Hasiera (Biblia)

Bibliaren lehen liburua
Genesi» orritik birbideratua)

Hasiera edo Genesia[1] (grezieraz biblos geneseos, «jatorriko liburua», «sorrerako liburua»; hebreeraz bereshit, «hasieran»[2]) Bibliako Itun Zaharreko eta Torako lehen liburua da. Tradizio judu-kristauaren arabera Moisesek idatzi zuen, baina egun iritzi orokorra da, tarteka egitate historiko zenbait jasotzen baditu ere, antzinako alegiazko kontakizunen bilduma dela, K. a. 950. urtearen inguruan osatzen hasia, eta Esdras apaiz idazkari juduak burutua K. a. V. mendean. Liburuak munduaren sorrera eta gizadiaren lehen aroak kontatzen ditu: Jainkoak mundua eta gizakia nola sortu zituen, Adam eta Eva lehen gizonaren eta lehen emakumearen istorioa, Kain eta Abelen istorioa, Noeren ontzia eta uholdea, Babelgo dorrea eta Abraham, Isaak, Jakob eta Josef aitalehenen istorioak, besteak beste. Judaismoan, Hasiera liburuak Jainkoaren eta Israelgo herriaren arteko lotura agertzen delako da garrantzitsua. Kristau-dotrinan, berriz, funtsezko elementuak ezartzen ditu munduaren sorrerari eta jatorrizko bekatuari buruz.

Hasiera (Biblia)
Jatorria
IzenburuaGenesis, בְּרֵאשִׁית eta Första Moseboken
Atalak50
Ezaugarriak
Genero artistikoaliburu santua
HizkuntzaBibliako hebreera
TelesailaTora eta Pentateuko
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
Honen parte daTora
Itun Zaharra
Catholic Old Testament (en) Itzuli
Hexateuch (en) Itzuli
Pentateuko
Fikzioa
Argumentu nagusiaKosmogonia eta juduen historia
kronologia
Hasiera (Biblia) Irteera
Hasiera liburuko kontakizunek artean islada zabala izan dute historian zehar. Irudian, Adamen sorrera, Michelangeloren margolan batean. Kapera Sixtinoa. 1508-1512.

Sinesmen horien aurka daude eboluzioari eta bizitzaren jatorriari buruzko teoriak, bizitzaren jatorria prozesu fisiko-kimiko baten ondorioz sortu eta gizakia primateengandik eboluzioz garatu dela baieztatzen dutenak. Teoria horiek zientzian frogatutzat jotzen badira ere, badira Hasiera liburuko bertsioa hitzez hitz sinisten dutenak eta horren aldeko argudioak ere ematen dituztenak. Hasiera liburuak sorrerari buruz ematen duen bertsioaren aldeztaile direnen sinesmenari kreazionismo deritzo. Beste sinestun zenbaitek aldezten dute zientzia eta fedea bateragarriak direla, eta Hasierako kontakizunak modu alegoriko edo sakonean ulertu behar direla.[3]

Liburuaren historia

aldatu
 
K.a. II. mendeko papiro bat, non Hasiera liburuko Hamar Aginduak agertzen diren hebreeraz.

Tradizio judu-kristauan, Moises profetak idatzi zituen Hasiera liburua eta Torako beste lau liburuak (Irteera, Lebitarrena, Zenbakiak eta Deuteronomioa). Horren aurka, hainbat kritikok hipotesi zenbait plazaratu dituzte Hasiera liburuaren historiari buruz. Hipotesi zabalduena dokumentu-hipotesia da, zeinaren arabera Hasiera eta Torako beste lau liburukiak iturri ezberdinetatik osatu diren, azterketa lexiko, estilistiko eta historikoa garatu ondoren. Hasiera liburuan azaltzen diren errepikapenak ere iturrien aniztasunaren hipotesia indartzen du. Adibidez, Adam lehenengo gizonaren sorrera bi aldiz kontatzen da, 1:27 eta 2:7 bersetetan hain zuzen. Horrela, Hasiera liburuan iturri yahvista, elohista eta apaiz-iturria bereizten dira, hurrenez hurren J, E eta P ere deitu izan direnak. Pasarte zenbaitetan, gainera, antzinako Babiloniako mitoak hautematen dira, Enuma Elish izeneko sorrera-mitoa esaterako, eta Atra-Hasis eta Gilgamesh akadiar epika-testuetan, uholdearen inguruan azken hauek. Antzinako Egiptoko literaturaren arrastoak ere hauteman dira.

Iturri yahvista zaharrena da. K.a. X. mendean finkatu zen Jerusalem hirian, Salomonen erreinaldian. Bere ezaugarri nagusienetakoa Israelgo Jainkoa izendatzeko erabiltzen duen YHWH tetragrama da, gerora Yahveh, Yahweh edo Jehoba idatziz kristauek itzuli dutena. Hasiera liburuaren beraren arabera, Jainkoak Hamar Aginduak eman zituen mendiari Sinai mendia deitzen zaio iturri honetan eta Horeb beste pasarte zenbaitetan bezala. Iturri honen existentzia Jean Astruc mediku frantsesak aipatu zuen lehen aldiz 1753 urtean, baina Julius Wellhausen teologoa izan zen gehien garatu zuena XIX. mendean. YHWH hitzaren erabileraz aparte, estiloaren eta gaiaren aldetik ere berezitasun nabarmenak ditu iturri yahvistak: sinpletasunez lortzen duen indarra eta sakontasuna eta jainkoaren antropomorfismoa (adibidez, Hasiera 3, 8 bersetean, Arratsean, gizonak eta emazteak baratzean zebilen Jainko Jaunaren oin-hotsa entzun zuten eta harengandik gorde egin ziren zuhaitz artean.; Noe eta ontziaren historian, Gero, Jaunak ontziko atea itxi zuen, Hasiera 7, 16 bersetean). Bere jatorria inguruan jasotako ahozko tradizioetan bilatu behar da. Hasiera liburua iturri honen eragina eta arrastoak nabarmenak dira munduaren eta gizakiaren sorreran, Eden, Kain eta Abel, uholdea, Babelgo dorrea eta Abraham eta Jaunaren agintzaria kontatzen duten ataletan.

Iturri elohista iturri yahvista baion beranduago finkatu zen, K. a. VIII. mendean zehatzago, eta Israelgo Jainkoa izendatzeko Elohim izena erabiltzea da bere ezaugarri nagusia. Iturri yahvistako estilo sinple eta arina badu ere, Jainkoaren beste ikuspuntu bat azaltzen du: jainkoa transzendenteagoa da eta iturri yahvistan Jainkoak gizakiarekin harreman zuzena duen bitartean, iturri elohistan Jainkoak zerutik edo ametsetan dagoela hitz egiten dion gizonari. Aldi berean, gizadi osoari baino, israeldar herriari hitz egiten diola ere aipatu da, Jainkoak herriarekin egindako ituna nabarmenduz.

Apaiz-iturria aurreko bietatik aise bereizten da: dotrina bat osatzen du, modu ordenatu eta zehatzetan. K.a. VI. eta V. mendeetan garatu zen. Zenbakiak, kronologiak (sei egunetan zehar mundua nola sortu zen kontatzen duen pasartea (Hasiera, 1) esaterako apaiz-iturrikoa da) eta Pentateuko osoan ugari diren genealogiak biltzen ditu, erritu eta legediekin batera. Munduaren sorrerako kontakizunaz gainera, apaiz-iturria argi azaltzen da uholdearen kontakizunean (Hasiera 6-8), Jainkoak Noerekin eta Abrahamekin egindako itunak (Hasiera 9, Hasiera 17), eta aitalehenen historian (Hasiera 23, Hasiera 28)[4]. Aurreko iturriekin identifikatzen ez diren zatiren bat ere badago, Abrahamek Lot askatu zuenekoa (Hasiera, 14) esaterako[5].

Salomonen erreinaldiaren ondoren, K.a. X. mendean zatiketa gertatu zen, Israelgo erresuma iparraldean eta Judeako erresuma hegoaldean. Erresuma bakoitzean Hasiera, Irteera eta Zenbakiak liburuen bertsio bereziak taxutu zituen. Asiriarrek Israelgo erresuma konkistatu zutenean K. a. 722 urtean, Babiloniara preso eraman ez zituztenak Judeako erresuman aurkitu zuten aterpe, bi liburu-bertsioen arteko gatazka sortuz horrela. K. a. 586 urtean, Judeako erresuma babiloniarrek hartu zutenean, judu guztiak Babiloniara eraman zituzten. Bertan Esdras izan omen zen Hasiera, Irteera eta Zenbakiak liburuak bateratu zituena, eta Deuteronomioa (Jeremiasek idatzitakoa) eta Lebitarrena (aarondar apaizek idatzitakoa) ere gehituz, Pentateuko edo Tora osatu zuen.

Idazkera lineala K.a. XV. mendean garatzen hasi eta Bibliako liburuak K.a. X. mendean osatzen hasi baziren ere, gorde diren Hasiera liburuaren eskuizkribu zaharrenak Pentateukoko beste testu zenbaitekin batera X. mendekoak dira eta testu masoretikoen bildumakoak dira: masoreta izeneko jakintsu judu zenbaitek zorroztasunez eta fideltasunez kopiaturiko liburuak alegia. Askoz ere lehenago baziren zalantzarik gabe Hasiera liburuen testuak, baina galdutzat jotzen dira, juduek jasandako jazarpenengatik edo juduek euren liburu sakratuak aldiro aldatu eta zaharrak lurperatzeko ohituragatik. Antzinako liburuak kopiatzen ziren materialak ere, papiroak eta larruzko erroiluak batez ere, ez ziren egokienak testuak luze kontserbatzeko. Dena den, edukiari buruz testu masoretikoek jatorriko testuak modu fidagarriak jasotzen dutela ziurtatzen da [6], beste sistema bokaliko batez ordea. Beste alde batetik, Hasiera liburuaren beste hizkuntzetako bertsioak ere badaude: Septuaginta grekerara itzulitako Itun Zaharraren bertsioa da, K.a. III. mendean; Vulgata IV. mende amaierako Bibliaren latinezko bertsioa da; Peshito III. mendeko asirierazko bertsioa, testu masoretikoaren funtsean bat datorrena eta aramerazko targum testuak [7]. Samariarren Torak ere Hasiera liburuaren bertsio ezberdin bat azaltzen du.

Hasiera kapituluz kapitulu

aldatu

1: Sorreraren lehenbiziko kontakizuna

aldatu

Kapitulu honetan unibertsoaren, munduaren eta gizakiaren sorrera kontatzen da 7 egunetan zehar, argia, gaua eta eguna lehenengo egunean [8], goiko eta beheko urak, itsasoa eta lehorra bigarrenean, landareak eta zuhaitzak hirugarrenean, argizagiak laugarrenean, itsasoko animaliak eta hegaztiak bosgarren egunean, animaliak eta gizona (adam hebreeraz) eta emakumea azkenik seigarren egunean. Nabarmena da hebreerazko tohu wabohu edo hasierako kaos horretatik unibertsoa eta mundua bereizketaz (ura eta lehorra, esaterako) sortzen dela: beraz, sorrera ordenarako lana ere badela baiezta daiteke. Dena den, Bibliako beste zenbait liburuetan Jainkoak unibertsoa ezerezetik sortu zuela baieztatzen da (2 Makabearrak 7,28). Zazpigarren egunean bere lana amaitutzat eman eta sakratu izendatzen du Jainkoak. Bere lanaren gailurra gizakia izanik, gizakia leku berezian jartzen dela geratzen da agerian, beste animaliak menderatuz. Nabarmentzekoa da ilargia eta eguzkia ez direla espreski aipatzen, orduan jainkotzat hartzen ziren izenak zirelako, Jainko bakarraren ideia nagusituz horrela. Kontakizun osoan zehar, nabaria da erritmoa: «Jainkoak esan zuen» 10 aldiz agertzen da, «Eta hala izan zen» eta «Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen» esaldiak 7 aldiz agertzen dira. Perfekzioa islatzen duen 7 zenbakia behin eta berriz agertzen da kontakizunean. Testu hau K.a. VI. mendean osatu zela uste da, Babiloniako erbestean eta apaizen eskutik (P iturria). Babiloniako mitoen arrastoa nabarmena da, hasierako itsaso edo ur-nahasketa aipatzen duen Enuma Elish izenekoa esaterako [9][10].

2: Sorreraren bigarren kontakizuna

aldatu
 
Antzinako Egipton, ohikoa zen jainkoek gizonak lurrez osatu eta bizi-arnasa emanez sortzea, Hasieran kontatzen den bezala. Irudian, jainko batek Amenhotep III printzeari bizi-arnasa emanez. Luxor.

Bigarren kapituluan gizonaren eta emakumearen sorreraren bigarren kontakizuna ematen da. Bigarren kapitulu hau lehenengo baino zaharragoa da, K.a. VIII. mendekoa eta, lehen kapituluan gizon eta emakumearen baterako sorreran ez bezala, gizona lehenbizi eta beronengandik emakumea sortzen da ondoren. Gizona ('adam hebreeraz[11]) lurrez osatzen du Jainkoak, 'adam 'afar min-ha'adamah («lur hautsez gizona») hitz-jokoa erabiliz, eta bizi-arnasa emanez. Jatorriko hebreerazko bertsiotik bertatik hartzen du gizonak 'adam izena baina laugarren kapitulura arte ez da bilakatuko lehen gizonaren izen propio. Kapituluak iturri yahvistatik edaten du, Jainkoaren irudi antropomorfikoa eskainiz: adibidez, Ondoren, Jainko Jaunak baratzea landatu zuen Edenen (Hasiera, 2,8). Eden baratze eta lorategi zoragarria da eta grekerara paradeisos edo paradisu hitza erabiliz itzuli zen. Eden hitzak «ekialde» adierazten du eta jaiotza eta bizitzaren norabidea da, antzinako tradizioan, mendebaldeak heriotza adierazten duen bitartean. Jainkoak erabateko askatasuna ematen dio baratzea baliatzeko, baina Jainkoak landaturiko dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzeko fruiturik ez jateko agindua ematen dio. Ondoren, gizonaren probetxurako animaliak sortu ondoren, gizona lozorroan murgilarazi, saihets-hezurra atera eta hori moldatuz emakumea sortzen du. Horrela, emakumearen eta gizonaren batasuna adierazi nahi dela baieztatu da, Jainkoaren ondorengo hitzetan gizona eta emakumea izendatzeko hitzen antzekotasunak ere, ish eta ishah alegia, erakusten duenez. Euskarazko itzulpenean, batasun hau honela adierazten da Adamen hitz hauek erabiliz: «Hau bai dela ene hezurraren hezur, ene haragiaren haragi!. “Emakume” izango da deitua, gizakumeagandik izan baita hartua».

3: Aginduaren haustura eta lehenengo bekatua

aldatu
 
Sugeak emakumea tentatu eta honek eta gizonak zuhaitz debekatutik fruitua hartu ondoren, biluztasunaz jabetu eta piku-hostoz estali ziren lotsaturik: zuhaitza literalki ongiaren eta gaizkiaren zuhaitza da, bertatik hartzean sinbolikoki euren bekatuaz ere jabetu ziren.

