Kontzentrazio-esparru nazi

1933tik 1945era, Alemania naziak mila kontzentrazio esparru baino gehiago izan zituen bere lurraldean eta alemanek okupatutako Europako lekuetan.[1]

Presoak lurra garraiatzen, Mauthausenen "Errusiar kanpamentua" eraikitzeko.

Lehen esparruak 1933ko martxoan ezarri ziren Adolf Hitler Alemaniako kantziler bilakatu eta berehala. 1934ko Labana Luzeen Gauaren ondoren, kontzentrazio esparruak SS-ek soilik zuzendu zituzten, Kontzentrazio Esparruen Ikuskaritzaren bitartez, eta geroago SSren Ekonomia eta Administrazio Bulego Nagusiaren bitartez. Hasieran, preso gehienak Alemaniako Alderdi Komunistako kideak ziren, baina denborak aurrera egin ahala hainbat talde atxilotu zituzten, tartean "ohiko gaizkileak", "asozialak" eta juduak. Bigarren Mundu Gerra hasi eta gero, Alemaniak okupatutako Europako jendea ere kontzentrazio esparruetan espetxeratu zuen. Aliatuen garaipen militarren ostean, esparruok pixkanaka askatuak izan ziren 1944an eta 1945ean, nahiz eta heriotza martxetan ehunka mila preso hilik gertatu.[1]

Alemania naziaren historian 1.000 kontzentrazio esparru baino gehiago (azpi-esparruak barne) ezarri ziren, eta une batean 1,65 milioi preso erregistratu ziren. Milioi bat inguru hil ziren espetxeratuta. Kontzentrazio esparru izandako asko museo bihurtu dira, nazien erregimenaren biktimak oroitzeko.[2] 

Aurrekariak aldatu

 
Boer zibilak kontzentrazio esparru batean, 1901ko argazkian.

Lehen kontzentrazio esparru modernoak espainiarrek 1896an sortu zituzten, reconcentrados izenarekin, Kubako Independentzia Gerran matxinatuen laguntza izan zutela susmatzen zuten kubatarrak hartzeko. Britainiarrek ere erabili zituzten kontzentrazio esparruak, Bigarren Boer Gerran, boerrak atxilotzeko, Hego Afrikako Errepublikako eta Orange Free Estatuko indarren alde egin ez zezaten. Dena den, kontzentrazio esparru dei zitezkeen lehen adibideak Ameriketako Estatu Batuek erabili zituzten. amerikar natiboen lekualdatze behartuan, indiar tribuak aldi baterako bertan gordetzeko, nora migratzera behartzen zituzten erabakitzen zen bitartean. Dan Stone historialariaren arabera, kontzentrazio esparruak "eremu koloniala luzaroan ezaugarritu zuten fenomenoen hedadura logikoa" ziren. "Kontzentrazio esparru" hitzak nazien kontzentrazio esparruen ondorioz atxilotuen hilketaren konnotazioa hartu duen arren, kanpaleku espainiarrek, britainiarrek eta amerikarrek ez zuten haien hilketa sistematikorik ekarri. Alemaniar Inperioak kontzentrazio esparruak ere ezarri zituen (alemanez: Konzentrationslager), hala nola Shark Islandena, Herero eta Namaquako (1904–1907) genozidioan, Alemaniarra zen Afrikako Hego Mendebaldean. Esparru horietara bidalitakoen heriotza-tasa %45ekoa zen, esparru britainiarrena halako bi. Denborarekin, kontzentrazio esparruakzorrotzagoak bihurtu ziren. Europako armadek XIX. mendean profesionalizatu zirenean, "premia militarraren doktrina bat ekarri zuten, muturreko indarkeria justifikatzeko", baita zibilen kontra ere, mehatxutzat jotzen baitziren.[2]

Lehen Mundu Gerran, zortzitik bederatzira milioi preso atxilotu zituzten gerrako esparruetan, eta horietako batzuk geroago kontzentrazio esparru naziak izan ziren, hala nola Theresienstadt eta Mauthausen. Alemanian atxilotutako preso asko hil ziren 1907ko Hagako Hitzarmena haustean, elikagaiak nahita atxikitzearen eta lan baldintza arriskutsuen ondorioz. Frantzian, Belgikan, Italian, Austrian, Hungarian eta Alemanian, "etsaien jatorrikoak" ziren zibilak desnaturalizatu egin zituzten. Ehunka mila barneratu zituzten, eta baldintza gogorretan behartutako lanean jarri. Armeniar genozidioan, Otomandar Inperioak Siriako basamortura erbesteratu aurretik aldi baterako esparruetan atxilotu zituzten armeniarrak, hilgarria izan zen barneratzean. Gerraosteko Weimarko Errepublikan, Prusiako Barne Ministerioak Ekialdeko Europako errefuxiatu juduak espetxeratu zituen Cottbus-Sielowen eta Stargarden, "nahi ez diren atzerritarrak" zirela esanez.[3]

Historia aldatu

 
SA gizonek zaintzen dituzten presoak Oranienburgeko kontzentrazio-esparruko patioan ilaran, 1933ko apirilaren 6an.

Lehen kontzentrazio esparruak (1933–1934) aldatu

1929ko talka ekonomikoak Weimarko Errepublika ezegonkortu zuen, eta aukeratutako azken gobernua 1930eko martxoan erori zen. Paul von Hindenburg presidenteak izendatutako kantzelariek dekretuz gobernatu zuten, Weimarko Konstituzioaren 48. artikuluaren arabera hain zuzen. 1933ko urtarrilaren 30ean, Adolf Hitler kantziler bilakatu zen, Franz von Papen aurreko kantzilerrarekin akordioa egin ondoren.[4] Nikolaus Wachsmann historialariaren arabera, naziek ez zuten inolako planik kontzentrazio esparruetarako boterea hartu aurretik. Kontzentrazio esparruen sistema hurrengo hilabeteetan sortu zen, nazien aurka zeuden dozenaka mila alemaniar ezabatu nahi zituztelako.[5] 1933ko otsaileko Reichstago sutea izan zen atxiloketa masiboen aitzakia; Reichstag-en Suhiltzaileen Dekretuak, Weimar-en Konstituzioan jasotako askatasun pertsonalerako eskubidea kendu zuen. Lehen kontzentrazio esparrua Nohra izan zen, Nohran (Turingia) 1933ko martxoaren 3an, eskola batean. Eta atxiloketak areagotu egin ziren martxoaren 5eko hauteskundeen ondoren.[6]

Atxiloketen legezko oinarria "babes-zaintza" praktika izan zen, hau da, pertsona baten askatasuna mugatzea bere babeserako, edo "larrialdietan elementu sediziogileak atxilotzea", Alemaniako Weimar Errepublikan zeuden Alderdi Komunistako (KPD) diputatu batzuk barne.[4] Babes-zaintzak esan nahi zuen espetxealdiak jarraitu zitekeela pertsona bat absolbitu edo zigorra bete ondoren. Garai hartako egunkariek kontzentrazio esparruen berri zehatz-mehatz ematen zuten, eta presoak ezkerreko elementu arriskutsu gisa deabrutu zituzten. Presoen %80 komunistak ziren eta ehuneko hamar sozialdemokratak; gainerako ehuneko hamar beste alderdiren batean afiliatuta zeuden, sindikatuetako aktibistak ziren, edo ez zuten alderdi politiko batekin loturarik. Urte amaierarako, Weimarren menpeko Reichstageko 241 diputatu ohi atxilotu zituzten.[5] 1933. urtearen amaieran preso asko aske geratu ziren, eta ongi ezagutarazitako Eguberrietako amnistiaren ostean, dozena bat esparru besterik ez ziren geratzen.[7]

 
Heinrich Himmler Dachau ikuskatzen, 1936ko maiatzaren 8an.

Zaila da zehaztea 1933–1934 urteetako presoen kopurua; Jane Caplanek 50.000 izan zirela zioen, agian 100.000 atxiloketa baino gehiagorekin, eta Wachsmannek, berriz, 1933an epaiketarik gabe 150.000 eta 200.000 pertsona artean atxilotu zituztela dio. 1933an 70 esparru inguru berri ezarri ziren, presoak jasotzeko edozein egitura erabiliz, hots, hutsik zeuden lantegiak, kartzelak, landetxeak, eskolak eta gazteluak. Horietatik asko nazien atxiloketa gune bezala berrerabili ziren geroago.[8] Ez zegoen sistema nazionalik; udaltzaingoek, SSek eta SAek, Estatuko Barne Ministerioek edo aurrekoen konbinazioren batek kudeatzen zituzten esparruok. 1933-1934ko hasierako esparruak heterogeneoak ziren oinarrizko ezaugarrietan, hala nola antolakuntzan, baldintzetan edo preso zeuden taldeetan, eta ez 1936aren ondoren sortutakoetan bezala. Beraz, “kontzentrazio esparruak” baino, “hasierako esparruak” deitzen hasi ziren ikertzaileak. Esparruak ohiko hilketen lekuak ez ziren arren, aurrekaririk gabeko indarkeriak Weimar Errepublikaren amaiera ezarri zuen.[9]

Instituzionalizazioa (1934–1937) aldatu

1933ko ekainaren 26an, Himmler-ek Dachauko bigarren komandante Theodor Eicke izendatu zuen , beste esparru batzuen eredu bihurtu zena. Eickek Diziplina eta Zigor Kodea idatzi zuen, preso desobedienteentzako zigor drakoniarrak zehazten zituen eskuliburua, gorputzeko zigorrak barne. Presoen funtzionarioen sistema bat ere sortu zuen, geroago blokeko zaharrenak agintea lortuz, eta gogorrenak esparruetako kapo bilakatuz.[5]

 
Holokaustoko tren bat Auschwitzeko kontzentrazio esparrura iristen.

