Juri Gagarin
Juri Alekseievitx Gagarin[1] (errusieraz: Ю́рий Алексе́евич Гага́рин, /ˈjʉrʲɪj ɐlʲɪˈksʲejɪvʲɪtɕ ɡɐˈɡarʲɪn/ ahoskatua; Klushino, Gzhatsk-etik gertu, 1934ko martxoaren 9a - Novosyolovo, 1968ko martxoaren 27a) Sobietar Batasuneko kosmonauta izan zen. 1961eko apirilaren 12an, Gagarin espaziora bidaiatu zuen lehen gizakia izan zen, Vostok 1 espazio-ontziaren barnean Lurraren orbita bat osatu zuenean. Gagarinek nazioarteko ospe handia lortu zuen, eta domina eta titulu asko jaso, Sobietar Batasuneko Heroia barne, bere nazioko ohorerik handiena[2].
Gagarin Klushino herrian jaio zen, Gzhatsketik gertu (gero bere izenarekin, Gagarin, berrizendatua). Gaztetan, altzairu-galdategi batean lan egin zuen, Liúbertsi hirian. Ondoren, Sobietar Aire Armadan sartu zen pilotu gisa, eta Luostariko aire basera bidali zuten (Norvegiako mugatik gertu) Sobietar Batasuneko programa espazialerako hautatua izan aurretik, kosmonauta izateko beste bost hautagairekin batera. Espazio-hegaldi aitzindariaren ondoren, Gagarin Kosmonauten Entrenamendu Zentroko entrenamendu-zuzendari ondoko bihurtu zen; geroago, erakunde hori ere, haren ohoretan berrizendatua izan zen. Gainera, lehen, Batasuneko Sobieteko diputatu hautatu zuten 1962an, eta, ondoren, Nazionalitateen Sobietekoa, hurrenez hurren, Sobietar Batasuneko Sobiet Goreneko behe eta goi ganberak, Sobietar Batasuneko organo legegile gorena.
Vostok 1 espazio-ontziko orbita izan zen bere hegaldi bakarra, baina Soiuz 1 misiorako erreserbako tripulatzaile izendatu zuten. Misio hori istripu hilgarri batekin amaitu zen, non Vladimir Komarov haren lagun kosmonauta hil baitzen. Heroi bihurtuta eta bere bizitzarekin kezkatura, sobietar agintariek espazio hegaldi gehiago egiteko betirako debekua ezarri zioten. Hala ere, berriro hegazkinak pilotatzeko baimena eman zitzaion 1968ko otsailaren 17an Zhukovski Aire Indarraren Ingeniaritza Akademian entrenamendu ikastaro bat burutu ondoren. Azkenean, bost aste geroago, Gagarin hil zen bere hegazkin instruktorearekin gidatzen zuen MiG-15 entrenamendu ehiza egazkinak lurra jo zuenean Kirzhach herritik gertu[2].
Haurtzaroa eta gaztaroa
aldatuKluxino herrixkan jaio zen[3], Gzhatsk-etik hurbil (haren omenez, 1968an, hiriari Gagarin izena eman zioten)[4]. Aleksei Ivanovitx Gagarin eta Anna Timofeievna Gagarina gurasoek landetxe kooperatiba batean egiten zuten lan[5]. Ama liburuzale handia zen, eta esne-etxalde batez arduratzen zen; aita, berriz, zurgin aparta zen. Juri lau senideren artean, hirugarrena zen[6]. Anaia nagusia, Valentin, hamar urte zaharragoa zen, eta, Juri jaio zenean, jada gurasoak laguntzen zituen. Arreba nagusiak, 1927an jaioa, Juri eta anaia gazteena, Boris, zaindu zituen gurasoak lanean ari ziren bitartean[7][8].
Bigarren Mundu Gerran, naziek haien herrixka hartu zutenean, familiaren etxea ofizial nazi batentzako etxebizitza izan zen. Gagarindarrek 9 metro koadro inguruko buztinezko etxola bat egin zuten, eta urte bat eta 9 hilabete eman zituzten han, naziek alde egin arte[9]. 1943an, Valentin eta Zoja anaia-arreba nagusiak Poloniara erbesteratu zituzten nazientzako eskulanak egiteko, eta guda amaitutakoan itzuli ziren[10][11]. 1946ean, familia Gzhatsk hirira joan zen bizitzera, non Jurik bigarren mailako hezkuntzarekin jarraitu zuen[9].
1950ean, 16 urte zituelarik, Gagarin galdategi bateko ikasle-mutil gisa hasi zen Liúbertsiko altzairutegi batean, Moskutik gertu[10][11], ata, aldi berean, langile gazteentzako arratsaldeko eskola batean matrikulatu zen[12]. Hurrengo urtean, ikasketak emaitza apartekin bukatu zituen[12]. Gero, Saratov hiriko Industria Eskola Teknikora joan zen ikastera, non traktoreei buruzko ikasketak egin zituen[10][11][13]. Saskibaloia gustatzen zitzaion, eta eskolako entrenatzaile eta epaile izan zen. Metalgintzan aritu zen 1954 arte. Urte horretan, Saratoveko aeroklubean eman zuen izena boluntario gisa, asteburuetan, eta dirua irabazten zuen Volga ibaiko kaian[9]. Aeroklubean, hegazkin biplanoak pilotatzeko ikasketak zuen, eta, ondoren, Jak-18ak[11][13], eta badirudi urte haietan errugbia asko gustatzen zitzaiola; horregatik, gerora, Gagarin Akademian kirol hori praktikatzeko ohitura ezarri zen.
Jelena alabak esan zuen Jurik hegazkinen maitasuna Bigarren Mundu Gerran aurkitu zuela. Horri buruz, badago istorio bat ere: Dirudienez, hegazkin sobietar bat bere herri inguruan bota zuten, eta Juri eta beraren lagun bat gidariaren bila joan, eta nazien atzaparretatik ezkutatu zuten, gidariaren lagun bat, beste hegazkin batean, haren bila etorri zen arte.
Sobietar Aire Indarra
aldatu1955ean, Chkálovski Aire Armadako Pilotuen Lehen Goi Eskolan onartua izan zen, Orenburgeko hegazkintza-eskola bat[14], non Jak-18 pilotatzeko, dagoeneko ezaguna zitzaion hegazkina, prestakuntza hartu zuen, eta, 1956ko otsailean, MiG-15eko entrenamenduan graduatu zen[14]. Gagarinek bi lurreratze gorabeheratsu izan zituen instrukzioko bi plazako hegazkinarekin, eta, ondorioz, pilotuen entrenamendutik kaleratua izateko arriskuan egon zen. Hala ere, erregimentuko komandanteak beste aukera bat eman zion lurreratzeetan, eta bere hegaldi-instruktoreak kuxin bat jarri zion eserlekuan, kabinatik hobeto ikus zezan, eta, hala, ondo lurreratzea lortu zuen. Entrenamendu-aireontziko ebaluazioa amaitu ondoren[15], 1957an hasi zen bakarrik hegan egiten[10].
1957ko azaroaren 5erako, 166 ordu eta 47 minutuko hegaldia egina zuen, eta Sobietar Aire Armadako teniente izendatu zuten. Hegaldi-eskolan, hurrengo egunean graduatu zen, eta Luostariko Aire Basera bidali zuten, Norvegiako mugatik gertu, Múrmansk-eko oblastean, Iparraldeko Flotarekin bi urteko aldia egiteko[16]. 1959ko uztailaren 7an, 3. mailako pilotu militar izendatu zuten[17]. 1959ko urriaren 6an Луна 3 (Ilargia 3) espazio-zunda jaurti ondoren, espazio-esplorazioan interesatu zen, eta Babushkin teniente koronelak Sobietar Batasuneko Espazio Programarako Gagarinen gomendioa babestu, eta igorri zuen[16][18]. Ordurako, bazituen 265 orduko hegaldi denbora pilatuta[16]. 1959ko azaroaren 6an, lehen teniente mailara igo zuten[17], eta, hiru aste geroago, mediku-batzorde batek elkarrizketatu zuen espazio programarako sailkatzeko[16].
Eskolan zegoela, Moskuko Plaza Gorrira joan zen Langileen Eguna ospatzera. Han, Valentina Goriacheva ezagutu zuen, Orenburgeko Medikuntza eskolan ikasitako erizaina; Gagarinek hegalak lortu ostean ezkondu ziren, 1957an.
Sobietar espazio programa
aldatuAukeraketa eta entrenamendua
aldatuVostok Programarako Gagarinen hautaketa Sobietar Armadako Zerbitzu Medikoko Konstantin Fiodorovitx Borodin jeneral nagusiak zuzendutako Hegaldiko Batzorde Mediko Zentralak gainbegiratu zuen. Moskuko Abiazioko Ikerketa Zientifiko Zentraleko Ospitalean proba fisiko eta psikologikoak egin zizkioten. Osasun batzorde horren buru A.S. Usanov koronela zen, eta haren kide ziren Jevgeni Anatoliievitx Karpov koronela, geroago Entrenamendu Zentroko zuzendaria; Vladimir Ivanovitx Jazdovski koronela; Nikolevitx Santxuvski komandante mediko nagusia, eta Babyevitx jeneral nagusia[19]. Batzordeak 25 eta 30 urte bitarteko pilotuak bakarrik aukeratu zituen. Sergei Koroliov programako ingeniari nagusiak zehaztu zuenez, hautagaiek 72 kg baino gutxiago pisatu behar zuten, eta ez zuten 1,70 metro baino gehiago izan behar Vostok espazio-ontziaren leku mugatuan sartzeko[20][21]; Gagarinek 1,57 metro zituen[22].
