Ireki menu nagusia

Euskararen erabilera euskarak kalean zein etxean edo beste eremu batzuetan duen erabilera da. Hori neurtzen duten bi azterlan egiten dira periodikoki, bata inkesta soziolinguistikoaren baitan herritarrei galdetuta osatzen dena,[1] eta bestea kaleko erabilera erreala behatuta osatzen dena.[2]

Euskarak atzerako joera izan du historian zehar gutxienez XI. mendetik. Atzerakada hori nabarmena izan da mugako eremu geografikoetan. XIX. mendean, baina, gaztelania eta frantsesa Euskal Herriko muinera sartzen hasi ziren, euskaldunen ohiko lurraldera, eta euskaldunak elebidun bilakatzen joan ziren, baita askok ama hizkuntza galdu ere zirkunstantzia politiko hertsagarrien erdian, hala nola, euskararen debekua 1936ko estatu-kolpearen ondoren eta Francoren diktaduraren pean.

XIX. mende erdialdera, Luis Lucien Bonapartek euskararen ezagutzari buruzko lehen inkesta sistematikoa egin zuen (1863) eta, gerora, gehiago egin ziren. Horiek, baina, ez zuten benetako kale-erabilera neurtzen. Euskaldunak elebidun bihurtzearekin batera, hizkuntzaren benetako erabilerari buruzko kezka handitu zen. 1970 eta batez ere 1980an euskara suspertzeko mugimendua handitu ahala, gibeleratze hori euskaldunberriek eta ikastolako umeek neurri handi batean eten zuten.

Eduki-taula

Inkesta bidezko datuakAldatu

2016ko inkesta soziolinguistikoak zioenez, 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,7k euskara erabiltzen zuen neurri batean ala bestean:

  •  % 16,5ek euskararen erabilera trinkoa egiten zuen, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen zuen eguneroko jardunean.
  •  % 9,2k euskara erabiltzen zuen, baina erdara baino gutxiago.

Gainerako % 74,3k erdara erabiltzen zuten beti edo ia beti. Kontuan hartu behar da, hala ere, azken hauen artean bazela multzo txiki bat ( % 5,2) oso gutxitan bada ere euskara ere erabiltzen zuena.

Erabileraren ehunekoak, ezagutzaren kasuan bezala, desberdinak ziren lurraldez lurralde. Euskararen erabilera trinkoa egiten zutenak % 20,1 ziren EAEn, % 6,6 Nafarroan eta % 8,1 Ipar Euskal Herrian.

Euskararen erabilera VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (2016)
Hizkuntza Ehunekoa
Euskararen erabilera trinkoa
16,5
Euskara erdara baino gutxiago
9,2
Euskara pixka bat
5,2
Erdara
69,1


Kaleko erabileraAldatu

1989z geroztik (Euskal Kulturaren Batzarrak zuzendua), euskararen benetako kale-erabilera neurtzeko metodoa jarri zen martxan, eta horrelako azterketa gehiago egin dira 2016 arte. Azterketa horiek 1989tik euskararen kale-erabilera, oro har, handitu egin zela utzi zuten agerian 2006 arte; 2016ko azterketak (7. edizioa), berriz, besterik adierazten zuen.[3]

Euskal Herri osoan 2016an egindako azterketan, 187.635 elkarrizketa behatu ziren 250 profesionalek baino gehiagok eginda; bada, bertan azaleratu zenez, kaleko berriketak % 12,6tan egiten dira euskaraz batez beste, % 76,4tan gaztelaniaz, % 8,3tan frantsesez eta % 2,7tan gainerako hizkuntzetan. 27 urtean, % 1,8 igo da euskararen kale-erabilera herrialde osoan, baina 2006an gailurra jo ondoren, behera egin du: % 1,1. Gipuzkoa da lurralde euskaldunena, kaleko elkarrizketen % 31,1 egiten baitira euskaraz; erdaldunena erabilera aldetik, berriz, Araba da: % 4,6. Euskal Herriko hiriburu nagusiei dagokienez, Donostian hitz egiten da gehien, elkarrizketen % 15,2tan; kalean euskara gutxien erabiltzen duena, berriz, Baiona da, % 1,9tan.[3]

Euskararen kaleko erabilera (2016)
Hizkuntza Ehunekoa
Euskara
12,6
Gaztelania
76,4
Frantsesa
8,3
Beste hizkuntza bat
2,7


Euskal Herriko emaitzak urtekaAldatu

 
Herrialdea 1989 1993 1997 2001 2006 2011 2016
Euskal Herria[2] 10,8 11,8 13,0 13,3 13,7 13,3 12,6


Lurraldea[2] 1989 1993 1997 2001 2006 2011
Gipuzkoa 23,3 23,9 27,6 29,5 32,1 32,7
Bizkaia 8,1 9,6 10,5 10,7 10,7 9,7
Araba 3,9 4,2 4,0 4,2 4,7 4,0
Nafarroa 6,5 7,5 6,8 6,0 6,0 6,2
Iparraldea 6,5 8,3 7,6 6,0 6,2


Eskualdea 1989 1993 1997 2001 2006 2011 2016
Sakana[4] 20,7 21,8 22,8 24,6
Gorbeialdeko Kuadrilla[5] 13,8
Urola Kosta[6] 71,5
Bidasoa Beherea[7] 12,8
Gernika-Bermeo[8] 42,6
Donostialdea[9] 20,6
Durangaldea[10] 19,9

Kaleko erabilera herrialdez herrialdeAldatu

Euskarazko Wikipediak zazpi euskal herrietako euskararen kale erabileraren mapa linguistikoak ditu, azpiko iruditegietan ipini direnak. Datuak 2011koak dira.[11]
Legenda jarraian:

     > % 50     > % 30     > % 20      > % 10     > % 5     > % 0


Gainean ipini ditugun lau herrialde horietan entzun daiteke euskara gehien, hizkuntza (gutxieneko kopuru batean) mintzatzen den eremua herrialdearen eremuaren erdia edo handiagoa delako. Gipuzkoa eta Zuberoako kasuak aipagarriak dira, bi herrialde hauetako herri guztietan euskararen erabilera %5a baino altuagoa delako, hortaz, euskara herri guztietan presente dagoela esan dezakegu, leku batzuetan apalago bada ere. Gorriz margotutako herrietan euskara nagusi da, kalean gehien entzuten den hizkuntza delako, gutxienez %50ak erabiltzen du. Gipuzkoan eta Bizkaian aurki ditzakegu halako herri gehien, baina azken herrialde honetan, Nafarroa Beherean bezala, euskarak ez du herrialde osoan zehar hedatzea lortu.

Gaineko beste hiru herrialdeetan aldiz, euskarak ez du hedapen zabalik. Nafarroa Garaiaren iparraldean euskarak zenbait arnasgune ditu, Arabak Aramaio du arnasgune bakar eta Lapurdik ez du bat ere ez. Bereziki aipagarria da Lapurdiren kasua, bertan hiru herrietan baino ez baita euskara entzuten kopuru neurgarri batean.

ErreferentziakAldatu

  1.   Eusko Jaurlaritza (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), Nafarroako Gobernua (Euskarabidea), Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basque VI. Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen eremu osoa . Noiz kontsultatua: 2019-01-04 .
  2. a b c   Hizkuntza Erabileraren Kale-Neurketa. Euskal Herria, 2016 Soziolinguistika klusterra . Noiz kontsultatua: 2019-01-07 .
  3. a b   «Eta zuk?» Berria (Berria Taldea) 2017-09-05 . Noiz kontsultatua: 2019-01-07 .
  4.   Klusterra, Soziolinguistika (2017) «Sakana hizkuntza-erabileraren neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra .
  5.   Klusterra, Soziolinguistika (2017) «Gorbeialdeko Kuadrilako hizkuntza-erabileraren neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra .
  6.   Klusterra, Soziolinguistika (2017) «Zumaiako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra .
  7.   Klusterra, Soziolinguistika (2017) «Hondarribiako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra .
  8.   Klusterra, Soziolinguistika (2017) «Bermeoko hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra .
  9.   Klusterra, Soziolinguistika (2017) «Oiartzungo hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra .
  10.   Klusterra, Soziolinguistika (2017) «Zaldibarko hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra .
  11.   «UEMA Atlasa», UEMA, . Noiz kontsultatua: 2019-08-03 .