Pedro Axular

euskal apaiz eta idazlea (1556-1644)
Pedro Agerre» orritik birbideratua)

Artikulu hau euskal idazle handiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pedro Agirre (argipena)».

Pedro Axular[1] edo Pedro Agerre Axular[1] —jaiotzako izen-deiturak Pedro Agerre Azpilkueta zituen,[1] baina bere jaiotetxeari hartutako Axular ezizenaz ere ezaguna da — (Axular baserria, Urdazubi, 1556Sara, 1644ko apirilaren 8a), apaiza izan zen. Inoizko euskal idazle handienetakoa da eta hark idatzitako Gero liburua euskal literaturako lan nagusietakoa dugu[2], euskara batua zehazteko balio ere izan duena[3], haren obra hartan erabilitako lapurtera klasikoan[4] oinarriturik.

Pedro Axular
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Axularren bizitza eta obra azaltzen dituen bideoa.
Irudi gehiago
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPedro Agerre Azpilkueta
JaiotzaUrdazubi, 1556 (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
BizilekuaSara
HeriotzaSara1644ko apirilaren 8a (87/88 urte)
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
latina
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta apaiz katolikoa
MugimenduaSarako Eskola
Izengoitia(k)Axular
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Literaturaren Zubitegia: 313

Goitizenaren ahoskera eta idazkera

aldatu

Haren goitizena gaur egun Axular ahoskatzen dute inguru hartako euskaldunek. Hala ere, Atsular idazkerarekin agertu izan zen XX. mendearen erdialdeko zenbait euskal testutan, Euskal Herriko iparraldeko idazle batzuek x letra erabiltzen zutelakoan gaurko ⟨tsdigramaren soinua adierazteko. Aitzitik, Pedro Axularrek berak Geron ts erabiltzen zuen gaur egiten dugun bezala eta, 1970etik aurrera, Axular da testu mota guztietan ikusten den grafia bakarra, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, bai frantsesez.[5]

Nolanahi ere den, Axularrek bere ezizena x letra erabilita sinatzen zuen[6]

Bizitza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Axular baserria»
 
Axular baserria, Axular idazlearen jaiotetxea, Urdazubi herrian.

Jaiotzez nafarra, goitizena bere jaiotzezko Axular baserritik datorkio, Lapurdirekin mugan dagoen Urdazubikoa. Herri horrek Zugarramurdi, Ainhoa eta Sararekin batera, Xareta izeneko eskualde naturala osatzen du.

Iruñean ikasi zuen lehenengo eta, Lleidatik igaro ondoren, Frantzia aldeko Tarbesen (Bigorra) egin zen apaiz 1596an. Salamancan ere ikasi bide zuen. Ondoren, Donibane Lohizunera jo zuen. Berak idatzitakoek eta Sarako herriaren gogoan gordetakoek hori ematen dute aditzera. 1600ean, Sarako parrokiako erretoretza eskuratu zioten, Bertrand Etxauz Baionako apezpiku baigorriarrak lagunduta, eta hantxe bizi izan zen, hil arte. Han idatzi zuen Pedro Axularrek Gero liburua, eta han gorpuztu zen herri gogoak gorde duen Axularren irudi ia mitikoa: Pedro Axular, kristau jakituriaren eredu, Salamancan eta deabruaren eskolan ikasi ondoren deabrua garaitu zuen apaiza da.

Idazle, sermolari eta hiztun oparoa zen. Horregatik izango zuen horrenbeste eragin eta itzal sasoi hartako eta geroagoko euskal idazleen artean. Haren luma trebeak dotorezia ordu arte ezezaguna erantsi zion euskarari. Esaldi luze eta korapilatsu samarrak ditu batzuetan, laburrak eta trinkoak bestetan, baina mezu ulergarria eta garbia emango digu beti.

Pedro Axularrek eta haren taldeko lagunek urratutako bideari jarraituz, beste elizgizon batzuek ere landu zuten mende hartan lapurtera, adibidez, Harizmendik, Silvain Pouvreauk eta Gazteluzarrek. Haiekin batera, Oihenart zuberotar idazle laikoak ere euskal letrak gora eraman zituen.

Sakontzeko, irakurri: «Gero (Axular)»
 
Axularren Geroren lehenbiziko argitaraldiaren azala (Bordele, 1643).

Euskal literaturaren historian lehen prosazko liburu original argitaratua da. Joannes Leizarragaren itzulpena eta 2004an aurkitu ziren Lazarragaren testu laburrak alde batera utzirik,[7] Gero dugu euskarazko lehen liburu mardula. Euskal idazle klasikoek, Iparraldekoek nahiz Hegoaldekoek, euskal maisulantzat goraipatu zuten, eta denbora luzez euskara jasoaren eredu izan da. XIX. mendean Pedro Antonio Añibarrok, liburua ia osorik Bizkaiko euskarara itzuli zuen; beraz, Pedro Axularren ospeak bizkaierazko literaturan ere eragina izan zuen.

 
Luis Luziano Bonapartek eskainitako Axularren ohorezko oroitarria (Sara).

Pedro Axular hil baino urtebete lehenago inprimatu zen Gero, 1643an.[8] Inongo mistikarik gabe, irakurlearen jokabidea aldarazi nahi du: kristauari zeinen arriskutsu izan dakiokeen arimaren zereginei berehala ez atxikitzea, erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea, beti «gerotik gerora luzamendutan ibiltzea». Liburuaren gai nagusia «Gero dioenak bego dio» atsotitzak laburtzen du; hori ez da izan, noski, kritikoek maisulantzat hartzeko arrazoia, Pedro Axularren estilo bizi eta aldi berean landua baizik.

Sinonimia eta esanahi bereko perpaus molde desberdinen ugaritasuna erabiltzen ditu liburuan, herri mintzairaz, bertako ideiak ahalik eta euskaldun gehienek uler ditzaten eta argudioak sendotzeko autore klasikoen eta testu sakratuen aipuak tartekatzen ditu. Harexen harira, nabaria da latinezko aipuak euskaratzean erakusten duen sena eta dotorezia.

Izenburuaren «bi partetan partitua eta berecia» azpitituluak hainbat zalantza ekarri dizkie adituei. «Irakurtzaileari» izeneko atarikoan dioenez, bere nahia liburua bi liburukitan argitaratzea da, baina liburuaren bigarren zatirik ez da inon ageri. Batzuen ustez, argitaratu gabeko bigarren zati hura testu galdua izan liteke; beste batzuen iritziz, ostera, bi «parte» haiek liburuki berean batera argitaratu bide ziren, bereizi gabe.

Pedro Axularren liburuaren izenburu osoak ez du liburu horretan lantzen den gaiaz zalantza izpirik uzten. Erlijio liburu edo gidaliburuak, erlijio betekizunak geroko uzteak ekar litzakeen kalte eta zorigaitzez dihardu. Gero obra Pedro Axular hil baino urtebete lehenago eman zen argitara, 1643an hain zuzen. Idazle oparoa eta didaktikoa izaki, obrak ez du mistizismo apurrik ere erakusten, bertan du Axularrek irakurlea, bere garaiko gizaseme nahiz emakumea, eliz pulpitutik ari bailitzan. Erudizio maila handia erakusten duen autore honen inspirazio iturriak Espainiako Urrezko Mendeko idazle erlijiosoak dira nonbait (Luis Granadakoa), alabaina puntu hau ez dago garbi oraingoz. Bere kabuzko obra ala itzulpena ote zen eztabaidatu da. Halako bihurpen zuzenik egin zukeenik baztertu egin behar da, ordea, ez baita ezagutzen zordun zuzena zatekeen obrarik. Inspirazio iturriak ugari eta anizkoitzak direnik ez du halere inork ukatzen. Pasarte asko egokitze baten fruitu dira, egokituak dira, eta hor ageri da nagusien Pedro Axularren luma. Idazle trebe eta oparoa, euskal sena du beti ere abiapuntu, nahiz adierazitakoen jatorria askotan, gehienetan, erdal hizkuntza izan, latina nagusiki.

Bere garai eta inguruko jendearen izaera eta bizimodua inoiz ere baztertzen ez dituen idazlea, mende hartako euskal gizarteari buruzko erreferentziak ugari ageri dira bere obran. Lapurteraz idatzi zuen Pedro Axularrek, hizkuntza idatzian osotasunezko maila literarioa erakutsi zuen lehen euskalkian, berean, jardun zuen. Pedro Axularrekin jo zuen gaina lapurtera klasikoak, ondokoak bere obraren mende utziz, hizkuntzari dagokionez. Jende xeheak ere irakurria izan zedin idatzia zen; Pedro Axular ez da behin ere herri mintzairatik urrun ari. Garbi adierazi beharrak joskera argia eta lexiko ulergarria eskatzen ditu: molde zaharkitu batzuk izan ezik, Pedro Axularren obra guztiz ulergarri gertatzen zaio Ipar Euskal Herriko egungo irakurle euskaldunari, eta neke handiegirik gabe irakur dezakete Hego Euskal Herrikoek. Lan honetako testuen joskera Ipar Euskal Herriko ahozko tradizioak gorde duena bera da, gorabeherak gorabehera; eta sinonimoen nahiz esanahi bereko perpaus molde desberdinen ugaritasunak guztiz errazten du ulertzea.

Sei argitalpen izan ditu Gero liburuak, Julio Urkixok Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian eginiko argitalpenaz eta gipuzkeran, bizkaieran nahiz euskara batuan[9] eginiko bertsioez gainera:

  1. Bordele, 1643.
  2. Gueroco Guero 1732? (XVIII. mendearen erdialdean?).

Bigarren argitalpena "misterio bat da" diosku Villasantek (1972: 122), ez baitu urterik ipintzen, eta, gainera, izenburua ez da Guero, Gueroco Guero baizik, eta ez da ageri bi partetan emateari buruzko aipamenik. Bigarren argitalpen horretan zuzendua ("corrigetua" [sic]) eta emendatua dela ipintzen badu ere, Axularren Gero zorrozkien aztertu duen Villasantek hauxe ohartarazten du: "huts batzuk zuzendu eta beste batzuk itzuri dira bigarren edizio horretan" (1972: 123). [10]

  1. Baiona, 1864, Emmanuel Intxauspe abadeak prestaturiko argitalpena.
  2. Zarautz, 1954, Manuel Lekuonak prestatu eta moldaturiko edizioa.
  3. Bartzelona, Espirituales Españoles, 1964, Villasantek prestaturiko argitalpen elebiduna.
  4. Arantzazu, Jakin, 1976, Villasanteren edizioa.

Axularren zenbait gogoeta

aldatu

"Gero liburutik abiatuta, Axularren mundu-ikuskera eta pentsaera adierazten duten pasarte ederrenen hautaketa egina du Patxi Salaberri Muñoak "Haizkora zuhaitzaren erroari kheinatzean" liburuan." Eta handik hartutakoekin osatua du Euskaltzaindiak aforismo moduko gogoeta eta erranen zerrenda bat. Hona hemen zenbait adibide:[11]

... Baldin egin balitz euskaraz hainbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erdaraz eta hizkuntzaz, haiek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere; eta baldin hala ez bada, euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak. ...

... Ez dugu ximinoak bezala egin behar: intxaurra jateko desiros delarik, kanpoko azala hausteko nekeagatik uzten baitu barreneko mamia dastatu gabe. ...

... Ikusten duenean haurrak bere amaren eskuan zigorra eta hartaz eman nahi diola, behatzenago dio amari zigorrari baino, zeren baitaki ezen, baldin amak nahi ez badu, ez diola zigorrak minik eginen. ...

[…] amorantea, eta guztiz amorante miaua eta eskalea, huntz adarra bezala da. Huntzak inguratzen du zuhaitza, besarkatzen du, edoskitzen du, eta azkenean ihartzen du. Hala bada amoranteak, bipiltzen du, larrutzen du, ariman eta gorputzean ihartzen du. (64. or.)

Erran komuna da infernua desira onez betea dagoela. (69. or.)

Haserretu behar denean ez haserretzea, sentikortu behar denean ez sentikortzea, beti bat, beti euli, lolo, malba eta bare izatea ezdeustasuna da, eta ez gizontasuna. (102. or.)

Pedro Axular, Herri sineskeriatik Euskal Mitologiara

aldatu
 
Axular Deabruari bere arima saltzen, inteligentzia artifizial batek irudikatua.

Jose Dueso-k nahastuta dabilela esan genezake Pedro Axular Mikelatsekin parekatzen zutela dioenean, aldiz, bere anai Atarrabi-rekin ordezkatu zituzten aitzinagotik zetozen elezaharrak.[12]

Sarako herritar zaharrenek Jose Migel Barandiaran etnologoari kontatu ziotenez, Pedro Axularrek jakituria guztia Deabruri zor zion. Deabruak Salamankako leize batean zuen unibertsitatean, Pedro Axular mota guztietako zientzia ilunetan lizentziatu zen. Harixe esker lortu zuen halako erudizioa eta oratoriarako etorria; hainbesterainokoa, non Sarako eliztarren oroimenean mendez mende bizirik iraun baitzuen. Ordain gisa, Deabrua haren itzalaren jabe egin zen, eta hil zen egunera arte, itzalik gabe bizi beharra sufritu behar izan zuen Pedro Axularrek[13].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. «Axular - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  3. «Euskara batuaren 50. eta Euskaltzaindiaren 100. urtemugak» Bilbo Zaharra Euskaltegia (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  4. Berria. «Lapurtera klasikoan idatzitako lehen lana aurkitu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  5. «Azkue bibliotekaren katalogazio erregelak», Euskera, LI, 2006, 2, 1130. orrialdea.
  6. (Gaztelaniaz) marcus. «AXULARREN GOGOETAK ETA ERRANAK» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-01).
  7. Kizkitza. «Euskaraz argitaratutako lehen liburua ikusgai» Igartubeitibaserria.eus (Igartubeiti Baserria) (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  8. Salaberri Muñoa, Patxi. (2011). Axularren "Gero" liburuaren lehen edizioa. Aleak, aldeak eta zuzenketak. Universidad del País Vasco, Servicio Editorial / Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua ISBN 9788498606010. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  9. Gero liburuaren euskara batuko bertsioa.
  10. (Gaztelaniaz) «Gero (1643). Pedro Agerre - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  11. Noeren ontzia - Euskaltzaindia. «Gero, 1643; Axularren gogoetak eta erranak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-09).
  12. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1990). Nosotros los vascos,Tomo I, Mitos, leyendas y costumbres. Lur, 62 or. ISBN 84-7099-261-9..
  13. «Itzala: Bizitzaren eta heriotzaren ertzean» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).

Bibliografia

aldatu
  • Salaberri Muñoa, Patxi: Axularren jokamolde elokutiboaren inguruan. - Egan, 1997-3/4, 37-82.
  • Salaberri Muñoa, Patxi: Axularren aribide erretoriko-argumentatzaileaz. - Egan, 1999-1/2, 29-63.
  • Xarriton, Piarres: Axular-i galdezka. - Egan, 1997-3/4, 131-146.
  • AXULAR, Pedro (1643). Guero: bi partetan partitua eta berecia: lehenbicicoan emaitenda, aditcera, cenbat calte eguiten duen, luçamendutan ibiltceac, eguitecoen gueroko utzteac / escritura saindutic, Eliçaco Doctor etariceta liburu debocinozco etaric. Axular Saraco errotorac vildua. Bordel: G. Milanges.
  • URGELL LÁZARO, Blanca (2015). Axular, Gero. Blanca Urgell Lázaro (edizio kritikoa). Mendaur bilduma VI. Iruñea: Nafarroako Gobernua, Hezkuntza Departamentua; Bilbo: Euskaltzaindia.
  • SALABERRI MUÑOA, Patxi (2017). Gero euskara xumean. Gasteiz: Booktegi.
  • Pedro Agerre Azpilikueta, Axular Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Axular