Kopla zaharrak ahozko euskal literaturako moldea da, bertso berrietatik bereizteko hala izendatzen dena. Kopla zaharrak erabiltzen dira, batez ere, eskeko ibilaldi gauezkoetan (Eguberri, Urteberri, Santa Ageda, Inauteri, San Juanetan). Gaur egun kopla asko eta asko buruz kantatzen badira ere, lehen aldiz kantatu zirenean, bat-batean sortuak izan ziren seguruenik.

Diskurtso poetikoaren antolakuntzari dagokionez, badira desberdintasunak bertso berrien aldean. Kopla zaharretan pentsamendua ibiltariagoa da, berez, eta antolakuntza zatikakoagoa; koplatik koplarako lotura etenagoa da, beraz. Eten hori ez da kopla artekoa bakarrik, ez bada kopla barrukoa ere, lehenengo eta bigarren zatiaren artean. Kopla bakoitzak lau bertso-lerro ditu, oro har, eta bigarrenaren azkenak edo puntuak eta laugarrenarenak bat datoz erriman. Lehen bi lerroek ideia poetiko bat azaltzen dute, izaditik hartua, maiz; eta azken biek, berriz, xelebrekeriaren bat era prosaikoago batean azaldua. Koplaren esanahia bera, azken bi lerroetan dator, eta lehen zatiaren funtzioa bigarrena indartzea da, kontraste baten bidez, itxuraz zerikusi zuzenik ez badu ere bigarrenarekin. Hortik, sarri, lotura falta hori; itxuraz soilik, ordea, zeren loturaren bat izaten baita.

Kopla zaharrak beste zenbait generotan agertzen dira, nahiz baladetan (Bereterretxen khantorian, adibidez), nahiz kantu lirikoetan (Eijerra zira maitia kantuan, adibidez). Gizarte-ospakizunetan leku handia bete izan dute; kopla oraindik ere bizirik dago eske-bertsoetan, eta trikitiko kantuetan ere kopla izan ohi da egiturarik erabiliena. Trikiti-koplak gehienetan lehen zati sinbolikoa galdu egiten du eta bertsolaritzaren eredura hurbiltzen da; gainera, bihurkarien teknika gehitzen zaio, eta teknika hori da trikitiaren ezaugarririk nabariena; erantzun eitea hartzen du, eta ironia, umorea eta zipoa izan ohi dira trikitiko koplen ezaugarri nagusiak.

Ezaugarriak aldatu

Kopla bakoitza lau bertsolerrok osatzen duten ahalpia da, zeinaren edukia bi zatitan banatua dagoen.

Lehen zatia, atal sinbolikoa eta poetikoa da, zeinak izadiari edota naturari buruzko erreferentziak egiten dituen. Atal estetikoa edota poetikoa da, nahiz eta ez dituen hitz arrotzak erabiltzen, hizkuntza herrikoia baizik. Maiz, lehen zati honen edukiak ez du zerikusirik izaten bigarren zatian esango denarekin, bere funtzio nagusia, esango den horrekin nolabaiteko kontrastea sortzea izan ohi delarik. Hori dela eta, askotan bi atalen artean inkoherentzia sumatu ohi da. [1]

Honakoak izan ohi dira aipatzen diren elementu eta hitzak:

  • Loreak eta fruituak: arrosa, elorria, klabelina...
  • Zuhaitzak eta landareak: haritza, pagoa, intxaurrondoa...
  • Hegaztiak eta animaliak: eperra, usoa, zaldia...
  • Lurrarekin zerikusia dutenak: eguzkia, izarrak itsasoa...
  • Bestelakoak: urrea, harriak, bitxiak...

Zati honetan elipsia nagusitzen da, aditzena batez ere, bizkortasuna eta iradokitzaile izatea bilatzen duelarik.[2]

Bigarren zatia, epifonema bat izan ohi da; gaiarekin zerikusia duen mezua agertzen duen atala, lehena baino nahitakoago izaten da, normalean amodioa, eskakizunak, ospakizunak edota agurrak izan ohi direlarik ideia nagusiak. Hizkera ere, ez da lehen zatikoa bezain estetikoa, hizkuntza herrikoi eta baldarragoa erabiltzen duelarik askotan

Aditzari dagokionez, indikatiboan edo subjuntiboan agertzen dira gehienetan.

Metrika aldatu

Kopla zaharrek 4 lerro dituzten normalean: lehen biak 8 silabakoak eta errimadunak izan ohi dira, hirugarrena, 10 silabakoa eta errimarik gabea, eta laugarren lerroa, 8 silabakoa eta errimaduna berriro ere → 8A, 8A, 10B, 8A.

Antologia[3] aldatu

  • Lelo
  • Zeanuriko kopla zaharrak
  • Neure laztanak yaten deu

Erreferentziak aldatu

  1. «KOPLA ZAARRAK - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-23).
  2. Ezaugarriak – Ahozko euskal literatura. (Noiz kontsultatua: 2019-10-23).
  3. Paya, Xabier. (2013). Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. Etxepare, 78 or. ISBN 978-84-695-6692-3..

Kanpo estekak aldatu