Pedro Berrondo

euskal idazlea

Pedro Maria Berrondo Lasarte (Oiartzun, Gipuzkoa, 1919ko urtarrilaren 11Donostia, Gipuzkoa, 2002ko abenduaren 27a) euskal idazlea, itzultzailea eta apaiza izan zen. Osorik euskaratu zuen Miguel de Cervantes-en Don Kijote Mantxa'ko eleberria, bi liburukitan argitaratua 1977an eta 1985ean.

Pedro Berrondo
Bizitza
JaiotzaOiartzun1919ko urtarrilaren 11
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia2002ko abenduaren 27a (83 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiza eta idazlea
Genero artistikoaitzulpengintza
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Literaturaren Zubitegia: 394

Biografia

aldatu

Pedro Berrondo oiartzuarra Aranguren baserrian jaio eta hazia zen. Gaztetan, Espainiako Gerra Zibilaren ondorio gaiztoak jasan zituen, 18 urteko anaia fusilatuta hil baitzuen gudaroste frankistak.

Apaiz ikasketak Gasteizko (Araba) eta Saturrarango (Gipuzkoa) seminarioetan egin zituen. Apaiztu ondoren 1943an, Azkoitiko (Gipuzkoa) Arrietamendi auzoko erretore izan zen 1949 arte. Handik, Ekuadorrera joan zen, misioetara, eta han bizi izan zen 1965 arte. Ameriketatik itzulita, lehenik Eibarren (Gipuzkoa) egon zen apaiz, eta gero, 1967an, Donostiara (Gipuzkoa) bidali zuten. Bertan gelditu zen erretiroa hartu arte.

Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkari izan zen hiru urtez, 1967ko irailetik 1970eko iraila arte, Manuel Lekuona oiartzuar euskaltzainburuaren babesean.

Pedro Berrondo Donostian hil zen, 2002ko abenduaren 27an.

Berrondok urte luzez argitaratu zituen bere idazlanak Donostiako El Diario Vasco egunkarian. 1970. urtean hasi zen zutabe labur bat argitaratzen euskaraz, Ebanjelioen iruzkinak eginez. 1973tik aurrera, gaztelerazko erlijio sailaren arduradun bihurtu zen, euskarazkoarekin batera. Horrez gain, egunkariak 1971an astero argitaratzen hasi zen euskarazko orrialdearen arduradun izan zen.

Itzulpenaren esparruan, lehen lana 1973an kaleratu zuen: Pilar Cuadra y Echaideren Perfil y pulso de Guipúzcoa obraren euskarazko bertsioa izan zen, Ertzpegi ta Biotz taupadak, Auñamendi argitaletxeak argitaratua.

Berrondoren lanik garrantzitsuena, zalantza gabe, Miguel de Cervantes-en Don Kijote Mantxa'ko eleberria euskaratzea izan zen. Donostian argitaratu zuen Bernardo Estornes argitaratzaileak, bi liburukitan. Lehen liburukia Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu zuen, 1997an; bigarrena, Gipuzkoako Foru Aldundian, 1985ean.

Geroago, 1987an, Ignazio Telletxea Idigorasen lan bat euskaraturik Inazio Loiolakoaren bizitzaz: Loiolako Inazio: bakarrik eta oiñez, Etor argitaletxean.

Hil ondoren argitaratu zen Berrondoren beste itzulpen bat, Opus Deiren sortzaile Jose Maria Escriva de Balaguer-en Forja obraren euskarazko bertsioa, Sutegi izenburuaz (Madril 2003).

Kixote euskaraz

aldatu

Pedro Berrondoren lana soka luze baten amaiera izan zen, Cervantesen eleberria euskara itzultzeko aurrez saio asko egin baitzen.

1904an, Kixoteren lehen ataleko zatiki batzuk argitaratu ziren Biarritzen, Ernest Zeitz-en inprimategian, Joan Piarres Duvoisin kapitainak euskaraturik, izenburu honekin: Don Kixoten gerthakariak deitzen den liburuko aintzin-solasa eta hari darreitzan hirur buruchoak.

Urte bat geroago, 1905eko martxoaren 13an, Julian Apraiz arabar euskaltzale zerbantistak liburuxka bat argitaratu zuen Gasteizen, Domingo Sar-en etxean, izenburu honekin: Donkituera umill euskalduna Cervantes-eri opatua Manchako don Quijote, seme argi ta ospatsua agertu zanetik irugarren eunki-urrenean. Hirurehun urte betetzen ziren, orduan, Kixote lehenengoz argitaratu zenetik. Liburuaren zati batzuk zituen euskaratuta, Paulo Zamarripak, Evaristo Bustintza Kirikiñok, Mateo Mujikak eta Alberto de Palacio Elissague arabar arkitektoak eginda.

1928an, Iruñeko Udalak lehiaketa bat egin zuen Kixoteren eta Azpeitiko Santxoren arteko borrokaren atala (IX, I) euskaratzeko. Idazle eta itzultzaile asko aurkeztu ziren, eta guztien artean saria «Nikolas Ormaetxea» Orixek irabazi zuen.

Berrondoren itzulpena

aldatu

Pedro Berrondok bere Don Kijote Mantxa'ko itzulpena hizkera herrikoi baten oinarrian egin zuen, gipuzkeraz, ia oiartzueraz esan daiteke, Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun onartutako euskara batuaren arau ortografiko, morfologiko eta gramatikaletatik urrun.

Nolanahi ere den, itzulpenak alderdi jakingarri asko ditu, guztiaren gainetik Berrondok egindako ahalegina, bere hizkuntza oinarrietatik abiatuta, Cervantesen narrazioaren giroak duen arkaismoa birsortu eta gaur egungo irakurleari helarazteko.

Bibliografia

aldatu
  • Egia, Gotzon: On Pedro Berrondo, apaiz itzultzailea. - Egan, 2005.-1/2, 5-15

Kanpo estekak

aldatu