Orosei

udalerri italiako

Orosei (Sardinieraz Orosèi) Nuoroko probintziako (Sardinia, Italia) udalerria da, 6779 biztanle dituena. Turismo eta natura ikuspuntutik oso eremu preziatua da, 25km-ko kostaldea eskaintzen baitu Baronietako eskualde historikoan.

Orosei
Italiako udalerria
Orosei - Panorama (02).JPG
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sardinia
ProbintziaNuoroko probintzia
Posta kodea08028
ISTAT kodea091063
HerriburuaOrosei
Geografia
Koordenatuak40°22′47″N 9°41′39″E / 40.3797°N 9.6942°E / 40.3797; 9.694240°22′47″N 9°41′39″E / 40.3797°N 9.6942°E / 40.3797; 9.6942
Map of comune of Orosei (province of Nuoro, region Sardinia, Italy) - 2016.svg
Azalera91 km²
Altuera19 m
MugakideakDorgali, Galtelli, Siniscola eta Onifai
Demografia
Biztanleria7.049 (2018ko urtarrilaren 1a)
Green Arrow Up.svg24 (2017)
Dentsitatea77,46 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia0784
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakMarsciano, Tremblay-en-France eta Pernik
Katastro kodeaG119
Sailkapen sismikoa4 (Oso txikia)
MatrikulaNU
comune.orosei.nu.it

Herriko alde zaharra erdi aroan du jatorria, eta azken urteotan burututako kontserbazio-planari esker, geroz eta hobe balorizatutako eta armonizatutako espazioan ari da bihurtzen. Udalerriaren mugen barne, historian zehar desagertutako zein herri nagusiaren parte bihurtu diren herri txikiagoak ere daude.

GeografiaAldatu

Orosei ordoki baten oinetara dago kokatua, tertziarioko kareharri eta hareen gainean ipinitako basaltozko laba beltzezko kolada batek osatua. Hemendik, Cedrino ibaiaren ubidea segitzen duen lautadan behera hedatzen da 2,5km-z, Tirreniar itsasoraino (Marina di Orosei auzoa). Udalerriko kostaldeak 25km inguru dauzka, eta bertan itsaslabarrak hondartzekin alternatzen dira. Hauen artean Marina di Orosei, Su Barone, Osala, Cala Ginepro, Sas Linnas Siccas, Cala Liberotto, Bidderosa eta Sa Cucurica daude. Gainera, kostaldean Sos Alinos eta Cala Liberotto auzoak aurki daitezke, herri nagusitik banatuta daudenak.

Eremua irregularra da, lautadak, mendiak, ordokiak eta padurak barne hartzen dituena. Azken ekosistema honen zati bat Batasunaren Garrantzizko Leku bezala izendatu zen, Osallako padurak eta Avalè-Su Pedrosu zingirak osatutako eremua hain zuzen. Hauetaz, gain, beste zingira ugari daude herritik gertu, adibidez Bidderosa edo Sa Mattanosan.

Hidrologia kontuan hartuz, beste gertuko eremuak ez bezala, Orosein iturri gutxi daude eta emari gutxirekin. Honen eraginez, 50. hamarkadaraino putzuetatik, zuzenean ibaitik edo, familia ahaldunen kasuan, zisternetatik hartzen zen ura.

Cedrino ibaiaren presentziak nekazaritzarako aproposa den dolomia-lautada eratu du, baina aldi berean eremua uholdeen aurrean sentikor bihurtu du. Honengatik, ibaiaren ertzeetan altxatze-lanak burutu dira, eta ahoan ura deskargatzeko instalazioak ipini dira. Hauen parte da kanale-sare bat, aurretik aipatutako zingiretara ura ailegatzea bermatzen duena.

KlimaAldatu

Eskualdeko gainontzeko kosta-eremuak bezala, klima tipikoki mediterraneoa da. Neguan, Atlantikotik ekialdera mugitzen diren presio baxuek eguraldi heze, suabe eta aldakorra eragiten dute; udan aldiz presio baxu hauek mediterraneoaren ipar zein hegoaldera mugitzen dira, Orosein egun lehor eta beroak eraginez. Hauek lehorteetan bihurtu daitezke, egun askotan eguzki-irradiazio maximoa eskuratu baitaiteke. Urte osoan, herriak 500 eta 600mm euri eskuratu ohi ditu. Tenperatura aldetik, hilabete hotzenetan batez bestekoa 5 eta 15ºC artean egon ohi da, eta udan normalean 30ºC-tara ailegatu daiteke. Honek lurzoruaren ebapotranspirazioa udan neguan baino askoz altuagoa izatea eragiten du.