1934ko maiatzean, Lichtenburg esparrua SS-ek hartu zuten Prusiako burokraziatik, Heinrich Himmler-ek, orduan Gestapoko (polizia sekretua) buruzagiak, abian jarritako trantsizioari hasiera emanez. 1934ko ekainaren 30ean, SAren Labana Luzeen Gauaren purgaketaren ondoren, Theodor Eickek protagonismoa hartu zuen eta bere ekintzengatik sustatu egin zuten. Izan ere, SAk kudeatutako gainerako kanpamenduak SSek hartu zituen. 1934ko abenduan, Eicke Kontzentrazio-Esparruen Ikuskaritzako (IKL) lehen ikuskatzaile izendatu zuten; IKLk kudeatzen zituen esparruak soilik izendatu zituzten "kontzentrazio-esparruak". Eickek Himmlerren borondatearen arabera kudeatu zituen kontzentrazio-esparruen xehetasunak.[5]

Wachsmannek idatzi duenez, "1934 eta 1937 artean sortu zen nazien kontzentrazio-esparruen sistema". 1934. urtearen hasieran, oraindik preso kopurua jaisten ari zen eta kontzentrazio-esparruen etorkizuna ez zen nabaria. 1935aren erdialderako, bost esparru baino ez zeuden, 4.000 preso zituztenak, eta 13 langile IKLren bulego zentralean. Aldi berean, 100.000 pertsona espetxeratu zituzten Alemaniako espetxeetan, delitu politikoengatik horien laurdena. Himmlerrek ustez, 1933ko presoen askatasuna "Estatu nazionalsozialistak egin zezakeen akats politiko larrienetako bat" izan zen. Alemania nazia barne etsaiek arriskuan jartzen zutelakoan, «gizartearen azpiko elementu antolatuen» aurkako gerrarako deia egin zuen, komunistak, sozialistak, juduak, masoiak eta kriminalak barne. Himmlerrek Adolf Hitlerren babesa lortu zuen, eta 1936ko ekainaren 17an Alemaniako Poliziaren buruzagi izendatu zuten. Diktadore naziak kontzentrazio-esparru batean inoiz oinaztu ez bazuen ere, 1935eko gertakarietan funtsezko papera izan zuen, presoen hilketagatik epaitutako hainbat zaindari barkatuz, eta Himmlerren presoen askatasunaren aurkako posizioa babestuz.[10]

1936ko erdialdetik martxan zeuden sei SS esparruetatik, bi bakarrik geratzen ziren (Dachau eta Lichtenburg) 1938rako. Itxi ziren esparruen lekuan, Eickek esparru berriak ireki zituen Sachsenhausenen (1936ko iraila) eta Buchenwalden (1937ko uztailean). Hasierako esparruak ez bezala, ireki berritakoak horretarako eraiki ziren, Wachsmannen hitzetan "izuaren hiri txiki gisa planifikatuta". Kuartelekin, guardia-dorreekin eta alanbre arantzatsuekin diseinatu ziren. Dachau ere, ereduzko esparrua, guztiz berreraiki zuten 1937/1938an. Esparru berriak populaziotik eta zuzenbide estatutik isolatu ziren, SSei botere absolutua ezartzeko aukera emanez. Presoak, aurretik arropa zibilak janzten zituztenak, nazien kontzentrazio-esparruetako txapak zituzten uniformeak janztera behartu zituzten. Esparruetako zaindariak SS edo "heriotzaren buruak" ziren, zeregin horretarako bereziki kontratatutako gazteak. Presoen kopurua berriz ere gora egiten hasi zen, 1936ko azaroaren 1ean 4.761etik 1937ko amaierarako 7.750era igaroz.[11]

 
Atxilotu berriak desinfekzioaren zain Mauthausengo kontzentrazio esparruko garaje-patioan.

Hedapen azkarra (1937–1939) aldatu

1938ko ekainaren amaieran, presoen populazioa hiru aldiz hedatuta zegoen azken sei hilabeteetan, 24.000 presora iritsita. "Ohiko kriminalak" edo "asozialak" zirenen atxiloketek bultzatu zuten igoera. Heinrich Himmler SSko buruaren arabera, kontzentrazio esparruetako preso "kriminalak" gizartetik isolatu behar ziren, delitu sexualak edo bortitzak egiten zituztelako. Izan ere, preso kriminal gehienak langile klaseko gizonak ziren, eta lapurreta txikiak egiten zituzten beren familiei laguntzeko.[8]

Kategoria asoziala “komunitate nazional mitikoan sartzen ez ziren” pertsonentzat zen, Wachsmannen hitzetan. Nazien erasoek, esaterako, 1938ko ekaineko “Reich-en ekintza lotsatia”n (Aktion Arbeitsscheu Reich), 10.000 atxilotu zituzten, eta horien artean etxerik gabeko pertsonak, buruko gaixotasuna zutenak, eta langabeak. Aurretik naziek gizarte-kanpoko kanpoko pertsonak jomugan jarri bazituzten ere, preso berrien etorrerak preso politikoak gutxiengo izatera eraman zuen.[12]

