Trapani

udalerri italiako

Trapani (italieraz ˈtraːpani ahoskatua; sizilieraz: Tràpani; latinez: Drepanon, antzinako grezieraz: Δρέπανον) Siziliako ipar-mendebaldeko hiria eta portua da, izen bereko probintziako (2.462 km2) hiriburua. 70.531 biztanle ditu (2009).

Trapani
Italiako udalerria
Trapani, Sicily.jpg
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Libero consorzio comunale[[d:Special:EntityPage/Q26160403|{{{2}}}
Posta kodea 91100
ISTAT kodea 081021
Geografia
Koordenatuak 38° 01′ 00″ N, 12° 31′ 00″ E / 38.0167°N,12.5167°E / 38.0167; 12.5167Koordenatuak: 38° 01′ 00″ N, 12° 31′ 00″ E / 38.0167°N,12.5167°E / 38.0167; 12.5167
Map of comune of Trapani (province of Trapani, region Sicily, Italy).svg
Azalera 273.13 km²
Altuera 3 m
Mugakideak Buseto Palizzolo, Erice, Marsala, Paceco, Salemi, Valderice eta Calatafimi-Segesta
Demografia
Biztanleria 67.923 (2018ko urtarrilaren 1a)
Red Arrow Down.svg-742 (2018ko urtarrilaren 1a)/(2016ko uztailaren 1)
Dentsitatea 248,68 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia 0923
Ordu eremua UTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuak Konstantza, Les Sables-d'Olonne, Épernay eta Winnipeg
Katastro kodea L331
Sailkapen sismikoa 2 (Ertaina)
Matrikula TP
comune.trapani.it

Trapani ospetsua da gatzagengatik, gatz-errotengatik eta Motia uhartetxoan (gaur San Pantaleon, gatzagen aurrean kokatuta) aurkitu diren feniziar hondakinengatik. Mendeetan zehar, gatzagek eta haien industriek giro kultural eta ekonomiko interesgarria sortu dute. Antolatutako ibilbidiari Via del Sale deritzo. Probintziako beste toki interesgarri batzuk honako hauek dira: Segesta, Gibellina, Erice, Alcamo, Marsala, Mazara del Vallo, Castellammare del Golfo eta Motia. Pantelleria hurbileko irla Trapaniko probintziakoa da ere.

GeografiaAldatu

Erice mendiaren oinetan dago, Palermoko hiriaren mendebaldean, Tirreniar itsasoaren ertzean. Trapanik honako udalerri hauekin egiten du muga:

Buseto Palizzolo
Erice
Marsala
Paceco
Salemi
Valderice
Calatafimi-Segesta

Biztaleriaren bilakaera[1]Aldatu

HistoriaAldatu

Drepano (latinez: Drepanum edo Drepana, grezieraz: Δρέπανον/Drépanon) Siziliako hiri bat zen, lurmutur eta portu bat zituena irlaren ipar-mendebaldean, Egada uharteen aurrean. Bi elezaharrek hiriaren jatorri mitikoa kontatzen digute. Lehenaren arabera, Trapani sortu zen Demeter jainkosari erori zitzaion igitaiatik, haren alaba Pertsefoneren bila zegoenean, Hadesek bahitu zuelako. Bigarren elezaharrean Saturno agertzen da. Honi, bere aita Uranori (zeruko jainkoa) tripak igitai batekin atera ondoren, lanabesa itsasoan erori zitzaion, honela hiria sortu zen. Antzinean, Saturno izan zen Trapaniko babes-jainkoa. Gaur egun, Saturnoren estatua hiriko gunean dago.

Historiaren arabera, elimoek fundatu zuten Trapani, Erice hiriko portua izateko, gailur baten gainean itsasoari begira dagoena. Greziarrek Drepana edo Drepanun deitu zuten, portuko kurbak igitai baten antza zuelako. Jadanik Lehenengo Gerra Punikoan Ericeren (Erix) portua zela aipatzen da. Kartagotarrek menperatu ondoren, Hamilkar jeneralak gotortu zuen K.a. 260an eta hiria fundatu zuen, horretarako Ericetik biztanleak ekarri zituen. Aulo Atilio Kalatino erromatarrak Drepano konkistatu omen zuen gerraren lehenengo fasean baina ez dago frogatuta. Afrikatik hurbil egonik, kartagotarrek hiria sendotu eta portu garrantzitsu bat egin zuten[2]. K.a. 260an, Drepano eta Lilibea kartagoren menpeko Siziliako hiri bakarrak ziren. Erromatarrek Lilibea setiatu zutenean, Aderbal jeneralak Drepanon ontziteri bat ezarri zuen erromatarrak kontrolatzeko. Hantxe bertan, Aderbalek Publio Klaudio Pulkroren flota garaitu zuen K.a. 249an. Geroago, Hamilkar Barkak Erice konkistatu zuen eta biztanle guztiak Drepanora bidali zituen, hiria gehiago sendotzeko. Aukera egokia izan zen, Drepano eta Lilibea, kartagotarren Siziliako azken gotorlekuan izan baitziren. Erromatarrek behin eta berriz eraso egin zuten baina, K.a. 249an, Drepanoko guduan itsas porrota jasan zuten. K.a. 242an, Gaio Lutazio Katulok hiria setiatu zuen bitartean, Hannon Handiak alperrik saiatu zen blokeoa apurtzen, Hala ere, gerra bukatu arte kartagotarren menpean egon zen[3]. Hamilkar Barkak, K.a. 241ean erromatarrei aurre egin zienean, erabateko porrota pairatu zuen Egada uharteetan. Erromaren esku zegoela, Drepanum izena hartu zuen. Plinio Zaharraren[4] arabera, nolabaiteko garrantzia hartu zuen gatzagei eta koralari esker, inguruko Lilibea askoz oparoagoa bazen ere. Zizeronen eta Plinio Zaharraren arabera, erromatar hiriko kategoria izan zuen. Ibilbideek eta Peutingerren taulak kategoria hori mantentzen zuten K.o. IV. mendean. Beranduago, bandaloak, ostrogodoak eta bizantziarrak hiriaz jabetu ziren, eta 827an musulmanek konkistatu zutenean, hiri oparoa bihurtu zen. 1077an, normandoek, Roger I.a buruzagia zelarik, hiria okupatu zuten. Geroztik, Trapani Siziliako gainontzeko hirien bidea hartu zuen. Trapanik eginkizun bat izan zuen gurutzadetan, Mediterraneoko portu garrantzitsuenen artean zegoelako. 1282. urtean Petri Handia onartu zuen hiriak, eta bertatik eman zion hasiera Siziliaren konkistari. Kataluniarren XIV-XVI. mendeetako agintaldian, inoiz baino oparoagoa izan zen. 1535eko abuztuan, Karlos I Espainiakoa Trapanari joan zen piraten eta kortsarioen kontra borrokatzeko. Garaipenaren ondoren hiriari Erresumaren giltza deitu zion. XVII. mendean, matxinadak, izurriteak eta goseteak zirela bide, hiria gainbeheran erori zen, baina hurrengo mendean 16.000 biztanletik 30,000ra pasatu zen, merkataritza garatu zelako baita Napoliko Erresumaren gune estrategikoa bihurtu ere. Kostalde horietan, Garibaldi lehorreratu zen 1860an, Alkandora Gorrien Espedizioarekin, Italiaren Bateratzea hazteko. Trapanik II. Mundu Gerran aliatuen etengabeko bonbardaketak pairatu zituen. Hiriko hazkundea nabaria izan da gerraz geroztik, San Giuliano mendiaren oinetik hedatuz. Turismoa garatu da inguruko zenbait helmuga popularri esker, hala nola, Erice, Segesta eta Egada uharteak.

Erromatar mitologiaAldatu

 
Rubens-Plutonek egindako Proserpinaren bahiketa

Virgiliok Eneidan kontatutakoaren arabera, hemen hil zen Ankises, Eneasen aita, Troiatik Erromara egiten zuten zeharkaldian, eta hiri berri bat fundatu nahi zutenean. Erromatar mitologiaren ustez, hiri honetan Zeres jainkosak igitaia galdu zuen haren alaba Proserpina bilatzen zuenean, Plutonek Pergusa lakuan bahitu eta gero.

EkonomiaAldatu

Trapanik jarduera handiko portua du (ardoa eta gatza esportatzen ditu). Arrantza eta industria (janari-industria, zurgintza, ontziolak) dira ekonomia-jarduera nagusiak. Trapaniren ekonomia merkataritzan eta turismoan oinarritzen da. Lehenengo sektorerari dagokionez, hegalabur gorriaren arrantza[5] behera joan da, baina aipatzekoa da Marsala ardoaren ekoizpena[6]. Industria, gatzaren inguruan dago baita marmolaren erauzketan eta esportazioan ere. Hiriak ferry bat du Egada uharteak, Pantelleria, Sardinia eta Tunisia lotzeko. Trapani aireportuak Trapani-Birgi Aireportua deitzen da.

Ondasun nabarmenakAldatu

 
Trapaniko katedrala

Trapani hiri zaharra Erdi Aroko azken aldikoa edo Aro Garaikidekoa da; beraz, eraikin zaharragorik ez daude. Eraikin historiko gehienak Barrokokoak dira, hala nola:

  • Sant'Agostino eliza (XIV. mendekoa) arrosa-leiho bikain batekin.
  • Santa Maria di Gesù (XV.-XVI. mendekoa) eliza gotiko-errenazentista.
  • Maria Santissima Annunziata basilika-santutegia (Madonna de Trapani izenekoa)[7]. Nahiz eta 1315-1332 artean altxatu, 1760an berreraiki zen. Honen barruan Madonna de Trapaniren marmolezko estatua bat dago, Baliteke Nino Pisanoren lana izatea eta Agostino Pepoliren museoarekin zerikusi edukitzea.
  • Tritonaren iturria.
  • Estilo barrokozko Palazzo della Giudecca edo Ciambra egoitza.
  • Katedrala, (1421ean egindakoa, baina XVIII. mendean Giovanni Biagio Amicok zaharberrituta). Anthony van Dyck Deikunde baten ustezko egilea da.
  • Maria SS. Dell'Intria eliza, siziliar barrokoaren beste lagin bat.
  • Badia Nuova, beste eliza barroko txiki bat.
  • Castello di Terra, XII. Mendeko suntsitutako gaztelua.
  • Ligni dorrea, zelatari-dorre honetan museo arkeologiko bat dago.
  • Apezpikutegia ere badu.

IruditegiaAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. http://demo.istat.it/pop2015/index_e.html URL 2016.06.18an kontsultatuta.
  2. Polibio, Historiak I, 46
  3. Dillon, Matthew; Garland, Lynda (2005). Ancient Rome: From the Early Republic to the Assassination of Julius Caesar (inglesez). Londres: Routledge. p. 190. ISBN 0-415-22458-6.
  4. Plinio Zaharra, Historia Naturala, XXXII,11.
  5. http://pti.regione.sicilia.it/portal/page/portal/SIT_PORTALE/SIT_EnglishVersion/Itineraries2/Arts%20and%20traditions/Le%20tonnare
  6. http://www.stradadelvinoericedoc.it/enti.asp
  7. https://it.wikipedia.org/wiki/Basilica-Santuario_di_Maria_Santissima_Annunziata

Kanpo estekakAldatu