Xilema
Xilema zelula zilindriko hilak bertikalki elkartuz eratutako landare-hoditeria da. Ligninazko hormaz sendotutako hodi zurkarak dira. Landarearen zati zentral edo periferikoan kokatzen dira. Ura eta gatzak (izerdi landugabea) sustraietatik hostoetara bidaltzen duen ehun eroalea da.
Bi xilema mota daude: xilema primarioa, hasierako meristemotik sortua eta xilema sekundarioa: kanbiumaren jardueraren ondorioz sortzen da lodieran hazkunde sekundarioa duten landareetan. Osatzen duten zelulak hauek dira: hodi xilomatikoen elementuak edo trakeidak, xilema zuntzak eta parenkima laguntzearen zuntzak. Landare zurtsuetan, xilema zaharrak garraioan parte hartzen du eta hazkundearen landarearen euskarri modura jokatzen duen ehuna bihurtzen da: zura. Zuhaitz bati adina zehazteko, urtero udaberrian eta udan sortzen diren xilema eraztunak zenbatzen dira.
Xilema zelula hilez osaturik dago. Hoditeri horren horman edo paretan lignina ugari dagoenez, xilemari zurezko hodia esaten zaio ere.
Landare-izerdiaren garraioa
aldatuLehorreko landareek ura eta gatz mineralak (hots, izerdi landugabea) lurretik hartzen dituzte, sustraien bidez. Izerdi hori sustraietatik hostoetaraino garraiatu behar dute, hostoetan burutzen baita fotosintesia. Garraio hau ,beraz, goranzkoa da, eta izerdi landugabea xilema izeneko hoditerian zehar igo egiten da.
Grabitatearen aurkako goranzko mugimendua azaltzeko hiru fenomeno, batez ere, kontuan hartu behar dira:
- sustraien presioa: sustraietan dauden ileek ura xurgatzen dute presio osmotikoaren ondorioz
- transpirazioa: hostoek ur-lurruna galtzen dute. Galera horren ondorioz landareen goiko aldetik hostoek indar xurgatzailea burutzen dute, izerdi landugabea igoaraziz
- kapilaritatea
Nolanahi ere, xilematik mugitzen den izerdi landugabeak egunak behar ditu sustraietatik hostoetaraino iristeko, mugimenduaren abiadura oso motela baita.
Fotosintesia burutu ondoren, izerdi landugabea izerdi landua bihurtzen da. Izerdi landua glukosaz, beste gluzido batzuetaz eta aminoazidoez osaturik dago, batik bat. Floematik bidaiatzen du hostoetatik norabide guztietara, landarearen zelula guztiek substantzia nutritiboak hartu behar dituztelako. Floema zelula biziez osaturik dago, nukleorik ez duten zelula biziez, hain zuzen ere.