Ireki menu nagusia

Euskal Kulturaren Batzarreak

Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) euskalgintzako erakundeak koordinatu eta biltzeko gune izatea eta euskararentzat plangintza orokorrak bultzatzea helburu nagusitzat hartuta, 1983an sortutako taldea izan zen.

EKBren Batzorde Iraunkorrak, 1999ko otsailean, Batzarrea desegitea erabaki zuen. Batzorde horren txostenaren arabera, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua ari zen harrezkero funtzio horiek betetzen. Horrez gainera, EKBk desegitea erabaki zuenean, Kontseiluan zeuden jada EKBko kide ia guztiak.

Aipatutako bi zeregin nagusi horiez gainera, gizartean eragitea ere nahi izan du EKBk bere historian zehar. Alegia, administrazio publikoa eta erakunde sozial eta politikoak euskararen aldeko urratsak egitera bultzatzea. Eragile-funtzio hori beste elkarteren batek egin beharko duela zioen Batzorde Iraunkorraren txostenak, eta Euskal Herrian Euskaraz horretarako prest azaldu zen.

EKBk dokumentazio-zentroa ere bazuen, eta hasieran Euskaldunon Egunkaria azaldu zen horren ardura hartzeko prest. EKBren herentziaren beste atal garrantzitsua Bat soziolinguistika-aldizkaria zen. EKB desagertu arren, aldizkaria ez zen bertan behera gelditu, eta SEI Euskal Soziolinguistika Institutua elkarteak hartu zuen bere gain aldizkariaren etapa berriaren kudeaketa. Izan ere, 1999an ale monografiko bat argitaratu zuen Bat aldizkariak, hogeita hamaikagarrena, EKBren eta euskalgintzaren inguruko higikundeen ibilbidea biltzen zuena.

ErreferentziakAldatu