Aireko Indarreko unitateek aurrez hautatutako 154 pilotuetatik, mediku militarrek 29 hautagai aukeratu zituzten kosmonauta izateko, eta, horietatik, 20 onartu zituen Sobietar Batasuneko Gobernuaren Kredentzialen Batzordeak. Lehen hamabiek, Gagarin barne, 1960ko martxoaren 7an hartu zuten onarpena; horiei, beste zortzi gehitu zitzaizkien ekainera arte emandako ondorengo zenbait agindutan[19]. Gagarin 1960ko martxoaren 15ean hasi zen entrenatzen Moskuko erdigunean dagoen Jodinka aerodromoan ariketa fisiko indartsu eta errepikakorrak eskatzen zituen entrenamendu erregimen baten pean; Aleksei Leonov-ek Olinpiar Jokoetarako prestaketaren antzeko zerbait bezala deskribatu zituen entrenamendu haiek[23]. 1960ko apirilean, Saratov oblastean, paraxutarekin jauziak egiten hasi ziren, eta bakoitzak 40-50 jauzi egin zituen, bai altuera txikian, bai handian, lehorrean zein uretan[24].
Gagarinek bere kideen faborea zuen, izan ere, eurez gain hegan egiten lehenengoetarikoa izatea gustatuko litzaiekeen hautagai baten alde anonimoki bozkatzeko eskatu zitzaienean, hiruk izan ezik beste guztiek Gagarin aukeratu zuten[25]. Hautagai horietako batek, Jevgeni Jrunovek, uste zuen Gagarin oso kontzentratuta zegoela eta, behar zenean, bere buruari eta ingurukoei asko exijitzen ziela[26]. 1960ko maiatzaren 30ean, entrenamendu azkarreko talde baterako hautatu zuten, «Abangoardiako seiak» edo «Sochiko seiak» izenez ezaguna[27]; talde horretatik, Vostok programako lehen kosmonautak aukeratuko zituzten. Taldeko beste kideak Anatoli Kartaxov, Andrian Nikolaiev, Pavel Popoluvitx, German Titov eta Valentin Varlamov izan ziren. Hala ere, Kartaxov eta Varlamov zaurituta gertatu, eta Jrunov eta Grigori Neliubovek ordezkatu zituzten[28].
Programarako aukeratutako hainbat hautagaik, Gagarinek barne, goi mailako hezkuntza titulurik ez zutenez, izena eman zuten gutun bidezko ikastaro programa batean Zhukovski Aire Indarraren Ingeniaritza Akademian. Jurik 1960ko irailean eman zuen izena programan, eta, 1968ko hasierara arte, ez zuen lortu bere espezialista diploma[29][30]. Erresistentzia fisiko eta psikologikoa frogatzeko diseinaturiko esperimentuak ere egin zizkioten, adibidez, hipoxia-probetan (oxigeno falta) kosmonautak isolatze-ganbera batean sartu zituzten airea poliki-poliki ponpatuz edo g indar zentrifugoa esperimentatuz[28][31]. Proba psikologikoetan, hautagaiak erabat isolatuta zeuden ganbera anekoiko batean sartu zituzten; Gagarin uztailaren 26tik abuztuaren 5era egon zen bertan[32][24]. 1960ko abuztuan, Sobietar Aire Armadako mediku batek honela ebaluatu zuen bere nortasuna:
« | Apala; lotsatu egiten da bere umorea garratzegia denean; Juriren garapen intelektual handia ikusten da; oroimen oso ona, bere lankideengandik bereizten da inguruarekiko arretazko zentzu zorrotz eta zabalagatik; ongi garatutako irudimen; erreakzio azkarrak, iraunkorrak, zehatz-mehatz prestatzen da bere jarduera eta entrenamendu-ariketetarako, zeruko mekanika eta matematikako formulak aise menderatzen ditu, matematika aurreratuetan nabarmenduz gainera; zuzena iruditzen bazaio, ez du bere burua mugatzen bere ikuspuntua defendatu behar duenean. Badirudi bere lagun askok baino hobeto ulertzen duela bizitza[25]. | » |
«Abangoardiako seiek» 1961eko urtarrilean jaso zuten pilotu-kosmonauta titulua, eta Nikolai Kamanin teniente jeneralak, Vostok programaren gainbegiraleak, zuzendutako sail arteko batzorde berezi batek egindako bi eguneko azterketa batean parte hartu zuten[28]. Batzordeak Vostok lehen giza misiorako prestaketaren arabera sailkatu zituen hautagaiak. Urtarrilaren 17an, M.M. Gromov Hegaldien Ikerketa Institutuko simulagailu batean proba egin zieten Vostok kapsularen tamaina errealeko erreplika baten barruan. Gagarinek, Nikolaievek, Popovitxek eta Titovek kalifikazio onak jaso zituzten probako lehen egunean, non egitekoaren faseak deskribatzeko eta, ondoren, batzordearen galderei erantzuteko eskatu baitzitzaien[26]. Bigarren egunean, idatzizko azterketa egin zieten, eta, horren ostean, batzorde bereziak Gagarin jo zuen hautagai onentzat. Gagarin eta maila goragoko hurrengo bi kosmonautak, Titov eta Neliobov, Tyuratam-era bidali zituzten azken prestaketarako[26]. Apirilaren 7an, Gagarin eta Titov aukeratu zituzten dagoeneko hegaldirako prestatuta zegoen espazio-ontzian entrenatzeko. Asif Siddiqi historialariak hauxe idatzi zuen azken hautespenari buruz:
« | Azkenean, apirilaren 8an Estatu Batzordeak egindako bileran, Kamanin zutik jarri, eta, formalki, Gagarin izendatu zuen pilotu nagusitzat eta Titov ordezkotzat. Eztabaida handirik gabe, batzordeak proposamena onartu, eta azken orduko beste auzi logistiko batzuetara pasa zen. Aireratu aurretik Gagarinek osasun arazoak izanez gero, Titovek bere lekua hartuko zuela eta Neliobov ordezko izatera pasako zela onartu zen[33]. | » |
Vostok-1
aldatuLehen mundu-bira espaziotik
aldatuLurrari, itzuli osoa egin zion espaziotik ia bi ordutan. Pojekhali! (Abia gaitezen!) esanez abiatu zen Kaspiar Itsasotik, gutxi gorabehera, mila kilometro inguru ekialdera, eguerdian (6:07 UTC, Ordu Unibertsal Koordinatuaren arabera). Siberia osoa zeharkatu zuen, eta ordu laurdenean heldu zen Kamtxatka penintsularaino. Ozeano Barean sartzerakoan, berehala aurkitu zuen gaua (6:37 UTC); ilunpean ozeano osoa ordu betean zeharkatu eta Magallaes itsasartetik pasa ondoren, egunsentia ikusi zuen (7:10 UTC). Atlantikoa beste ordu laurden batean zeharkatu, eta Angolaren kosta aldetik pasatzerakoan, abiadura moteltzeko atzeko koheteak piztu zituen. Atmosferan berriro sartzerakoan espero gabeko biraketa gogorrak gertatu ondoren, balaztatze-lana eginda lortu zuen atzeko koheteen moduluak askatzea Egipto gainean (7:35 UTC). Mediterraneo eta Kaspiar itsasoetatik pasa ondoren, Gagarinek ontzia utzi zuen eserlekutik jaurtikita (7:55 UTC) 7.000 metroko altueran. Jausgailua zabalduta, 10 minutuan lurrera heldu zen arazorik gabe (8:05 UTC). Teorian, ia abiatze-toki berera itzuli behar zen, baina, planetak ekialdera bira egiten duenez, mendebalderago lurreratu zen 40.000 km egin eta gero, Kaspiar Itsasotik ekialdera ez iparraldera baizik. Nekazari baten etxe alboan lurreratu zen: Sobietarra naiz. Telefonoz deitu behar dut Moskura, esan zien estralurtar baten iritsiera ikusi zuten lehenengoei[34].
Vostok 1 misioa izan zen Gagarinen espazio-hegalaldi bakarra, baina Sojuz 1 misiorako ordezko taldean ere egon zen gero. Misioa istripu larrian amaitu zen, eta haren lagun eta kide Vladimir Komarov kosmonauta hil zen.
Gagarinen bizitzaz beldur zirela eta, sobietar funtzionarioek betiko debekatu zioten beste espazio-hegaldirik egitea. Zhukovskiko Aire Indarraren Ingeniaritza Akademian beharrezko entrenamendua amaitu ondoren, 1968ko otsailaren 17an, hegazkin arrunt bat pilotatzen utzi zioten. Bost aste geroago hil zen MiG-15 entrenamendu-hegazkinean zebilela Vladimir Seriogin hegaldi-irakaslearen gidaritzapean. Kirzhatx hiritik gertu erori ziren.
Espazio-bidaiaren ostean
aldatuHeroi nazionala bihurtu zen. Mundu osoko aldizkariek haren argazkia eta biografia atera zuten, eta pertsonaia famatuena bilakatu zen. 1961eko apirilaren 14ean, Moskuko kaleetan 14 kilometroko ibilbidea egin zuen, ofizialekin batera, Kremlineraino. Han, hitzaldi labur baten ostean, Nikita Khrustxovek Sobietar Batasunaren Heroiaren domina eman zion. Halaber, Sobietar Batasuneko beste hiri batzuetan jende pila bildu zen.
1961eko apirilaren 15ean, Moskun, eta Sobietar Zientzia Akademiaren ofizialekin batera, prentsaren galderak erantzun zituen. Vostok 1 misioa eta hiru hilabete ondoren, Britainia Handira joan zen, Londres eta Manchesterrera. Manchesterren euri jasa ikaragarria egin zuen, baina euritakorik gabe joan zen kotxean, jende guztia ikusteko. Lehenengo lau hilabeteetan, beste herrialde hauetan ere egon zen: Brasil, Bulgaria, Kanada, Kuba, Txekoslovakia, Finlandia, Hungaria eta Islandia.
Bizitza pribatua
aldatuGagarini izugarri gustatzen zitzaion kirola: izotz-hockeyan jokatzen zuen atezain gisa; saskibaloi zalea zen, eta kirol horretako arbitro izateaz gain, taldeko entrenatzaile izan zen Saratoveko Industria Eskola Teknikoan.
1957an, hegazkin eskolan kadete zela, Moskuko Plaza Gorrian Valentina Goriácheva[35], Orenburgeko Medikuntza Eskolan graduatutako medikuntza-teknikari bat[11][13][36], ezagutu zuen Maiatzaren Lehenaren ospakizunetan; urte hartako azaroaren 7an ezkondu zen[11], Gagarin bere hegaldi-eskolan graduatu zen egun berean. Bi alaba izan zituzten[37][38]: Elena Jurievna Gagarina, 1959an jaioa[38], artearen historialaria eta Moskuko Kremlineko museoen zuzendari nagusi gisa lan egin du 2001etik[39][40], eta Galina Jurievna Gagarina, 1961ean jaioa[38], Moskuko Errusiako Plejanov Ekonomia Unibertsitatean ekonomia irakasle eta departamentu burua[39][41]. 1961eko irailean, Gagarin ospetsu bihurtu ondoren, bere emazteak aurkitu zuen Itsaso Beltzeko turismo zentro batean nabigazio istripu baten ondoren zaindu zuen erizain batekin harremanak izaten ari zela. Gagarin leiho batetik ihes egiten saiatu zen, eta bigarren solairuko balkoi batetik salto egin zuen, baina aurpegian min hartu zuen, eta ezkerreko bekainean orbain iraunkor bat geratu zitzaion[10][13].
Iturri batzuen arabera, Gagarinek bere hegaldian esan omen zuen: «Ez dut Jainkoa ikusten hemen goian», nahiz eta hitz horiek ez diren agertzen espazio hegaldian Lurreko estazioekin izandako elkarrizketen erregistro literalean[2][42]. 2006ko elkarrizketa batean, Valentin Petrov koronelak, kosmonautaren lagunak, adierazi zuen hark ez zituela inoiz hitz horiek esan eta aipua sortu zela Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren osoko bilkuran, estatuaren erlijioaren aurkako kanpainari buruzkoa Nikita Krustxovek esan zuenean Gagarinek espaziora hegan egin zuela baina han ez zuela Jainkorik ikusi[43][2]. Petrovek aipatu zuen, halaber, pilotua umetan Errusiako Eliza ortodoxoan bataiatu zutela; 2011n, berriz, Foma aldizkariko artikulu batean, Izarren Hiriko Eliza ortodoxoko errektorearen hitz batzuk aipatu ziren: «Gagarinek bere alaba nagusia, Elena, espazio-hegaldia baino lehentxeago bataiatu zuen; bere familiak Gabonak eta Pazkoak ospatu ohi zituen, eta etxean ikonoak zituzten»[44][2].
Heriotzaren inguruabarrak
aldatuHeriotzaren inguruabarrak sekretuak izan ziren lehen unetik. Hiru ikerketa egin ziren: bata, KGB inteligentzia agentziak egina; bestea, Gobernuko Ofizialen Batzordeak; eta, azkena, Aireko Indarrak. Gagarinen biografia idatzi zuten Jamie Doranek eta Piers Bizonyk esan zuten KGBk beste bi ikerketen kontra jo zuela. Liburuaren izenburua honako hau da: Izarretako gizona: egia Juri Gagarin kondairaren atzean.
KGBren txostena 2003ko martxoan desklasifikatu zen. Txostenean, argi geratzen da eguraldia txarrera aldatu zela, eta, gainera, fuel deposituak hegazkinera itsatsita utzi zituzten, eta bi gauzak eragina izan zutela dio hark. Hala ere, lau urte geroago, beste ikerketa bat egiteko asmoa izan zen, baina Kremlinak ez zuen ikerketa berria baimendu.
2011ko apirilean, beste dokumentu batzuk desklasifikatu ziren, eta, haietan esaten da maniobra kritiko bat egin zutela.
Monumentuak, muralak eta estatuak
aldatuHaren omenezko monumentuak errusiar hiriotan daude: Orenburg, Txeboksary, Irkutsk, Izhevsk, Komsomolsk-na-Amure eta Joxkar Ola. Orobat, Errusiatik kanpoko hiriotan daude: Duzkivska (Ukraina), Nikosia (Zipre), Karagandy (Kazakhstan) eta Tiraspol (Moldavia). 1980ko ekainaren 4an, Moskun, haren omenezko estatua paratu zuten Gagarin enparantzan: 38 metro luze da, eta titanioz eginda dago. Atzealdean, itzultzeko erabili zuen moduluaren erreplika dago.
2011n, estatua bat jarri zuten Admiralty archen, Londresen. Estatua James Cook kapitainaren aurrean zegoen, baina, 2013an, Greenwich-era mugitu zuten.
2008ko apirilean, Belgraden estatua bat jarri zioten. Lan horrek polemika ikaragarria sortu zuen artistak haren burua oso txikia egin zuelako, eta Goran Vesic-ek esan zuen, ez hiriak, ez Serbiako Kultura Ministerioak, ez eta lana ordaindu zuen fundazioak ere, ez zekitela diseinuaren neurriak aurretik.
2019ko abuztuan, Jorit artista italiarrak haren aurpegia margotu zuen Odintsovo-ko distrituan, Errusian. Haren omenezko munduko mural handiena da.
50. urteurrena
aldatu2011n, munduak haren bidaia omendu zuen. Lehenengo orbita filma egin zen, eta Nazioarteko Espazio Estaziotik bidali zuten. Filma egiteko, bidaiaren ibilbidea eta soinu grabaketak erabili ziren. Han ziren 27. espedizioko errusiar, italiar eta estatubatuar eskifaiek, Gagarinen irudiko elastikoak jantzirik, bideo bat grabatu zuten. Grabaketan, Juriren zorion gaua ospatzeko mezua bidali zioten munduari.
Errusiako Banku Zentralak urrezko eta zilarrezko txanponak egin zituen urteurrenaren omenez, eta Soiuz TMA-21 espazio-ontzia Gagarin izendatu zuten 2011ko apirilean, 50 urte egiten zituenean.
Ukrainak zigilu bat atera zuen haren aurpegia eta Lurra erakusten.
Galeria
aldatu-
1964
-
1976
-
1981
-
2001
-
2001
-
2009
-
2001
-
2011
-
2011
-
2011
Erreferentziak
aldatu- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ a b c d e «Gagarin, en el espacio, nunca dijo: «No veo a Dios aquí»... habló de su fe con el coronel Petrov» Religión en libertad 2014-05-02.
- ↑ Hall, Shayler & Vis 2007, 332 orr. .
- ↑ French 2010, 270 orr. .
- ↑ Tito, Dennis. (2006-11-13). «Yuri Gagarin» Time Europe jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-03-26).
- ↑ Burgess & Hall 2009, 41–42 orr. .
- ↑ Doran & Bizony 2011, 11–12 orr. .
- ↑ Burgess & Hall 2009, 42 orr. .
- ↑ a b c Moskvitch, Katia. (2011-04-03). «Yuri Gagarin's Klushino: forgotten home of space legend» BBC News jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-04-04) (kontsulta data: 2011-04-04).
- ↑ a b c d e Rodgers, Paul. (2011-04-03). «Yuri Gagarin: the man who fell to Earth» The Independent jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-04-04).
- ↑ a b c d e f Bizony, Piers. (2011-03-14). «First man of Space – the flight and plight of Yuri Gagarin» Engineering & Technology 6 (3) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-03-26).
- ↑ a b «Yury Gagarin: Biography» RIA Novosti 2011-03-30 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-05-23).
- ↑ a b c d Rincon, Paul; Moskvitch, Katia. (2011-04-04). «Profile: Yuri Gagarin» BBC News jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-04-21) (kontsulta data: 2018-06-20).
- ↑ a b Burgess & Hall 2009, 43 orr. .
- ↑ Burgess & Hall 2009, 43–44 orr. .
- ↑ a b c d Burgess & Hall 2009, 45 orr. .
- ↑ a b «Юрий Алексеевич Гагарин» Astronaut.ru jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-06-22) (kontsulta data: 2019-04-02).
- ↑ Lindsay 2013, 42 orr. .
- ↑ a b Hall, Shayler & Vis 2007, 120 orr. .
- ↑ Siddiqi 2000, 244 orr. .
- ↑ Norberg 2013, 16 orr. .
- ↑ Impey 2015, 51 orr. .
- ↑ Hall, Shayler & Vis 2007, 121 orr. .
- ↑ a b Siddiqi 2000, 248 orr. .
- ↑ a b Siddiqi 2000, 262 orr. .
- ↑ a b c Siddiqi 2000, 261 orr. .
- ↑ Cavallaro 2018, 96 orr. .
- ↑ a b c Hall, Shayler & Vis 2007, 122 orr. .
- ↑ Hall, Shayler & Vis 2007, 135 orr. .
- ↑ Lebedev, Vitaliy. (2011-08). «Диплом гагарина» New Defence Order Strategy 16 (4): 117–118. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-01-22) (kontsulta data: 2019-06-13).
- ↑ Doran & Bizony 2011, 34–38 orr. .
- ↑ Hall, Shayler & Vis 2007, 77 orr. .
- ↑ Siddiqi 2000, 271-272 orr. .
- ↑ Gonzalez, Galder. (2015-09-01). «Leku Urrunen Atlasa: Juri Gagarinen hiru toki urrunak • ZUZEU» ZUZEU (kontsulta data: 2020-04-10).
- ↑ Burgess & Hall 2009, 44 orr. .
- ↑ Jenks 2012b, 75 orr. .
- ↑ Rosenberg, Jennifer. (2019-05-15). «Biography of Yuri Gagarin, first man in space» ThoughtCo jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-06-11) (kontsulta data: 2019-06-11).
- ↑ a b c The First Man in Space. New York: Crosscurrents Press 1961, 79 or. OCLC .220499322 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-06-11) (kontsulta data: 2018-06-22).
- ↑ a b Abel, Allen. (2011-05). «The family he left behind» Air & Space jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-05-12) (kontsulta data: 2013-03-26).
- ↑ «Gagarin in his daughter's words» Euronews.net 2011-04-12 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-04-15) (kontsulta data: 2012-04-27).
- ↑ «8 – 9 апреля заведующая кафедрой национальной и региональной экономики, проф. Г.Ю. Гагарина посетила г. Самару, где проходили праздничные мероприятия, посвященные 50-летию полета Ю.А. Гагарина в космос» Plekhanov Russian University of Economics 2011-04-11 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-04-17) (kontsulta data: 2012-04-27).
- ↑ «Полная стенограмма переговоров Юрия Гагарина с Землей с момента его посадки в корабль (за два часа до старта) до выхода корабля "Востока-1" из зоны радиоприема» Cosmoworld.ru jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-03-20) (kontsulta data: 2008-03-30).
- ↑ «I am proud to be accused of having introduced Yury Gagarin to Orthodoxy» Interfax-religion.com 2006-04-12 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-05-21) (kontsulta data: 2008-03-30).
- ↑ «Gagarin's family celebrated Easter and Christmas, Korolev used to pray and confess» Interfax-religion.com 2011-04-11 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-05-21).
Bibliografia
aldatu- Angelo, Joseph A.. (2014-06-14). Human Spaceflight. New York: Infobase Publishing ISBN 978-1-4381-0891-9..
- Aldrin, Buzz; McConnell, Malcolm. (1989). Men From Earth. New York: Bantam ISBN 0-553-05374-4..
- Cavallaro, Umberto. (2018-10-05). The Race to the Moon Chronicled in Stamps, Postcards, and Postmarks: A Story of Puffery vs. the Pragmatic. Chichester, UK: Praxis Publishing ISBN 978-3-319-92153-2..
- Burgess, Colin; Hall, Rex. (2009). The First Soviet Cosmonaut Team. Chichester, UK: Praxis Publishing ISBN 978-0-387-84824-2..
- Doran, Jamie; Bizony, Piers. (2011). Starman: The Truth Behind the Legend of Yuri Gagarin. (50. urteurrena. argitaraldia) London: Bloomsbury ISBN 978-1-4088-1554-0..
- Dushenko, Konstantin. (2019). Большой словарь цитат и крылатых выражений. [Large dictionary of quotes and catchphrases] LitRes ISBN 978-5-457-02195-2. (kontsulta data: 2015-01-26).
- Evans, Ben. (2010-04-02). Escaping the Bonds of Earth: The Fifties and the Sixties. Chichester, UK: Praxis Publishing ISBN 978-0-387-79093-0. Bibcode: 2009ebe..book.....E..
- French, Francis; Burgess, Colin. (2009-09-01). Into That Silent Sea: Trailblazers of the Space Era, 1961–1965. Lincoln, Nebraska: University of Nebraska Press ISBN 978-0-8032-2639-5..
