Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria
Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (gaztelaniaz: Revista Internacional de Estudios Vascos, frantsesez: Revue Internationale des Études Basques), gaztelaniazko izenaren RIEV siglekin ezagunagoa, Eusko Ikaskuntzaren argitalpen nagusia da, Julio Urkixok 1907an sortua. Julio Urkixok zuzendari karguan jarraitu zuen 1936ko gerra piztu arte. 1983an RIEV berriro plazaratu zen, eta orduz geroztik Julio Caro Baroja izan zen zuzendari, 1995ean hil zen arte. Gaur egun, Aingeru Zabala Uriarte da zuzendaria. Seihilabetekaria da, eta Euskal Herriko kulturaz hainbat diziplinatako ideia, joera eta teoria zientifikoen elkartoki eta eztabaidaleku izatea du helburu.[1]
Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria | |
---|---|
Mota | Euskal Herriko kulturaz hainbat diziplinatako ideia, joera eta teoria zientifikoen elkartoki eta eztabaidaleku duen seihilabetekaria |
Fitxa teknikoa | |
Lehen zenbakia | 1983 |
Hizkuntza | euskara |
Argitaratze lekua | Paris |
Argitaletxea | Paul Geuhtner |
Gai nagusia | Euskal Herria eta eremuko ikerlanak |
Banaketa | |
Banatze-eremua | Euskal Herria |
Historia | |
Sortzailea | Julio Urkixo |
Zuzendaria | Julio Urkixo (1907-1936) Aingeru Zabala Uriarte (1995-) |
Identifikadoreak | |
ISSN | 0212-7016 |
www.eusko-ikaskuntza.org/eu/publicaciones/colecciones/riev/ |
Koldo Mitxelenaren esanetan, Euskal Herriko kulturari buruzko azterlanak era guztietako fantasien eta zoramen guztien babesleku ziren, lehenago zelta kulturari buruzko azterlanak izan ziren bezala; RIEVek lortu zuen —ez lanik gabe— hori atzean utzi eta zientziaren arlora ekartzea.[2]
Historia
aldatu1907an sortu zen eta 1936. urtea arte iraun zuen. Hasierako urteetan Georges Lakonbek lagundu zion Urkixori eta 1922an Eusko Ikaskuntzaren aldizkari bihurtu zen, Urkixo bera zuzendari zela. Lehen zenbakiak Baionan atera ziren, eta gero Gipuzkoako Aldundiko irarkolan, bi hilabetez behin. Lanak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo alemanez idatziak izaten dira, idazlea nor den. Urkixok garrantzi handia eman zion atzerriko euskalarien lanei.
Parte hartzaile izan ziren, besteak beste, Meillet, Saroïhandy, Vinson, Hérelle, Jaurgain, Daranatz, Dubarat, Schuchardt, Linschmann, Winkler, Uhlenbeck, Meyer-Lübke, Dodgson, Farinelli eta beste asko, euskaldun eta atzerritar. Euskal idazle zaharren obrak ere argitaratu ziren, zatika eta zenbaitetan faksimilez. Era horretan argitaratu ziren, esaterako, Etxepareren lanak, Oihenarterenak, Tartasenak, Etxeberri Sarakoarenak, Axularrenak, etab.
Gerrak eten zuen RIEVen argitalpena. 1981ean, Eusko Ikaskuntzaren babespean, berriz ere ekin zitzaion RIEV aldizkaria argitaratzeari, Julio Caro Baroja zuzendari zela, eta Juan Garmendia Larrañaga kudeatzaile.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-10-05 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariaren web orria, Eusko Ikaskuntzaren webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz) Juan Aguirre Sorondo: «Revista Internacional de Estudios Vascos», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
Kanpo estekak
aldatu- Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariaren web orria, Eusko Ikaskuntzaren webgunean.
- RIEV aldizkaria Inguma datu-basean