Juan Larburu

Nazien kontzentrazio esparru batean hildako mugalaria

Juan Manuel Larburu Odrio­zola (Hernani, Gipuzkoa, 1912ko abuztuaren 20aFlossenbürg, Alemania, 1944ko apirilaren 5a) mugalari bat izan zen, Bigarren Mundu Gerraren garaian naziengandik ihes zihoazen askori lagundu zion, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzen. Gestapok atxilotuta, 1944ko urtarrilaren 19an Buchenwal­dera deportatu zuten, eta apirilaren 5ean hil zen, Flossenbürgeko kontzentrazio esparruan.

Juan Larburu

Bizitza
JaiotzaHernani1912ko abuztuaren 20a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaFlossenbürgeko kontzentrazio esparrua1944ko apirilaren 5a (31 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: eritasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jardueraknekazaritza
KidetzaComète sarea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Bigarren Mundu Gerra

Jatorria eta lehen urteak aldatu

Juan Manuel Larburu 1912ko abuzt­uaren 20an jaio zen, Her­naniko Berakorte ba­serrian, Antziola auzoan.[1][2] Ez dago xehetasun handirik gurasoen jatorriaz, baina jakina da zazpi senidetan zaharrena zela bera.[3]

Frankisten matxinadak eragindako gerra aldatu

Behartuta armada frankistan aldatu

Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako estatu kolpea gertatu eta bi hilabete eskasera, frankistek mendean hartu zutenean Hernani, 1936ko irailaren 11n, matxinoen armadan behartuta sartzera deitu zuten Larburu,[oh 1] eta Lleidako iparraldeko frontera eraman zuten, Aragoiko mugan.[4]

Han zegoela, konpainia bereko hernaniar faxista batek salaketa egin zuen Larbururen aurka, Errepublikaren aldekoa zela esanez. Egoera hartan, salaketa arriskutsua zen; izan ere, Larburuk gogoan izango zuen beraren lehengusu Juan Jose Elustondo,[5] Urnietako Eula baserriko[6] semea, fusilatu egin zutela, Andoainen, 1936ko irailaren 13an, gisa bereko salaketa baten ondorioz.

Desertore aldatu

Bizia arriskuan ikusita, Frantziako muga zeharkatzea erabaki zuen Larburuk. Handik, Bartzelonara jo zuen, Errepublikako armada matxinoen aurka borrokan ari zen azken lurraldea baitzen. Bartzelonan, Migel Lizeaga Larburu Ezker Errepublikanoko kideak lagundu zion; beraren aitaren lehengusua zen, Irungo Udaleko zinegotzi, eta Errepublikako gobernuak 1936ko martxoan osatutako Gipuzkoako Batzorde Kudeatzaileko buru izana zen.[4]

Urruña aldatu

Morroi lanetan aldatu

Frankistek Katalunia guztiz mendean hartu zutenean, 1939ko otsailaren 10ean,[7] Ipar Euskal Herrian gelditzea erabaki zuen Juan Larburuk, desertore baitzen frankistek ezarritako agintaritzaren aurrean. Dirudienez, Ameriketara joateko burutazioak izan zituen, Migel Lizeagak egin zuen gisan,[4] baina, zenbait baserritan lanean ibili ondoren, Urruñako Bidegain Berri[8] baserrian gelditu zen morroi.

Comète sarean aldatu

 
Comète sarearen ihesbidea, gorriz. Beste ihes sare batzuk izan ziren, urdinez, Pat O'Leary, eta marroiz, Shelburn.

Baserriko nagusia Frantxia Haltzuet beratarra zen.[9]; alargundua eta hiru seme-alabarekin.[oh 2]

Comète sarea eratu zenean, 1941ean, Urruñako baserri bat erabiltzen zuen sareak, naziek okupatutako lurraldeetan eraitsitako hegazkinen pilotuak Espainiako mugatik pasarazteko, Gibraltarreko bidean. Alabaina, kontrabandista batek 1942an izandako istripu batengatik, beste babesgune bat bilatu behar izan zuen sareak.[10]

Horrela, 1942tik aurrera, muga pasa aurreko azken geldiunea Frantxia Haltzueten baserrian, Bidegain Berrin egiten zuen Comète sareak. Ziurrenik, Juan Larburuk egingo zuen sarearekiko lotura, beraren arreba bat Florentino Goikoetxea Comèteko mugalariaren anaiarekin ezkonduta baitzegoen.[11]

Handik aitzina, Larburu laguntzaile izan zen, mugalari gisa, Comète sarearen pasatze askotan. Izan ere, mendi bideetan barrena asko ibilia zen, besteak beste, urte haietan ezkutuan joana baitzen, behin baino gehiagotan, Hernaniraino, gurasoak ikustera.[3]

Atxilotzea aldatu

Andrée de Jongh «Dédée» eta Jean-François Nothomb «Franco», Comète sareko buruak, Pariseko Austerlitzeko geltokitik abiatu ziren trenez, 1943eko urtarrilaren 13an, Donibane Lohizune aldera, britainiar hiru hegazkin piloturekin.[oh 3] Antolatua zuten urtarrilaren 14an muga pasatzea, Bidegain Berri baserrian aurreko gaua eginda. Donibanetik baserrirainoko bidea egiteko, Dédéek eta hiru pilotuek euskal errefuxiatu batzuk izan zituzten laguntzaile: Maritxu Anatol,[12][13] Anbrosio San Vicente[14] eta Alejandro Elizalde.[15]

Eguraldi euritsua zen, baina, urtarrilaren 14 hartan, Florentino Goikoetxea muga pasatzen lagundu behar zien gidaria Bidegain Berri baserrira hurbildu zenean; hurrengo egunerako utzi zuten.

Urtarrilaren 15ako ilunabarrean, gaueko bidea prestatzen ari zirela, Gestapok baserria inguratu eta preso hartu zituzten Dédée, hiru pilotuak, Frantxia Haltzuet eta Juan Larburu.[16] [17]

Deportazioa aldatu

Fresnes, Compiègne aldatu

Baionatik Fresneseko espetxera eraman zuten, lehenik, Juan Larburu, 1943ko ekainaren 3an, eta handik Royallieuko (Compiègne)[oh 4] frontsalag edo igarotze esparrura eraman zuten berehala, ekainaren 9an. Esparru horretara biltzen zituzten naziek Frantzian barrena atxilo hartutako asko, handik Poloniako, Austriako eta Alemaniako kontzentrazio esparruetara tren konboietan bidaltzeko.[11]

Buchenwald, Flossenbürg aldatu

 
Juan Larbururen fitxa Buchenwalden. Eskuin behealdean ikusten da Flossenbürgera eraman zutela 1944ko otsailaren 24an.

Compiègnen sei bat hilabete igarota, 1944ko urtarrilaren 19an atera zuten, tren konboi batean Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura eraman baitzuten.[oh 5]

Hilabete doi egin zuen Buchenwalden Larburuk, 1944ko otsailaren 24an Flossenbürgeko kontzentrazio esparrura[18] bidali baitzuten, Alemaniako Bavaria estatuan, ipar-ekialdean, Txekiako mugan.[19]

Heriotza aldatu

Larbururekin batera Comète sareko beste bi laguntzaile deportatu zituzten Flossenbürgera, Anbrosio San Vicente eta Martin Hurtado Saratxo.[14]

Bi lekuko horiek 1960an emandako aitorpen batean azaldu zuten Larburu Flossenbürgen ikusi zuten azken aldiz osasuna guztiz galdua zuela:

« ...egoera benetan tamalgarrian zegoen, oinez ibiltzeko ere indarrik ez zuela, eta gauza ez zela ematen ziguten apurra jateko... haren egoera hain zen desesperatzeko modukoa, ezen jan ere ezin baitzuen egin.[19] »

—Anbrosio San Vicente, Martin Hurtado Saratxo

Beste horrenbeste adierazi zuen Santiago Anabitarte[20] altzatarrak, Larbururekin batera Compiègnen eta Bucehnwalden egondakoak. Azken esparru horretara iristerako, Juan Larburu honela aurkitu zuen:

« ...erabat nahastuta eta leher egina, ez zuen jaten, eta arrazoitzeko gauza ere ez zen, hain nekatua egonda nekez ulertzen baitzitzaion esaten zuena.[19] »

—Santiago Anabitarte

Heriotza agirian «bihotz gutxiegitasun» bat aipatzen den arren,[21] bistan da gosea, behartutako lanak eta bizi baldintza latzak izan zirela Juan Larbururen heriotza eragin zutenak, 1944ko apirilaren 5ean, Flossenbürgera iritsi eta hilabete batera.[19][oh 6]

Oroimena eta aitortzak aldatu

Estatu Batuetan aldatu

Ameriketako Estatu Batuetako armadak 1947ko maiatzaren 19an emandako jakinarazpen baten bitartez, Askatasunaren Domina Presidentziala jaso zuen Juan Larburuk, hil ostean, pilotu aliatuei naziek okupatutako lurraldeetatik ateratzen egindako lanagatik.[22][23]

Urruñan aldatu

 
Gerran hildakoen Urruñako oroigarria

Juan Larbururen izena ez zen agertzen Urruñako San Bixintxo elizaren alboan dagoen monumentuan, gerlatan hildako herritarren oroigarrian.[24] Les amis du réseau Comète[25] elkartearen eskariz ipini zuten haren izena, beste hirurenarekin batera, monumentuaren oinean ezarritako hilarri batean, «deportés internés patriotes» izenburupean.[26]

Hernanin aldatu

Hernaniko Udalak 2005eko irailaren 26an egindako ez-ohiko bilkura batean adierazpen instituzional bat onartu zuen aho batez, «nazismoaren aurka soldadu aliatuei laguntza emandako hernaniarren oroimena ohoratu eta aitorpena egiteko». Tomas Anabitarte, Florentino Goikoetxea, Juan Larburu eta Martin Errazkin gogoratu zituzten, Comète sarean pilotu aliatuei emandako laguntzagatik.[27] Erabaki horren karietara, zenbait ekitaldi antolatu zituen Bigarren Mundu Gerran nazismoaren aurkako borrokan parte hartu zuten hernaniarren gorazarretan eta Osinaga auzoan oroigarri bat ezarri zuen.[28][29]

2016ko maiatzaren 8an, La Ilusión elkarte memorialistikoak[30] antolatuta, ekitaldi bat egin zen Hernanin, Juan Larbururen eta Marcelo Vazquez hernaniarren oroimenez. Ekitaldiaren barruan, plaka oroigarri bat ezarri zuten Larbururen jaiotetxe Berakorte[1] baserrian.[31]

Oharrak aldatu

  1. Frankistek mendean hartzen zituzten herrietan, ihes egin gabeko mutil gazte guztiak behartzen zituzten armadara sartzera. Ikus, gai honetaz James Matthews (2103) Soldados a la fuerza. Madril, Alianza editorial. ISBN 978-8420675909.
  2. Philippe Usandizagarekin ezkondu zen Farntxia Haltzuet ,1930ean; bederatzi urteren buruan, alargun gelditu zen hiru seme-alabarekin. Deportatutako euskal herritarren zerrenda askotan Frantxia Usandizaga gisara agertzen da, senarraren abizena hartuta.
  3. RAFeko hiru pilotuak ziren William G J Greaves, Stanley Forster Hope eta Percy George Edward Ross. Ikus Le réseau Comète Sud au Pays Basque 1941-1944, Les amis du réseau Comète.
  4. Royallieuko esparrua 1941eko ekainetik 1944ko abuztura bitarte erabili zuten naziek. 54.000 inguru preso bidali zituzten bertatik Mauthausen, Ravensbrück, Buchenwald edo Neuengammeko esparruetara. Horien arteko bat izan zen Anjel Lekuona. Ikus Camp de Royallieu.
  5. Parisetik Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura 1944ko urtarrilaren 19an abiatu zen tren konboi hartan euskal herritar ugari deportatu zituzten. Ikus Nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal herritarrak.
  6. Jiménez de Aberásturik (2006) dio apirilaren 4an hil zela (23. or.), baina heriotza agirian eta Flossenbürgen hildakoen zerrendan argi geratzen da apirilaren 5ean hil zela.

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Berakorte baserria - Hernaniko ondarea» ondarea.hernani.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-20).
  2. «Berakorte baserria - OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).
  3. a b Testigantzak: Juan Goikoetxea Larburu | Euskal Memoriala. (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  4. a b c Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 21. or.
  5. (Gaztelaniaz) «Juan Jose Elustondo Odriozola» 15Mpedia (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).
  6. «OpenStreetMap» Eula baserria, Urnieta - OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  7. (Katalanez) La retirada. 2022-01-26 (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  8. «Bidegain Berria - OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).
  9. «Francisca Halzuet Alzate "Frantxia"» Izan zirenak eta izango direnak gogoan 2019-08-11 (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  10. Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 20-21. or.
  11. a b Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 22. or.
  12. (Gaztelaniaz) «Anatol Arístegui, Maritxu - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  13. «La mugalari de la Red Comète que salvó la vida a 113 aviadores y 39 judíos» Mugalari Kultura (Mugalari.info) 2020-01-28 (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  14. a b (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «Los resistentes del Campo de Hradischko y la lista de Norbert FILLERIN» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  15. «Alejandro Elizalde eta “comete” sarea.» Baztango Haizegoa 2011-06-27 (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  16. Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 67-70. or.
  17. (Frantsesez) «Le Réseau Comete - Histoires de Hendaye» hendayebidassoa.canalblog.com 2013-08-10 (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  18. (Frantsesez) «Historique du camp | Flossenbürg» Flossenbürg | Association des déportés et familles de disparus du camp de concentration de Flossenbürg & Kommandos 2020-02-03 (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  19. a b c d Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 23. or.
  20. «Santiago Anabitarte - Altzari buruzko dokumentazio zentroa» altza.info (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  21. Ikus Juan Larbururen heriotza agiria.
  22. Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 23-24. or.
  23. Ikus Juan Larbururen Askatasunaren Domina Presidentzialaren aitorpena.
  24. «Monument à Urrugne | Les monuments aux morts» monumentsmorts.univ-lille.fr (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  25. (Frantsesez) «Les amis du réseau Comète» cometepaysbasque.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  26. Ikus «Urruñarrek gerlan hil herritarrei».
  27. Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 110. or.
  28. Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 105. or.
  29. «Hernani ezagutu - Cométe sarea | 1941-1944» www.hernaniturismoa.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
  30. Ikus Colectivo La Ilusión, asociación humanística y cultural.
  31. «Juan Manuel Larburu eta Marcelo Vazquezen memoria jaso eta ezagutzera eman zuten atzoko omenaldiarekin - Urumea» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).

Bibliografia aldatu

  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (1997) «La red "Comète" en el País Vasco» in Oihenart, 14. zk., 121-131 or. Eusko Ikaskuntza. ISSN 1137-4454.
  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (2006) Askatasunaren bidea. Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk nazismoaren aurkako borrokan Bigarren Mundu Gerran. Hernani, Udal Artxiboa. ISBN 978-84-934193-3-8.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu