Frantxia Haltzuet

Comète sarearen laguntzailea

Frantziska Romana Haltzuet Altzate, edo Frantxia Usandizaga ezkon-deituraz, (Bera, 1908Ravensbrück, 1945) Comète sarearen laguntzaile nagusietako bat izan zen. Naziek okupatutako Europako herrialdeetatik hegazkin pilotu aliatuak ateratzeko azken urratsa izan zen Urruñako bere baserria, Bidegain Berri. Bertan atxilotu zuen Gestapok, 1943an. Bi urte geroago hil zen, Ravensbrückeko kontzentrazio esparruan.

Frantxia Haltzuet

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFrantxia Usandizaga
JaiotzaBera1908ko abuztuaren 29a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza1945eko apirilaren 12a (36 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: Jipoia
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
gaztelania
Jarduerak
Jardueraknekazaria eta Erresistentziaren kidea
KidetzaComète sarea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

Jatorria

aldatu

Frantxia Haltzuet Beran (Nafarroa Garaia) jaio zen, 1908ko abuztuaren 29an. Ama Juana Bizenta Altzate Martikorena zuen, beratarra; aita, Mixel Haltzuet, berriz, urruñarra.[1]

Ez dago daturik haurtzaroaz eta gaztaroaz, baina, itxura guztien arabera, aitaren jaioterrian igaroko zituen.[oh 1]

Ezkondu, alargundu

aldatu
 
Frantxia Haltzuet, senarrarekin eta bi seme-alabekin.

Philippe Usandizagarekin ezkondu zen, 1930eko maiatzaren 7an. Frantziako Errepublikako usadioaren arabera, senarraren abizena hartu zuen; horregatik, iturri askotan Frantxia Usandizaga (edo, guztiz frantsestuta, Françoise Usandizaga) izenaz agertzen da.[oh 2] Urruñako Bidegain Berri baserrian[2] bizi izan ziren, hiru seme-alabekin batera. Senarra hil zenean, 1939ko abuztuan, Juan Larburu hernaniarra hartu zuen morroi.

Comète sarean

aldatu

Azken urratsa Frantzia okupatuan

aldatu
 
Comète sarearen ihesbidea, gorriz.

Larburu Urruñan bizi zen, Espainiako Gerra Zibilaren ostean erbesteratuta; beraren arreba bat Florentino Goikoetxea Comète sareko hernaniar mugalariaren anaiarekin ezkonduta zegoen.[3]

Bidegain Berri baserria puntu estrategiko batean zegoen kokatuta, herrigunetik urrun, mendi bidez Frantziaren eta Espainiaren arteko mugara iristeko leku ezin hobean. Belgikan edo Frantzian erreskatatutako hegazkin pilotu aliatuak lurralde okupatuetatik ateratzeko azken urratsa zen baserria. Handik, Larburuk, Florentino Goikoetxeak eta beste mugalari batzuk mendiz eramaten zituzten Oiartzuneraino. Handik aurrera, Errenteriatik trenez iristen ziren Donostiara eta Bilbora.[4]

Atxilotzea

aldatu

Frantxia Haltzuet 1943ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuten Gestapoko soldaduek, etxean. Berarekin batera preso hartu zituzten Juan Larburu, Andrée de Jongh «Dédée» Comète sareko burua, eta Royal Air Forceko hiru britainiar pilotu: William G J Greaves, Stanley Forster Hope eta Percy George Edward Ross.[5]

Dirudienez, aldameneko baserriko morroiak salatu zuen, alemanek ordainsari handi bat agindua baitzuten, pilotu aliatu bakoitzeko.[6] Tomasenea[7] baserriko morroi lanetan aritzen zen Donato Errasti Egigurenek egin zuen salaketa. Errasti Aizarnan (Zestoa) jaioa zen, 1910eko otsailaren 17an. Aurrez, Bidegain Berri baserrian bertan lanean aritua zen, baita Comète sarearen pasaldi batzuetan ere. Andrée de Jonghek zioenez, 50.000 libera jaso zituen atxilotutako pilotu bakoitzeko. Liberazioan, Errasti jaioterrira itzuli zen; bertan ezkondu zen Maria Iraola bidaniarrarekin, 1965eko maiatzean. 1983ko urtarrilaren 23an hil zen.[8] Aizarnako Trukuman baserrian[9] bizi izan zen. Bertsotan edo koplak jartzen ibili zen,[10][11][12] baita harri jasotze apustuetan ere.[13] Bi jarduera horietan baserriaren izengoitia hartu zuen, Trukuman.

Kontzentrazio esparruetan

aldatu

Romainville, lehenik, Ravensbrück gero

aldatu

Atxilotu zutenean, Frantxia Haltzueten hiru seme-alabak Pourtau ezkon-izeneko izebak jaso zituen.[14]

Lehenik, Les Lilas herriko Romainvilleko gotorlekura[oh 3] eraman zuten Haltzuet. Handik, 1943ko abuztuaren 29an, tren konboi batean eraman zuten, beste atxilotu ugarirekin batera, Ravensbrückeko kontzentrazio esparrura. Hiru egun luzeko bidaia egin zuten, abelburuak garraiatzeko bagoietan, urik eta janaririk gabe; irailaren 2an iritsi ziren esparrura.[15][16][17]

 
Frantxia Haltzueten erregistroa, Ravensbrücken.

Behartutako lanak, heriotza

aldatu

Esparrura iritsi orduko, 22463 erregistro zenbakia emanda,[15] behartutako lanak egitera eraman zuten Neubrandenburgera, hegazkin lantegi batera.[18] Han hil zen, 1945eko apirilaren 12an, esparruko kapo batek emandako jipoi baten ondorioz, Sobietar Batasuneko armadako soldaduek esparrua liberatu baino egun batzuk lehenago.[19] Hilobi komun batean lurperatu zuten; gaur egun, oroigarri bat dago hilobi haren lekuan.[20]

Oroimena eta aitorpenak

aldatu

Urruña

aldatu
 
Gerran hildakoen oroimen monumentua Urruñan.

Frantxia Haltzueten izena ez zegoen Urruñako San Bixintxo elizaren ondoko plazatxoan, gerlatan hildako herritarren oroigarriz dagoen monumentuaren idazkunetan.[21] Les amis du réseau Comète[5] elkarteak eskatuta ezarri zuten haren izena, Juan Larburu eta beste birenarekin batera, monumentuaren oinean hilarri batean, «deportés internés patriotes 1939-1945» izenburuaz.[22]

Frantziako Errepublika

aldatu

Frantziako Errepublikak 2001eko martxoaren 29an emandako ebazpen baten bitartez, «deportazioan hila» zela aitortu zion Frantxia Haltzueti.[23]

The last passage filma

aldatu

Enara Goikotxea eta Iurre Telleria zinemagileek The last pasage (Azken bidaia) dokumentala egin zuten, 2011n, Comète sarearen historiaz.[24] Filmaren abiapuntua da, hain zuzen ere, Frantxia Haltzuet eta gainerakoak Bidegain berri baserrian atxilotu zituzten operazioa.[25]

Filmak Joxan Goikoetxearen musika du.[26] Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zen, 2011ko edizioan, Zinemira-Estreinaldiak sailaren barruan.[27]

Oharrak

aldatu
  1. Gogoan izan behar da Frantxia Haltzuet Urruñan ezkondu zela eta bertan gelditu zela bizi izaten alargundu eta gero.
  2. Izen-deitura desberdinen eraginez, zerrenda edo iturri batzuetatik ondorioztatu daiteke bi Frantziska egon zirela, heriotza berdina izandakoak. Ikus Parquedelamemoria.org.
  3. Gotorleku hau 1848an eraiki zuten. Bigarren Mundu Gerran, 1940ko urritik aurrera atxilotze zentro bat izan zen. Compiègnerekin batera, presoak nazien kontzentrazio esparruetara deportatzeko esparru nagusi bat izan zen. Ikus Fort de Romainville.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Ravensbrück, Amical. «Frantxia Halzuet Alzate» Amical Ravensbruck (Noiz kontsultatua: 2022-02-27).
  2. «Bidegain Berria - OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-27).
  3. Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 22. or.
  4. Ikus Jiménez de Aberásturi (1997), 121-131 or.
  5. a b Ikus Le réseau Comète Sud au Pays Basque 1941-1944, Les amis du réseau Comète.
  6. Ikus Sarah Timperman (2021) «Femmes résistantes : les oubliées de l'Histoire ?» in Mémoires d'Auschwitz ASBL.
  7. Tomasenea - OpenStreetMap. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  8. Ikus Jiménez de Aberásturi (2011), 553. or.
  9. «Trukuman baserria - OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  10. «Aizarna.com :: Bertsolaritza Aizarnan» aizarna.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  11. «Donato Errasti "Trukuman"» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  12. Ikus Xabier Unanue (2011) Santa Ageda koplak Zestoan. Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia. ISBN 978-84-7907-677-1. 19. or.
  13. «Gipuzkoako Herri Kirolak» www.herrikirolakgipuzkoa.eu (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  14. (Frantsesez) «Le Réseau Comete ( suite ) - Histoires de Hendaye» hendayebidassoa.canalblog.com 2013-08-12 (Noiz kontsultatua: 2022-02-27).
  15. a b Ikus Ana García Santamaría (2016) «Republicanos de Navarra, Gipuzkoa, Álava y Bizkaia en campos de concentración nazis: los olvidados» in Antzinako. ISSN 1887-0554. 15. or.
  16. Ikus Askoren artean (2004) Livre-mémorial..., lehen liburukia, 309. or.
  17. Ikus Benito Bermejo eta Sandra Checa (2006), 449. or.
  18. «Transport parti de Paris le 29 août 1943 (I.126.)» www.bddm.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-27).
  19. Ikus Ravensbrückeko esparruaren liberazioa.
  20. (Frantsesez) Aguerre, Dominique. (2014-04-29). «Les amis du réseau Comète: 4. Passages du Pays Basque intérieur - Crossings via the inland Pays Basque» Les amis du réseau Comète (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  21. «Monument à Urrugne | Les monuments aux morts» monumentsmorts.univ-lille.fr (Noiz kontsultatua: 2022-02-27).
  22. Ikus «Urruñarrek gerlan hil herritarrei».
  23. Ikus Arrêté du 29 mars 2001 portant apposition de la mention « Mort en déportation » sur les actes et jugements déclaratifs de décès. Journal officiel de la République Française, 2001eko ekainak 23. 10017. or.
  24. (Ingelesez) The Last Passage (2011) - IMDb. (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  25. Arbelbide, Nora. ««II. Mundu Gerra ez zela hain urruti egon erakustea da asmoa»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  26. «Azken bidaia (2011) - Enara Goikoetxea, Iurre Telleria» Euskal Encodings (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).
  27. «The last passage (Azken bidaia), Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2022-02-28).

Bibliografia

aldatu
  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (1997) «La red "Comète" en el País Vasco» in Oihenart, 14. zk., 121-131 or. Eusko Ikaskuntza. ISSN 1137-4454.
  • Ferran Sánchez Agustí (2003) Espías, contrabando, maquis y evasión: La II Guerra Mundial en los Pirineos (Biblioteca de los Pirineos). Barcelona, Milenio Publicaciones. ISBN 978-8497430715.
  • Askoren artean (2004) Livre-mémorial des déportés de France arrêtés par mesure de répression et dans certains cas per mesure de persécution 1940-1945. Paris, Édicions Tirésias.  ISBN 978-2915293050.
  • Benito Bermejo eta Sandra Checa (2006). Españoles deportados a los campos nazis (1940-1945). Madril, Ministerio de Cultura.  ISBN 978-8481812909.
  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (2006) Askatasunaren bidea. Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk nazismoaren aurkako borrokan Bigarren Mundu Gerran. Hernani, Udal Artxiboa. ISBN 978-84-934193-3-8.
  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (2011) «La red "Comète" en el País Vasco: la frontera hacia la libertad en la Segunda Guerra Mundial» in Revista Internacional de Estudios Vascos, 56.2 zk., 520.572. or. ISSN 0212-7016.
  • Ana García Santamaría (2016) «Republicanos de Navarra, Gipuzkoa, Álava y Bizkaia en campos de concentración nazis: los olvidados» in Antzinako. ISSN 1887-0554.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu