Iker Robles-Arangiz

euskal abeslaria

Iker Robles-Arangiz Bernaola (Beskoitze, 1941 -) euskal artista da, batez ere kantuan nabarmendu dena. Manu Robles-Arangiz eta Luisa Bernaolaren hamaika seme-alabetakoa da. Euskal kantagintza berriaren aitzindariak izan ziren 1958an Soroak laukotea anaiekin-eta sortu zuenean.

Iker Robles-Arangiz

Bizitza
JaiotzaBeskoitze, 1941 (82/83 urte)
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Familia
AitaManu Robles-Arangiz
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakabeslaria
Musika instrumentuaahotsa
Iker Soroak laukoan.

Bizialdia aldatu

Beskoitzen jaio eta bertan pasatu zuen haurtzaroa; alemaniarren okupazioa bertatik bizi izan zuen eta erresistentziaren aldeko bere gurasoen engaiamendua[1].

1952an familia Bilbora joan zen. Hamaika urterekin "Txinpartak" antzerki taldean parte hartu zuen Irkus eta Ugutz anaiekin 1952-1958 urte tartean, Euskaltzaindiaren egoitzan, Erribera kaleko 6an, Txinpartak taldean biltzen ziren antzerkia, kantua, dantza eta abar egiteko. kantu-hitzak idatzi zituen, Roblestarrak kantatzen hasi zirena hainbeste gustatzen zitzaien eta.[2]

Olaeta dantza taldean ere sartu ziren garai hartan, eta 1958an hirurek Txabi Villaverderekin Soroak laukotea eratu zuten.[3]

Euskal kantagintza berriaren aitzindariak izan ziren. Urte haietan, Nemesio Etxanizek ere egin zuen ekarpena. Kritika handiak jaso zituzten baina, "hereje" moduan hartzen zituzten, gitarra espainiarra erabiltzeagatik eta. Era berean, Danimarkako kontsula zen Pio Lindegaard-en laguntzari esker, igandeetan sei hizkuntzatan kantatzen zuten.[2]

Batez ere irratian abestu zuten ia hiru urtez, astean bitan. Beraien doinu nagusia “Ikusten” abestia zen euskaraz, zuzenean, garai hartan horrela egin behar zen-eta, irratiko teknologia oso sinplea zen.[2]

1960an Bizkaiko hiriburuan abertzaletasuna bultzatzeagatik Ipar Euskal Herrira itzuli zen Ugutzekin; garai honetako lehen iheslaritzat jotzen dira. 1961ean Sioroak laukoa behin betiko banatu zen. [2]

Ugutz eta Iker anaiak Behenafaroako Arbotin babestu behar izan ziren, eta Mixel Labegerierekin topo egin zuten. Labegerie-k familia ezagutu zuen 1945-47 urteetan, txistua Jojo anarekin eta Ikerren anaia Koldo zenarekin jotzen baitzuen. Labegeriek, Soroak taldea kantatzen entzutean, «Hau da nik nahi nuena; ziek zirek benetako ‘sorro berria» ’ esan zuen. (zuek zarete benetako belar berria). 1961ean gitarrarekin konposatzen hasi zen Labegerie, ordura arte pianoan jotzen zuena, eta, 1962an, emaztea Beskoitzera joan zen Ugutz eta Ikerren etxera anaiak eramateko, Mixelek bere kanta berriei buruz anaien iritzia jakin nahi baitzuen. Iker eta Garbiñe elkarrekin entzuten eta iritziak trukatzen aritu ziren. 1963an argitaratuko zuen Labegeriek bere lehen diskoa eta, Ugutz erietxean zegoela, ale bat eman zion mezu honekin: «Euskal kantek badute zure beharra, laster senda zaitez. Bihotzetik M. L.».[2]

Arrazoi familiar eta profesionalengatik kantua utzi eta kulturaren esparruan hasi zen lanean. Donibane Lohizuneko ikastolako sortzailea izan zen eta zenbait urtez Seaskako idazkaria izan zen. Euskara irakasle ere ibili zen Lohizuneko "Donibaneko Ikasleak" eta Hendaiako "Haize Garbia" taldeetan.[3]

Kantu mundura itzuli zen geroago; Ortziken kolektiboa sortu zuen Pantxoa Carrere, Patxika Erramuzpe, Maribel Etxezarreta, Eneko Labegerie, Peio Ospital, Manex Pagola eta Iñaki Urtizberearekin. Geroago Zirikan ikuskizuna sortu zuen Estitxu ahizparekin.[3]

1985ean Aritzak laukotea eratu zuen Naia, Gorka eta Koldo seme-alabekin. Taldea familia Euskal Herritik (Perpinyà, Paris) kanpo zebilela sortu zen; Parisen zebilela France Culture irrati katean aritu ziren eta horren bitartez Jack Lang orduko kultura ministroak Errege Jauregian euskaraz kantatzeko gonbidapena jaso zuen.[3] Taldeak sei disko plazaratu zituen, horien artean hiru hauek: Aritzak (1990, Elkar), Hamar urte (1995, Agorila) eta Mixel Labeguerie-ren kantak (1999, Agorila).[4] Gorka Robles-Arangiz semea geroago Baionako Ortzi abesbatzan kantatzen du eta taldeak abesten dituen kantu batzuen euskarazko itzulpena Iker Robles- Arangizenak dira, esaterako,  Aurkitzea (Irlandako doinu herrikoi batekin) eta Agur Maritxu (Mangiaracinaren musikarekin).[5]

Erreferentziak aldatu

  1. Ikerren testigantza[Betiko hautsitako esteka] Bigarren Mundu Gerraz Euskonewsen.
  2. a b c d e (Gaztelaniaz) Robles-Arangiz, Irkus. (2020-06-03). ««Euskal kantagintza berria»» naiz: IRITZIA (Naiz-eus) (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  3. a b c d «Robles-Aranguiz Bernaola, Iker - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  4. «Aritzak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  5. «Aita Donostia Abesbatza. Kontzertua Donostian Baionako ORTZI koroarekin (2023-05-12)» www.aitadonostia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu