Xareta ([ʃaɾeta]) lapurdi eta nafarroako lurretan den lurraldea da, eta mugaren alde bietan dauden lau udalerri hartzen ditu barne: alde batetik, Ainhoa eta Sara (Lapurdi) eta, bertzetik, Urdazubi eta Zugarramurdi (Nafarroa).

xaretako ibarra

Nafar-lapurtera eta nafarrera dira bertako euskalkiak. Lurraldearen izenaz gain, bertako Udalek lurraldeko harremana eta garapena bultzatzeko sorturiko elkartearen izena ere bada.

Gaur egun, eskualdearen helburu nagusiak kultura eta ekonomia arloetakoak dira, inguruko erakarpen geologiko eta turistikoez baliatuz. Pottoka urdinaren ibilbideak oinezkoentzat udalerriak batzen ditu. 3.900 pertsona inguru bizi dira bertan.

Xareta izenak "zelai zuhaiztu" erran nahi du, Jose Migel Barandiaran abade eta antropologo handiaren arabera.

Historia

aldatu

Kronologia

aldatu
  • 1556an Axular idazle ezaguna Urdazubin jaio zen eta 1644an Saran hil.
  •  
    Axularren Gero liburua
    1609an Pierre de Lancre epailea bidali zuten Bordeletik Lapurdira, sorgin ehizan: 70 lagun erre zituen guztira. Hurrengo urtean, Logroñon antzeko epaiketa prozesua antolatu zuen Inkisizioak: Zugarramurdiko 12 emakume erre zituzten.
  • 1793ko martxoan, Frantzia eta Espainiaren arteko gerraren garaian, 4.000 pertsona inguru kanporatu zituzten Sara, Zuraide, Ainhoa, Itsasu eta inguruko herrietatik "espioi lanak" egitea leporatuta. Urte batzuk geroago, Robespierrek berreskuratu zizkien etxeak eta ondasunak bizirik iraun zutenei.
  • 1924an Larrungo trena inauguratu zuten.
  • 1936an Jose Migel Barandiaran antropologo famatua Sarara erbesteratu zen, Espainiako Gerra Zibila zela-eta, eta bertan bizi izan zen 18 urtez. Hasierako urte hartan, herriko leizeak publikoki zabaldu eta aurkeztu zituen.
  • 1978an Sarako herritar gehienek, erreferendum bitartez, Larrunera igoko zen errepide bat egiteari ezetz esan zioten.
  • 2004ko irailaren 13an Xareta elkartea sortu zuten.
  • 2015etik Ikaburuko leizearen eguna ospatzen da Urdazubin.

Harreman estua

aldatu

Hainbat mendez estatu bitan banatuta izan badira ere, orain elkarteko kide diren herrien artean arlo guztietako harremanak izan dira. Jesus Agerre Indaburu Zugarramurdiko alkateak zioenez, bere amona Sarakoa zen, aita Itsasukoa, andrea Ezpeletakoa, eta berak Ainhoako eskolan ikasi zuen. Ainhoako udal artxiboetatik falta diren 10 urteei dagozkien agiriak —euskaraz eta gaztelaniaz idatziak— Zugarramurdiko herriko etxean daude, eta Urdazubiko auzapeza izan zen Andres Diharassaryk ofizialki "nazionalitate frantsesa" zuen.[1]

Udalerriak

aldatu
  1. Sara: 2.670 biztanle (2018).
  2. Ainhoa: 671 biz. (2018).
  3. Urdazubi: 349 biz. (2019).
  4. Zugarramurdi: 219 biz. (2019).

Ondasun nabarmenak

aldatu
 
Urdazubiko leizeak

Erreferentziak

aldatu
  1. Txomin Laxalt: Brèves de Pays basque, 2008.

Kanpo estekak

aldatu