Ireki menu nagusia

Marcelino Bilbao Bilbao (Alonsotegi, 1920ko urtarrilaren 16a - Châtellerault, 2014ko urtarrilaren 25a) Euzko Gudarostearen eta CNTren Isaac Puente batailoiako tenientea izan zen, beranduago Mauthausen eta Ebensee kontzentrazio esparru nazietatik bizirik irtendakoa.

Marcelino Bilbao
Bizitza
Jaiotza Bilbo1920ko urtarrilaren  16a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Poitiers2014ko urtarrilaren  25a (94 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak gudaria
Zerbitzu militarra
Adar militarra Isaac Puente Batailoia
Gradua teniente
Parte hartutako gatazkak Espainiako Gerra Zibila

BiografiaAldatu

Umezurtza jaiotzez, hamabi urte zituelarik utzi zuen eskola. Barakaldoko Kastrexana auzoan zegoen "La Primitiva" meategian hasi zen lanean eta handik "Rica" izeneko lantegira pasa zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian Juventudes Socialistas Unificadaseko (JSU) kide izan bazen ere, Espainiako Gerra Zibila hastean Isaac Puente batailoian sartu zen,[1] Euzko Gudarostearen 11º batailoia eta Euzkadiko CNTren 3º.

1936ko azaroan Legutioko guduan parte hartu zuen. 1937ko otsail eta martxoan Marcelino Asturiasen izan zen, Oviedoko setioan. Molak Gipuzkoatik erasoa jo ondoren, Gipuzkoako frontearen atzeraldian Gernikako bonbardaketa ikusi eta Sollubeko guduan parte hartu zuen. Bilbo galtzean lehenik Santanderra eta ondoren Asturiasera joan zen, Mazucoko guduan parte hartu zuelarik. Gudu honetan batailoi osoari Askatasunaren domina eman zitzaion, Espainiako Bigarren Errepublikaren dominarik gorenena.

Iparraldeko frontea erori zenean, Avilésetik Bordelera itsasontziz ihes egitea lortu zuen eta handik Kataluniara iritsi zen. "63. Maxim ametrailadore konpainia"n sartu ondoren 1938ko otsailean Teruelgo guduan borrokatu zen, Valentín González "El Campesino" ezagutu zuelarik. Ebroko guduan domina bat jaso ondoren, 1939ko otsailaren 9an La Jonqueratik muga zeharkatu zuen.

Frantzian Saint-Cyprien, Argelès-sur-Mer eta Gurs-eko kontzentrazio esparruetan egon zen, azken esparru honetan José María Agirre Salaberria ezagutu zuelarik, beranduago bere koinatua izango zena.

Gursetik Septfondsera eraman zuten eta handik Maginot lerroan lan egitera.[2] 1940ko ekainean Epinalen naziek harrapatu eta Estrasburgoko Stalag V D esparrura eraman zuten.

Urte hartako abenduaren 13an Mauthausena eraman eta 4628 zenbakia eman zioten.[3] Urte bi eman zituen harrobian lan egiten eta besteak beste Aribert Heim doktoreak egindako esperimentu batean parte hartu zuen, non 30 presoetatik 7 baino ez ziren bizirik atera.[4]

1943ko apirilaren 10ean Ebenseera eraman zuten non sukaldean lan egin zuen 1945eko maiatzaren 5ean esparrua askatu zuten arte.

Austriatik Parisera oinez joan ondoren Frantziako Gobernuak frantziar hiritartasuna onartu zion.

1969an Mauthausenen bizi izandakoaren testigantza Triangulo Azul: Los republicanos españoles en Mauthausen liburuan idatzi zuen. 2002an Euskal Telebistaren Esclavos vascos del III Reich eta 2004an Pau Vergarak zuzendutako Más allá de la alambrada: la memoria del horror dokumentaletan parte hartu zuen. 2005eko urriaren 30ean El Mundo egunkarian Aribert Heim doktorearekin izandako gertaerak azaldu zituen.

2006ko ekainaren 18an Bilbon, beste hainbat kidekin batera, CNTren omenaldi ofiziala jaso zuen. Bere azken urteetan Frantzian bizi izan zen.

Marcelinoren testigantzaAldatu

1940ko abenduaren 13an sartu zuten Mauthaunsengo esparruan. 20 urte zituen.

« (...) Biluztera, dutxa bat hartzera, burutik oinetaraino bizarra kentzera eta desinfekziotik pasatzera behartu eta gero, marradun uniformeak, alkandora eta galtzontziloak banatu zizkiguten. Janzki horietako batzuek iragazkiak baino zulo gehiago zituzten, fusilatutako presoek jantzita eraman zituztelako.

Interpreteak oso ondo hitz egiten zuen gaztelaziaz. Hau esan zigun: "Hiltzeko zaudete hemen. Erretzea aurkitzen ditugunak hil egingo ditugu; ozenegi hitz egin edo zarata ateratzen dutenei hogeitabost makilakada ematen dizkiegu; atzerritarrek ezin diete aurre egin alemaniarrei, bestela heriotza-zigorra ezartzen zaie". Hitz gutxitan, eskubide bat baino ez genuen: gu hiltzen uzteko eskubidea.

»
La Segunda Guerra Mundial y los vascos. 72.or. José Miguel Romaña Arteaga. Ediciones Mensajero.

ErreferentziakAldatu