia Pleistozeno berantiarrean Siziliara heltzea[5].

Gerlando Bianchinik 1960ko hamarkadan aurkitutakoak zalantzan jarri zuen ideia hori. Izan ere, Banca de Agrigentoko zuzendari paleontologozale horrek, zenbait objektu aurkitu zuen Platani ibaiaren haranean. Komunitate zientifikoak eszeptizismoz hartu zituen aurkikuntza horiek, gehienbat Sizilian austrolopithecusen arrastoa jarraitu nahi zuelako. Haren ustez, Sizilia zubi bat zen giza-espezierentzat Afrikatik Europarako bidean, bereziki Olduwaiko arroilatik eta Omo haranetik[6].

Gizakia agertu zen Sizilian, beharbada, Afrikarekin lur-lotura zegoenean edo Sizilia eta Italiaren artean. Gaur egun eztabaidagarria da Sizilia eta Bon lurmuturraren itsas sakonera 200 metrokoa delako. Gainera, erdialdean hamar kilometro inguruko banda bat egotean, zaila da pentsatzea urez aske egongo zenik nahiz eta glaziazioetan izan[6]. Bianchinik aztertutako 40 tokietan harrizko tresnak aurkitu zituen, Behe Paleolitok harri-koxkorren edo Acheulear aldiko amigdalen antzekoak. Bianchinik aurkitutako bi aldeetatik landutako harrien jatorria ez dago jakiterik, bigarren mailako tokian aurkitu direlako, hau da, ez dago argi harri horiek elkarrekin zeuden berezko higaduraz, mugimendu tektonikoez edo erromatarren Heraklea Minoan etxeetako morteroaren atal bat zirelako[7].

Bianchiniren hipotesia baieztatzekotan, Siziliako historiaurrea milioi bat urte atzerago joango zen. Halere, industria litikoa zalantazkoa da Messinako itsasartea zabaldu ondoren. Gizakiaren agerpena argia da Goi Paleolitoan, nahiz eta kronologia iluna izan. Goi Pleistozenoko informazio eskasa da, baliteke gizakia Sizilian izatea orain dela 300.000 urte. Dirudienez, gizakiak bere tokia aurkitu zuen Palaeoloxodon falconeri desagertzean, baina egoera iluna da Palaeoloxodon mnaidriensisekin giza-presentzia nabaritzen delako, gutxienez Goi Paleolito arte, Epigrabetaldian. Testuinguru horretan, irlan egiten diren indusketek argitu dezakete arazoa[8].

Egile batzuek, hala nola, Raymond Vaufreyek eta Bianchini berak uste dute tresna horiek Goi Paleolitokoak direla. Beste batzuek, esaterako Nicolettik, Campinako fenomenoan ezarten ditu (izena Campignytik, Normandia, hartu da), han faziesak garatu zirelako. Neolitotik Brontze Aroa arte,[9] aldiz, irlan agertzen dira.

Egia da tresna horiek Holozenoko estratigrafiazko beste materialerekin aurkitu direla, baina Homo erectusen aztarnarik gabe. Irlako giza-gorpuzkirik zaharrenak, karbono-14 erabiliz, amaierako Epigrabetaldikoak dira, Grotta dell'Acqua fitusan kausitu dira, Agrigentoren hurbil. Ez dira Wurm peniglaziala baina zaharragoak, orain dela 16.000 urtekoak.

Hau azaldu eta gero, Pebbleko tresnak ezin daitezke Campiniar aldian kokatu, gizakia Sizilian beranduago agertu zelako, tresna litikoen miniaturizazioarekin batera. Eboluzio horrek errazten zuen zurezko edo hezurrezko euskarrietan tresnak ezartzea[10]. Mikrolitismoak Mesolitoan iraun zuen. Epigrabetaldiko ehiztari horiek ez ziren espezie endemiko batzuen garaikideak izan, hala nola, elefante nanoa eta Hippopotamus pentlandi Meyer[11]. Garai hartako ugaztun handi bakarrak honako hauek ziren: Equus asinus hydruntinusa, astoaren antzekoa, eta bobido bat Bos taurus edo Bos primigeniusen irudikoa zena. Ehiztarien beste harrapakin batzuk ziren: basurdea, azeria, ahuntza eta oreina .

Harri Aroa

aldatu

Goi Paleolitoa

aldatu

Siziliako Goi Paleolitoa, penintsulakoarekin erkatuz gero, beranduago garatu zen: Mousteriar aldi berantiarreko ohiko industriak azken fasetan baino ez direlako agertzen. Aurkikuntza gehienak ipar-mendebaldeko kostan eta hego-ekialdekoan topatu dira[12]. Ikerketa-kanpainia horiek gutxietsi dituzte beste eskualde batzuen aztarnen aberastasuna.

 
Ezkerretik hasita: Gino Vinicio Gentili eta Luigi Bernabò Brea, siziliar arkeologo nabarmenak, Alcide De Gasperi eta haren emazteaz lagundurik, Sirakusako Museo Arkeologikoan egindako bisitan

Ez da inoiz egin aldi horretako industria litiko desberdinen sekuentzia arkeologikoak, beraz datazioaren informazioa izateko, metodo estatistikokoak eta joerak nabarmentzeko medologiak erabili dira. Zoritxarrez, eskuragarri dauden datuak eta analisiak antzinako indusketen lortu ziren, sekuentzia estratigrafikoa kontuan hartzen ez zutenak.

Georges Laplaceren ikuspegi estatistikoari esker[13], Siziliako Goi Paleolitoko jatorria Aurignac aldiaren hasieran kokatu behar da (adibidez, Marina de Ragusako aterpekoa, orain dela 30.000 urtekoa). Luigi Bernabò Brea ados dago honekin[14]. Fontana Nuovako industria litikoak ez ditu aihotzik ezta atzealdeko lerrozuzenezko puntak ere, hots, Epigrabetaldiko azken aldiaren tresnarik ohikoenak.

Aihotz batzuen perkusio planoak nolabaiteko arkaismo adierazten du, Mousteriar kulturarekin erlazionaturik. Aurignac kulturaren alderantziz, Sizilian ez dira agertzen hezurrezko puntak non haien oinarria banatuta dagoen, agian halako tresnak ez zirelako jadanik erabiltzen (arrazoi horrengatik Laplacek guneari datazio txikiagoa ematen dio).

Aurkikuntza bakarra kareharrizko zilindro txiki bat da, elipsi-itxurakoa eta paraleloan marka batzuk dituena, ageri denez, ehizako markak ziren lortutako ehizakiak gogoratzeko. Aterpeko data Aurignac aldikoa da, 1990ko hamarkadan burutuko ikerketa batzuek adierazten duten moduan[15]. Urte horietako fauna eta honi lotutako gizakien gorpuzkinak aztertu ziren. Garai hartako animaliarik ohikoena Cervus elaphus zen (%92), zenbait uro eta basurdeen hezurrak aurkitu badira ere.

Epigravettiar horizontea

aldatu

Fontana Nouvako industriaz gain, hipotetikoki Erdi edo Berantiar Aurignac kulturakoa, Siziliako beste industria litiko antzinenak Goi Paleolitoko azken kulturakoak dira (Siziliako Azken Epigravettiarra izenekoa) eta penintsulatik etorritako giza taldeekin erlazionatzen da. Horizonte honetako punta lerrozuzenak ohikoak dira, La Gravette Frantziako eskualdetik hartu zuten izena[16]. Punta hauek ezpaletan zatitu ziren alde luze bat lortu arte, beste aldea, berriz, landu zen ahoa ateratzeko. Sekzio triangeluar honekin lortutako ehiza-tresnak, urratuak eta makadurak eragiten zituen harrapakina hiltzeko, zauriak edo odoljarioak eragin eta gero.

Lurreko makrofaunaz gain, garai hartako gizakiak itsasbazterreko moluskuak biltzen zituen (Patella ferruginea eta Patella caerulea; Trochus). Nahiz eta dieta ehizan oinarritu, Mesolitokoa hobetu zen moluskuen eta arrantzarekin[17].

Epigrabetaldiko giza taldeak Siziliako kostaldeko kobetan bizi ziren, Trapanikoak gehienbat (Grotte di Scurati), baita Palermo eta Sirakusakoetan ere. Taldeak nomadak edo sasoikako sedentarioak ziren. Jarduerarik ohikoenak honako hauek ziren: elikagaiak egostea; larruak, zura, hezurrak eta harriak lantzea; agian, praktika erlijiosoak, eta koben barruko ehorzketak egitea.

Irla txikiei dagokienez, bakarrik Favignanan eta Levanzon -azken glaziazioan Trapaniko kostara lotuta zeudenak- aurkitu dira aldi honetako aztarnak.

 
Argimuscoko megalitoen jatorria ezezaguna da.

Laplacek proposatutako eskema hiru eite kulturalak ditu:

  • Antzinako Epigrabetaldi bat, XX. mendean Canicattini Bagnik induskatuta zehatz gabeko toki batean, Sirakusaren ondoan eta Palermoren ondoko Niscemi koban. Azken honetan grabatu zoomorfokoak daude.
  • Garatutako Epigravettiarra, Levanzo uharteko Genovarraren koban eta San Corrado aterpean, Sirakusako barnealdean.
  • Epigravettiar berantiarra, San Teodoro Acquedolci koban, Corruggi koban (Pachinoren ondoan), eta Mangiapaneko kobak eta Termini Imereseko gazteluko aterpea[18].

Mesolitoa

aldatu

Mesolito (Erdiko Harri Aroa) terminoa erabiltzen da Paleontologian adierazteko Pleistozeno berantiarraren giza-jarduerak, hau da, Neolito eta nekazaritza heldu baino lehen.

Mesolitoko bizibidea ehizan, arrantzan eta bilketan oinarritu zen, baina Pleistozenoko harrapakin handiak desagertu ondoren, animaliak txikiagoak ziren.

Mesolitoko industria mikrolitoetan espezializatu zen, aztarna asko aurkitu ez badira ere, beharbada, behin izotzak desagertu, gizakien bizilekua kobetatik urtegien ondora igaro zelako. Giza-talde berriek industria litikoa egokitu zioten klimatologia berriari[19], baina oraindik ez zuten jaso ekialdeko eragina nekazaritza garatzeko. Aldaketa klimatologiko hori Italian ez zen hainbeste nabaritu, horregatik zaila da Sizilian Mesolitiko aztarnak aurkitzea. Aro hori (K.a. 10.000-5.000 artekoa) bakarrik zenbait kobetan aurki daiteke: Corruggi, Uzzo, Ericeren hurbil eta Cala dei Genovesi.

Mesolitoko industria litikoa suharrizkoa da, dentikulatu ugariekin. Honekin batera agertu dira hezurrezko puntak, espatulak eta apaingarriak, adibidez, orein-agin atrofikoak. Siziliako Mesolito adierazgarririk nabarmena Sperlingako aterpea zen (Novara di Sicilia).

Siziliako arte Mesolitokoko bilakaera garrantzitsua da: Levanzon eta Addauran naturalismotik eskematismora igarotzen da.

Hilobiratzeari dagokionez, uste da Uzzo eta Molarakoak (Conca d'Oro tokian, Palermoko eskualdeko barnealdean) Mesolitokoak direla. Hilobian bi gorpu ezarri ziren okre horiko geruza batean, gero hilobia harriekin estali zen. Gorpuen orientazioa zehaztugabea da eta ez dago hileta-tresnarik, orein-agin edo ondo landutako harkoskor batzuk izan ezik. Hori dela eta, Siziliako lurperatze mesolitikoak, Europaren alderantziz, pobreak dira apaingarri txiki horiei dagokienez (zulatutako maskorrak, aginak, harriak).

Genovarraren eta Addaura kobetako Paleo-mesolitoko labar artea

aldatu

Siziliako labar artearen datazioa konplexua da, gehienetan aztarnategi arkeologikoekin agertu ez direlako. Askotan, irudiak estaltzen dituen geruza aipatzen da (eskuarki haien antzinatasuna adierazteko, data jakitea zaila delako) edo irudien edukia.

Siziliako labar artearen adierazgarririk nabarmenenak Genovarraren eta Addaura kobetakoa dira. Lehena, Levanzo irlako herri bakarretik ipar-mendebaldera dagoena, oinez, ordu erdi batean hel daiteke. Behin, uhartetxo hau lotuta zegoen Siziliarekin, hormetan irudikatutako animaien ugaritasunak adierazten duen moduan. Guztira 32 irudi dira: hauetariko 29 animaliak, 15 eta 30 zentimetrokoak. Karbono-14ko datazioaren arabera, K.a. X. milurtekoak ziren[20].

 
Addaurako kobako labar-ebakiduren erreplika, Antonio Salinasen eskualdeko museo arkeologikoan

Dell'Addaurako kobako, Palermotik ez dago oso urrun, labar artean animaliak eta gizakiak agertzen dira. Horiei gainjarrita dago beste talde bat, sakonago grabaturik. Beste hirugarren talde bat, oso sakonki grabaturik dagoena ere, hainbat estiloko animaliez osatuta dago, beharbada, geroko beste kultura batekoa da.

Bigarren taldea interesgarriena da, eguneroko giza-jarduerak adierazten dituelako, oso arraroa historiaurreko artean. Marrazkiak Goi Paleolitokoak dira, agian, Jole Bovio Marconik aurkitutakoen garaikideak ziren, epigrabetaldikoak, baina horretaz ez dago ziurtasunik.

Neolito

aldatu

Sizilian eta Liparin 1950tik egindako indusketek agerian utzi dituzte K.a. VI. milurtekotik irla kolonizatu duten zibilizazioak. Hau izan zen obsidiana ateratzeko gunea, gero Mediterraneoan zehar hedatzeko.

Metal Aroa

aldatu

Kobre Aroa

aldatu

Osatu gabeko atala

Brontze Aroa

aldatu

Notoko 20 kilometro mendebaldera Castelluccioko nekropolirik garrantzitsuena aurkitu zen[21], Castelluccioko kultura (K.a. 1650-1250) deitu zena. Ikerketa hauei esker, Egeoko buztingintza kontuan hartuz, agerian gertatu da Maltarekin zegoen merkataritza. Panarea irlan eriden zen Punta Milazzese herrixka, 23 txabola obalatu zituena bizitzeko edo defentsarako. Horko aurkikuntzek adierazi dute Mizenasko kulturarekin erlazioak zeudela. Hipotesi hau gauzatu da Thapsos (Priolo Gargallo herrialdean), Milazzo, Filicudi (Capo Graziano) Pantalica eta Sirakusako aurkikuntzekin.

Labar artearen beste adibide esanguratsu bat Grotte della Gurfan aurkitzen da, Alia udalerriaren ondoan. Hareharri gorrizko amildegi bateko sei multzo dira, baina haien funtzionaltasuna ez da oraindik argitu. Hauen gunerik handiena Mizenasko tholosen antza dute.

Hileta-monumentu ohikoenek, dolmenek, Mediterraneoko eskualdekoak (Espainia, Sardinia, Malta eta Puglia) gogorarazten dute[22]. Hala ere, Paolo Orsik Monte Racellon aurkitukato harlausa baten azpiko hilobia eredu horretatik at dago[23].

Mura Pregne (Palermo), Sciacca, Monte Bubbonia, Butera, Cava dei Servi eta Cava Lazzaron dolmen batzuk identifikatu dira. Avolako Borgellusa auzoan, ospitale zibilaren parean, dolmen bat aurkitu zen 1961ean. Goiko harlausa bi pilare gainean dago. Hauek harkaitzaren perfilaren arabera modelatu direnez, pseudo-dolmen bat da. Gizakiaren lana nabaria da zuloa zabaltzean eta honen itxura geometrikoa eta bi alboetako pilarei forma ematean. Barnealdeko zorua lortu zen hareharrizko materialak kenduz eta estratifikazio beheko azala jarraituz[24]. Antzeko eredu arkitektonikoak Europako iparraldean ohikoak dira baina, Sizilian nahiz arraroak izan, ez dira harritzekoak, irla Mediterraneoaren erdian egonda, kanpoko esperientziak hartzen eta berezkoak esportatzen zituelako[25].

Inbasioak

aldatu

Diodoro Sikuloren arabera, K.a. XIV.-XIII. mendeen artean, ausonioek, Liparo buruzagiak (hortik irla nagusiaren izena) zuzendurik, Eoliar uharteak eraso eta okupatu zituzten. Indusketa arkeologikoek adierazi dute K.a. 1270etik bat-bateko eta bortitzazko suntsiketak gertatu zirela. Harrez geroztik, bizitza lasaitu zen Lipari gazteluaren ondoan, baina ohiturak, tresnak eta lekuratze mota desberdina izan ziren, Italiar penintsularen antzekoa.

 
Avolako dolmena

XIII. mendearen erdian, sikanoak heldu ziren, indoeuroparra ez zen herri bat. Tuzididesen ustez, Iberiar penintsulatik liguriengandik ihes egiten zuten. Sikanoek bertoko erraldoiak garaitu zituzten, Tuzididesek ziklopeak edo Lestrigoiak deitzen zituenak. Sikanoak, gehienbat, Siziliako erdialdean eta hego-mendebaldean ezarri ziren.

Hauen aztarnak agertu dira Caltabellottako nekropolian (berezko ganberekin), Platani haraneko Kamikos hirian (agian gaurko Sant'Angelo Muxaro) non bere buztingintza iluna apainduta dagoen grabatuekin eta ama-lur jainkosaren zeinuekin. Elimoak etortzean, Erice eta Segesta fundatu zituzten eta sikanoak irlaren barrualdera bultzatu.

Brontze Aro berantiarrean, arrazoi politiko eta ekonomikoengatik, mizenaskoak hasi ziren Mediterraneotik desagertzen eta haien lekua beste herri batzuk hartu zuten. Helaniko Lesboskoak sikuloak eta ausonioak aipatzen ditu, enotrioen lurraldeetatik kanporatuak K.a. 1260aren inguruan. Sikuloek, herri protolatinoak, Siziliara ekarri zuen zaldiaren erabilera eta hildakoei gurtza.

Burdin Aroa

aldatu

Siziliako Burdin Aroa K.a. 1200 eta 1100 urteen artean kokatzen da. Garai hartako aztarnak aurkitu dira Barcellona Pozzo di Gotton, Monte Finocchiton (Noto) eta Sant'Angelo Muxaron[26]. K.a. XI eta X. mendean, feniziarrek Solunte, Motia, Palermo eta Lilibea fundatu zuten. K.a. XII-VIII. mendeen artean, greziarrak irlara heldu baino lehen, Sizilian lau herri zeuden: sikuloak, sikanoak, elimoak eta feniziarrak.

Siziliako aborigenak iturri klasikoen arabera

aldatu

Greziar lekukotasunak

aldatu

Greziarrak irlan ezarri zirenean, feniziar alfabetoa hobetu bazuten ere, ez zuten haien egunerokotasuna idazteko ohiturarik. Tuzididesen ustez, sikuloak ekialdean eta sikanoak mendebaldean kokatu ziren. Tuzididesen iturriak, antzinakoenak direnak, Antioko Sirakusakoa idazlearengandik hartu ziren, baina honek idatzitako Siziliako historia, jatorritik K.a. 424 arte, ez da fidagarria: Homero eta Hesiodorentzat Sizilia mendebaldeko urruneko toki mitikoa zen, munstruoak bizi zirenean eta txarto esploraturik zegoena. Tuzididesek ziklopeak eta lestrigoiak aipatzen ditu[27].

Latinezko lekukotasunak

aldatu

Osatu gabeko atala

Irlako kokaleku nagusienak

aldatu

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. TUSA, S.:1983, 29.orr.
  2. ROSS HOLLOWAY, Robert: Archeologia della Sicilia antica (1991), SEI, Torino, 1995, 3 or.
  3. FINLEY, Moses I.: Storia della Sicilia antica (1968), Laterza, Roma-Bari, 1998, 13.) or.
  4. Lur gorriko mailetan agertzen den fauna (Kuaternarioko sekuentziarik zaharrena), industria litikoko hondakinen azpian, TUSA S., 1983, 31 orritik hartu da. Halere, badaude beste irispide batzuk, zientzia-komunitateak eszeptizismoz hartu dituenak, lur gorriko mailak post quem termino estratigrafiakoa da adierazteko gizakiaren presentzia Sizilian. (TUSA, S.: 1983, 43 or.). Arkeologian post quem erabiltzen da fenomeno edo objektu baten agerpenaren datarik zaharrena azaltzeko.
  5. TUSA, S.: 1983, 47 or.
  6. a b TUSA, S.: 1983, 47 or.
  7. TUSA, S.: 1983, 51 or.
  8. TUSA, S.: 1983, 55 or.
  9. NICOLETTI, F.: 1997
  10. Eskuarki, gainjarritako ez diren sekuentzia estratigrafikoen kronologia azaldu da, aurkitutako tresna litikoaen arabera. Zenbait kasutan, geruzen gainjartze dela eta, suposizio hau ez da betetzen, adibidez San Teodoro koban (Messinako probintzian): zenbait mailetako mikrolisatutako tresnak antzinagoak dira beste mailetakoak baino, non mikrolitismoa murrizten den(TUSA S.: 1983, 71 or.
  11. San Teodoro kobakoa, karbono-14rekin orain dela 190.000 urteko data eman zion (TUSA S.: 1983, 39 or).
  12. Beharbada, indusketa-guneak XX. mendeko gune kulturalen (Palermo, Catania, Siracusa) hurbil egotean, klase aberatsen artean interesa piztu zen irlako historiaurrearengatik. (TUSA S.: 1983, 67 eta 132 or.)
  13. LAPLACE, Georges: Les subdivisions du Leptolithique italien. Étude de typologie analityque, BPI, LXXIII, 1964, 25 or.
  14. In La Sicilia prima dei Greci, Il Saggiatore, Milano, 1958, (TUSA S.: 1983, 69 orritik aipatuta.)
  15. CHILARDI S. et alii: 1996.
  16. Siziliako Epigrabetaldiko adibide esanguratsu bat (10.000 urte inguru) Grotta del Genovese da.
  17. TUSA, S.: 1983, 74 or.
  18. Ez dago argi Laplacek zein mailari egin zuen aipamena: behe mikrolitoari edo goi makrolitoari.
  19. Ipar Europako glaziarren ordez, laku eta zingira handiak agertu ziren. Hasierako tundrak bidea utziko zien basoei.
  20. TUSA, Sebastiano: La Sicilia nella preistoria (1983), Sellerio, Palermo, 1999, 106 or.
  21. ORSI, Paolo: Scarichi del villaggio siculo di Castelluccio, Bullettino Paletnologico Italiano 19, 1893. 3.
  22. PICCOLO, Salvatore: op.cit.
  23. ORSI, Paolo: Miniere di selce e sepolcri eneolitici a monte Tabuto e monte Racello presso Comiso (Siracusa), in «Bullettino di Paletnologia Italiana», XXIV, 1898, 18-19 or.
  24. PICCOLO, Salvatore: Antiche Pietre. La cultura dei dolmen nella Preistoria della Sicilia sud-orientale, Morrone arg., 42-50 or., Siracusa 2007.
  25. PICCOLO, Salvatore: ibidem, 60 or.
  26. BREA, Luigi Bernabò: La primera Sicilia de los griegos, Milano, el Essager, 1958, 182 or.
  27. FINLEY, Moses I.: Op. cit., 17 or.

Bibliografia

aldatu
 
Monte Bubboniako dolmena
  • BREA, Luigi Bernabò (1958): La Sicilia prima dei Greci, Il Saggiatore, Milano.
  • CORRENTI, Santi: Breve storia della Sicilia, T.E. Newton. ISBN 88-7983-511-4
  • GUIDO, Margaret (1967): Guida archeologica della Sicilia , Sellerio, Palermo, 1983.
  • NICOLETTI, Fabrizio (1997): Il Campignano della Sicilia, in Prima Sicilia, Catalogo della Mostra, I. liburukia, Palermo, 395–403 or.
  • NICOLETTI, Fabrizio (2003): Percorsi nella Sicilia preistorica, Palermo.
  • PICCOLO, Salvatore (2007): Antiche Pietre: La Cultura dei Dolmen nella Preistoria della Sicilia sud-orientale, Morrone arg., ISBN 978-88-902640-7-8.
  • SPOTO, Salvatore (2002): Sicilia antica, Newton Compton arg. ISBN 88-8289-750-8
  • TUSA, Sebastiano: La Sicilia nella preistoria [1983], Sellerio, Palermo, 1999. ISBN 88-389-1440-0
  • CHILARDI, S., FRAYER, D.W., GIOIA P., MACCHIARELLLI, R. eta MUSSI M., (1996) - Fontana Nuova di Ragusa (Sicily, Italy): sothernmost Aurignacian site in Europe, Antiquity, 70, 553-563.
  • VAUFREY, R. (1928): Le Paléolithique italien, Archives de l'Institut de Paléontologie Humaine, Mémoires, 3, Parigi, .
  • LONGO, G. (2009): Il lungo periodo della preistoria siciliana, Sicilia Tempo anno XLVII, 463 zenbakia, martxoa, 22-26 or.

Beste esteka batzuk

aldatu

Kanpo estekak

aldatu