Fauna eta floraAldatu

Orosein mikroklima ugari daude, nagusiki lurraldearen egoera hidrogeologiko ezberdinek eraginda. Kostaldean itsas pinuak eta ipuruak nagusitzen dira, eukalipto eta estrepek lagunduta, azken hau eremu lehorrenetan bereziki. Gainera, palmondo nanoak herriaren ondoko golkoan presentzia nabarmena dauka, eta tradizionalki saskigintzan erabili izan da.

Fauna aldetik, basurdeak, azeriak, erbiak eta untxiak ugariak dira, eta iraganean oreinak ere ikus zitezkeen. Ubide eta zingiretan, uroilo urdina, koartzatxo txikia, koartza hauskara, flamenko arrosa eta hainbat ahate espezie bizi dira. Itsasoan, ubarroiak, izurdeak eta baleak bizi dira, azken hauek gehienbat migrazioetan golkoan elikatzeko gelditzen dira.

Iraganean, eremu honetan itsas txakur fraidea ere aurki zitekeen. Hala ere, Mediterraneoko beste eremu ugaritan bezala, desagertzera arte ehizatu zen. 60. hamarkadan 20 indibiduo inguruko kolonia bat besterik ez zen geratzen, eta nahiz eta 1987an espezie babestu gisa izendatu, hamarkada horretan erregistratu ziren azken indibiduoak. Nahiz eta babes legala izan, arrantzari askok haien etekinarentzat arrisku gisa ikusten zuten, eta normala zen fusilez hildako animaliak hondartzan ikustea.

HistoriaAldatu

Aro aurrenuragiko eta nuragikoaAldatu

Eremuan gizakiak aro aurrenuragikotik egon direla kalkulatzen da, hau da, K.a. 3. milurtekotik gutxi gorabehera. Honen erakusle dira, adibidez, hainbat kobazuloetan (Cuccuru 'e frores, Panatta eta Biderrosa) aurkitutako tresnak, Domus de Janasen presentzia (Canale Longu, Conca Ruia, Murjé eta Lughìo-n), Santa Luciako muinoko trikuharria eta Santa Maria 'e Mareko korridore-hilobia.

Era nuragikoan (K.a. 2000 urtetik K.a. II. mendera arte) izan zen garapen nabarmenena. Eremuko lautada emankorrek eta lurraldea ondo ikustea ahalmentzen zuten ordokiek populazioaren finkapena ekarri zuten, Pirastrettu, Rampinu, Sa Linnarta eta Sos Muros bezalako herriak sortuz, handiak eta eraikin altuen presentziarekin. Nuragheek ere haien ondoan biztanleriaren presentzia demostratzen dute, nabarmenenak Osala, Gabriele, Rampinu, Dudurri edo Chilivri izanik. Batzuen kasuan, harresiak ere aurkezten dituzte, Pirastrettu, Punta Fraicata edo Cuccuru 'e Frores-en kasuan bezala; beste eraikinak Murjé-ko putzua eta Rampinu-ko iturri sakratua dira.

Hauetaz gain, uste da gaur egungo Oroseiko alde zaharra den eremuaren oinarria egitura nuragiko bat izan zitekeela, eta horko harriak San Gavino eliza eraikitzeko erabili zirela kontatzen da herrian.

Aro erromatarraAldatu

Egitura nuragikoetan aurkitutako arrastoek baieztatzen dute hauetan jendea bizitzen segitu zela erromatarren irismena eta gero. Gainera, herri erromatarrak aurkitu izan dira Foiai eta Chilivri-ko eremuetan, eta Sa Serra-ko nekropolian hilobiak aurkitu dira.

Herriari dagokionez, erromatarrek aurretiko egitura nuragikoan bizilekuak eraiki zituztela uste da. Gainera, azpiegitura berriak sortu zituzten, zubia bezala, nahiz eta honen dataketa zaila den, XIX. mendean egitura handiago baten parte bihurtu zelako. Gainera, eremua Ptolomeoren izkribuetan ageri da, zeinetan Cedrino ibaia Caedrus izenarekin erreferentziatzen duen.

Erdi aroa eta aro modernoaAldatu

Urte hauetan, Orosei egitura eklesiastiko eta militarren inguruan antolatzen ziren herri ezberdinen multzo bat zen oraindik, Terra di Oriseto deiturikoa. Eremu hau Pisako familia noble baten menpe zegoen, Kaietandarrak hain zuzen. XII. mendean, Gallurako judizierriaren parte zen, eta bertako kuriaren egoitzarik garrantzitsuena zen, gehienbat Santa Maria di Pisa elizari esker. Eraikin honen izenetik ondoriozta daiteke eremuan merkatari pisar ugari ibiltzen zirela. Gutxinaka, Gallura eta Pisak erlazio komertzial ona eraikitzen joan ziren, irlatik barazkiak eta abere-produktuak salduz. Hauek garraiatzeko, Olbia eta Orosein portuak garatu ziren, herriek garrantzia bereganatuz.

Bertan, toskanarrak tokiko elitearekin ondo integratu ziren. Izan ere, 1183an Oroseiko Majore de portu kargua Viviano deituriko merkatari batek hartu zuen, seguraski pisarra zena. Pertsona honek merkataritzaren pisaketa kontrolatzen zuen, zergak kobratzen zituen eta gatzaren salerosketaren monopolioa zeukan. Orosein, gainera, Consul mercatorum deituriko kargua ere zegoen, hau da, merkatari pisarren kontsulea. Honek inongo oztoporik gabe bere sozioengan neurri juridikoak ezartzen zituen.

XIII eta XIV. mendeen arteko garaia izan zen Oroseirentzat garrantzitsuena. Izan ere, garai honetakoak dira Sant'Antonio dorrea edo San Giacomo eta San Gavinoren eliza. 1313an, Orosei udalerri bihurtu zen, eta Pisako Errepublikaren itsasoz haratago lurraldeen parte izatera pasa zen. Hauen menpe, portuko goardia ezarri zen 1314ean, portuko fortifikazioarekin batera, eta herriaren eta bere lurraldeen zentsoa garatu zen 1321ean. 1323an, Pisa eta Aragoiren arteko krisi diplomatikoaren ondorioz, aragoar ontziek herria erasotu eta hartu zuten, Aragoiko Koroan integratuz Sardiniako erresumaren parte bezala.

Aragoarrek, gainera, herriaren ondoko Terranova eta Posada herriak Oroseiren menpe ipini zituzten, sistema feudal baten bidez. Hala ere, leku hauetako eliteek ez zuten haien pribilegioak galtzeko intentziorik, eta tentsio handia eraikitzen joan zen Oroseiko agintariekiko. 1341ean, matxinatu ziren, kuriaren egoitzan armekin sartuz, Bremont prokuradorea eta bere familia hiltzea mehatxatuz. Honen ondoren, prokuradoreak bere kargua utzi eta ondorengotza-krisian sartu zen herria, Sentmenatarren gizonen familia-adarraren desagertzearen ondorioz.

Urteetan zehar, Arboreako judize izan zen Mariano IV-aren familian boterea haien artean borrokatu zuten, Sentmenatarren familiaren alboko adarra baitziren: Marianoren emaztea, Timbor, eta anaia, Giovanni, izan ziren hasieran hautagai nagusiak. 1342an aldi batez Marianoren izeba Miliari pasatu zitzaion boterea, 1349an Timborri eta 1352an Moncadako Sibillari, Giovanniren emaztea. 1353an, baina, herriko biztanleek Milango Viscontitarren menpe egotea erabaki zuten. Izan ere, familia hartako Gian Galeazzo Gallurako Beatrizekin ezkondu zen. 1355ean Arboreako Mariano igo zen boterera, ordura arte gaztelua okupatu zuten Viscontitarrak kanporatu ondoren, eta herria Pere de So gaztelujaunari eman zion, Aragoako erregeekin, Aita Santuarekin eta Doriatar familiarekin sinatutako itunaren bidez. Hala ere, populazioak Milango Viscontitarren alde segitu zuen hainbat urtez, herrian hainbat matxinada eta gatazka sortuz hurrengo urteetan.

1438an Vasto eta Vademonteko markesari eman zitzaion, Enrico di Guevarari hain zuzen. Honek 1449an Guisotarrei, Sardiniako familia noble bat, saldu zien betirako, Salvatore Guiso dinastia honen Oroseiko lehen agintaria bihurtuz. Garai hartan, Orosei oraindik gotorleku oso garrantzitsua zen estrategikoki, eta merkataritza-puntu handia ere. Hurrengo urteetan, herria are gehiago garatu zen, gutxinaka osatzen zuten herrixka guzti horiek bateratuz eta hauen kohesioa indartuz.1547an, Antonio Guiso seme-alabarik gabe hil zen, eta beraz senitartekoen artean gatazka sortu zen ondorengotzarengatik. Hau 1649an amaitu zen, Aragoako kontseiluak Antonio Manca Guisoren alde jo zuenean. Hau izan zen 1686ean herriko ospitalearen sortzailea, Sant'Antonio Abate elizaren ondoan, eta ia 3 mendez funtzionatzen egon zena. Herria Guisotarren menpe segitu zuen XVIII. mendearen bukaerara arte, Raffaele Manca Guiso ondorengotza gabe hil zenean.

Aro garaikideaAldatu

1806ko ekainaren 5ean, Osallako kalan, 700 "moro" baino gehiago lurreratu ziren, Tunezetik etorritakoak, eta hurrengo egunsentian herria sitiatu zuten. Gatazka bortitza izan zen: sitioaren berri Mojolu eta Gozzatarren familiek eman zuten, herriaren kanpoaldean bizi zirenak. Hauen abisura herritarrak armekin joan ziren Orosei defendatzera, umeak eta emakumeak Sant'Antonio dorrean babestu ziren bitartean. Tuneztarrek dorrea erasotzen saiatu ziren baina arrakastarik gabe, eta herriko defentsak Turcuriseko zingiretarantz eraman zituen, haietako asko han hilez. Herritarren ausardia hain handia izan zen, Sardiniako erregeak errekonpentsatu zituela.

1808an, Manca-Guisotarren familiak metatutako zorrengatik, herria zuzenean Sardiniako Erresumaren menpe egotera pasa zen. Urte hauetan, itsasontzi-konpainia askok haien operazioen oinarria Oroseiko portuan ezartzen dute. 1839an, sistema feudalaren supresioarekin, Orosein alkate eta udal-kontseilua ezartzen dira. XIX. mende osoan zehar, herriak biztanleria-hazkundea jasango du, baina ez da Nuoroko probintziako handienen artean sartuko. Hau arraroa dirudi, esan bezala, portu aberatsa zeukalako, baina horretaz gain medikuak, farmazia eta beste instituzioek bertan egoitza zutelako. Honetarako arrazoi bat komunikazioa izan daiteke: herri barnean, mende honetara arte, ibaia oinez edo ontziz igaro behar zen. Honek ohiko heriotza-kausa suposatzen zuen, bereziki emakumeen artean landatik izerditan eta kargatuta zetozenean, ur bortitzak edo ura eta ingurunearen tenperatura-ezberdintasunarengatik. Herritik kanpo, bideak estuak eta malkartsuak ziren, mendi harritsuen artean igarotzen zirelako.

Malariak ere hainbat bizitza eramaten zituen urtero, sukar eta epilepsiarekin batera. Hortaz, ibai eta zingiretan lanak burutu ziren. 1880ko hamarkadan, Orosein lau uholde tragiko eman ziren. Ura 4 metro arte igo zen, eta 1886koak hain bortitzak izan ziren, parlamentuan horiei buruz hitz egin zela. 1889an, Orosei Sassariko probintzian sartu zen.

XX. mendea Orosein gutxinaka eman zen. Aro honetan, herrian mendeetatik zirauen sistema feudalista behin betiko utzi zen atzera. Mende hasieran, adibidez, oraindik erregistratu ziren itsasontziak mineral, gari eta ikatz kargamentuekin. Mendeko lehen aurrerapenen artean, adibidez, autobus zerbitzua eta postetxeak daude.

1910ean, krisiari aurre egiteko, udal-kontseilua deuseztatu eta egoera hau 3 hilabetez mantendu zen, lur publikoen salmenta ahalbidetu eta zor publikoa ordaindu ahal izateko. Aldi berean, Barne-arazoetako Ministeritzak hilerri, akueduktu eta azokaren berriketak burutu zituen.

1923an, Orosein Alderdi Faxistaren egoitza ezartzen da, Italia osoan mugimenduak izaten ari zuen zabalketaren bitartean. Alderdiaren kideek kontraste osoan zeuden tokiko administrazioarekiko: Giovanni Battista Porru alkateak, izan ere, neurri sardistak (Sardiniako kultura eta identitatearen aldekoak) bultzatzen zituen. Gatazka geroz eta tentsoagoa zen, eta 1926ean bukatu zen, "Legge fascistissima" onartu zenean. Izan ere, lege honek udal-kontseiluak ezeztatu eta haien lekuan Podestà izeneko figura autoritario lokalak ezarri zituen Italia osoan.

Urte honean, Oroseira ur korrontea ailegatu zen, herrian zehar sakabanatutako 5 iturri publikoren bidez. 1927an Nuoroko probintziaren parte izatera bueltatzen da, eta portuari lotutako botere ekonomiko, fiskal eta aduanako ugari galdu zuen. Hurrengo urteetan, zingiren ontze-lanek segitu zuten, aldi honetan eremu handiak pinuz estaltzen.

Bigarren Mundu Gerran, soldadu italiar eta alemanek bunker eta gotorlekuak eraiki zituzten hainbat puntu estrategikoetan. Era berean, nahiz eta normalean haientzat eraikitako barrakoietan bizi, kargu batzuek jadanik existitzen ziren eraikinak okupatu zituzten, hala nola Guisotarren etxe historikoa. Militarren presentziaren alde efektuetako bat zinemaren irismena izan zen, soldaduek San Antonio da Padovako elizan proiekzioak antolatzen baitzituzten.

Gerraostean, Rockefeller fundazioak zingiren ontze-lanetan aurrerapausu garrantzitsuak ematen lagundu zuen, eremuan Anopheles eltxoen presentzia asko murriztuz. 50. hamarkada osoan zehar, zingira eta ibaian ere lan garrantzitsuak burutu ziren, ertzeen errefortzuak eta kanalen eraketak bezala. 60. eta 70. hamarkadetan, herria itsasertzerantz hedatu zen, turismoa hazten zen bitartean. Garai hauetan, gainera, Orosein berpizkunde kultural bat ematen da: 1962an lekuko biztanleen elkartea ezartzen da, 1964ean udal-liburutegia, eta 1967an lehen gazte-elkartea, "Su puntorju" deiturikoa. Hauen ondoren, 1970ean Oroseiko Folk Taldea eratzen da, eta 1973an, Santa Maria del Mareko koroa. 1975ean herriko eskolako haur-talde batek XVI. mendean Guisotarrek eraikitako baseliza baten errestauraziorako proposamena burutu zuten. Honen harira, Guisotarren azkenetako ondorengo batek, Nanni Guiso notario eta idazleak, proiektua gidatu zuen Giuseppina Manca irakaslearekin batera. Horri esker, 1976ean Santa Maria del Mareko festak berreskuratu ziren, eta baselizako tenore-koroa eratu zen. Azkenik, 1989an herriko kanpina eraikitzeko baimena lortu zen.

XXI. mendearen hasieran, herriaren alde zaharraren errestaurazio orokorra eman zen, eta herriko plaza nagusia, Piazza del Popolo, berdiseinatu egin zen, parke publiko batekin.

KulturaAldatu

Orosein Sardiniera hitz egiten da, zehazki Logudorese dialektoa, nuorese-baroniese eran. Gainera, Sardiniako herri askotan bezala, dantza eta ekimen tradizionalak burutu ohi dira plaza eta kaleetan. Dantza hauek normalean akordeoi, danbolin eta koro batez lagunduta ematen dira.

Badaude ere desagertutako tradizioak: adibidez, antzinako funeraletan, emakumeak guztiz beltzez janzten ziren eta hildakoaren preziei eta hura galtzeak eragiten zien minari buruz kantatzen zuten. Beste aldetik, Birjin Santuaren festak ospatzen ziren, kaleak kantu, dantza eta azokaz betetzen zituena.

Gaur egun, mantentzen diren festak hauek dira:

  • Urtarrilaren 16ean San Antonio Abatea ospatzen da, eta haren ohorez suak pizten dira ("su ocu de Sant'Antoni").
  • Aste Santuan, Sos Sepurcros, Via crucis eta S'Incontru erritoak burutzen dira.
  • Maiatzaren erdialdean, San Isidoro ospatzen da, eta apaindutako zaldi eta karrozek herria zeharkatzen dute.
  • Maiatzaren azken igandea Santa Maria de Mare ospatzen da. Honetan, arrantzaleen ontziek zubitik ibai-ahoan dagoen elizara Ama Birjinaren estatua eramaten dute prozesioan.
  • Uztailaren 25ean Santiago Apostoluaren festak dira, herriko patroia.
  • Irailan, bi topaketa burutzen dira Madonna del Rimedio santutegian.
  • Azaroan, San Gavino ospatzen da, izen bereko elizatxoan.

Kanpo estekakAldatu


  Artikulu hau Italiako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.