Estitxu
- Artikulu hau abeslariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Estitxu (argipena)».
Estitxu izenez ezaguna den Estibaliz Robles-Arangiz Bernaola (Beskoitze, Lapurdi, 1944ko ekainaren 4a - Bilbo, Bizkaia, 1993ko otsailaren 24a) euskal abeslaria izan zen, Beskoitzeko urretxindorra ezizenez ere ezaguna. Euskal muskagintzaren sinboloetako bat da.[1]
Estitxu | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Estíbaliz Robles-Aránguiz Bernaola |
Jaiotza | Beskoitze, 1944ko ekainaren 4a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1993ko otsailaren 24a (48 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: minbizia |
Familia | |
Aita | Manu Robles-Arangiz |
Haurrideak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria |
Izengoitia(k) | Estitxu eta Beskoitzeko urretxindorra |
Genero artistikoa | egile abeslaria pop musika soula |
Musika instrumentua | ahotsa |
Biografia
aldatuLehen urteak eta Robles-Arangiz Bernaolatarrak
aldatuLeku-eder baserrian jaio zen, Beskoitzen (Lapurdi). Espainiako Gerra Zibilean faxistak etxean sartu ondoren, Bilbotik erbestera jo behar izan zuen Estitxuren familiak, Bordelera (Okzitania, frantziar estatuan) lehenengo eta Kanbora (Lapurdi) ondoren. Estitxuren aita, Manuel Robles-Arangiz, ELA sindikatuaren sortzaileetako bat izan zen, eta Argentinara erbesteratu zen Primo de Riveraren diktaduran. 1936an diputatu izan zen. Estitxuren familia 1949an hasi zen Bilbora itzultzen, baina Estitxu ez zen 1952 arte bueltatu.
Musika eta, oro har, arte zaletasun handiko familia zen Robles-Arangiz Bernaolatarrena. Ama kantaria zen[2] eta Estitxu bera hamaika anai-arreben artean gazteena.[1] Neska koskorra zela, haren hamar neba-arrebak kantuan, txistuan, dantzan eta antzerkian aritzen ziren Bilbon eta Ipar Euskal Herrian antolatzen ziren jaialdietan. Estitxuren lau ahizpek (Edurnek, Garbiñek, Gizanek eta Maitanek) Ainarak taldea osatu zuten, eta Alatz, Irkus, Ugutz eta Iker nebek Soroak laukoa. Mutilek disko txiki bat grabatu zuen Ximun Haranekin Baionako Euskal Museoan, eta Joxemari Iriondo kazetariaren ustez, hori izan zen «Euskal Kantagintza Berriaren lehenengo urratsa».[3]
Euskal kantagintzan hastea
aldatuEtxeko artista giroak arrasto sakona utzi zuen Estitxurengan; Aurora Abasolorekin ikasi zuen solfeoa eta José Herrerorekin gitarra jotzen.[4] Gitarraren laguntzaz, plazaz plaza aritzea erabaki zuen. 1967an hasi zen kantari, 23 urte zituela. Bilboko Santiago Apostoluaren aretoan eman zuen lehen kontzertua, 1967ko Gabon egunean. Jaialdi berean aritu ziren Argoitia anai-arrebak, Daikiris orkestra, Sara Soto eta Natxo de Felipe, besteak beste. Estitxuren saioa nabarmendu zuen Xabier Gereñok Zeruko Argia aldizkarian idatzitako kronikan: «Nor da Estitxu au? Entzun ete dau iñork abestuten? Bere etxetik kanpora, iñork bez. Eta orain beste galdera bat: entzun dozue iñork Santiago Apostol teatroan Estitxuri egin yakozan txaloen antzekorik iñoiz? Estitxuren izena, laster, Euskal Erri guztian ezaguna izango da». Gereñok berak zuzentzen zuen Cinsa diskoetxeak argitaratu zituen Estitxuren lehen singleak, 1968an.
Hasieratik harrera ona izan zuen Bilbon eskaini zituen emanaldietan: Coliseo Albia antzokian, Seis Estrellas dantzalekuan, Deustuko Casa Vascan... 1968an hiru lehiaketa irabazi zituen: Seis Estrellas dantzalekuan egindako Música Joven lehiaketa, Eibarko San Joan jaietan Radio Juventudek antolatutako Primer Premio de Intérpretes de la Canción en Euskara-Gran Premio de Eibar —Maite Idirin sailkatu zen bigarren; taldeen sailean, Oskarbi eta Ameslariak izan ziren lehen eta bigarren, hurrenez hurren— eta Maulen hirugarrena. Segidan hasi zitzaizkion deika Gipuzkoako, Bizkaiko eta Iparraldeko jaialdi askoren antolatzaileak. Lehen urte haietan AEBetako folk kantuak euskaraz ematen zituen Estitxuk, eta horietako batek, lehen singlean grabatutako Euskaldun makilak, ospea eman zion.
Euskal abeslari famatua: Beskoitzeko urretxindorra
aldatuBeskoitzeko urretxindorra goitizena jarri zioten komunikabideek, haren ahotsaren edertasuna zela eta. Estitxuren garai berean kantari hasitako Maite Idirinen arabera, «izugarria zen, ahots ederra, naturala eta lasaia zuen».[5] «Bihotz handiko neska zen, sinpatiaz betea, komunikatzaile ona, eztarri ederraren jabe, eta kantatzeko modu berezi eta harrigarria, irribarre zabala eta lagunarterako aparta», dio Estitxu gertutik ezagutu zuen Joxemari Iriondok.[3] 1969aren hasieran Mexiko eta Venezuelara joan zen kantatzera, euskal etxeek gonbidatuta. Hainbat emanaldi eskaini zituen hilabete baino gehiago iraun zuen egonaldian, eta hango komunikabideek oihartzun handia egin zioten. Zeru garbia kantuak arrakastaren gozoa ekarri zion, eta hurrengo urtean Caracasko Promus diskoetxeak Una voz increíble diskoa argitaratu zion. Estitxuk moldaturiko hamar kantu eta harentzat beren-beregi sortutako Tonadillera campesina bildu zituen diskoak. Haatik, kantu hori ezabatu egin zuten Espainiako Movieplay diskoetxearen argitalpenean (Bakarrik), zentsuraren beldurrez, antza. Euskaraz abesten zuten beste hainbat kantarik bezala, frankismoaren zentsurarekin hainbat aldiz topo egin zuen Estitxuk. Esaterako, Bilbon gor-mutuen elkarte baten aldeko kontzertuan parte hartzea debekatu zioten 1970ean, eta Espainiako TVE telebista publikorako grabatutako saioa ez zen inoiz emititu. Euskal Herrian ere bazterketa jasan zuen behin baino gehiagotan.
Parisen ere abesten ibili zen ezaguna zuen paristar batek gonbidatua. Antza, ez zuen sobera gustukoa izan Parisko bizia eta laster itzuli zen Euskal Herrira. [2]
1970eko hamarkadan hainbat lan argitaratu zituen, besteak beste Estitxu (Columbia, 1972) eta Estitxu (Columbia, 1976) disko luzeak, eta haur kantuen singleak. Halaber, Zirikan ikuskizunerako musika sortu zuen, eta izen bereko diskoan jaso 1978an. Lan horietan guztietan abesti propioak, herri kantuak eta atzerriko egileen moldaketak tartekatu zituen Estitxuk. Haatik, 1980ko hamarkadako diskoetan kanpoko abestiak baztertu zituen eta euskal kantutegiari erreparatu zion zabalago. Horrela osatu zituen Guraso'eri (Agorila, 1982), Errobi taldeko musikariekin grabatua, eta bere azken diskoa, Zortzikoak (Xoxoa, 1986), hari moldaketaz jantzitako lan joria. Garai hartan Gerard Luc akordeoi jotzailea izaten zuen lagun maiz zuzeneko emanaldietan, baina Zortzikoak grabatu eta berehala, gaixotasun larri batek agertokietatik eta edozein agerraldi publikotatik kanpo utzi zuen hainbat urtez.
