Globalizazio
Globalizazioa edo mundializazioa, gaur egun dagoen komunikatzeko eta garraiatzeko erraztasuna dela eta, merkatuen arteko batasuna eta kultura eta gizarteen arteko hurbilketa mugitzen duen prozesua da. Globalizazioa gerta dadin, hainbat aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko jazo behar izan dira. Parametro batzuk planeta osorako neurtzen dira, Lurra unitate bat izango balitz bezala, produkzio moduak eta kapital mugimenduak mundu osoan gertatzen dira; bitartean, estatuetako gobernuak euren eragina galtzen ari dira eta gizarte zibilak hainbat mugimendu sortu ditu, globalizazio prozesuaren kalteen kontra. Egungo globalizazioa kapitalismo basatiaren zabalkuntza dela salatzen du globalizazioaren aurkako mugimenduak (altermundialista eleaz ezaguna Ipar Euskal Herrian). Ekonomia gizakiaren gainean jartzen duela diote, eta globalizazioaren ondorioz ez direla konpontzen aberatsen eta pobreen arteko aldeak.
Ikuspuntu ekonomiko batetik, merkataritzaren liberalizazioa aipatzen da globalizazioari buruz hitz egiten denean. 1910 eta 1950 urteen artean, hainbat gertakari historikok nazioarteko merkataritzari garrantzia jaitsiarazi zioten. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, nazioarteko erakunde ekonomikoak sortu ziren Gerrak txikitutako hainbat herri berreraikitzeko eta nazioarteko merkataritzak gora egin zuen. 1970. urtetik aurrera, nazioartean gertatzen ari ziren hartu-emanen ondorioak ikusgai zeuden: bai onuren aldetik, bai kalteen aldetik ere.
« |
Hemen, laburki, industri-adar moderno baten historia zirriborratu dugu, bost kontinentetan zehar garatzen den historia bat, milioika giza-bizitza hartzen dituena, leku batean krisi bezala agertzen zaiguna, beste batean gosete gisa, gerra zein iraultza bezala pizten dena, eta bidean aberastasunezko urrezko mendiak eta miseriazko amildegiak, odolez tindatutako giza-laneko izerdi jario ugariak uzten dituena. Bizitzaren ikaraldiak dira, herrien barne-muinetara heltzen diren urruneko eraginak, baina nazioarteko merkataritzaren estatistika lehorren zifrek batere islatzen ez dituztenak. Rosa Luxemburg, 1916-1917 |
» |
—[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
Globalizazioaren esanahiakAldatu
- Hiri Globalaren osaera: Munduko zatien arteko kontaktu estuagoa, hartu-eman aukera gehiago pertsonen artean, elkar ulermena eta adiskidetasun gehiago munduko herritarren artean. Zibilizazio baten sorrera ekar dezake
- Globalizazio ekonomikoa: 'Globalizazio ekonomikoa prozesu ekonomiko eta sozial bati deritzo, eta prozesu horren bidez munduko eskualde guztien artean gero eta erlazio ekonomiko handiagoa dagoela ulertzen da. Produkzioa, kontsumoa eta zirkulazioa eta beronen osagaiak ( kapitala, eskulana, lehengaiak, kudeaketa, informazioa, teknologia, merkatuak...) eskala globalean daude antolatuta. Eta gertatzen ari denak izugarrizko garrantzia du: jada batzuk hasi dira XXI. mendeko lehen iraultzaz hitz egiten, mundua aldatzen ari baita, txarrerako edo onerako.
Globalizazio horren alderdi nagusien artean hauexek dira:
a) Globalizazio finantzarioa, mugak gaindituz dirua mugitzeko askatasuna osoa adierazten duena eta xede horretarako Internet bidezko merkatu finantzarioak erabiltzen dira.
b) Nazioen artean ondasunak eta zerbitzuak mugitzeko askatasun erlatiboa, herrialde pobreek ez baitituzte saltzen bere produktuak herrialde aberetsetan edota, saltzen badituzte ere, aberatsek erabakitzen duten prezioetan saldu behar izaten dituzte.