Preso berriak hartzeko, hiru esparru berri ezarri ziren: Flossenbürg (1938ko maiatza) Txekoslovakiako mugatik gertu, Mauthausen (1938ko abuztua) Austriari atxikitako lurraldean, eta Ravensbrück (1939ko maiatza) emakumezko presoentzako espresuki eraikitako lehen esparrua. Atxiloketa masiboek faktore ekonomikoek eragin zituzten neurri batean. Depresio Handiaren susperraldiak langabezia tasa jaitsi zuen, eta ondorioz, lan finkorik nahi ez zutenak atxilotuko zituzten, beste batzuk gehiago egiteko aukera izateko. Aldi berean, Himmler presoen lana ustiatzean ere zentratzen zen esparru sistemaren barruan. Bestalde, Hitlerren arkitektoak, Albert Speer-ek, nazien arkitektura monumentala sortzeko plan handiak zituen. “Alemaniako Lur eta Harri Lanak” (DEST) SSren konpainia Speeren agentziaren funtsekin sortu zen, eraikuntzako materialak ateratzeko presoen lana ustiatuz. Flossenbürg eta Mauthausen harrobien ondoan eraiki ziren, eta DEST enpresak Buchenwald eta Sachsenhausenen adreiluak ekoizten ere jarri zituen.[13]

Preso politikoak ere kopuru handiagoan atxilotu zituzten, Jehovaren Lekukoak eta etxera itzuli ziren emigratu alemaniarrak barne. 1938an eta 1939an txekiar eta austriar nazien aurkakoak ere, beren herrialdeak anexioanatu ostean, jomugan jarri ziren. Juduak ere gero eta gehiago harrapatu zituzten, Vienako 2.000 judu atxilotuz nazien anexioaren ostean. “Beira Hautsien Gaua”ren ostean, 26.000 judu kontzentrazio-esparruetara deportatu zituzten atxiloketa masiboen ondoren, presoen gehiengoa bilakatuz. Preso hauek aurrekaririk gabeko tratu txarrak jasan zituzten, baliozko gauzen lapurreta sistematikoa barne, "gabeziak, torturak, suizidioak eta hilketak" ehunka hildako eraginez. “Beira Hautsien Gaua”ren ondorengo lau hilabeteetan pertsona gehiago hil ziren Dachaun, aurreko bost urteetan baino. Hala ere, garai hartan helburua ez zen juduen hilketa masiboa, haiek emigratzera bultzatzea baizik. Preso judu gehienak laster askatu zituzten.[14]

 
Biki juduak bizirik mantendu ziren Josef Mengeleren esperimentu medikoetan erabiltzeko. Auschwitzeko haur hauek Armada Gorriak askatu zituen 1945eko urtarrilean.

Bigarren Mundu Gerra aldatu

1939ko abuztuaren amaieran, Flossenbürg, Sachsenhausen eta beste kontzentrazio esparru batzuetako presoak Poloniako mugara eraman zituzten, Poloniako Indar Armatuen uniformez jantzita, eta Hochlinden-en erasoaren partehartzaile bezala hil zituzten, Alemaniak Poloniaren inbasioa justifikatzeko egindako eraso faltsuetako bat. Gerra garaian, esparruak gero eta bortitzagoak eta hilgarriagoak bihurtu ziren nazien buruzagien planen ondorioz: biktima gehienak gerraren bigarren erdian hil ziren.[5]

Gerra hasi eta 1941eko amaiera bitartean bost esparru berri ireki ziren: Neuengamme (1940 hasieran), Hanburgotik kanpo; Auschwitz (1940ko ekaina), hasieran poloniar erresistentziako aktibisten kontzentrazio-esparru gisa funtzionatu zuena; Gross-Rosen (1941eko maiatza) Silesian; eta Natzweiler (1941eko maiatza) Frantziari atxikitako lurraldean. Esparru sateliteak ere ezarri ziren. Hedapen hori behartutako lanaren eskaerak eta geroago Sobietar Batasunaren inbasioak bultzatu zuten; esparru berriak harrobietatik (Natzweiler eta Gross-Rosen) edo adreilugintzatik (Neuengamme) gertu ezarri zituzten.[15]

1941. urtearen hasieran, SSren goi agintariek jada lan egin, ezin zuten preso gaixo eta akituak nahita erailtzeko agindua emanez (batez ere arrazaren aldetik beheragokotzat jotzen zirenak), 14f13 Ekintza izeneko operazio batean. Esparruetako langileek eta bidaiatzen zuten "eutanasia medikuek" hautatzen zituzten biktimak, eta esparruetatik ateratzen zituzten eutanasia zentroetan erailtzeko. 1942ko udaberrirako, operazioa amaitu zenean, gutxienez 6.000 pertsona erail zituzten. Erlazionatutako operazio bat, 14f14 Ekintza, 1941eko abuztuan hasi zen eta kontzentrazio esparruetan gerrako preso sobietar hautatuak hil zituzten, normalean iritsi eta egun gutxiren buruan. 1942aren erdialderako, operazioa amaitu zenean, 38.000 preso sobietar erail zituzten. Auschwitzen, SSek Zyklon B gasa erabili zuten sobietar presoak hiltzeko, inprobisatutako gas ganberetan. 1944ko uztailetik 1945eko maiatzera arte, gehienbat sobietar edo AEBetako indarrek kontzentrazio esparruak pixkanaka hartu, eta gainerako presoak askatu zituzten.[16]