Ibilbidearen bukaera
aldatu1993ko otsailaren 5ean agertokira itzuli zen Irunen (Gipuzkoa), Amaia antzokian, eta emeki kantaldiak berriz hartzeko asmoa azaldu zuen. «Laster artio, Euskal Herria!» esanez agurtu zituen entzuleak. Beste disko bat egitea zuen buruan. Haatik, handik hiru astera hil zen, otsailaren 24an, minbiziak jota, Basurtuko Ospitalean.[6]
Hurrengo urtean Estitxuren omenezko diskoa kaleratu zen, Estitxu (Agorila, 1994), Jean Garin, Mario Gachis eta Mixel Ducau musikariek haren kantuen gainean egindako moldaketekin. Hura aurkezteko kantaldi bat egin zen Miarritzeko Koliseoan, 1994ko azaroaren 6an. Han parte hartu zuten Arrantzaleak taldeak, Gerard Lucek, Mario Gachisek, Aritzak taldeak eta Beskoitzeko Oinak Arin dantza taldeak.
2017ko martxoaren 8an Baionan bere izena daraman kalea izendatu zuten[7] eta urte bete beranduago Bilboko Abando inguruan pasealeku bat.
2018an Franck Dolosor kazetariak[8][9] eta Iban Gonzalez errealizatzaileak,[10] Estitxuren ekarpen artistikoari buruzko ordubeteko dokumentala estreinatu zuten. Bertan, senideek, lagunek eta bera ezagutzen zutenen azalpenak biltzen dira.[11] [12]
Diskografia
aldatu- Estitxu ta Daikiris (1968, Cinsa). Ep
- Eskualdun makila (1968, Cinsa). Ep
- Bakarrik (1969, Cinsa). Ep
- Estitxu (1970, Herri Gogoa). Ep
- Una voz increíble (1970, Promus). Bilduma
- Agur Maria (1970)
- Umeentzat zoriona-Edurrez dena da xuria (1972, Columbia Records) 2 kanta
- Sólo tú, mi sueño de amor-Hallé un lugar (1972, Columbia Records) 2 kanta
- Guazen ikastolara-Gure astoa balaan (1972, Columbia Records) 2 kanta
- Estitxu (1972, Columbia Records) Bilduma
- Estitxu (1976, Columbia Records)
- Mendian (1976) 2 kanta
- Sabin (1978, OR) 2 kanta
- Zirikan (1978, Zirikan)
- Estitxu (1981, Columbia Records)
- Guraso'eri (1982, Agorila)
- Zortzikoak (1986, Xoxoa)
- Estitxu (1994, Agorila)
Errekonozimenduak
aldatu- Baionako Estitxu Robles kolegioak, 2016an sortu zenean, Estitxuren izena hartu zuen, errekonozimendu gisa.[13]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «'Estitxu Gogoan', abeslari euskaldunaren aldeko omenaldia» www.kulturklik.euskadi.eus 2018-02-21 (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- ↑ a b Estitxu “bere tokian emateko”. (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- ↑ a b Joxemari Iriondo: Estibalitz Robles-Arangiz (1944-1993), Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2001.
- ↑ [http://www.euskonews.com/0156zbk/frefem.htm 1993ko otsailaren 24an zendu zen Bilbon Estibalitz Robles-Aranguiz, Estitxu Iturria: Lur Hiztegi Entziklopedikoa. ].
- ↑ Euskaldunon Egunkaria, 1993ko otsailaren 25a.
- ↑ Baginen. Cira Crespo-Elena Ziordia. , 156 or. ISBN 978-84-18252-03-7..
- ↑ GARA, Egunkaria. (). «Estitxu Robles-Arangiz-ek bere kalea izango du Baionan» GARA (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- ↑ «Franck Dolosor: “Estitxuri ez zaio eman merezi duen aitortza eta guk omenaldia egin nahi diogu”. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Euskadi Irratia, EiTB. «Franck Dolosorrek Estitxuren dokumentala aurkeztu digu» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- ↑ «Iban Gonzalez: "Bere heriotzaren 25. urteurrena aprobetxatu nahi izan dugu Estitxuren figura bere lekuan jartzeko"» https://goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- ↑ «Estitxu» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- ↑ «Estitxu kantariari buruzko dokumentala, larunbatean» El Diario Vasco 2018-02-23 (Noiz kontsultatua: 2018-08-06).
- ↑ «Gure kolegioa» Estitxu Robles Arangiz kolegioko webgunea (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Edukiaren zati bat «Estitxu» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.