Ireki menu nagusia

Ama migratzailea, argazkiaren egilea Dorothea Lange. Irudi honek Kaliforniako uzta biltzaile desjabetuak erakusten dizkigu. 1936ko martxoan Kaliforniako Nipono herrian hartutako argazki honetan lanpostu bat edo gizarte-laguntza bila zebilen Florence Owens Thompson agertzen da, 32 urteko emakumea eta 7 seme-alaben ama. Zoritxarrez bere senarrak 1931n bere lanpostua galdu eta urte berean hil egin zen. Argazki hau 1929ko Krisiaren inguruko argazki ospetsu eta esanguratsuenetakoa da.

Depresio Handia[1], Beheraldi Handia edo 1929ko Krisia ere deitua, (ingelesez: Great Depression) 1929ko urrian hasi zen mundu mailako krisi ekonomikoa izan zen eta 1930. hamarkada osora luzatu zen, bereziki urterik latzena 1934a izan zelarik. Krisi ekonomiko hau Bigarren Mundu Gerraren hasierarekin amaitu zen.

1920ko hamarkadak nazioartean suposatu zuen ekonomiaren oparotasuna 1929ko urriaren 24ean amaitu zen, Ostegun Beltzarekin. Krisi ekonomikoa, produkzio industrialaren jaitsiera, nazioarteko merkataritzaren etetea, demokrazien ahultzea krisi berriari aurre ezin izateagatik eta, azkenik, Bigarren Mundu Gerraren hasiera erakarri zituen[2].

29ko Kraxaren hasiera bera ere eztabaida-gaia izan da autore ezberdinen artean. Peter Teminek Lehen Mundu Gerra ostean sortu zen depresioan ikusten du: 29ko krisia bi Mundu Gerren artean izandako depresio ekonomikoaren barruan kokatzen du testuinguru zabalago batean. Beste autore askok, Galbraith, Kindleberger edota Friedmanek esate baterako, krisia 1929an hasi zela diote; baina krisiaren hasieraren arrazoiak oso ezberdinak dira autoreen artean.

1920 hamarkadan burtsa inoiz baino gehiago hazten ari zen, enpresen irabaziak ere hazten ari ziren, etorkizuna positiboa zirudien eta hamarkadako lehenengo urteetan akzioen prezioak baxuak ziren. 1924-1925ean burtsa akzioen prezioak igotzen hasi ziren. Autore batzuentzat, 1927an Erreserba Federalak birdeskontu tipoak jaitsi zituenean inflexio puntu bat egikaritu zen, Erreserba Federalak askatutako gordailuak akzioen erosketetan berrinbertitu zirelako[3].

1928an akzioen prezioen igoera kontroletik kanpo zegoen; produkzio industriala geldialdi baten sartzen ari zen, 1927an Fordek bere T modeloa fabrikatzeari utzi zion. 1928ko ekainean, burtsak jaitsiera gogorrak izan zituen, baina azkar errekuperatu ziren irabaziak eta New Yorkeko burtsan akzio-kontratazioa markak ontzen ari zen astero.

1929ko udaberrian, AEBko produkzio industriala jaisten hasi zen; horrekin batera kredituen jaitsiera eman zen[4]. Kredituek izugarrizko hazkundea izan zuten 20ko hamarkadan; Erreserba Federalak lagundu egin zuen, kredituen hazkunde horretan eta burtsa espekulazioan eraman zituen politikengatik. Erreserba Federalak bankuei maileguak % 5ean ematen zizkien, eta ondoren banku horiek burtsa-akzioak erosteko maileguak % 12an emanten zituzten. Bakuek epe motzera emandako kredituen bolumena 1923-1929 urteen artean zazpi aldiz handitu zen[5]

1929ko uda ondoren, New Yorkeko burtsak ez zituen aurreko hilabeteetan izandako hazkundeak. Hasieran, jendea ez zen kezkatu burtsan beti izan direlako gorabeherak, baina 1929 urriaren 24ean burtsaren kraka jazo zen. 12 milioi akzio jarri ziren salgai, baina ez zegoen inolako eskaririk eta haien prezioa jaisten hasi zen. Prezioen jaitsiera gelditzeko, bankuak akzioak erosten hasi ziren; horrek ez zuen jaitsiera gelditu ordeza, eta kotizazioak % 12-% 25 jaitsi ziren bat batean. Hurrengo egunetan, jaitsierak kontrolatzea lortu zen, urriaren 29ra arte, orduan kotizazioak berriro erori baitziren.

Bankuak kaltetuta atera ziren burtsaren espekulazioan zuten garrantziarengatik; 5.000 banku baino gehiago itxi egin ziren, edota ordainketa etenduran deklaratu zuten. Banku gehienak erregionalak ziren eta horrek inguruko egoera ekonomikoaren oso menpeko bilakatzen zituen.

AEBn soldatak % 25 jaitsi ziren lehenengo lau urtetan, baina prezioen jaitsiera dela eta soldata errealak hazi egin ziren . 1933an, Roosveltek New Deal egitasmoa martxan jarri zuen, soldata errealak hazi egin ziren; langabezia-tasa, ordea, mantsoago berreskuratu zen. Teminek AEBko egoera Alemania naziarekin alderatu zuen: Alemanian langabezia-tasa asko jaitsi zen; soldata errealak ere, jaitsi ziren.

ErreferentziakAldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. (Gaztelaniaz)Tortella, Gabriel (2000) La revolución del siglo XX Taurus.
  3. (Gaztelaniaz)Galbraith, John, K. (2007) El Crash 1929 Ariel.
  4. (Gaztelaniaz)Temin, Peter (1995) Lecciones de la Gran Depresión Alianza.
  5. (Gaztelaniaz)Niveau, Maurice (1968) Historia de los hechos económicos contemporáneos Ariel.

Ikus, gaineraAldatu