Edenen jarraituz, gaiztakeriaren alegoria moduan jarduten duen sugeak dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik fruitua jatea iradokitzen dio emakumeari, horrela jainko bihurtuko direla adieraziz. Hasieran ukatzen badu ere, azkenean jan eta ondoren gizonari ere ematen dio jateko. Dena ezagutzeko ahalmena jabeturik, biluzik daudela konturatu eta lotsatu egiten dira. Sugearen protagonismoa antzinako kulturetan ere hautematen da. Gilgamesh epikan, adibidez, sugea bizia ematen duen animaliatzat hartzen da, baina Babilonian, Grezian eta Etiopian ere sugea animalia bizi-emaile moduan agertzen da. Horrela, sugearen gaiztakeria juduak Jainkoaren sinbologia oro gaitzetsi eta ezabatzeko ahaleginarekin lotu da.[12] Aginduaren haustura edo lehenengo bekatua Jainkoarekin parekatu nahi izana bide da,[13] dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik jatean, baina kristautasunaren historian zehar haragikeria-bekatuarekin ere lotu izan da, agindua hautsi ondoren biluztasuna hostoez estali baitzuten. Emakumea bekatuaren jatorria izana Pandora mitoarekin parekatu izan da historian ere eta horrekin batera, misoginia justifikatzeko ere erabili izan da.[14] Jainkoak gizona biluzik dagoela konturatu eta estalita ikustean jabetzen da gertatu izanaz eta itaunketa baten ondoren, madarikazioa botatzen dio sugeari eta zigorra jarri emakumeari eta gizonari hurrenez hurren. Sugearentzako madarikazioan salbamenerako itxaropena pizten du Jainkoak, emakumearen ondorengo batek «burua zapalduko dik» esanez (emakumearen ondorengo hori Kristo izango zela interpretatu dute zenbaitek), nahiz eta jarraian, sugeak orpotik helduko diola ere aipatu, zenbaiten ustez Akiles greziar pertsonaia mitologikoari erreferentzia eginez. Emakume eta gizonari jarritako zigorretan hilkortasuna nabarmendu behar da: «lurrera itzuli arte, handik izan zara hartua eta: hautsa zara eta hautsera itzuliko zara» (Hasiera, 3,19). Emakumeari haurdun gelditzean oinazea eta gizonarekiko mendekotasuna jarriko dizkio eta lanaren nekea gizonari. Dena ezagutzeko ahalmena duelarik, biziaren zuhaitzetik ere jan eta hilezkortasuna lor ez dezan, Edendik kanporatzen ditu biak. Hala ere, Jainkoak gizakia guztiz ez dituela abandonatzen aipatzen da, lurretik bizitzeko aukera eman eta Edendik kanporatzea arropaz jantzi egiten dituelako [15].

4: Kain eta Abel

aldatu

Adam, gizona, eta Eva Edendik kanporatuta, Kain eta Abel semeak izan zituzten, ordena horretan. Kain sumerieratik datorren hitza omen da eta errementari esan nahi du; artisaua izanik, aurrerago, Hasiera 4, 17 bersetean hain zuzen, lehenengo hiria ere eraiki zuelako aipamenarekin bat dator. Abel izena ere sumerieratik omen dator eta «seme» esan nahi du. Hala ere, testuan Kain nekazari eta Abel artzain izan zirela adierazten da espreski. Horrela, Irteera liburuan adierazten den bezala, Abelek lehenengo bildotsak eskaintzen dizkio Jainkoari eta honek abegi onez hartzen ditu; ez ditu, ordea, modu berean jasotzen Kainen emaitzak. Jainkoa konturatzen da Kainen haserreaz eta haserre horren atzean dagoen joeraz eta eskaini egiten dio zuzen jokatzea. Kainek Abeli eraso egin eta erail egiten du. Targum bertsioetan, hilketaren aurretik kainek Abelekin duen elkarrizketa zehazten da. Jainkoak Kain madarikatu eta erbestera bidaltzen du, sugearekin eta Adam eta Evarekin Edendik kanporatzean egin zuen antzera, ezaugarri bat (tatuaje bat, akaso?) erantsiz, Kain ere hil ez zezaten. Erbesteko zigorra hau Jordaniako tribuetan jasotako ohituretan ere hautematen dela jaso da. Halaber, anaien arteko lehiaren istorioa arrunta Ekialde Hurbilean. Targum bertsioetan Kain madarikatuaren jatorriaren azalpen bat ere ematen da: Eva eta Sammael aingeru bekatariaren semea izango litzateke Kain eta horregatik leinu madarikatu baten ordezkaria, Abel, alaba biki batekin batera, Adam eta Evarengandik sortu zen bitartean. Kain Nod eskualdera erbesteratuta («noraezean ibili» adierazten duen «nud» hitzaren antzekoa, arestiko berset batean Jainkoak Kaini botatzen dion madarikazioan noraezean ibiliko dela agintzean bezalaxe) joango da eta emakume batekin elkartu, leinu bati hasiera emanez. Biblia modu literalean hartu duten zenbait emakume hori nondik atera den argudiatu izan dute, jakinda Adam, Eva eta Abel bakarrik zirela munduan. Kainen ondorengo bakoitza zibilizazio profanoaren ordezkariak izango dira, hirien eraikuntza, abeltzaintza, musika eta burdingintzan jardunez hurrenez hurren. Beste ondorengo batek, Lamek izenekoa, poligamia abiarazi eta mendekuaren legea ezartzen du olerki batean.

5: Adamengandik Noerengainoko aitalehenak

aldatu

Bosgarren kapituluan Adamengandik Noerengainoko aitalehenen genealogia zehazten da eta apaiz-iturriari esleitu zaio. Aipagarria, Adamen ondorengoa ez dela Kain (arestiko atalean aipatu bezala, tradizio zenbaiten arabera, Kain Evak Sammael aingeruarekin izandako semea baitzen), baizik eta Evarekin izan zuen Set izeneko beste seme bat. Kronologia horretan, harrigarriak dira aitalehen hauen bizitza-urteak. Bizitza luzeena duena Matusalen, kristau herrien tradizioan bizitza luzearen alegoria moduan erabili dena. Hamar dira guztira genealogia horretan agertzen diren pertsonaiak, Sumerreko errege zerrendetan bezalaxe, 2000 urte baino gehiagoko epe bat estaliz. Dena den, genealogiaren bertsio zenbait daude, Hasiera liburuko zer bertsio erabiltzen den[16].

Noe (950 urte)Lamek (777 urte)Matusalen (969 urte)Henok (365 urte)Jered (962 urte)Mahalalel (855 urte)Kenan (910 urte)Enox (905 urte)Set (912 urte)Adam (930 urte)

6-7-8: Uholdea eta Noeren ontzia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Uholde Handia» eta «Noeren ontzia»
 
Noeri zehatz-mehatz azaldu zion Jainkoak nola eraiki behar zuen ontzia. Irudian bezala, sabaia estalita, ate bat eta hiru solairu behar zituen. Tamainaz, ordea, irudikoa baino askoz ere handiagoa egiteko agindu zion Jainkoak.

Noeren garaiko gizarteari buruzko ohar batekin abiatzen da ondorengo kapitulua. «Jainkoaren semeek» gizakien alabekin elkartu eta arraza aparteko bat sortzen dute, bizitza luzekoak eta tamainaz erraldoiak direnak. Jainkoak eta gizakiak nahasten dituen kontakizun hau mitologia zenbaitetan agertzen da. Jainkoak 120 urtera mugatu egiten du gizaki hauen adina. Interpretazio zenbaiten arabera, 120=40×3 da, 40 izanik gizon kementsuaren adina eta 3 perfekzioaren zenbakia: sexuaren kemenak mugatzen duen 40 gainditu eta bider 3 egiten du Jainkoak, bere semea dela baieztatzeko [17]. Gizakiaren gaiztakeria ikusita, Jainkoak gizakia eta munduko beste izaki guztiak desagerraraztea erabakitzen du, «begiko» duen Noe ezik. Noe salbatzeko, ontzi bat egiteko agintzen dio eta horretarako denetariko zehaztasunak ematen dizkio. Agindu bezala, ontzian bere familia eta animalia bakoitzeko banakoak sartutakoan, «lur azpiko itsasoaren iturri guztiak lehertu ziren eta zeruko atexkak ireki» eta 40 eguneko euri-jasak izan ziren, mundu guztia urpean utziz [18]. Kataklysmos (grezierazko bertsioan) edo uholdearen iraupenari eta ontzian sartu beharreko animalia kopuruari buruz testuan agertzen diren kontraesanek kontakizunaren iturri aniztasunaren emaitza direla baieztatu da. Beste alde batetik, Gilgamesh epikan Hasierako liburuaren uholdearen oso antzekoa den kontakizun bat jasotzen da, uholdearen amaieran hegaztien joan-etorria ere modu bertsuan errepikatuz. Bi kontakizunen arteko parekotasuna 1872 urtean aurkitu zen lehenengo aldiz eta astindu handia ekarri zuen kristautasunean, Bibliaren egiazkotasuna ordura arte testu zaharrena zela aipatuz defendatzen baitzen[19]. Hasiera liburuko kontakizunaren arabera, ontziak Ararat mendietan jo zuen lurra, egun Turkiako ekialdean. Hori dela eta, Noeren ontziaren arrastoen bila espedizio anitz antolatu da historian zehar, horietako batzuk testigantza eta ustezko frogak eskainiz, baina egun ez dago horren froga garbirik [20]. Mesopotamian uholde handi baten arrasto geologikoak ere aurkitu dira, baina uholde horiek lokalak izan zirela frogatu da, uholde globalen aukera guztiz baztertuz[21].

Uholdea bukaturik, eta Noek Jainkoari eskaintza egin ondoren, Jainkoak mundua ez duela berriz ere suntsituko hitz ematen du kapituluaren bukaeran.

9-10: Bigarren sorrera eta munduko herriak

aldatu

Jainkoak Noe bedeinkatu eta munduan zehar ugaltzeko deia luzatzen dio, Sem, Kam eta Jafetekin batera, Adam eta Evarekin egin zuen bezala. Animaliekiko harreman berri bat ezartzen du, ordea: haragia odolik gabe jan beharko da, «odolean baitago bizia», judaismoan zorrotz jarraitzen den kashrut edo elikadurari buruzko arau multzoa zabalduz [22]. Aldi berean, mundua berriz ere ez duela suntsituko ituna adierazten du [23]: mundua ez duela berriz ere suntsituko, zortzigarren kapituluan aurreratu bezala.

Noeren semeen ondorengoak munduak hedatzen dira. Kam ardoa edanda lozorroan dagoen Noe aita biluzik ikusi eta laguntza eskatzen die bi anaiei estaltzeko. Hauek lagundu egiten diote, baina aita biluzik ikusi gabe, atzeraka begiratuz. Noe aita konturatzean, Kam eta Kanaan madarikatu egiten ditu. Madarikazio hau azaltzeko, ohartu behar da Kanaan Mediterraneo itsasoaren eta Jordan ibaiaren arteko eskualdea dela eta israeldarrak iritsi baino lehen, kananeoak bizi zirela bertan, jainko anitzen adoratzaileak zirela, israeldarren Jainko bakarraren aurka. Aldi berean, Sem (hebrear eta arabiar herrien arbasoa) bedeinkatu, Yahveh Jainkoaren izenez, eta munduko beste herrien arbasoa omen den Jafetekiko atxikimendua soilik erakusten du.

Ondoren, hiru seme hauengandik abiarazitako genealogia garatzen da hamargarren kapituluan. Semen ondorengoak Arabiar penintsulan zehar barreiatuko dira, Kamen ondorengoan Kanaan eta Afrikan eta Jafeten ondorengoak ekialdera. Genealogia honetan gizaki arrazen jatorria ikusi izan da eta ideologia naziak judu (kamitar eta semitarren arteko nahasketa, auren esanetan), beltz (Kain eta Kamen ondorengoak) eta ario ez direnen aurkako jazarpena egiteko erabili izan du [24]. Genealogian agertzen den Tubal, Jafeten semea, euskaldunen aitalehena izan zen euskal historia XVI-XIX mendeetan modu xelebrean aztertu zuten zenbait pertsonaiak[25]. Abiapuntu honetatik tubalismo izeneko mitologia bat osatu zen, euskara Eden eta Babel hiriko jatorriko hizkuntza dela eta euskaldunak garbi mantendu den arraza bakarra [26].

11: Babelgo dorrea

aldatu
 
Babelgo dorrea, Lucas van Valckenborch, 1594.

Hamaikagarren kapituluan Babelgo dorrearen kontakizuna txertatzen da, aurreko kapituluaren genealogiaren eta hamaikagarren kapituluan bertan garatzen jarraitzen den Abrahamengainoko genealogiaren artean. Hori dela eta, modu autonomoan osatu zela uste da eta, Hasiera liburuko beste kontakizunetan bezala, inguruko mitologia antzeko kontakizunen baten arrastoak daude, Enuma Elish izenekoan esaterako. Hizkuntza berean mintzatzen diren gizonak ekialdera dagoen Xinear eskualdean lautada batean kokatu eta adreiluz hiri bat eta zerurainoko dorre bat altxatzea erabakitzen dute, ospea irabazteko. Harrokeria ikusita, Jainkoa jaitsi (dorrea ez da Jainkoa bezain handia, beraz) eta euren hizkuntzak nahastu egiten ditu, elkar ulertu ez eta dorrea bertan behar utz dezaten. Hiriak Babel izena hartuko du («nahasketa» edo asirieraz babili, «jainkoaren atea» eta hortik ere Babilonia). Aurkako interpretazio bi eman da kontakizuna azaltzeko: batean, Jainkoak zigorra jartzen die gizakiei Jainkoaren parean jartzeko ahaleginagatik; bestean, hizkuntza berbera izatea eta hiria eta dorrea izatearen nahia inperio baten garaipenaren sinboloak dira eta, hizkuntzak nahastuz eta dorrearen eraikuntza geldiaraziz, Jainkoak aniztasuna birrintzen duen botere totalitarioen aurka egiten du[27][28]. Hipotesi honen ebidentzia moduan, Mesopotamian eraikitako zigurat eraikinak daude, eskualdea mendean izan zuten inperio babiloniar eta asiriarraren garaietan eraikitakoak. Ohartu behar da juduak preso izan zirela Nabukodonosor II.a babiloniar erregearen garaian eta honek dorre handi bat berreraiki zuela. Judu eta kristauek hirietako zibilizazioaren aurka izan duten joera ere kontakizun honen bitartez azaldu izan da.

12-25: Abrahamen zikloa

aldatu

Abraham da uholdearen ondorengo lehenengo patriarka. Judaismoan eta kristautasunean fededunen aitalehentzat jotzen da eta islamean ere imam fededunen gidaritzat hartzen da. Hasieran Abraham izenez ezaguna, Semen ondorengoa da hainbat belaunaldiren ondoren. Mesopotamia hegoaldetik Kanaan aldera joateko agindua jasotzen du Jainkoarengandik eta hara abiatzen da, Sarai emazte eta Lot ilobarekin. Artzai erdinomaden tribu baten buru den Abramen bidaiak garai hartako artzain eta merkatarien ibilbidea jarraitzen du, egungo Basora inguruko Ur herritik iparralderantz eta gero handik Mediterraneo kostaldera jaitsiz hegoalderantz. Gosete baten ondoren, Egiptora joatea erabaki eta bidean Sarairi egiptoarrei bere emaztea ez, baizik eta bere arreba dela esateko ohartarazten dio, Sarairen edertasuna ikusita, bere senarra dela jakitean hil egingo dutela eta. Faraoiak Sarai eta Abrahami opariak eman, baina azkenean egia jakin eta Abran eta Sarai bidali egiten ditu Egiptotik (Hasiera, 12). Negev aldera abiatzen dira eta Abraham eta Lot bertako lurrak zatitzea erabakitzen dute: Kanaan Abrahamentzat izango da eta Jordan ibaiaz ekialdeko lurra Lotentzat, Sodoma hiriko inguruetan (Hasiera, 13). Lot gerra batean preso hartu eta hura askatzera gerra sartu, garaipena eta etsaiekin bihotz handia erakusten du (Hasiera, 14). Jainkoak Abrahamekin ituna egiten du, artean seme-alabarik gabe, ondorengo ugari izango dituela hitz emanez. Ondorengo hauek esklabo biziko direla ere ohartarazi baina azkenean askatu eta Egiptotik Eufrates ibairainoko lurraldea emango diela ere hitz ematen du: Agindutako Lurraldearen lehen ituna da (Hasiera, 15). Ondorengorik gabe, Saraik Agar izeneko bere esklaboarekin elkartzeko eskatzen dio Abrahami. Agar haurdun geratu eta Saraik, jeloskor orduan, bidali egiten du. Jainkoaren aingeru bat Agarren aurrean azaldu eta semeari Ismael izena jarriko diola agintzen dio. Abraham eta Sarairengana itzultzeko ere agintzen dio (Hasiera, 16). Abrahamen istorio guztian nabarmena ondorengoak izateko gogoa eta premia, Sarairen antzutasunarekin areagotzen dena. Ismael, bere aldetik, arabiarren arbaso bihurtuko da islamean eta agintzaren semetzat hartuko dute, Isaak baztertuz.

 
Loten alabak euren aita mozkorrarazi egiten dute berarekin oheratzeko. Bitartean, atzean, Sodoma eta Gomorra sutan daude, Jainkoaren zigorraren bitartez.

Jainkoa Abraham zaharraren aurrean agertzen da jarraian eta ituna egiten du berarekin. Horren arabera, bere ondorengoek herri multzo zabala osatuko dute (Israel izango dena), Kanaan lurretan eta betiko, eta bere emaztearengandik seme bat izango duela agindu, Isaak izena izango duena; horretarako, gizon guztiei erdainkuntza egin beharko zaie jaio eta zortzi egunetara. Horrela, erdainkuntza judaismoaren oinarrizko agindu bilakatzen da. Jainkoak aginduta, gainera, Abrahamek eta Saraik Abraham eta Sara izenak hartuko dituzte aurrerantzean (Hasiera, 17). Itun hau islam eta judaismoaren arteko eztabaida bizia piztu du historian zehar, Abrahamen ondorengoa Ismael ala Isaak den. Ismael arabiarren arbasotzat hartzen du islamaren tradizioak eta Abrahamen legezko ondorengoa izanik, berak sortutako herria da Agindutako Lurraren jabe. Juduen arabera, Isaak eta ondorengo Israel herria da lur horren jabea.

Beste seme baten agintza errepikatu egiten da hurrengo kapituluan, Jainkoa gizon moduan beste bi gizonekin batera bisitan etortzen zaionean. Abrahamek abegikortasunez jasotzen ditu eta ondoren, Jainkoa Sodoma suntsitzera doanean, bertako lagunenganako errukia erakusten du (Hasiera 18). Jainkoaren bi mezulariak Sodomara heldu eta Loten etxean hartzen dute ostatu. Sodomatarrak heldu eta heldu berriekin oheratu edo ezagutu [29] nahi dutela adierazten dute. Bisitariek emaztea eta alabak hartu eta alde egiteko esaten diote Loti, alde egitean atzera ez dutela begiratu behar ohartaraziz. Loten emazteak atzera begiratzen du, ordea eta gatzezko estatua bihurtzen da. Sodoma eta Gomorra hiriak erraustu egiten ditu Jainkoak. Pasarte honetan, Jainkoak homosexualitatearen aurka duen jarrera interpretatu da, exegeta zenbaitek baztertu egin badute ere [30]. Dena den, interpretazio hura dela eta, hizkuntzan sodomia hitza gizon homosexualek praktikatu ohi duten sarpen anala adierazteko termino gisa geratu da. Jarraian, intzestuaren aipamena egiten da: Loten alabek aita mozkorrarazi eta berarekin oheratzen dira seme bana izateko, Moab eta Ben-Ami izenekoak, moabdar eta amondar herrien arbasoak (Hasiera, 19)[31][32]. Abraham Negeveko hiri batera heltzen da, Egipton bezala Sara bere arreba zela esanez. Abimelek bertako erregeak Sara ekartzeko agindua ematen du, baina gau horretan Jainkoa agertzen zaio ametsetan, Sarari buruzko egia kontatuz eta itzultzeko esanez. Lotsaturik, Abimelekek Abrahami azalpenak eskatu eta opariak ematen dizkio Abrahami irainaren ordainetan (Hasiera, 20).

Hurrengo kapituluko kontakizunak judaismoa eta islama elkarren aurka jarri ditu. Isaak jaio eta Ismaelek, hamalau urterekin ia, barre egiten dio edo berarekin jostatzen da [33]. Ondoren, Sara Abrahami haurra eta ama bidaltzeko eskatzen dio. Abrahamek men egin eta Ismael bizkarrean hartuta eta Agar eramaten ditu urrutira, Jainkoaren onespenarekin, bere ondorengoa Isaak dela adieraziz [34]. Jainkoak Agarri Ismael bere semea hartzeko agintzen dio, berarengandik herri handi bat sortuko dela hitz emanez [35] (Hasiera, 21).

 
Akedah edo Isaak opari eskainia, Laurent de La Hyre, 1650

Hasiera, 22 kapituluan Jainkoak Isaak hartu eta Moria mendian erre-opari gisa eskaintzeko agintzen dio Abrahami. Honek men egin eta hara abiatzen da. Agindua betetzera doala, aingeru batek eskaintza bertan behera uzteko eskatzen dio, Jainkoaren aginduak bete egiten dituela argi geratu baita. Isaaken loturak [36] Akedah izena hartzen du hebreeraz eta aginduaren itxurazko krudelkeriak interpretazio anitz izan ditu judaismoan, kristautasunean eta islamean ere, hala nola Ismael bidali izateagatik zigor moduan edo fede hautsezinaren irudikapen gisa. Antzinako Israelen gizakien sakrifizioak egiten zirela ere jaso da [37]. Hain zuzen, Abraham gainditu beharreko froga nagusitzat jotzen da, kontakizunean zehar gainditzen duen azkena [38].

Hurrengo kapituluan Sara hil egiten da Hebronen eta Abrahamek Kanaanen dauden hititei eskatzen die baimena Sararen gorpua ehorzteko. Hititen buru den Efronek inongo oztoporik jarri gabe lursail bat oparitzen dio horretarako Abrahami, baina honek ez du oparia onartzen eta prezio justua ordaintzen du azkenik (Hasiera, 23). Hasiera, 24 kapituluan Abrahamek agindua egiten dio morroi bati bere jaioterrira joan eta han aingeru batek erakutsiko dion emakumea ekartzeko, emakumeak hala nahi badu. Morroiak horrela egin eta Jainkoaren seinale bati jarraiki Najor Abrahamen anaiaren biloba, Rebeka izenekoa, Isaaken emaztegaia izateko aukeratua dela jakingo du. Familiaren eta emakumearen baimena hartu ondoren, Isaak Rebekarekin ezkontzen da. Kapitulu honetan ondorengoa osatzeko ardura agertzen da berriz ere, Abrahamen kontakizun osoan zehar bezalaxe. Garaiko ohiturak ere jarraitzen dira. Hasiera, 25 kapituluan, Abraham Keturarekin ezkondu eta berarekin zenbait seme ditu; azkenik, 175 urterekin hil egiten da[39] eta Isaak izendatzen du ondorengo. Ismaelen ondorengoak Arabian kokatzen direla ere aipatzen da.

Abrahamen zikloaren ezaugarri nabarmenena ondorengoa izatearen kezka da, Sararen hasierako agortasunean eta Jainkoak egindako itunetan islatzen dena. Aldi berean, ziklo osoan Abraham monoteismoa ezarri eta zabaldu zuen lehena izan zen [40]. Fededunaren eredu gisa, ziklo osoan Abraham gizon bertutetsu moduan agertzen da behin eta berriz: aberatsa da, errege eta pertsonaia nabarmenekin itunak egin eta gerrak irabazten ditu eta abegikorra eta lagunkoia da (Sodoma erraustu aurreko eskaeran ikusten denez)[41]. Ondorengo Jakob eta Joseferen zikloen aldean, Abrahamen zikloak kutsu teologikoagoa duela nabarmendu da, hasierako testuetatik apaizek moldatua euren ideologia eta teologia txertatzeko [42].

Abrahamengandik Hamabi Tribuen aitalehenenganainoko genealogia[43]
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Terah
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Abraham
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Najor
 
 
 
 
 
 
 
Haran
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Agar
 
 
 
 
 
 
Ketura
 
 
 
 
 
Sara
 
 
 
 
 
Batuel
 
 
 
 
 
 
 
Lot
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Ismael
 
 
 
 
 
 
Madian eta besteak
 
 
 
 
 
Isaak
 
 
 
Rebeka
 
 
 
Laban
 
Moab
 
Ben-Ami
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Esau
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Jakob
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Zilpa
 
 
 
Bilha
 
 
 
 
 
Lea
 
 
 
Rakel
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
7:Gad
8:Aser
 
 
 
5:Dan
6:Neftali
 
 
 
 
 
1:Ruben
2:Simeon
3:Lebi
4:Juda
9:Isakar
10:Zabulon
 
 
 
11:Josef








12:Benjamin
 
Manases
Efraim








 

25-36: Jakoben zikloa

aldatu
 
Jakob aingeruarekin borrokan (Gustave Doréren grabatua). Hasiera liburuaren arabera, Jakoben hitzetan, Jainkoa bera izan zen berarekin borrokatu zen gizona.

Abrahamen zikloan herria iraunaraziko duen ondorengo bat izatea kezka nagusia izanik, Jakoben zikloan anaien arteko liskarra eta amarrua izango dira gai nagusi. Aldi berean, Abrahamen zikloak kutsu erlijioso nabarmena duen bitartean, Jakoben zikloa profanoa da batez ere eta agian horregatik teologoen arreta eskasa erakarri du.[44] Aldi berean, Jakoben istorioko pasarte anitzek Mesopotamiako Nuzi hiriko taulatxoetan aurkitutako kontakizunen arrasto nabarmenak dituzte eta askotan kontakizunaren xehetasunak ere errepikatu egiten dira Hasierako testuan[45].

Jainkoak Isaak eta Rebeka bikoteak bi seme izango dutela eta gazteenak zaharrena menderatuko duela iragarriz abiatzen da zikloa. Bi semeak, Esau, zaharrena da eta ondorengo nagusia, eta Jakob gazteena. Modu harrigarri batez, Esauk oinordekotza dilista-plater baten truke saltzen dio Jakobi (Hasiera, 25). Hurrengo kapituluan, Isaak agertzen da berriz ere protagonista moduan, Abimelek erregearekiko gatazka kontatuz. Hasiera, 27 kapituluan, Isaak zaharra itsu dago eta Esau ehiza ekarri, sukaldatu eta bedeinkatu egingo duela esaten dio. Adi dagoen Rebekak Jakobi bere anaiaren ordez aitarengana joan eta, Esau delako itxurak eginez, bedeinkazioa jasoko duela agintzen dio. Horrela, Jakobek aita engainatu eta aitaren bedeinkazioa hartzen du. Esauk, haserre, Jakob anaia hilko duela hitz ematen du. Beldurrez, Rebekak Laban bere anaiarengana joateko esaten dio, Isaaken onespenarekin, han ezkontzeko. Bidean, zerura doan eskailera batean aingeruak gora eta behera ikusten ditu amets batean (hortik, Jakoben eskailera) eta Jainkoaren bedeinkazioa jasotzen du, ondorengoek herri zabala osatuko dutela aginduz. Bertan, Betel izeneko santutegia altxatzen du (Hasiera, 28). Jakob Rakel Labanen alabarekin topo egin eta maitemintzen da. Haren eskua eskatzen dio aitari berarentzat lanean zazpi urte ematearen truke. Zazpi urteen ondoren, eztei-gauean, ordea, Labanek Lea alaba bidaltzen du eztei-ohantzera, Rakelen ordez. Jakob hurrengo goizean konturatzen da trikimailuaz eta beste zazpi urtez jardun behar du Labanentzat lanean Rakelekin ezkontzeko. Kapitulu honetan, trikimailua eta azpikeria agertzen da berriz ere, baina Jakoben aurka oraingo honetan. Learekin 4 seme ditu (Hasiera, 29). Hurrengo kapituluan, ugalkortasunaren inguruan aritzen da. Jakobek benetan maite duen Rakelek haurrak izateko ezintasuna duela, Jakobi Bilha bere morroiarekin elkartzeko esan eta bi seme ditu berarekin. Leak berdina egiten du Zilpa bere morroiarekin eta beste bi seme izango ditu, emazteen artean ondorengoak sortzeko halako lehia bat sortuz. Israel monogamia ezartzen bazen legean, bigamia onartzen da Deuteronomio liburuan, emazte bat maitatua (Rakel, kasu honetan) eta bestea maitatu gabea (Lea) izanik. Konkubinatoa ere onartua zegoen Jakob eta emazteak bizi ziren Padan Aram kokatzen zen aramear lurraldean eta inguruko kulturetan ere, konkubina eta hauen ondorengoen eskubideak zehaztuz[46]. Azkenik, Rakelek Josef semea izango du eta orduan bere jaioterrira itzultzeko nahia agertzen dio Laban osabari. Rakelek beste seme bat izango du aurrerago, Benjamin izenekoa eta horrela guztira hamabi seme izango ditu Jakobek, Israelgo Hamabi Tribuen aitalehenak izango direnak. Honek ez du begi onez ikusten itzulera, Jakobekin bere azienda nabarmen ugaldu delako. Geratzearen truke ordaina eskatzen dio Jakobi eta honek ardi beltzak eskatzen dizkio. Hauek gutxi badira ere, trikimailu batez ugaldu egiten ditu eta azienda handia osatzen du Labanen kaltetan (Hasiera, 30). Labanen semeek Jakoben jokaeraz aitari ohartarazi eta Laban Jakob begi txarrez ikusten hasten da. Jakobi bere jaioterrira itzultzeko agindua ematen dio Jainkoak eta harantz abiatzen da, emazteek adostasuna erakutsi ondoren. Abiatu baino lehenago, Rakelen aitaren etxe-jainkoak osten ditu. Laban Jakoben atzetik abiatzen da, Jainkoak Jakoben aurka ezer ez egiteko ohartarazi badio ere. Jakobengana heldu eta etxe-jainkoak bilatzeari egiten dio, baina ez ditu aurkitzen Rakelek ezkutuan dituelako. Ondoren, eztabaida pizten da Jakob eta Labanen artean, azkenean mugarri baten bitartez lur banaketa batez ebatziko dena (Hasiera, 31). Edomen (non Esau anaiaren herria zabaltzen den) mezulariak bidaltzen ditu Esaurengana bere itzuleraren berri emateko. Mezulariak itzultzean, Esau anaia 400 gizonekin datorrela adierazten diote. Beldurrez, Esauren erasotik babesteko eskatzen dio eta horretarako gainera azienda zabal baten eskaintza egiten dio Esauri. Horretarako mezulariak bidaltzen ditu Esaurengana. Bitartean, emazteak, konkubinak eta hamaika semeak (Benjamin artean jaiotzeke zegoen) leku seguru batean jarri eta bakarrik geratzen da Jakob. Gizon misteriotsu bat agertu eta berarekin borrokan hasten da. Gizonak Jakob garaitu ezinean, izter-giltza koloka jartzen dio. Gizona Jainkoa da [47] eta aurrerantzean Jakob Israel izango dela iragartzen dio. Pasarte hau dela eta, tradizio juduan, juduek ez dute izter-giltza jaten (Hasiera 32). Esau topatzean elkarri abegi hunkigarria egiten diote, Esau aziendaren oparia errefusatuz hasiera batean eta onartuz azkenik. Esau utzi ondoren, Jakob Sikem hirian geratzen da, bertakoa den Jamor izeneko buruzagi bati lursail bat erosi ondoren (Hasiera, 33). Dina Learen alaba bortxatu egiten du Sikem jamoren semeak. Maite duela adieraziz, berarekin ezkontzeko eskaera egiten du, baina Jakoben semeek horretarako Jamorren gizon guztiek erdainkuntza egin behar dutela jartzen dute baldintza gisa. Baldintza bete eta bi egunetara, erdainkuntzaren oinazea sentitizen dutelarik, Jakob semeek gizon guztiak hiltzen dituzte arrebari egindako bortxaketaren mendeku moduan. Jakob jokaera honen aurka agertzen da, baina herria aurka jarri eta bere etxea eta familia suntsi dezaketelako bakarrik (Hasiera, 34). Jainkoak Betelera itzuli eta han aldare bat eraikitzeko agindua ematen dio. Jakob familia bildu eta hara abiatzen da. Bertan, Esaurengandik ihesi zihoanean bezalaxe, Jainkoa agertzen zaio eta Hasiera liburuan zehar behin eta berriz errepikatzen den agindua egiten dio, Israel izena berretsiz: «Ondorengo ugari izango duzu. Are gehiago, nazio asko sortuko dituzu, eta erregeak aterako dira zuregandik. Zeuri eta zeure ondorengoei emango dizuet Abrahami eta Isaaki agindu diedan lurraldea.». Beteltik alde egin eta Rakelek Jakoben hamabigarren semea, Benjamin, izango du, baina erditzean hil egiten da (Hasiera, 35). Jakoben zikloaren azken kapituluan Esauren ondorengoen zerrenda eta genealogia zehazten da.

37-50: Josefen zikloa

aldatu
 
Josef berarekin oheratu nahi duen Putifarren emaztearengandik ihesi. Josefi kentzen dion oihala izango da Josef salatzeko froga.

Hasiera liburua Jakob eta Rakelen semea den Josefen zikloarekin bukatzen da. Ziklo honetan Egiptora hebrearren etorrera kontatzeko erabiltzen da. Kontakizunak badu egiantza, K.a. XIX. mendearen inguruan Beni Hassango irudiek Palestina eta Siriako biztanleekin garatutako merkataritza erakusten baitute, kronologia biblikoak ezarritako datekin bat gutxi gorabehera. Josef Egiptoko bisir izendatzen dute eta badirudi Antzinako Egipton bazirela jatorri atzerritarra zuten goi funtzionarioak, Asiatik etorritako hiksoen garaian. Josefen familiaren etorrerak Egipto aldera izandako migrazioen irudikapena izan daiteke, gosetetik ihesi Egiptoko Nilo ibarrera. Potifarren emaztearekiko istorioa, berriz, Egiptoko tradiziotik jasotako kontakizuna izan daiteke, Anubis eta Bitis anaien istorioan oinarrituta [48].

Israel aitak Josef du begikoena bere hamabi semeetatik eta horrek jeloskor jartzen ditu anaiak. Modu sinbolikoan nagusitu egiten dela amesten duela bere anaiei kontatu ondoren, anaien gorrotoa areagotu eta hiltzea proposatzen dute. Azkenean, ismaeldarrei esklabo saldu eta Egiptora eramaten dute. Aitari pizti batek hildu duela sinestarazten diote. Egipton, Josef Putifar faraoiaren funtzionarioari saltzen diote (Hasiera, 37). Hurrengo kapituluan, Juda eta Tamarren istorioa kontatzen da. Judak hiru seme ditu: Er, Onan eta Xela. Sela ezkondu baina ondorengoak izan aurretik hil egiten da. Judak Onan semeari Tamarrekin harremanak izateko agindua ematen dio baina honek ernal-hazia lurrera isurtzen du (hortik dator onanismo terminoa, masturbazioa izendatzeko). Onan ere hil eta Judak Xela bere seme gazteena heltzen denean izango duela agintzen dio Tamarri. Judak bere hitza betetzen ez zuela eta, prostituta moduan agertzen da mozorrotuta Judaren aurrean eta berarekin oheratzen da. Tamar prostituzioan aritu dela jakinda, hiltzeko agindua ematen du Judak baina berak berarekin oheratu eta haurdun dagoela frogatu ondoren, errugabetu egiten dute (Hasiera, 38). Josef Putifarrentzat lanean dihardu Egipton eta nagusiaren konfiantza irabazten du. Putifarren emazteak berarekin sexu-harremanak izan nahi eta Josefek ezezkoa eman ondoren, emazteak Josef salatu eta kartzelara bidaltzen du Putifarrek (Hasiera, 39). Kartzelan faraoiaren edarizaina eta okina ezagutzen ditu. Biek amets bana dute eta Josefek interpretatu egiten ditu, edarizaina askatu eta okina hil egingo dutela aurreikusten du. Edarizainari faraoiari bere alde hitz egiteko eskatzen dio. Aurreikuspenak bete egiten dira, baina okina ahaztu egiten da Josefez (Hasiera, 40). Bi urte pasata, faraoiak bi amets ditu eta Josef ekartzen dute horiek interpretatzeko, edarizaina berarekin gogoratu ondoren. Josefek uzta oparoko zazpi urteren ondoren goseteko beste zazpi urte etorriko direla iragarri eta urte oparoetan uzta metatzeko aholkua ematen du, ondorengo goseteari aurre egiteko. Faraoiak profetatzat hartu eta Egipto arrakastaz gobernatzen jartzen du, bere iragarpenak gauzatu eta aholkuak bete ondoren. Ohartu behar da amets bidezko aztinantza edo oniromantzia praktika ohikoa zela Ekialde Hurbileko antzinako kulturetan. Egipton praktika horri buruzko tratatuak ere bazeuden. Horretarako historian benetan existitu diren zigilua eta urrezko idunekoa ematen dizkio, handikientzat ziren lihozko janzteaz gainera. Asenet apaiz nagusi baten alabarekin ezkondu eta Manases eta Efraim semeak ditu berarekin (Hasiera, 41). Jakob gari bila bidaltzen ditu semeak Egiptora, Benjamin ezik. Hamar semeak Egiptora heldu eta Josefekin hasten dira tratuan, anaiarekin ari zirela jakin gabe. Honek ezagutu egiten ditu eta espioitzat hartzen ditu. Hiru egunez kartzelatu ondoren, aske utzi eta garaia eramaten uzten die, baina anaia txikiena ekarriko dutela hitza ematen badute. Simeon uzten dute Josefekin kaudimen moduan. Bestalde, itzulerako bidaian garia ordaintzeko dirua euren zorroetan dagoela aurkitzen dute. Kanaanera itzultzean, Jakob aitari gertatutakoa kontatu, baina Jakob ukatu egiten du Benjamin Egiptora bidaltzea, Josef hilda dagoelakoan Rakelengandik geratzen den seme bakarra baita (Hasiera, 42). Jakob uzkur agertzen bada ere, azkenean onartu egiten du Benjamin bere anaiekin Egiptora joatea. Josefengana heltzen direnean beldurrez, Jose diruaren kontua dela eta lasai egoteko esaten die, dirua zorroetan Jainkoak berak jarri zuelako. Oturuntza baterako gonbita egin eta benjamin ikustean, Josef hunkitu eta kanpora ateratzen da negar egitera. Oturuntzan, Benjamin bereziki tratatzen dute, besteei baino janari gehiago emanez (Hasiera, 43). Josefek bere anaien zakuak janariz betetzeko agindua ematen du , diruarekin batera, baina Benjaminen zakuan bere zilarrezko edalontzia sartzen du gainera. Anaiak alde egitean, horien atzetik bidaltzen du morroi bat bidaltzen du zakuan propio sartutako koparen bila. Josefengana itzuliz berriz ere, Josefek itxurazko lapurretaren zigor moduan Benjamin berarekin geratu behar dela dio. Judak, berriz, bere burua eskaintzen dio esklabo gisa, Benjamin Egipton uzten badute, Jakob aita hilko dela ziur baita (Hasiera, 44). Azkenik, Josef bere benetako nortasunaren berri ematen die anaiei malkotan. Aitarengana joan eta ekartzeko eskaera egiten diete Josefek eta faraoiak, Egiptoko lur onenak eskainiz (Hasiera, 45). Jakob (edo Israel) familia osoarekin abiatzen da Egiptorantz, 70 guztira. Bertan Josefen abegi hunkigarria jasotzen dute, faraoiak emandako lursail onenekin batera. Goseteak aurrera jarraitzen du eta gari trukean, Josefek aziendak eta lurrak eskuratzen ditu faraoiarentzat, egiptoarrak faraoiaren maizter bihurtuz. Jakob hiltzear dagoela, Egipton ez hilobiratzeko agintzen dio Josefi (Hasiera, 46-47). Hilzorian, Jakob Efraim eta Manases Josefen semeak, bere bilobak alegia, bedeinkatu eta patriarken agindua berresten du haien aurrean. Ondoren, Hasiera liburuaren azken idazketa batean txertatutako olerki batean[49], bere hamabi semeak eta ondorengo Hamabi Tribuak bedeinkatzen ditu. Hil aurretik, Abrahamen hilobian ehorzteko agindua ematen du. (Hasiera, 48-49). Faraoiari bere aita hilobiratzeko Kanaango lurraldera joateko baimena eskatuta, hara abiatzen da bere familia osoarekin batera, Jakoben gorpua baltsamatu ondoren, tokiko ohiturari jarraiki. Anaiek barkamena eskatzen diote Josefi, baina honek eginiko gaiztakeria azkenean onerako izan zela adierazten du, betiere Jainkoaren borondatea nabarmenduz. Josef hil, baltsamatu eta sarkofago batean sartzen dute, Egiptotik Agindutako Lurraldera eraman bitartean (Hasiera, 50).

Hasiera liburuaren azterketarako ikuspuntuak

aldatu

Beste edozein literatura-testu moduan, Hasiera liburua ikuspuntu sinkroniko zein diakroniko batetik azter daiteke. Azterketa sinkronikoak testuari berari begiratzen dio, batasun moduan. Ikuspuntu diakroniko batetik, berriz, testua inguruko historiarekin harremanetan jartzen da, testuaren iturrietatik hasita eta jasotako aldaketetan zehar [50].

Erreferentziak

aldatu
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. «Hasieran» da, hain zuzen, Hasiera liburuko lehen hitza. Judaismoan Bibliako liburuak lehenengo hitzekin izendatzen dira.
  3. (Gaztelaniaz) Quesnel, Michel; Grusson, Philippe. (2002). La Biblia y su cultura (I: Antiguo Testamento). Sal Terrae, 39 or..
  4. (Gaztelaniaz) Tabet, Miguel Ángel. (2004). Introducción al Antiguo Testamento: Pentateuco y libros históricos. , 61 or..
  5. (Gaztelaniaz) Tabet, Miguel Ángel. (2004). Introducción al Antiguo Testamento: Pentateuco y libros históricos. , 86 or..
  6. Masora hebreerazko hitzak tradizio esan nahi du.
  7. (Gaztelaniaz) Crítica Textual del Antiguo Testamento, El Texto Bíblico webgunean, 2010-06-13an kontsultatua.
  8. Argizagiak laugarren egunean sortzen badira ere.
  9. Zeru-lurren kreazioa, Biblia interneten webgunean, 2010-06-13an kontsultatua.
  10. (Gaztelaniaz) Quesnel, Michel; Grusson, Philippe. (2002). La Biblia y su cultura (I: Antiguo Testamento). Sal Terrae, 41-46 or..
  11. 'Adam hitzez gizona eta emakumea batera, bikote moduan, gizadia alegia, adierazten da, ordea, bostgarren kapituluan.
  12. (Gaztelaniaz) Mertens, Heinrich A.. (1989). Manual de la Biblia. , 140-141 or..
  13. Hobe esanda, jainko edo izaki zerutiarrekin parekatuzeko, hebreerazko testuan elohim hitza agertzen delako.
  14. (Gaztelaniaz) Escartín Gual, Montserrat. (2007). «Pandora y Eva: la misoginia judeo-cristiana y griega en la literatura medieval catalana y española» RLLCGV..
  15. Jainkoaren agindua hautsi - Edendik kanporatuak, Biblia interneten webgunean, 2010-06-15ean kontsultatua.
  16. (Gaztelaniaz) Tabet, Miguel Ángel. (2004). Introducción al Antiguo Testamento: Pentateuco y libros históricos. , 120 or..
  17. Interpretazio honen antzera, zenbakiei buruzko beste interpretazio anitz egin da.
  18. Horrela, mundu sortu baino lehenagoko egoerara itzultzen da, urak nahasturik zeudenean.
  19. (Gaztelaniaz) Quesnel, Michel; Grusson, Philippe. (2002). La Biblia y su cultura (I: Antiguo Testamento). Sal Terrae, 67 or..
  20. Noeren ontziaren frogarik ez dagoela kreazionismoa defendatzen dutenek ere baieztatzen dute: (Ingelesez) Habermehl, Anne. «A Review of the Search for Noah’s Ark» Proceedings of the Sixth International Conference on Creationism: 485-502..
  21. (Ingelesez) Isaak, Mark. (1998). Problems with a Global Flood. .
  22. Kaxrut arauak jarraituz gero, elikagaiak kosher edo komenigarriak izango dira.
  23. Inongo baldintzarik gabe, aurrerago Abramekin egingo duen itunean ez bezala, non herriaren fideltasuna eskatzen den.
  24. (Gaztelaniaz) Religión nacionalsocialista, NuevOrdeN webgunean, 2010-06-17an kontsultatua.
  25. (Gaztelaniaz) Altuna, Aitzol. (2006). Mitos sobre el origen del euskera. ..
  26. Tubalismo hau abertzaletasunaren jatorrian kokatzen den faktoreetako bat da. Ikus: (Gaztelaniaz) Vázquez Larrea, Iñaki. (2006). «Los orígenes del nacionalismo vasco» Revista Internacional de Ciencias Sociales y Humanidades.[Betiko hautsitako esteka].
  27. (Gaztelaniaz) Quesnel, Michel; Grusson, Philippe. (2002). La Biblia y su cultura (I: Antiguo Testamento). Sal Terrae, 79 or..
  28. Bibliako beste pasarte batzuetan ere, hirien aurkako jarrera agertzen da: Isaias, 14,21 pasartean esaterako.
  29. Itzulpena zein den bi terminoak agertzen dira. Dena den, ezagutzea sexu-harremanak izatea dela interpretatu exegeta gehienen arabera, areago kontuan harturik aurreraxeago Lotek auzolagunei bere alabak eskaintzen dizkiela aukeran.
  30. (Gaztelaniaz) Helminiak, Daniel A.. (2000). El pecado de Sodoma: inhospitalidad.. .[Betiko hautsitako esteka].
  31. Gerora, israeldarrek harreman gatazkatsuak izango dituzte herri hauekin. Agian, hortik dator euren jatorri okerra azaltzeko nahia.
  32. Berriz ere, leinuari jarraipena emateko kezka agertzen da Loten alaben erabakian.
  33. Interpretazio bi eman dira berset honi buruz: Ismaelek iseka egiten diola Isaaki edo besterik gabe berarekin jolasten ari dela.
  34. Musulmanek berset horretako izena aldatuta dagoela argudiatzen dute, ikus adibidez: (Gaztelaniaz) El Pacto y el sacrificio, Islamenlinea.com, 2010-06-19an kontsultatua. Juduek eta kristauek hamalau urteko Ismael bizkarrean eramatea harrigarria dela diote, berriz.
  35. Areago, eta mendebaldeak islam erradikalaren aurka aurrera azken urteotan daraman gerra dela eta, Hasierako 16. kapituluan Ismaeli buruz «Basastoa bezalakoa izango da, denen aurka borrokatuko da, eta denak izango ditu aurka.» adierazten dela ohartu behar da. Interpretazio erlijiosoei buruz gehiago jakiteko ikus: (Gaztelaniaz) Quesnel, Michel; Grusson, Philippe. (2002). La Biblia y su cultura (I: Antiguo Testamento). Sal Terrae, 98-99 or..
  36. Sakrifizioarako agindua betetzerakoan, Abraham Isaak sokaz lotzera solik heldu baitzen.
  37. (Gaztelaniaz) Quesnel, Michel; Grusson, Philippe. (2002). La Biblia y su cultura (I: Antiguo Testamento). Sal Terrae, 100 or..
  38. Tradizioan hamar frogako zerrenda bat osatu da: Mesopotamiatik alde egitea, Kanaango gosetea, Sara faraoiak eramatea, Lot askatzeko gerra, Agarrekin elkartzea, erdainkuntza, Abimelekek Sara eramatea, Agar bidaltzea, Ismael bidaltzea eta Akedah bera, azkenik.
  39. Abrahamen zikloko protagonisten bizitza-urteak Noeren arbasoenak baino askoz ere gutxiago dira.
  40. Noek pertsonalki, proselitismorik egin gabe, izan baitzen Jainko bakarraren jarraitzailea. Abrahamen proselitismoa erdainkuntzaren itunean islatzen da, besteak beste.
  41. (Gaztelaniaz) Vegas Montaner, Luis. (2000). «La figura de Abraham en el Midras Génesis Rabbah.» Cuadernos 'Ilu: 127-146..
  42. (Frantsesez) Ska, Rome. (2001). «Essai sur la nature et la signification du cycle d'Abraham» Studies in the book of Genesis: literature, redaction and history (André Wenin). ..
  43. Marra etenez gizonen eta emakumeen arteko loturak agertzen dira. Ondorengoak marra jarraiaz agertzen dira.
  44. (Frantsesez) De Pur y Genève, A.. (2001). «Sur le cycle de jacob: quelques réflexions, vingt-cinq ans plus tard» Studies in the book of Genesis: literature, redaction and history (André Wenin). , 216 or...
  45. (Gaztelaniaz) Ochoa, Jose. (2003). Atlas histórico de la Biblia. I:Antiguo Testamento. , 42-43 or..
  46. (Gaztelaniaz) Romero, Antonio. (1980). «El matrimonio y la familia en el Antiguo Testamento» Revista Chilena de Derecho..
  47. Horri buruz eztabaida dago. Jakoben hitzetan Jainkoa da, baina artean aingeru moduan irudikatu da.
  48. (Gaztelaniaz) Ochoa, Jose. (2003). Atlas histórico de la Biblia. I: Antiguo Testamento. , 48-49 or..
  49. (Gaztelaniaz) Mertens, Heinrich A.. (1989). Manual de la Biblia. , 187 or..
  50. (Gaztelaniaz) McClain Carr, David. (1996). Reading the fractures of Genesis: historical and literary approaches. , 6 or..

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Hasiera (Biblia)