- French, Francis. (2010). «Yuri Gagarin: the first person into space (1934–1968)» in Hanbury-Tenison, Robin The Great Explorers. London: Thames & Hudson ISBN 978-0-500-25169-0..
- Gagarin, Yuri; Denisova, N.; Borzenko, S.. (1961). «Среда, 12 апреля» in Kamanin, Nikolai Дорога в космос. [Road to Space] Moscow: Pravda jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-03-15) (kontsulta data: 2008-03-30).
- Gavrilin, Vi︠a︡cheslav Mikhailovich. (1973). Sportsmen of the Soviet Army. Moscow: Novosti Press Agency OCLC .23374154.
- Gerovitch, Slava. (2011). «The human inside a propaganda machine» in Andrews, James T. Into the Cosmos: Space Exploration and Soviet Culture. Pittsburgh, Pennsylvania: University of Pittsburgh Press ISBN 978-0-8229-7746-9..
- Gerovitch, Slava. (201-07-24). Soviet Space Mythologies: Public Images, Private Memories, and the Making of a Cultural Identity. Pittsburgh, Pennsylvania: University of Pittsburgh Press ISBN 978-0-8229-8096-4..
- Hall, Rex; Shayler, David. (2001-05). The Rocket Men: Vostok & Voskhod. The First Soviet Manned Spaceflights. Chichester, UK: Praxis Publishing ISBN 978-1-85233-391-1..
- Hall, Rex D.; Shayler, David J.; Vis, Bert. (2007). Russia's Cosmonauts: Inside the Yuri Gagarin Training Center. Chichester, UK: Praxis Publishing ISBN 978-0-387-73975-5..
- Impey, Chris. (2015-04-13). Beyond: Our Future in Space. New York: W. W. Norton & Company ISBN 978-0-393-24664-3. OCLC .946968696.
- Jenks, Andrew. (2011). «The sincere deceiver: Yuri Gagarin and the search for a higher truth» in Andrews, James T. Into the Cosmos: Space Exploration and Soviet Culture. Pittsburgh, Pennsylvania: University of Pittsburgh Press, 107–132 or. ISBN 978-0-8229-7746-9..
- Jenks, Andrew. (2012a). «Conquering space: the cult of Yuri Gagarin» Soviet and Post-Soviet Identities. Cambridge: Cambridge University Press, 129–150 or. ISBN 978-1-107-01117-5..
- Jenks, Andrew L.. (2012b). The Cosmonaut Who Couldn't Stop Smiling: The Life and Legend of Yuri Gagarin. DeKalb, Illinois: Northern Illinois University Press ISBN 978-0-87580-447-7..
- Leonov, Alexei; Scott, David. (2004). Two Sides of the Moon. Nueva York: Thomas Dunne Books ISBN 978-0-312-30866-7. OCLC .56587777.
- Lindsay, Hamish. (2013-11-11). Tracking Apollo to the Moon. London: Springer ISBN 978-1-4471-0255-7..
- Louis, Victor E; Louis, Jennifer M.. (1980). Sport in the Soviet Union. Oxford: Pergamon ISBN 0-08-024506-4..
- Norberg, Carol. (2013-11-18). Human Spaceflight and Exploration. Chichester, UK: Praxis Publishing ISBN 978-3-642-23725-6..
- Pervushin, Аnton. (2011). «6.2 Он сказал "Поехали!"» 108 минут, изменившие мир: вся правда о полете Юрия Гагарина. [108 minutes that changed the world: the whole truth about the flight of Yuri Gagarin] Moscow: Eksmo ISBN 9785457022300..
- Pervushin, Anton. (2011). «7.1 Гражданин мира» 108 минут, изменившие мир: вся правда о полете Юрия Гагарина. Moscow: Eksmo ISBN 9785457022300..
- [Esteka hautsia]
- Polmar, Norman; Breyer, Siegfried. (1984). Guide to the Soviet Navy. (3. ed.. argitaraldia) Annapolis: Naval Institute Press ISBN 978-0-87021-239-0. OCLC .317097201.
- Sheldon, Charles. (2013-05-18). Histories of the Soviet / Russian Space Program. 1 Progressive Management Publications ISBN 978-1-5496-9658-9. OCLC .1019250543.
- Siddiqi, Asif A. (2000). Challenge to Apollo: The Soviet Union and the Space Race, 1945–1974. Washington, DC: NASA SP-2000-4408 ISBN 978-1-78039-301-8. OCLC .48909645. Part 1 (pages 1–499), Part 2 (pages 500–1011).
Kanpo estekak
aldatu- Juri Gagarin. Sebastian Gartzia Trujillo Erlea aldizkaria, 12. alea. Euskaltzaindia