Antolaketa aldatu

1940ko azaroan, Eicke-ren ordez Richard Glücks jarri zuten IKLko lider bezala, eta horrek burokrazia-maniobra bat eragin zuen, ondorio praktiko gutxirekin: IKL SSko Aginte Bulego Nagusiaren kontrolpean geratu zen, eta Reicheko Segurtasun Bulego Nagusiak (RSHA) landa-kontzentrazioko presoak geldiarazteko ardura hartu zuen bere gain.[17] 1942an, IKL Gizarte Segurantzako Afera Ekonomiko eta Administratiboen Bulego Nagusiko Amt D (D Bulegoa) bihurtu zen, Pohl-en azpian.[18]

 
Atxilotuak Sachsenhausenen, 1938ko abenduan.

Atxilotuak aldatu

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, kontzentrazio esparruetako atxilotu gehienak alemanak ziren. Alemania naziaren hedapenaren ondoren, Wehrmacht-ek okupatutako herrialdeetako pertsonak jomugan zeuden, eta kontzentrazio esparruetan atxilotuak izan ziren, bereziki Bohemiako eta Moraviako Protektoratuko txekiarrak, Espainiako gerra zibileko beterano errepublikarrak eta poloniarrak. Mendebaldeko Europan, atxiloketa nagusiak erresistentzia borrokalarien eta sabotatzaileen artean eman ziren, baina Ekialdeko Europako atxilotuen artean, nazien populazio politika ezartzeko asmoaren aurkakoak zeuden alde batetik, eta kontratuak onartzera behartutako langileak bestetik. Honek ekialdeko europarrak nagusitzea ekarri zuen, poloniarrak bereziki, esparru batzuetako biztanleriaren gehiengoa osatzera iritsiz. Gerra amaitzean, esparruetako biztanleriaren ehuneko 5 eta 10 baino ez ziren Alemaniako edo Austriako "Reich-eko alemaniarrak". 1941aren amaieran, gerrako preso sobietar asko kontzentrazio-esparruetako eranskin berezietara eraman zituzten. Lan-erreserba bezala pentsatuta, eta nahitako gosete masiboaren menpe hil ziren asko.[19]

Holokaustoan jazarri eta hil zituzten judu gehienak ez ziren inoiz kontzentrazio-esparruetan preso egon, juduen ghettoetan edo behartutako lan-esparruetan atxilotu zituztelako. Hala ere, sisteman sartu zirenek jazarpen zehatza jasan zuten (askotan hilgarria). Judu kopuru esanguratsuak 1938ko azaroan espetxeratu zituzten “Beira Hautsien Gaua” (Kristallnacht) zela eta, ondoren preso bezala gehiegi ordezkatuak izan ziren. Gerra hasi eta gero, Kristallnacht-aren ostean askatu zituzten judu batzuk berriro atxilotu zituzten, emigratzea lortu ez bazuten.[16]

Juduak, preso eslaviarrak eta espainiar errepublikanoak tratu bereziki gogorrak jaso zituzten, eta horrek heriotza-tasa handia eragin zuen gerraren lehen erdian. Aitzitik, Reich-eko alemaniarrek tratu onuragarria izan zuten beste nazionalitateekin alderatuta. Presoen gutxiengo batek gainontzekoek baino tratu nabarmen hobea lortu zuten, preso “funtzionarioak” (gehienak alemaniarrak) edo langile trebeak zirelako. Preso funtzionarioek SSren nahierara zerbitzatzen zuten, baina zorroztasun ezagatik kaleratuak izan zitezkeen. Ondorioz, Wolfgang Sofsky soziologoak azpimarratzen du "SSen papera bereganatu zutela, SSen erasoa saihesteko", eta beste preso batzuek beren basakeriagatik gogoratu zituzten.[10]

Behartutako lana aldatu

1942tik aurrera, lantegien ondoan azpi-esparru txiki asko ezarri ziren, behartutako lana eskaintzeko. IG Farben-ek kautxu sintetikoko lantegia ezarri zuen 1942an Monowitz kontzentrazio esparru ondoan (Auschwitz III); beste esparru batzuk hegazkin fabriken inguruan zabaldu ziren, edo ikatz meategien zein misil propultsatuen lantegien ondoan. Baldintzak basatiak ziren, eta presoak sarritan gas-ganberetara bidaltzen zituzten edo lekuan bertan hiltzen zituzten, behar bezain azkar lan egiten ez bazuten.[20]

 
Mauthauseneko presoak behartutako lanean Wiener Grabeneko harrobian, 1942an.

Pertzepzio publikoa aldatu

Alemaniako herritarrak nazien totalitarismoa izututa zeudelako betetzen zuten mito bat dago. Horren ordez, Robert Gellately-k dioenez, "alemaniarrak, oro har, harro eta pozik agertu ziren Hitler eta ingurukoekin, beraien ereduan sartzen ez ziren pertsona mota batzuk baztertzen ari zirelako, edo 'kanpotar', 'asozial', 'alferrikakoak' “jale alferrak” edo “gaizkileak” zirelako.[21] Karola Fingsek idatzi zuen SS eraikuntzako brigaden eskaerak Alemaniako hiri bonbardatuetan lan egiteko, kontzentrazio esparruetako presoekin betetzen zituztela, eta horrek "kontzentrazio esparruen onarpen orokorra adierazten zuela".[7]

Estatistikak aldatu

Nikolaus Wachsmannen kalkuluen arabera 27 kontzentrazio esparru nagusi zeuden, eta 1.100 esparru satelite baino gehiago. (Hau une batean zeuden azpi-esparru guztiak zenbatzen dituen zifra metatua da; Orthek kalkulatu du 1943. urte amaieran 186 azpi-esparru zeudela, 1944ko ekainean 341 edo gehiago, eta 1945eko urtarrilean gutxienez 662).[22]

Kontzentrazio esparruetan 1,65 milioi atxilotu inguru zeuden erregistratuta, eta horietatik, Wagnerren arabera, ia milioi bat hil ziren espetxeratze garaian. Adam Tooze historialariak bizirik atera zirenen kopurua 475.000 baino gutxiago izan zirela zenbatu ditu, eta erregistratutako presoetatik gutxienez 1,1 milioi hil zirela uste du. Haren kalkuluen arabera, eraildako atxilotuetatik gutxienez 800.000 ez ziren juduak. Hildako preso erregistratuez gain, milioi bat judu gaseatu zituzten Auschwitzeko kontzentrazio esparrura iristean; biktima horiek barne, hildakoen kopurua 1,8tik bi milioi baino gehiagokoa dela kalkulatzen da.[23]

 
Buchenwaldeko memoriala.

Hildako gehienak Bigarren Mundu Gerraren bigarren erdian gertatu ziren, 1945eko urtarrilean erregistratuta zeuden 700.000 presoen herena barne. Termino proportzionalean, heriotza-tasa altuena 1942an izan zen, eta 1943an jaitsi egin zen berriro igo aurretik gerraren azken urtean. Hala ere, presoen kopuruak gora egin zuenez, termino absolutuetan hildakoen kopuruak gora egiten jarraitu zuen. Kulmhof, Belzec, Sobibor eta Treblinka bezalako hilketa esparruak ez ziren kontzentrazio esparruen sistemaren parte, eta operatiboki bereizita zeuden. Esparru horiek preso populazio txikia besterik ez zuten mantentzen.[24]

Heriotzaren martxak eta askapena aldatu

Esparruetako ebakuazio garrantzitsuenak 1944 erdialdean gertatu ziren Baltikotik eta Polonia ekialdetik, 1945eko urtarrilean Polonia mendebaldetik eta Silesiatik, eta 1945eko martxoan Alemaniako kontzentrazio esparruetatik.[25] Preso juduak zein juduak ez zirenak kopuru handi batean hil ziren, heriotza martxa horien eraginez.[26]

Esparruak Potentzia Aliatuek askatu zituzten 1944 eta 1945 artean. Lehen esparru nagusia, Majdanek, aurrera zihoan Armada Gorria Sobietarrak aurkitu zuen 1944ko uztailaren 23an. Auschwitz 322. Sobietar Fusil Dibisioak askatu zuen 1945eko urtarrilaren 27an; Buchenwald AEBetako Armadak apirilaren 11n; Bergen-Belsen Britainiar Armadak apirilaren 15ean; Dachau amerikarrek apirilaren 29an; Ravensbrück sobietarrek egun berean; eta Mauthausen estatubatuarrak maiatzaren 5ean.[27]

 
Mühldorfeko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera ziren 1945ean askapenean. Mühldorfek behartutako langileak hornitu zituen Weingut I proiekturako.

Sobietarrek aaskatutako esparru gehienetan, ia preso guztiak erailda zeuden jadanik, milaka gutxi batzuk bizirik utziz. 7.000 preso aurkitu zituzten Auschwitzen, medikuek esperimentatu zituzten 180 ume barne. Bestalde, 60.000 preso inguru aurkitu zituen Bergen-Belsen Britainia Handiko 11. Dibisio Blindatuak, eta 13.000 gorpu lurperatu gabe zeuden esparruaren inguruan.[28] Beste 13.000 preso, ahulegi sendatzeko, esparrua askatu ondoren hil ziren.[29] Britainiarrek, gainerako SS guardiak gorpuak biltzera eta hobi komunetan sartzera behartu zituzten. Esparrutik presoak eta SSko langileak atera ondoren, britainiarrek esparruak erre egin zituzten tifusaren hedapena saihesteko.[30]

Askapenaren ostean preso asko hil ziren, euren egoera fisiko txarragatik.[31]