- Mozkina ateratzeko diren korporazio multinazionalen ondorio negatiboak —lege eta finantza trikimailu konplexuen erabilpenari esker—, ez dute zertan maila lokaleko legeak bete; hori horrela, herri pobreen langilego eta baldintzak bata bestearen kontra erabiltzen dituzte mozkin handiena lortzeko asmotan.
- Kapitalismoaren zabalkuntza kapitalismoan garatuta dauden herrietatik "garapen prozesuan" dauden herrietara.
Globalizazioaren esparruakAldatu
Arjun Appaduraik, 1990an[2], globalizazioaz honako bost esparru aipatzen zituen:
- Esparru etnikoa. Gizakiak, mundu globalizatuan, mundu osoan zehar mugitzeko aukera eskuratu dute. Garraiobideak asko garatu dira erregai fosilen erabilpenari esker-eta. Horrek mota askotako mugimenduak ekarri ditu. Alde batetik, migrazio ekonomikoak non pertsona batzuk ekonomikoki oparoago diren lurraldeetara joan dira, ondo bizitzeko aukera hobeen bila, pobreziatik edo gatazka armatuetatik ihes egiteko. Bestalde turismoa ia-ia munduko azken txokoetaraino iritsi da. Kapitalismo globalaren banaketan zorte onena izan duten askok oporraldia egiten dute zorte okerregoa izan dutenen herrialdeetara eta azken hauek aukera ikusten dute hortik etekin ekonomikoak lortzeko.
- Esparru teknologikoa. Globalizazioaren garaietan asmakuntza teknologiko batzuk munduan zehar hedatzen dira. Ekoizpen teknologiko asko global bihurtu dira, eta esate baterako, gailu bakar batek munduko hamaika txokotan ekoiztutako osagaiak izan ditzake. Aurrerapen teknologiko batzuk mundu osoan zehar hedatu dira.
- Finantzien esparrua. Kapitalak munduan zehar mugitzeko inoiz ezagutu gabeko erraztasuna lortu dute. Inbertsio funtsak, esate baterako, etekin handienen bila ibiltzen dira munduan zehar, eta zerga edo atxikipen txikienen bila. Enpresa batzuek bere estatuko eremua gainditu dute eta munduan zehar hedatu dira, enpresa multinazional bihurtu dira, eta horrek, esate baterako, zerga batzuk saihesteko aukera eman die edo soltada baxuenak dauzkaten langileen estatuetan lan-esku gehien behar duen produkzioaren zati bat bideratzeko aukera.
- Informazioaren esparrua. Garai batean hedabideek nekez gainditzen zuten esparru hurbila. Globalizazioarekin sortu dira munduan zehar sortu ziren Estatu-mugak erraz gainditzen duten hedabideak, informazio agentziak, Interneteko atariak, film ekoiztetxeak, etab.
- Ideien esparrua. Aurrekoen guztien ondorioz, ideia batzuk, ikuspegi batzuk, sinesmen eta siniskeria batzuk munduan zehar hedatzen dira.
Globalizazioari mugakAldatu
- Esparru etnikoa. Hainbat Estatuk bere mugak babestu egiten dituzte, hesiekin, indar armatuekin, etab. Horrela saihestu egin nahi da gehienbat motibazio ekonomikko migrazioa. Esate baterako, Europan, Afrikatik Europara migratu nahi dutenei naturak berak jartzen dituen eragozpenei beste batzuk jartzen dizkiete Europako estatuek. Horien ondorioz, migratzaile askori ezinezkoa egiten zaie estatuek ezarritako muga horiek gainditzea, eta Europako nahi duten tokiraino iristea. Horren ifrentzua izaten da estatu gehienek turismoa sustatu nahi dutela, kanpotarren aberastasuna erakatzeko.
- Esparru teknologikoa. Patenteak eta muga-zergak ezarri dira, Estatu batzuetan barneko produktuak sustatzeko eta inportazioak murrizteko. Horren ifrentzua izaten da estatu gehienek esportazioak sustatu nahi dituztela eta horretarako neurriak hartzen dituztela.
- Finantzien esparrua. Zenbait Estatuk kanpoko kapitalak erakartzeko politikak ezarri dituzte, eta btzuek mugatu diete barneko biztanleei estatutik kanpo inbertitzea. Globalizazioari esker, kapitalak ia-ia oztoporik gabe mugi daitezke munduan zehar. Horrela, kapitalak etekin handienak bilatzeko etengabeko mugimenduetan globalizazioari etekina atera ahal izan diote. Gainera, zergak saihesteko hainbat paradisu fiskal sortu dira.
- Informazioaren esparrua. Estatu batzuetan edo erlijio-sinesmen batzuetan zentsura erabiltzen da, informazio fluxuei mugak jartzeko. Egungo teknologia batzuek, baina, erabateko zentsura praktikatzea oso zail bihurtu dute. Hedabide eta gizarte sareek informazio iturriak biderkatu dituzte eta ia edonork informazioa nahiko erraz heda dezake, teknologia eta baliabide urriekin ere bai.
- Ideien esparrua. Zentsuraren ondorioz, ideia batzuk ez dira txoko guztieraino iristen, baina inoiz baino aukera handiagoa dago ideiak hedatzeko.
Hizkuntz aniztasuna eta lingua francakAldatu
Jende gehienak hizkuntza bat baino gehiago egiten du. Hizkuntza kontaktuak gertatzen dira bat beste bat(zu)ekin elkar harremanetan ipintzen direnean, maileguen bidez, esate baterako. Emaitza ohikoenak pidgin, kreolera eta bestelako nahasketak dira. Hizkuntz aniztasuna gizarte fenomeno bihurtzen ari da, globalizazioak eta kultura irekitasunak bultzaturik. Informaziora iristeko erraztasunari esker, Interneten bidez nagusiki, hizkuntza askorekin harremana izatea gero eta maizago gertatzen da.
Lingua franca sistematikoki erabiltzen den hizkuntza da, pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzeko, etxeko hizkuntza desberdinak dituztenean, bereziki hirugarren hizkuntza bat denean, hau da, ez hiztun batena ezta bestearena ere. Gaur egun, munduan bigarren hizkuntzarik zabalduena Ingelesa da: 3,5 bilioi pertsona inguruk haren maila egokia du eta Interneteko nagusia da. Munduko posta elektronikoen % 35 inguru ingelesez egiten dira, bai eta munduko irratsaioen % 40 ere. Beste lingua franca batzuk arabiera, txinera, frantsesa, errusiera eta gaztelania dira. Afrika, swahili, wolofera eta lingala eta Asian pertsiera aipatzekoak dira.
Hala ere, hizkuntza aniztasuna ohikoa den arren, globalki hizkuntzen kopurua jaisten ari da. 20 hizkuntza mintzatuenak, 50 milioi hiztun baino gehiagorekin bakoitza, erabiltzen ditu munduko populazioaren % 50ek. Beste muturrean, hizkuntza askok oso hiztun komunitate txikiak osatzen dituzte, gehienak 10.000 pertsona baino gutxiagokoak. Historikoki, haietako askori nolabaiteko babesa bermatzen zion isolamendu geografikoak. Egun, bestela, hiztun gutxituek ezin diote aurre egin betelako hizkuntza menperatzaile haien erabiltzaileekin, pertsonen arteko liskarrak piztu eta azkenean arriskuan jartzen du hizkuntza txikien biziraupena. Gutxi gorabeherako kalkulu baten arabera, 6.000 eta 7.000 hizkuntza artean daude egun, horietatik % 50-90 galduta egongo dira 2100. urterako.