Morteroa[1] eraikuntza-blokeak elkarri lotzeko eta haien arteko hutsuneak betetzeko erabiltzen den ore erabilerraza da. Morteroa gogortu egiten da lehortzen denean, eta egitura agregatu zurruna eratzen du. Mortero modernoak harea, zementua edo karea bezalako aglutinatzaile bat eta ura nahastuta sortzen dira. Kareore ere esaten zaio[2], nahiz eta adiera hertsian kare-morteroa izendatzeko erabiltzen den.

Adreiluak elkarri lotzeko erabilitako morteroa

Hainbat mortero mota daude:

Zementuz eta karea dituen morteroari (karea % 10-60 artean) sasimorteroa[3] deitzen zaio.

Mortero bati agregakinak gehitzen badizkiogu (harea edo/eta legarra) hormigoia lortzen da.

Historia

aldatu

Lehenengo eraikuntza oreak lokatzezkoak eta buztinezkoak ziren[4] , Jeriko (K.a. 10. milurtekoa) edo Ganj Dareh (K.a. 8. milurtekoa) hirietako eraikinetan ikus daitezkeenez[4]. Morteroa lehen aldiz erabili izanaren froga Balutxistango Mehrgarh hirian aurkitzen da, K.a. 6500an pezoz eraikia[5]. Mohenjo-daron lehen kareore aztarnak aurkitu dira.

Egiptoko lehen piramideetan, Inperio Zaharrean eraiki zirenak (K.a. 2600-2500), kareharrizko blokeak lokatz eta buztinez, edo buztin eta hareaz lotzen ziren. Ondorengo piramideetan, morteroa igeltsuz edo karez egina zegoen. Igeltsuzko morteroa, funtsean, igeltsuzko eta hareazko nahasketa bat zen, eta nahiko biguna. K.a. 2. milurtekoko eraikuntza babiloniarrek karea edo galipota erabili zuten morterorako.

Historikoki, jarraian hormigoizko eta morterozko eraikuntza Grezian agertu zen. Megarako lurpeko akueduktuaren indusketak agerian utzi du gordailu bat, 12 mm-ko lodierako mortero puzolaniko batez estalita zegoena. Akueduktu hau K.a. 500ekoa da[6]. Mortero puzolanikoa karez egindako morteroa da, baina errauts bolkanikoz osatua dago, ur azpian gogortzeko aukera ematen diona; horregatik, zementu hidraulikoa esaten zaio. Greziarrek, Thira eta Nisiros greziar uharteetako sumendi-errautsa lortzen zuten, edo, garai hartan, Dicaearchia (Pozzuoli) greziar koloniakoa, Napolitik gertu. Geroago, erromatarrek mortero eta zementu puzolaniko zeritzana egiteko metodoak eta erabilera hobetu zituzten. Geroago ere, erromatarrek puzolanarik gabeko mortero bat erabili zuten terrakota birrindua erabiliz, nahastean aluminio oxidoa eta silizio dioxidoa sartuz. Mortero hori ez zen mortero puzolanikoa bezain indartsua, baina, trinkoagoa zenez, uraren sartzea hobeto eragozten baitu.

Mortero hidraulikoa ez zegoen eskuragarri antzinako Txinan, ziurrenik errauts bolkanikorik ez zegoelako. 500 inguruan, arroz likatsuzko salda kare hilarekin nahastu zen arroz-mortero itsaskorraren konposatu organiko/ezorganiko bat egiteko, kare-morteroak baino urarekiko erresistentzia handiagoa zuena.

Ez da ongi ulertzen zergatik galdu zen morteroak eta zementu hidraulikoak egiteko artea ia bi mila urtez, hain zabaldua izanik greziarren zein erromatarren artean. Erdi Aroan, katedral gotikoak eraiki zirenean, karea zen morteroaren osagai aktibo bakarra. Kareore ondua degradatu egin daitekeenez urarekin kontaktuan egotean, egitura askok sufritu egin zuten mendeetan zehar haizeak barreiatutako euriagatik.

Industria-iraultzara arte, behin betiko itsasgarri izango ziren morteroak edukitzeko beharra ez zen nabaria izan herrialde industrializatuetan. XIX. mendean jada, egitura asko mortero iraunkorrik erabili gabe eraikitzen ziren, eta haien hauskortasun erlatiboa mantentze sarriarekin orekatzen zen, denboraren poderioz ezaugarri babesle eta itsasgarriak galtzen bitzituen. Industriak eskatzen zituen nabigazio-egiturak ugaritu ahala, ur azpian gogortzen ziren mortero erresistenteak garatu ziren. Horren ondorioz, kareore hidraulikoa eta, ondoren, zementuak aurkitu (edo berraurkitu) ziren. Zementu horiek, XX. mendearen erdialdetik aurrera, ohiko material bihurtu ziren herrialde industrializatuetan[7].

Orain aglutinatzailerik ohikoena Portland zementua da, baina antzinako kare aglutinatzailea oraindik erabiltzen da kasu berezietan.

Nahasketa

aldatu
 
Morteroa perrail batean nahasten.

Morteroen nahasketa ez da hormigoiarena bezalakoa, agregatu larririk ez duenez, trinkotasun ezberdina baitu. Eskuz egin daiteke, oraska batean aitzur batekin edo perrail batean igeltsero koilara batekin, edo mekanikoki nahasgailu edo morterero batean.

Nahaketa motak eta kare-zementu proportzioak[8][9]
H Mota Osagaiak Proportzioa Erabilerak
AH - zementua:ura 10:2.5 Zementu-esnea.
AH Kareorea karea:agregatua 1:1 Luzitu eta estuko-lana.
AH Kareorea karea:agregatua 1:2 Zarpiatua.
AH Kareorea karea:agregatua 1:3 Harlangaitz-lana eta adreilu-hormak.
AH Kareorea karea:agregatua 1:4 Harlangaitz hormak
1 Igeltsu-morteroa Igeltsua:ura %50 ur Ohiko lanak
1 Igeltsu-morteroa igeltsua:ura %60 ur Estukoa
1 Igeltsu-morteroa igeltsua:ura %70 ur Moldeak
AH Sasimorteroa zementua:karea:agregatua 1:2:6 Ohiko lanak
AH Sasimorteroa zementua:karea:agregatua 1:1:6 Kargadun hormak, iragazgaitzak.
AH Sasimorteroa zementua:karea:agregatua 1:1:8 Karga gutxiko hormak
AH Sasimorteroa zementua:karea:agregatua 1:1:10 Zimenduak
AH Sasimorteroa zementua:karea:agregatua 1:1:12 Zarpiatu iragazgaitzak
H Zementu-morteroa zementua:agregatua 1:1 Iragazgaitzeko. Betelanak. Rellenos.
H Zementu-morteroa zementua:agregatua 1:2 Lurpeko zisternak iragazgaizteko.
H Zementu-morteroa zementua:agregatua 1:3 Irgazgaizte errazak. Solairuak.
H Zementu-morteroa zementua:agregatua 1:4 Zeramikak-eta horman itsasteko.
H Zementu-morteroa zementua:agregatua 1:5 Kanpoko zarpiatuak egiteko, adreiluak eta zeramikak itsasteko.
H Zementu-morteroa zementua:agregatua 1:6 Barruko zarpiatuak egiteko, adreiluak eta zeramikak itsasteko.
H Zementu-morteroa zementua:agregatua 1:8 Karga gabeko hormak.
H: hidraulikoa AH: Airekoa edo hidraulikoa A: Airekoa

Kare-morteroa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Kareore»

Kareorea karez, hondarrez eta urez egindako morteroak dira. Erabilitako karea airekoa edo hidraulikoa izan daiteke, airearekin kontaktuan karbonatatzen bada (airekoa) edo uretan gogortzen bada (hidraulikoa).

Kare-morteroa transpiragagarritzat jotzen da, hezetasuna askatasunez mugitzeko eta gainazaletik lurruntzeko aukera ematen duelako. Eraikuntza zaharretan, denborarekin mugitzen diren paretak dituztenetan, egituran euri-ura sartzen uzten duten pitzadurak aurki daitezke. Kare-morteroak hezetasuna lurruntzea uzten du, eta horma lehor mantentzen. Horma zahar bat zementu-morteroz junturatzeak edo zarpiatzeak lurruntze naturala geldiarazten du, eta arazoak sor ditzake.

Zementu-morteroa

aldatu

Zementu-morteroaren osagai nagusiak Portland zementua (aglutinatzailea), hondarra (agregatu fina) eta ura dira. Gehigarriak edo koloratzaileak ere izan ditzake.

Portland zementua Joseph Aspdinek asmatu zuen 1794an eta 1824ko abenduaren 18an patentatu, neurri handi batean mortero erresistenteagoak garatzeko ahaleginen ondorioz. XIX. mendearen amaieran egin zen ezagun, eta 1930ean kare-morteroa baino hedatuagoa bihurtu zen. Portland zementuaren abantailak nagusia da azkar eta indarrarekin gogortzen dela, eta horrek eraikuntzaren erritmo azkarragoa ahalbidetzen duela. Gainera, langile kalifikatu gutxiago behar dira Portland zementuzko egitura bat eraikitzeko.

Hala ere, Portland zementua ez da erabili behar kare-morteroz egindako eraikin zaharrak konpontzeko edo zeharberritzeko, horiek behar bezala funtzionatzeko kare-morteroaren malgutasuna, leuntasuna eta transpiragarritasuna eskatzen baitu[10].

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «Mortero». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-11-27.)
  2. «Kareore». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-11-30.)
  3. Kareore Arkitektura hiztegia, EHU (noiz kontsultatua: 2024-11-30)
  4. a b (Ingelesez) Artioli, G.. (2019). «The Vitruvian legacy: mortars and binders before and after the Roman world» EMU Notes in Mineralogy 20: 151–202..
  5. (Ingelesez) Khan, Aurangzeb. Ancient Bricks. Aurangzeb Khan (Noiz kontsultatua: 2013-02-16).
  6. (Ingelesez) Archived copy. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2009-03-05) (Noiz kontsultatua: 2008-01-04).
  7. (Frantsesez) Louis Vicat, Résumé des connaissances positives actuelles sur les qualités, les choix et la convenance réciproque des matériaux propres a la fabrication des mortiers et ciments calcaires; suivi de notes et tableaux d'expériences justificatives, Imprimerie de Firmin Didot, imprimeur du roi, de la Marine et de l'Institut, Rue Jacob, 1828.
  8. artxiboa. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-10-24) (Noiz kontsultatua: 2016-02-03).
  9. artxiboa. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-04-11).
  10. (Ingelesez)Masonry: the best of Fine homebuilding.. Newtown, CT: Taunton Press, 1997. Print. 113.

Kanpo estekak

aldatu