Ondorioak aldatu

Askatu zituztenetik, nazien kontzentrazio esparruen sistema indarkeria eta izua sinbolizatzera iritsi da mundu modernoan. Wiedergutmachung-eko (“berriro ongi egiten”) Mendebaldeko Alemaniako politikaren arabera, kontzentrazio esparruetatik bizirik atera ziren batzuk espetxeratzeagatik kalte ordaina jaso zuten. Bestalde, gerra ostean arduradun gutxi baino ez zituzten epaitu.[9]

Bizirik atera ziren askok beren bizipenen testigantza eman zuten, edo gerraostean memoriak idatzi zituzten. Kontaketa horietako batzuk nazioartean famatuak bilakatu dira, hala nola, 1947ko Primo LevirenHau gizona bada” (If This is a Man) liburua.[32]

Kontzentrazio esparruak idatzi historikoen gai izan dira Eugen Kogon-en 1946an "SSren Estatua" ("Der SS-Staat") ikerketatik aurrera. Hala ere, ikerketa garrantzitsuenak ez ziren hasi 1980ko hamarkadara arte. Ikertzaileei emandako bekek, preso taldeen patua, esparru sistemaren antolaketa, eta behartutako lana bezalako alderdietan jarri dituzte arreta. Caplan eta Wachsmannen ustez, "historiako atxiloketa eta munduko beste edozein izu-guneri buruz baino, liburu gehiago argitaratu dira nazien esparruak gaitzat hartuta".[33]

Dan Stonek dio nazien kontzentrazio esparruen sistemak, beste erregimen batzuen antzeko ankerkeriak inspiratu zituela, besteak beste, Argentinako junta militarrak Gerra Zikinean, Txileko Pinocheten erregimen diktatorialean, edo Errumaniako Herri Errepublikako Pitești espetxean.[34]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) Wachsmann, Nikolaus. (2015). KL: A History of the Nazi Concentration Camps. Farrar, Straus and Giroux, 20 or. ISBN 978-0-374-11825-9..
  2. a b (Ingelesez) Stone, Dan. (2017). Concentration Camps: A Very Short Introduction. Oxford University Press ISBN 978-0-19-103502-9..
  3. (Ingelesez) Friedman, Jonathan C. (2007). "The Jewish Communities of Europe on the Eve of World War II". The Routledge History of the Holocaust ISBN doi:10.4324/9780203837443.ch1, 978-0-203-83744-3..
  4. a b (Ingelesez) White, Joseph Robert. (2009). "Introduction to the Early Camps". Early Camps, Youth Camps, and Concentration Camps and Subcamps under the SS-Business Administration Main Office (WVHA). Encyclopedia of Camps and Ghettos, 1933–1945.. Megargee, Geoffrey P. Indiana University Press, 3-16 or. ISBN 978-0-253-35328-3..
  5. a b c d e (Ingelesez) Wachsmann, Nikolaus. (2009). "The dynamics of destruction: The development of the concentration camps, 1933–1945". Caplan, Jane; Wachsmann, Nikolaus (eds.). Concentration Camps in Nazi Germany: The New Histories. Routledge, 17-43 or. ISBN 978-1-135-26322-5..
  6. (Ingelesez) Buggeln, Marc. (2015). "Forced Labour in Nazi Concentration Camps". De Vito, Christian Giuseppe; Lichtenstein, Alex (eds.). Global Convict Labour., 333–360 or. ISBN doi:10.1163/9789004285026_014. 978-90-04-28501-9..
  7. a b (Ingelesez) Fings, Karola. (2008). "Slaves for the 'Home Front': War Society and Concentration Camps". German Wartime Society 1939-1945: Politicization, Disintegration, and the Struggle for Survival. Germany and the Second World War. IX/I. Clarendon Press, 207–286 or. ISBN 978-0-19-160860-5..
  8. a b (Ingelesez) Orth, Karin. (2009). "The Genesis and Structure of the National Socialist Concentration Camps". Early Camps, Youth Camps, and Concentration Camps and Subcamps under the SS-Business Administration Main Office (WVHA). Encyclopedia of Camps and Ghettos, 1933–1945.. Megargee, Geoffrey P. (ed.) Indiana University Press, 183–196 or. ISBN 978-0-253-35328-3..
  9. a b (Ingelesez) Buggeln, Marc. (2015). "Forced Labour in Nazi Concentration Camps". De Vito, Christian Giuseppe; Lichtenstein, Alex (eds.). Global Convict Labour. BRILL, 333–360 or. ISBN doi:10.1163/9789004285026_014. 978-90-04-28501-9..
  10. a b (Ingelesez) Goeschel, Christian; Wachsmann, Nikolaus. (2012). The Nazi Concentration Camps, 1933-1939: A Documentary History. University of Nebraska Press ISBN 978-0-8032-2782-8..
  11. (Ingelesez) Drobisch, Klaus; Wieland, Günther. (1993). System der NS-Konzentrationslager: 1933-1939 [The System of Nazi Concentration Camps, 1933–1939]. Akademie Verlag ISBN doi:10.1515/9783050066332. 978-3-05-000823-3...
  12. (Alemanez) Benz, Wolfgang; Distel, Barbara. Die Organisation des Terrors [The Organization of Terror. C. H. Beck ISBN 978-3-406-52960-3..
  13. (Ingelesez) Knowles, Anne Kelly; Jaskot, Paul B.; Blackshear, Benjamin Perry; De Groot, Michael; Yule, Alexander. (2014). "Mapping the SS Concentration Camps". In Steiner, Erik B. (ed.). Geographies of the Holocaust. Indiana University Press ISBN 978-0-253-01211-1. JSTOR j.ctt16gzbvn...
  14. (Ingelesez) Wünschmann, Kim. (2015). Before Auschwitz: Jewish Prisoners in the Prewar Concentration Camps. Harvard University Press ISBN 978-0-674-42558-3..
  15. (Ingelesez) Suderland, Maja. (2013). Inside Concentration Camps: Social Life at the Extremes. John Wiley & Sons ISBN 978-0-7456-7955-6..
  16. a b (Alemanez) Orth, Karin. (1999). Das System Der Nationalsozialistischen Konzentrationslager: Eine Politische Organisationsgeschichte [The National Socialist Concentration Camp System: A Political Organizational History]. Hamburger Edition ISBN 978-3-930908-52-3..
  17. (Frantsesez) Cahn, Jean-Paul, Martens,Stefan, Wegner, Bernd. (2013). Le Troisième Reich dans l'historiographie allemande : Lieux de pouvoir, rivalités de pouvoirs. Paris, Presses Universitaires du Septentrion, coll. «Histoire et Civilisations», 399 or. ISBN 978-2-7574-0581-9..
  18. (Ingelesez) Weale, Adrian. (2012). Army of Evil: A History of the SS. Caliber Printing ISBN 978-0-451-23791-0..
  19. (Ingelesez) Buggeln, Marc. (2014). Slave Labor in Nazi Concentration Camps. Oxford University Press ISBN 978-0-19-870797-4..
  20. (Ingelesez) Allen, Michael Thad. (2002). The Business of Genocide: The SS, Slave Labor, and the Concentration Camps. University of North Carolina Press ISBN 978-0-8078-2677-5..
  21. (Ingelesez) Gellately, Robert. (2002). Backing Hitler: Consent and Coercion in Nazi Germany. Oxford University Press ISBN 978-0-19-160452-2..
  22. (Ingelesez) Wagner, Jens-Christian. (2009). "Work and extermination in the concentration camps".. Caplan, Jane; Wachsmann, Nikolaus (eds.). Concentration Camps in Nazi Germany: The New Histories. Routledge, 127–148 or. ISBN 978-1-135-26322-5..
  23. (Ingelesez) Tooze, Adam 2006. The Wages of Destruction: The Making and Breaking of the Nazi Economy. Allen Lane ISBN 978-0-7139-9566-4..
  24. (Ingelesez) Goeschel, Christian; Wachsmann, Nikolaus. (2010). "Before Auschwitz: The Formation of the Nazi Concentration Camps, 1933-9". Journal of Contemporary History. 45 (3), 515–534 or. ISBN doi:10.1177/0022009410366554. S2CID 159866830...
  25. (Frantsesez) Blatman, Daniel. (2009). Les marches de la mort - la dernière étape du génocide nazi : été 1944-printemps 1945,. Paris, Fayard, 589 or. ISBN 978-2-213-63551-4..
  26. (Ingelesez) Blatman, Daniel. (2010). The Death Marches: The Final Phase of Nazi Genocide. Harvard University Press ISBN 978-0-674-05919-1..
  27. (Ingelesez) Stone, Dan G.; Wood, Angela. (2007). Holocaust: The events and their impact on real people. USC Shoah Foundation Institute for Visual History and Education, 144 or. ISBN ISBN 978-0-7566-2535-1..
  28. (Ingelesez) "The 11th Armoured Division (Great Britain)". United States Holocaust Memorial Museum.
  29. (Ingelesez) "Bergen-Belsen". United States Holocaust Memorial Museum..
  30. (Ingelesez) Wiesel, Elie. After the Darkness: Reflections on the Holocaust. Schocken Books, 41 or..
  31. (Ingelesez) Stone, Dan. (2015). The Liberation of the Camps: The End of the Holocaust and Its Aftermath. Yale University Press ISBN 978-0-300-21603-5..
  32. (Ingelesez) Marcuse, Harold. (2009). "The afterlife of the camps". In Caplan, Jane; Wachsmann, Nikolaus (eds.). Concentration Camps in Nazi Germany: The New Histories. Routledge, 186–211 or. ISBN 978-1-135-26322-5..
  33. (Ingelesez) Tooze, Adam. (2006). The Wages of Destruction: The Making and Breaking of the Nazi Economy. Allen Lane ISBN 978-0-7139-9566-4..
  34. (Ingelesez) Stone, Dan. (2017). Concentration Camps: A Very Short Introduction. Oxford University Press ISBN 978-0-19-103502-9..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu